Zeintzuk dira iparramerikarrek espaziorako dituzten planak?

Irazabalbeitia, Inaki

kimikaria eta zientzia-dibulgatzailea

Elhuyar Fundazioa

"Challenger" transbordadore espazialaren istripuaren ondotik iparramerikarrek burututako espazio-esplorazioak etenaldi handia jasan du. Gainera, jaurtigailuekin izandako arazoek porrot sentsazioa zabaldu zuten jendearengan. Impassetik ateratzeko NASAk Sally K. Ride doktoreari espazio-esplorazioaren etorkizunari buruz txosten bat egin zezan eskatu zion. Txostena joan den urteko abuztuan argitaratu zen eta eztabaida handia sortu zuen. Guk, txosten horren lerro nagusiak azaltzeko asmoa dugu artikulu honetan.
Saturno. Kanpo-planeten esplorakuntza ez du NASAk alde batera utziko.

Nonbaitetik hasi behar denez gero, guk, txostenaren helburua azalduko dugu lehendabizi. Txostenaren lehenengo irakurketan oso nabaria da joera hau: EEBBak espazioaren esplorazioan lehen maila berriz lortu behar du. Leader eta Leadership hitzak hitzetik hortzera darabiltza Ride doktoreak. Txostengilearen ustetan EEBBak nagusi izan dira espazioaren esplorazioan eta nagusitasun horri eutsi egin beharko zaio.

Gure irudiz nahikoa txobinista da jarrera hori, zeren eta EEBBek espazioaren esplorazioko zenbait arlotan (lehenengo gizakia ilargiratzea esaterako) ukaezinezko maila lortu badute, sobietarrek ez bait dira beste batzuetan atzean gelditu (Artizarraren esplorazioan adibidez). Gainera gure ustetan, espazioaren esplorazioa herri bakar baten esfortzuaz egin beharreko garaiak pasa dira eta orain nazioarteko lankidetzak izan beharko luke nagusi. Ride doktoreak bestalde, koszienteki baztertzen du lankidetza hori eta esplorazio hori EEBBen Ad maiorem gloriam egin behar dela dio. (1)

"Being an effective leader does mandate, however, that this country have capabilities which enable it to act independently and impressively when and where it chooses, and that its goals be capable of inspiring others —at home and abroad— to support them."

(Lider efektiboa izateak hala ere, zerara derrigortzen du: herri honek independenteki eta inpresionagarriki jokatzeko ahalmena izatera berak aukeratzen duen tokian eta garaian eta bere helburuei besteek —etxean zein atzerrian— eutsi diezaieten bezain kilikagarri izatera).

"... the nation's desire to regain and retain space leadership".

("Nazioak espazioko lidergoa berreskuratzea eta mantentzea nahi du".)

Edonola ere txosten honek EEBBek etorkizunean espazioaren esploraziorako izango duten politika markatuko du. Hurrengo urteetan, 1990-2010 urte bitartean alegia, lau lerro nagusiri jarraituko zaio iparramerikarren esfortzua: Lurra Planetaren Misioa, Eguzki-sistemaren esplorazioa, Ilargiko Base Iraunkorra eta Gizakia Martitzen lerroei.

Martitzen oina jarriko duen lehenengo gizakiak ingelesez egin dezan nahi dute iparramerikarrek.

Helburu hauek oso anbiziotsuak direnik ezin uka. Gainera, bere garaian Apollo proiektuak izan zuen moduan, espazioaren esploraziorako bideak lehen begiratuan handiegiak dirudite Herri bakar batek (Herri hori munduko liderretakoa izanik ere) aurrera eraman ahal izateko.

Lurra planetaren misioa

Lurra Planetaren Misioa (LPM) izeneko proiektuaren helburua, gure planeta da izenburuak adierazten duen bezala. Gure planeta ulertzera iritsi nahi da; ingurugiroa aldatzen eta eragiten dituzten indarrak zeintzuk diren, ingurugiroa nola aldatzen ari den eta aldaketa horiek nola eragiten diguten ezagutzea alegia. Lur osoaren ezagutza zientifiko sakona lortzea da proiektu honen jomuga.

Elkarren artean eraginak dituzten prozesu biologiko, kimiko eta fisiko askok konektatzen dituzte ozeanoak, kontinenteak, atmosfera eta biosfera modu konplexuan. Ozeanoak, izotzez estalitako lurraldeek eta atmosferak eragin zuzena dute kliman. Bolkanismoak Lurraren barne aldea eta atmosfera lotzen ditu. Eta ekintza biologikoek bizitzarako beharrezkoak diren elementuak birziklatzen dituzte. Egun gainera, gizateriaren eragina oso nabaria da ingurugiroan. Atmosferaren tenperatura igo erazten duten gasen (karbono(IV) oxido eta metanoaren) arazoa edo Antarktidan detektatu den ozono-geruzaren zuloa edo basoen botatze kontrolgabeak, eragin hazkor horren lekuko dira.

Aipatu erlazio konplexu horiek ulertzeko eta gizakiaren eraginak gure planetaren etorkizuna zein punturaino baldintza dezakeen jakiteko, azterketa sakon eta zehatza egin behar da.

Laburtuz, LPMren betebeharra azterketa hori burutzea da.

LPMak bi zati nagusi izango ditu. Alde batetik datuak bilduko dituzten baliabideak; behaketa-sateliteak alegia. Eta bestetik datu guzti horien tratamendua eta ereduratzea.

Behaketa-sistema Lurra orbitatuko duten bederatzi satelitez osatuko da. Satelite hauetako lau, orbita polar eguzki sinkronotan ibiliko dira eta Lur osoa estaltzea segurtatuko dute. Hauetako lehenengoa, 1994.ean jaurtiko da eta azkenekoa 1997.ean. Beste bost sateliteak orbita geoegonkorretan ibiliko dira eta 1996 eta 2000. urteen bitartean jaurtiko dira.

Sistema honek parametro hauek neurtuko ditu besteak beste: hodei-estaldura, landaredi-estaldura, izotz-estaldura, euriteak, hezetasuna, ozeanoen klorofila-ekoizpena, Lurraren plaka tektonikoen higidurak eta deformazioak eta zenbait gasen (karbono(IV) oxidoa, metanoa eta ozonoa) kontzentrazio atmosferikoa.

Lurra Planetaren Misioak gure planetaren ikuspegi berria lortu nahi du.

LPM proiektua ez da oso ikusgarria (jende arrunt zerga-ordaintzailearen arreta erakartzeko modukoa alegia), baina Lurrari buruzko ezagumenduak sakontzeko eta etorkizunean gerta daitezkeen fenomenoak aurrikusteko ukaezinezko garrantzia dauka.

Eguzki-sistemaren esplorazioa

Proiektu hau NASAren tradizioetako bati jarraituko zaio; Voyager eta Pioneer untziek markatutakoari. Hiru modutako misioak sartzen dira proiektu honetan: kometa- eta asteroide-misioa (CRAF), Saturnorako misioa (Cassini) eta Martitzerako laginketa-zunda itzulgarriak (3 guztira).

CRAF misioak gure sistemaren jatorria aztertuko du asteroide-gerriko nagusia eta kometa bat ikertuz. Hauek Eguzki-sistema sortu zeneko lekuko dira. Asteroide eta kometak azterturik gure sistema nola sortu zen hobeto ulertzera hel gaitezke.

CRAF untziak 1993.ean utziko du Lurra eta sei hilabeteko bidaia egin ondoren Hestia asteroidearekin egingo du topo. Hestia 10.000 km-ko distantziatik aztertuko du uhin ikuskor eta infragorrien bidez. Gainazalaren itxura eta konposizioa mugatuko dira horrela. Gero bere bidaiari jarraituko zaio Tempel 2 kometa topatu arte. Kometaren parean jarriko da, gunetik 25 km-ra, eta berarekin batera egingo du Eguzkirako bidaia. Bien bitartean saio eta ikerketa ugari burutuko du. Kometaren gunea Eguzkira hurbiltzearekin aktibatzen denean, untzia, kometaren koma eta isatsa aztertzera abiatuko da.

Cassini misioak Saturno eta bere sateliterik handiena, Titan, izango ditu itu. Titan bereziki da interesgarria, bere baitan oso kimika organiko interesgarria garatzen delako. Planeta-tamainako laborategia izan daiteke, bizia Lurrean sortu baino lehen zeuden baldintzak errepikatzeko.

Misio hau 1998.ean jaurtiko da eta bidaia luzea egin ondoren 2005.ean iritsiko da Saturnora. Orduan tresneria handia lanean hasiko da. Espaziuntzia konposatua izango da eta berarekin lau zunda eramango ditu. Hiruk Saturnoren eraztunak, sateliteak eta magnetosfera aztertuko dituzte hiru urtetan zehar. Beste zunda Titanera bidaliko da eta titanarketa erdi-leuna egingo du Titanen azalean.

Martitzerako misio automatikoa oso deigarria da. Zundak Lurretik jaurtiak izan ondoren Martitzera iritsiko dira. Bertan leunki martitzartuko dute, laginak bilduko dituzte eta hauek Lurrera ekarriko dituzte. Hiru misio izango dira guztira. Lehenengo biak 1996.ean jaurtiko dira, laginak Lurrean 1999.erako egon daitezen. Hirugarrena 1999.ean jaurtiko da.

Misio hauek gizakiaren Martitzeratzearen bidea aztertu eta erraztuko dute.

Ilargiko basea

Apollo untzien herentzia hartuko du proiektu honek eta Ilargiaren esplorazioari indar berria emango dio. Ilargiaren azterketa zientifikoa eta Ilargiaren baliabideen azterketa izango dira bi helburu nagusiak. Mundu arrotz eta gogorretan superbizitzen ikasteko lehenengo urratsa izango da.

Challerger transbordadorearen istripuak iparramerikarren espazioaren esplorakuntza gelditu zuen.

Ilargiaren esplorazio berri hau 1990.eko hamarkadan hasiko da zunda automatikoen bidez. 2000. urterako astronauten bidezko esplorazioa eta base iraunkorraren ezartzea egin nahi dira.

Ilargiak aurrerakuntza zientifikoetarako oso ingurugiro egokia du. Ilargia sismologiaren ikuspegitik egonkorra da, atmosferarik ez du eta bere alde ezkutua Lurrean sortzen diren irrati-uhinetatik babestua dago. Beraz astrofisikan lanean aritzeko tokirik aproposena da. Gauza bera esan liteke partikulen fisikari buruz. Gainera bere grabitatearen indarra Lurrarenaren seirena denez gero, materialen zientziak eta zientzia biologikoek oso laborategi egokia izango dute gure satelitea.

Ilargiko basearen ezarmena, hiru fasetan egingo da.

  • Toki baten bilakuntza (1990.eko hamarkada): Lehenengo fase honetan Ilagiaren roboten bidezko esplorazioa egingo da. Lunar Geoscience Observer satelitearen jaurtiketarekin hasiko da. Honek gainazala maparatuko du, azterketa geokimikoak egingo eta poloetan urik dagoen begiratuko. Observer -ak bildutako datuetan oinarriturik, zunda ilargiartzaile automatikoak bidaliko dira toki konkretuari buruzko datu gehiago biltzera. Honela basea ezartzeko tokirik aproposenak bilatu eta identifikatuko dira.
  • Ilargirako itzulera (2000-2005): Bigarren fasea astronauten itzulerarekin hasiko da. Astronautak estazio espazialetik iritsiko dira Ilargiaren gainazalera eta beraiekin batera beharrezko ekipamendua. Tripulazioak bat edo bi aste egingo ditu Ilargian eta tarte horretan tresneria zientifikoa barreiatu nahiz oxigenoa sintetizatzeko planta pilotua eta modulu habitagarria eraikitzeko beharrezko materiala utziko eta prestatuko dute.
    Ondorengo hegalditan basea handituz joango da eta beharrezko modulu eta habitakuluak erantsiko zaizkio. 2001.erako astronautek Ilargiko gau bat (Lurreko 14 egun) irauteko beharrezko baliabideak izango dituzte. 2005.erako basea bost lagun zenbait hilabetez mantentzeko gai izatea nahi da.
  • Ilargiko etxea (2005-2010): Urrats hau aurrekoaren ondorio zuzena da. Helburua iraunkorki habitatutako basea lortzea da eta pixkana-pixkana basea gero eta autosufizienteagoa izatea. 2010.erako 30 lagun biziko dira Ilargian aldi berean.

Gizakia martitzen

Proiektu guztien artean hau da dudarik gabe jendartean erakargarritasunik eta interesik handiena sortuko duena. Ez gizakia gurea ez den planeta batera joango delako bakarrik; baizik eta Martitzi buruz mendetan zehar eraiki diren istorio liluragarri guztiengatik. Zunda automatikoen bidez hasiko da lana, gizakia joango da ondoren eta azkeneko helburua base iraunkorra izango da.

Martitzeko esplorazio berri honen lehenengo urratsa, robot-zundak erabiliz egingo da 1990.eko hamarkadan zehar. Lehenengo misioa Mars Observer izenekoa izango da. Eta esplorazio automatikoaren azkenekoak Martitzen lurrazaleko laginak bildu eta Lurrera itzuliko dituzten bi misioak izango dira. Misio hauetan planetaren karakterizazio kimikoa, mapaketa osoa eta Martitzeratzeko tokirik aproposenak bilatzea egingo da.

Estazio espazialean burutuko da beste alor garrantzitsu bat. Bertan eginiko saioetan iraupen luzeko hegaldietan sor daitezkeen ondorio fisiko eta psikologikoak aztertuko dira (Sobietarrek eremu honetan azken urteotan eginiko esperientzia sakonak kontutan izango al dituzte iparramerikarrek?).

Ilargiko basea helburu erakargarrienetako bat da.

Iparramerikarrek 2005.aren inguruan jarri nahi dute beren lehenengo astronauta Martitzen. Ez dago garbi martitzeratuko den lehenengo gizakia izango denik, sobietarrek Martitzerako planak aurreratuago dituztelako eta bide horretan urratsak aspaldi jorratzen hasiak direlako. 15. alean aipatzen genuen Fobos misioa edo urtetako iraupen luzeko hegaldiak, horren lekuko dira.

Iparramerikarrek misio azkarrak planteatzen dituzte; urtebete edo iraungo dutenak. Horrela eginez Lurretik jaurti behar den masa txikiagoa da. Misioak bi zati izango omen ditu: alde batetik astronauten untzia eta bestetik karga eramango duen zunda automatiko bat. Kargauntzia lehenago jaurtiko da eta Martitzerako kostu baxuko eta iraupen luzeko bidaia egingo du. Astronauten untzia orbitan lotuko da eta Martitzerako bidean kargauntzia Martitzen orbita hartutakoan bakarrik irtengo da. Untzi honetan sei astronauta eta horiek mantentzeko beharrezko baliabideak joango dira. Martitzen orbitan kargauntziarekin topo egingo dute, erregaia hartuko dute eta azkenik martitzartu egingo dute. Martitzen 2 aste inguru pasa ondoren, Lurrera itzuliko dira.

Azkeneko urratsa (Martitzeko base iraunkorra alegia) 2010. urtean emango da, baldin eta proiektuak markatutako epeak betetzen baditu.

* - * - * - * - * - *

Iparramerikarren planak handiak eta anbiziotsuak direnik ezin uka. Baina akaso, planteamendu honek jatorrizko akatsa du; beraiek guztia egin nahi izatea hain zuzen ere. Eta honelako proiektu itzeletan bakarrik sartzeak guztiari ezin eustea ekar lezake. Porrotik gertatuko balitz (eta horrelakorik ez dugu nahi) iparramerikarren espazio-esplorazio zibila urte luzez atzera daiteke, Challenger aren kasuan gertatu den bezala.


(1) Hala eta guztiz ere, iparramerikar arruntek ikuspegi zabalagoa daukatela dirudi. Joan den maiatzeko alean "Astronomy" aldizkariaren irakurleen artean eginiko inkesta baten emaitzak argitaratu ziren. Inkesta Ride-ren txostenari buruzkoa zen. Jasotako erantzunen artean espazioaren esplorazioan lankidetza beharrezkoa dela azpimarratzen zuten asko zegoen, nahiz eta galdekizunetan horri buruzko galderarik egon ez.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila