Zapelatz arrunta, zelatari patxadatsua

FITXA TEKNIKOA Zapelatz arrunta

Euskal Herrian zehar batetik bestera goazela, makina bat aldiz ikusi ahal izan dugu errepide bazterreko leku deigarri batean lasai asko pausatuta dagoen hegazti arre bat. Gure bizimodu azkarraren aldean alferkerian dagoela iruditzen zaigun arren, dagoen meta, zuhaitz edo argi-indarraren zutoinetik begira, ehizakiak ikusi nahian dabil. Bere teknika, geldi-geldirik ikuspegi zabaleko kokalekuan egotean datza, eta ahalegin honetan orduak pasa ditzake sabeleratzeko zerbait somatu arte.

Zapelatz arrunta ( Buteo buteo ) tamaina ertaineko harraparia dugu. Hegazti harrapari askorekin gertatzen den bezala, sexuen arteko dimorfismoa dago tamainan, eta emea arra baino handiagoa da. Honela, emeak 700-1.200 gramoko pisua eta 56 cm inguruko luzera du eta arrak, ordea, 550-850 g eta 50 cm besterik ez. Hegal-zabalera 113-140 cm bitartekoa izaten da. Lumajea oso aldakorra izan daiteke, arre ilunetik arre zuriskara.

Emea, arra baino handixeagoa da eta ondorioz, harrapa ditzakeen ehizakiak ere bai.

Bizkarra uniformeki arrea da, eta azpialdea argiagoa izanik ere, mantxa ilunak diu. Isatsean, 7-10 marra ilun estu bereiz daitezke eta puntako azken arrastoa lodiagoa da. Hanketako eta mokoko ezkoa horia da eta begiak arrea edota arre-horiskak. Kolorazioan ez da sexuen arteko ezberdintasunik ikusten.

Azpitik ikusita airean, lepo motza eta hego zabalak erakusten ditu. Isatsa ere, zabala eta biribila da, eta honek, tamainaz antzekoak diren miruetetik bereizten ditu (azken hauek urkilatua baitute). Hegal-puntak beltzak dira, baina lumak zuriskak. Artikulazio karpiarra (eskumuturrari dagokiona) iluna da. Hegaz egiteko era, berriz, planeatzailea eta nahikoa lasaia da. Haize-korronteak erabiliz, biraka igotzen da, zirkulu handiak eginez eta hegal-kolpe gutxi emanez. Trebetasun dezente erakutsiz, batzuetan airean geldirik manten daiteke.

Ehizarako leku irekiak eskaintzen dizkion baso eta baso-bazterreko animalia dugu. Nekazaritzarako lurrez tartekatutako arboladiak, zelaiak, soroak, leku irekiak, eta baso mistoak ditu gogoko. Euskal Herriko paisajea, egokia da, beraz, hegazti honentzat eta itsas-bazterretik goi-mendietara, eta hegoaldeko zuhaiztietaraino zabaltzen da.

Animalia haragijale hau ez dago ehizaki-mota bakarrean espezializatuta eta elikagai espektro zabala du. Besteak beste, mikrougaztunak, untxiak, musker eta sugeak, anfibioak, hegaztiak, intsektuak (ortoptero, eta koleopteroak, adibidez), zizareak edota sarraskiak jan ditzake.

Zapelatz arruntek 6-7 km karratu inguruko lurraldea dute. Lurraldearen jabetza aldarrikatzeko, zeruan biraka eta karrasika aritzen dira: “piuuu”, “piuuuu”. Negu bukaeran, otsaila aldera, zeruan eztei-hegaldia eginez ikus daitezke. Bikotea bata bestearen inguruan biraka hasten da, eta planeoak, elkarrekin egindako bira azkarrak, hegalak itxiz goitik beherako jaitsierak eta bestelako mugimendu bereziak egiten dituzte.

Kumaldi bakarra izaten dute eta udaberrian, martxotik aurrera. Habia, ia beti basoko zuhaitz handiren batean, eta inoiz harkaitzen batean kokatua egoten da. Batzuetan, korbidoren batek egindako habi zaharren bat berritu edo besterik gabe, lapurtu egiten dute. Tamainaz handia izaten da eta bikotearen lana izaten da adarrak eta behar duten materiala biltzea. Txukun-txukun, barrua goroldio eta belarrez forratzen dute eta inguruan adar berdeak jartzen dituzte apaintzeko.

Habi honetan emeak arre-gorriz zipriztindutako 2-4 arrautza zuri jarriko ditu. 56 x 44 mm ko arrautza hauen gainean emeak 33-38 egun pasako ditu eta tarteka ehiza utziz, arrak txandaren bat egingo dio txitaldian. Txitoak jaiotzerakoan 45 gramo inguru pisatzen dute eta luma zuriak izaten dituzte. Emeak, lehenengo 15 egunak habiatik ia mugitu gabe emango ditu, baina hortik aurrera, arrarekin batera ehizean hasi beharko du txito aseezinak lasaitzeko. Halere, kume txikienak hil egiten dira gehienetan. Hiru aste pasatuta tente jartzen hasiko dira eta 30 egunekin, lumaz jantzita egongo dira. 45-55 egunekin eta heldu itxurarekin, habia utziko dute. 2-3 urterekin ugalduko dira lehen aldiz, eta batezbeste, 4-5 urte biziko dira.

Zeruan, lepo motza eta hegal eta buztan zabalak ikusten zaizkio.

Banaketari dagokionez, Europan arrunta dela esan behar da. Irlanda eta Ipar Europan izan ezik, kontinente guztian ikus daiteke eta migratzaile partziala izaki, iparraldekoak hegoaldera etorriko dira negupasa. Euskal Herritik, abuztuaren bukaeran hasi eta urriaren lehen 2-3 asteetan pasatzen dira banaka edo talde txikietan zapelatz arrunt gehienak.

Azkenak, azaroaren hasieran pasatzen dira. Iparraldeko zapelatz hauek, mendebalde eta mediterranioko eskualderantz jotzen dute eta bertako zapelatz sedentarioekin batera igarotzen dute negua. Batzuk, Afrikako ekialde eta hego-ekialderaino jotzen badute ere, beste batzuk Euskal Herrian bertan geratzen dira. Negutiar hauek normalki, bertakoek baino kolore argiagoa izaten dute.

Migrazio-garaian ikusten direnez gain, Euskal Herrian habiagile arrunta da eta espeziearen egungo egoera ona da. Bereziki Kantauriako eta subkantauriako eskualdeko baso eta arboladietan bizi da. Hegoalderantz goazelarik, eskualde mediterraniarrean, baso, nekazaritzarako lur eta soroetan soilik aurki daiteke; baina ez dago, ordea, soildutako Arabako Errioxan eta Nafarroako Erriberan.

Erresuma Batuan egindako zapelatz arruntei buruzko azterketaren arabera, hauek lirateke espezie honen agerpena baldintzatzen duten faktore garrantzitsuenak: ehizakien ugaritasuna, habia egiteko leku aproposak egotea eta habitataren egonkortasuna. Espeziearentzat kaltegarri diren faktoreen artean, pestizida organokloratuak eta untxien populazioak kaltetu zituen gaitzak aipatuko genituzke.

Bestalde, tiroz hildakoen kopurua jaisteak, eta oro har, gehiago errespetatzeak, mesede handia egin diote azken urteetan. Horregatik, bai inguruko herrialdeetan bai gurean bertan ere, populazioek gora egin dute. Honela, duela 30 urte baino askoz errazagoa da harrapakari dotore hau gure zeruan edo errepide bazterrean zelatan ikustea.

Espeziea: Buteo buteo
Familia: akzipitridoak
Ordena: falkoniformeak
Klasea: hegaztiak

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
MAIER Koop. Elk.
KIDE Koop. Elk.
ULMA Koop. Elk.
EIKA Koop. Elk.
LAGUN ARO Koop. Elk.
FAGOR ELECTRÓNICA Koop. Elk.