XIX. mendeko giro zientifiko eta intelektuala, Abbadiaren moldatzaile

Frantziako Iraultza

Epe laburrean, Frantziako Iraultzak Antoine Abbadiarengan izan zuen eragina kaltegarria izan zela esan liteke, zeren eta horregatik Antoineren aita erbesteratu egin baitzen, eta horren ondorioz gure gizona 1810. urtean Irlandan jaio baitzen. Baina Iraultzak zientzian eragin positiboa ere izan zuen, eta ikuspegi horretatik begiraturik, epe luzera bada ere, garai hartako Frantziako zientzia izugarri garatu zen. Eta Abbadiaren garairaino heldu zen, Abbadiaren bizitzan eragin handia izanik; Abbadiaren grinarik handienetako bat zientzia bera izan baitzen.

Frantziako Iraultza., Bastille hartzea (1789). J. Hovel-en akuarela.

Frantziako Iraultzak Erdi Aroko feudalismoaren azkeneko arrastoak ezabatu egin zituen eta zientziari garrantzi handia eman zion. Giro horretako ondorio zuzena Lazare Carnot, termodinamikaren aita ospetsua, edo Lavoisier Kimika modernoaren bultzatzailerik famatuena ditugu. Giro hartan, egungo mundu industrializatuan hain garrantzitsuak diren Pisu eta Neurrien normalizazioa ere burutu zen, sistema metriko hamartarra ezarriz. Iraultzaren eskutik Hezkuntzarako Instituzio berriak jaio ziren, eta haietatik hain ezagunak ditugun Gay Lussac kimikaria edo Fresnel fisikaria atera ziren.

Geroago, Napoleonen garaian hain zuzen, zientziak lortutako estatus berriak aurrera segitu zuen. Ingalaterrarekin izandako gerran Frantziak setio gogorra jasan behar izan zuen, eta eragindako blokeoaren ondorio zuzena, sosa eta azukre falta izugarria izan zen. Baina horrek Frantzian Kimikari bultzada izugarria eman zion; blokeoak ukatzen zuena artifizialki produzitzen hasi baitzen. Horrela, Kimika bultzatu zen bereziki, eta hogeita hamar urtean zehar Frantziako Kimika zientzi adar aurreratuena izan zen Europako kontinentean.

Gero, etengabeko gerrak gizarte-sistema eta zientzi sistemarentzat kalte handiak ekarriko zituen, baina bigarren kasuan zientziak kide boteretsu bat aurkitu zuen industrian, eta elkarrekin egon dira gaur egunera arte.

Iraultza industriala eta Abbadiaren bidaiak

Abbadiako eremua eta gaztelua.
P. Gascouat

Frantziako Iraultzak sortutako “Arrazoiaren aldiaren” porrota kapitalismo modernoaren lehenengo erakunde eta ekintzekin hasi zen. 1830-1870 bitartean, produktibitatea izugarri hazi zen. Merkatuak etengabe zabaldu ziren, eta giro horretan, lur berrien kolonizazioak burutzeko bidaia geografikoek nahiz geologikoek garrantzi handia izan zuten. Gure Abbadiak, hain zuzen, horietako batean parte hartu zuen Brasilera “Geografia fisikoko” azterketak egitera joanda eta bere anaiarekin Etiopiara eta Egipto Garaira geologi ikerketak egitera joanda, han 11 urte luze eman zituelarik. Bidaia horiek Abbadiaren gaztaroko denbora gehiena hartu zuten. Frantziak bere zerbitzu baliagarriak saritu egin zizkion “Societé Geographique de France” Elkarte Geografikoak emandako Urrezko Domina Handia lortu zuelarik.

Garai hartako giro dinamikoan, gaur egun garrantzitsutzat baloratzen ditugun aurrerapausoak eman ziren. Telegrafoa asmatu zuten, zientzia elektriko berriaren aplikazio industriala sortuz. Trenbideak, lurrin-makinazko itsasuntziak, eta antzeko asmakuntzek klase berri bat sortarazi zuten: Injineruena, eta injineruak formatzeko Eskola Teknikoetakoa. Zientzia instituzionalizatzen hasi zen, horren ondorio guztiekin. Instituzionalizazio hori biziki ezagutu zuen Abbadiak, “Académie des Sciences”erako Parisen bazkide hautatu zutenean, edo akademia berak geografiako “Bureau des Longitudes”ko partaide hartu zuenean, gero bietako zuzendari izatera helduko zelarik.

XIX. mendeko azken urteak: zientzia eta gizartea

1870. urtean Abbadiak 60 urte zituen eta mende berria ez zuen ikusiko; 1897. urtean hil baitzen. Bitarte horretan kapitalismoa sistema heldu baina kontraesankor gisa agertzen da. Produkzio-indarrak ikaragarri garatu zituen, baina, aldiz, langabezia etengabe igo zen. Lurralde guztietara zabaldu zen, baina gerrak sortarazi zituen etengabe.

Maxwell, James Clerk. XIX. mendean elektrizitate eta magnetismoaren ikertzailea. Berari zor zaio eremu elektromagnetikoaren eredu matematikorako emandako urrats handia.

XIX. mendeko azkeneko laurdenean, zientzi mailan, iraultza ezkutu bat garatzen ari zen. Fenomeno elektriko eta magnetikoek, Newtonen teoria atomistikoarekin bateragarri ez direnek, gero eta garrantzi handiagoa izan zuten, zientzian inoiz ez bezalako krisia sortaraziz. Krisi horri irtenbidea 1905. urtean eman zitzaion Albert Einstein-en Erlatibitate Teoria deritzonaren bidez. Garai haiek altzairuarenak eta altzairua gauzatzeko labegaraienak ziren eta Elektromagnetismoaren eta bertatik sortutako teknologia aplikatuen aurrerakuntzena ere bai.

Gai hauetan laborategi zientifikoen ugaritasuna nonnahi nabari zitekeen. Alemania genuen zuzendari eremu zientifiko guztietan eta alemana hizkuntza zientifiko bihurtu zen. Garai hura izan zen zientzia kapitalismoaren tresna bihurtzeko garaia. Zientzilari erromantikoen jokabidea (zientziak eta zientziaren gizarte-ondorioak elkarturik joan behar zuten zientzia askatzaile izango bazen) baztertu egin zen, produkzio industrialaren menpe geratu zelarik. Aurrerantzean, zientzia ogibide “neutro” bihurtu zen, nahiz eta zientzia, esplotazio eta gerrarako erabiltzen zela guztiek jakin. Zientzilari erromantiko eta jakintsuen garaia bukatu eta teknokratena hasi zen. Antoine Abbadia erromantikoen artean koka daiteke.

Dirudienez, berarentzat, zientzia Naturari behatzeko eta hobeto ezagutzeko tresna izan zen. Abbadia hil zenean, berak zientzia ulertzeko izan zuen era ere, berarekin batera hilobiratu zela esan daiteke.

Zientzilari erromantikoa zenez, jakintzaren eremu desberdinez interesaturik egon zen eta horietaz hitz egingo dugu. Ondokoak dira Abbadiak aztertu zituen arloetako batzuk: Magnetismoa, Astronomia eta Geografia. Bidaia geografikoak jada aipatu ditugunez, orain beste arloetan bizi izan zituen esperientziak azalduko ditugu.

Antoine Abbadia eta XIX. mende bukaera: magnetismoaren garaia

XIX. mendean elektrizitatearen eta magnetismoaren arteko erlazioak ezagutu ziren. Magnetismoa izan zen Abbadiak landu zuen arloetako bat.

Faraday-k Magnetika eta Elektrikaren arteko erlazioa azaldu zuen burututako esperimentazioaren bidez. Faradayk definitu zuen lehen aldiz mendebaldean eremuaren (espazioko zirrikitu guztiak betetzen dituen entearen) kontzeptua. Hil zenean (1867. urtean) James Clerk Maxwell fisikari eskoziarrak hartu zuen testigua. Honek, Faradayk teorizatu zuen eremu elektromagnetikoa, matematika bidez azaldu zuen, lehen misteriotsu zen eremua erabilgarri eta manipulagarri bihurtuz. Urte gutxi barru Hertz fisikariak eremu elektromagnetikoaren bibrazioak artifizialki sortzeko era aurkitu zuen, eta haririk gabeko komunikazioei bidea zabaldu zitzaien.

Uhin elektromagnetikoaren garaia heldu zen eta Newtonen mekanikaren nagusitasuna gainbehera etorri zen fisika berriaren mesedetan. Mundu osora hedatu zen eremuaren kontzeptuan oinarritutako teknologia elektromagnetikoa. Baina, bazegoen arazo bat hain indartsu sortu zen fisika berrian. Eremu elektromagnetikoa bibratzen ari diren uhin elektromagnetikoen multzoa baldin bada, zein da bibrazio horiek sortzeko behar den ingurunea?. Mekanika, horri dagokionez oso garbia da: bibrazioak baldin badaude, euskarri bat bibratzen ari delako da. Elektromagnetismoan zein da bibratzen ari den ingurunea? Inork ez zekien ingurune misteriotsu hori zer zen; inoiz ez baitzen detektatu. Mamu horri “etere” deitu zioten. Arazo horri erantzun asmoz idatzi zuen geroago Albert Einstein-ek Erlatibitate Teoria.

Gure Antoine Abbadia Fisika berri haren lekuko izan zen. Arago fisikari ospetsuaren ikasle izan zen, hura argiari buruzko uhin-nortasuna aztertzen ari zen garaian. Ikasketa haiek, eterearen aurkikuntzarekin lotura izango zuten geroago. Abbadia 26 urterekin (Faradayk 45 urte zituenean eta eremuaren kontzeptua jaioberria zenean) magnetismoaz liluratu zen, metafisika hutsean erori zelarik. Ez da harritzekoa, beraz, Abbadiak magnetismoa bizitza aurrikusteko baliabidetzat hartzea.

“Le Courrier de Bayonne” aldizkarian (1897-III-27) argitaratu zuten eskutitzean agertzen da Abbadiaren zaletasun hori. Idazki horretan Abbadiak magnetismoan zuen fedea azaltzen da, eta bertan, berari somnanbulu batek bi urte lehenago aurresan ziona nola bete zen aipatzen du. Dena dela, zientzilariaren ikuspegitik baloratu behar da magnetismoa ikasteko Brasilera egin zuen bidaia.

Dena den, Abbadiak zientzia guztiak gogoko bazituen ere, gehien maitatu zuena, euskararekin batera, astronomia izan zen.

Abbadia eta astronomia

Abbadia zientzi adar batekin identifikatzekotan, dudarik gabe, astronomiarekin izan behar.

XIX. mendearen hasieran, Herschel-en lanari esker, gure Eguzki-sistemako Eguzkia, beste milaka milioi izar arrunten artean bat gehiago zelako iritzia jadanik zabaldua zegoen jakintsuen artean. Are gehiago, izar guztiek forma elipsoidala zuen unibertso handi bat osatzen zutela ere, bazekiten. Abbadiak 30 urte zituenerako, Eguzki-sistemaren inguruko izarren arteko distantziak zehaztasun handiz kalkulatuak zeuden jadanik, paralaxiaren bidez.

1870. urtean Abbadiak teleskopio ederra jarri zuen Hendaiako gazteluan. Ordurako unibertsoa 300.000 milioi izarrez osaturik egon zitekeelako iritzia nagusi zen; baita unibertso erraldoi haren tamaina 8.000 argi-urte ardatz luzeenean eta 1.500 argi-urte ardatz motzenean zela ere. Tamaina hori kalkulatzeko gure inguruan dauden izarrekiko distantzia zehatzak kalkulatzea ezinbestekoa zen, eta horretarako izarrak posizio zehatzean kokatu behar ziren ortzean. Horrelako lanik egin zitekeen, neurri apalean bazen ere, Hendaiako etxean zuen tresneriarekin.

Dokumentu idatzirik ez badago ere, pentsa liteke garai hartako Euskal Herrian (bigarren Karlistadan eta hamaika sufrimentu eta liskarren artean) bazegoela euskaldun bat or-tzeari begira, lurrean aurkitzen ez zituen erantzunak kosmoan aurkitu nahian. Euskaldun jakitun hark Euskal Herriak garai haietan bizi izandako historia nola baloratzen zuen jakitea ernegarria iruditzen zait. Egun ere, gure Herri maite honek, bere zilborrari begira segitzen baitu askotan, 300.000 milioi munduz osatutako Esne Bide izeneko galaxian gu geu zentru izango baiginen. Kosmoaren menturan aitzindari izan genuen Abbadiarekin zor intelektuala dugu egun astrofisika eta kosmologiaz arduratzen garenok; une zailenetan, pentsamenduaren menturan iharduteko aukera egin baitzuen.

Abbadia XX. mendeko ikuspegitik

Abbadiaren bizitza eta ekintzek, XX. mendetik ikusiz gero, ondorio batzuetara eramaten gaituzte. Batetik, Abbadia ez zen zientzilari sakona izan. Honakoa esan nahi dut: zientzi gaietan jantzia bazen ere, ez zen inongo arlotan nabarmendu: ez astronomian, ez geografian eta ez fisikan. Analitiko eta espezialista izan beharrean, zientzia kultura gisa interesatzen zitzaion, dirudienez. Azterketa sintetikoetara jo zuen, analitikoetara jo ordez. Hau da, zientziaren azken berrien nondik norakoak bereziki erakartzen zuten bere interesa.

Abbadia gazteluko behatokia. Astronomiak oso leku garrantzitsua izan zuen Abbadiaren bizitzan.
P. Gascouat

Sortzen den beste galdera bat honako hau da: zientzilari eta euskaltzale amorratua izanik, zergatik ez zituen bi eremu horiek lotu? Zergatik ez zuen zientzia euskaraz landu, zuen ezagutza zientifikoa herrira hedatu ahal izateko?.

Bestalde, ez dugu ahaztu behar garai hartan euskara nagusiki hitz egiteko erabiltzen zela eta ez idazteko. Euskara batua ez zegoen artean mamitua eta gure Herrian gai zientifikoetan euskarak ez zuen tradiziorik. Beraz, nola idatzi artikulu edo liburu zientifikorik irakurlerik gabe? Are gehiago, nola idatzi idazteko arau eta ohiturarik ez bazegoen?. Gaur egun, oraindik ere, idazkera eta irakurketa zientifikoak dituen zailtasunak ikustea besterik ez dago orduan izango zituen oztopoak sumatzeko.

Hirugarren burutazioa, amaitzeko. Abbadiaren bizitzak eta obrak bide interesgarria markatu digute. Bide horrek mezu modernoa dakar bere baitan, hau da, posible da euskaldun (euskaradun) izatea eta garai historiko bakoitzean puntako gaietan (zientziaren ikuspegitik) trebe izan eta jantzita egotea. Abbadiak bere Herria biziki maite izan zuen, baina baita garai hartako zientzia ere. Bi joera horiek medio erdibiturik bizi izan zen. Kulturalki (zientziaren kulturari dagokionez) atzeratuta zegoen Herri batean bizi zen eta zientzia aurreratuenarekin (baina Euskal Herriaren eguneroko praktikatik oso urrun aurkitzen zenarekin) bat eginda. Nola uztartu bi alderdi horiek?

Euskal Herriaren historian bi alderdi horien arteko borroka latza izan da beti. Herriko askok bietako bat aukeratu beharra izan du, askotan dikotomia hori politikara eta eguneroko bizitzara heldu delarik. Modernitatea ala euskaltzaletasuna? Herriaren kultura ala kultura zientifikoa? Lerro hauen bidez, dikotomia horretan sinesten ez dugunok, Abbadiaren aitzindari-lana aldarrikatu behar dugu. Posible da euskaltzale izatea, herri hau maitatzea, eta aldi berean aurrerakoi, jakintsu eta zientziaren maitale izatea. Abbadiak erein zuen hazia loraraztea guri dagokigu.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila