Xenotransplantea

Xenotransplantea espezie bateko animalia baten organoa beste espezie bateko animalia bati transplantatzea da. Medikuntzan xenotransplante animalia baten organoa pertsona bati ezartzeari deitzen zaio.

Zer dela eta xenotransplantearen beharra?

Azken urteotan, gizarte solidario eta altruistetan hildako pertsonaren organoak eman dituztenen kopurua igo egin da. Ahalegin hauek, giltzurruneko, gibeleko, bihotzeko, eta abarretako gutxiegitasunak tratatzeko estaldura handiagoa izatea ekarri dute. Gainera, transplanteen medikuntza oso emaitza onak lortzen ari da epe ertainera eta luzera.

Baina hau guztia ez da nahikoa bizitzen segitzeko organo bat behar duten pazienteen itxarote-zerrenda desagertarazteko. Patologia batzuek, giltzurrun-gutxiegitasunak esaterako, transplantea itxaron bitartean organo artifizialetara jo dezakete, baina beste batzuek, gibel- edo bihotz-hutsegiteak adibidez, ez dute makinaren laguntzarik transplantea arte itxaroteko. Batzuek, beraz, itxaronaldi honetan bizitzen segituko dute eta beste batzuk, aldiz, hil egingo dira.

Ba al dugu hildako pertsonen nahikoa organo organoak behar dituzten paziente guztientzat?

Zoritxarrez ez. Eta paziente guztientzat nahikoa organo ez dagoelako, transplantatzeko hautagaiak aukeratu egin behar dira, irizpide medikoak oso kontuan hartuz. Profesionalek paziente egokienak aukeratu behar dituzte, hau da, organoak ongien funtziona lezakeen organismoa ikusi eta hari eman. Eta beste paziente guztiak? Batzuek ez dute inoiz transplantatzeko organorik izango eta beste batzuk itxaronaldi horretan hil egingo dira. Beste alde batetik, zenbait herrialdetan organoak ematea goia jotzen ari da eta egunetik egunera gutxiago dira organoak emateari ezetz esaten diotenak.

Azken urteotan, gizarte solidario eta altruistetan hilako pertsonaren organoak eman dituztenen kopurua igo bada ere, ez da nahikoa.

Egoera honen aurrean, orain dela urte batzuk xenotransplantea ikertzeari ekin zitzaion berriro, egunen batean transplantea behar duten guztiek behar duten organoa izan dezaten. Animalien organoak transplanteetarako erabiltzeko ideia orain dela ia mende bat sortu zen, hainbat eta hainbat oztopo gainditu behar izan zirelarik.

Xenotransplanterako ahuntzak, ardiak, tximinoak, babuinoak, txinpantzeak eta txerriak erabili dira. Eskala filogenetikoan gizakiarengandik hurbileneko animalia txinpantzea da.

Transplanterako organo-emaile gisa, zer dela eta txinpantzearen inguruko baino txerriaren inguruko ikerketa gehiago?

Txerria filogenian txinpantzea baino maila bat beherago dago, baina ikerlari askok primateen ordez txerria aukeratu dute, ulertzen oso errazak diren arrazoiak daudelako. Transplanterako parametro garrantzitsuei dagokienez, antzekotasun handia dago txerriaren eta gizakiaren artean; giltzurrunaren, bihotzaren eta biriken fisiologia eta funtzionamendua besteak beste.

Txerria oso ugaria da eta oso erraz hazten da gatibualdian, primateak berriz urriak dira, gatibualdian gaizki ugaltzen dira eta 6 urte baino gehiago behar dute heldutasunera iristeko. Txerria berehala iristen da heldutasun sexualera, umaldi ugari ditu eta hilabete batzuetan lortzen du gizakiaren organoen heldutasuna eta tamaina. Ezaugarri hauek garrantzitsuak dira organoak eskuratzeko unean.

Txerriak primatearekiko dituen abantailei buruz, beste alderdi oso garrantzitsu bat gaixotasun infekziosoak kutsatzeari dagokiona da. Txerrizainengan ez da gaixotasun kutsagarririk deskribatu, primateek berriz, hainbat birus kutsatu izan diote gizakiari. Xenotransplanterako emaile gisa erabiltzeko patogeno espezifikorik ez duten txerriak izateko aukera gehiago dago eta, gainera, txerria laborategian maneiatzeko primatea baino askoz ere errazagoa da.

Xenotransplantea aurrera eramateko non daude gaur egun hesiak?

Organo bat gizakiarengan ezartzeko kirurgiak ez du teknika gisa zailtasunik eta oztopo handirik gabe egin daiteke. Ebazteke dauden arazoak etikoak dira eta beste batzuk biologikoak, errefusaren alderdi inmunologikoak, esaterako.

Oro har, xenotransplantearen alderdi etikoek mesfidantza handia dute gizartean, nahiz eta transplantearen zain dauden pazienteei egindako galdeketen emaitzak oso diferenteak izan eta gehienek ez duten inolako arazo etikorik animali organo baten eramaile izateko, haientzat garrantzitsuena noski organoak haiengan ongi funtzionatzea baita. Medikuen artean, mediku-batzorde batek oraintsu Pittsburgh-ko Unibertsitateari (EEUU) babuinoen organoak gizakiarengan ezartzeko transplante-programa (porrotak ikusita) uzteko eskatu zion, xenotransplantea ez zela oraindik iritsi esanez.

Transplanterako parametro garrantzitsuei dagokienez, antzekotasun handia dago txerriaren eta gizakiaren artean; giltzurrunaren, bihotzaren eta biriken fisiologia eta funtzionamendua besteak beste.

Gizarteak duen sentikortasun hau ikusita, ondoko ezaugarriak kontuan hartuko dituen xenotransplanterako kode etikoa ezartzea beharrezkoa da: hildako pertsonaren organoak transplantatzea eta xenotransplantearen etika alderatzea, animalien eskubideak, transferentzia eta manipulazio genetikoa, etika nazionala, kulturala, erlijiosoa, zientifikoa eta, zergatik ez, xenoinjertoaren finantziazioa. Baina araudi hauek ez dute giza portaeraren beste arau batzuk baino hertsiagoak izan behar, aurrerakuntza zientifikoak ez mugatzeko. Nik uste dut zientzia giza kontzientziaren aurretik doala eta, kasu konkretu honetan, zientziarengandik ontasun handia espero dugu, profesionalen deontologiak eta araudi legalek zientziaren aurrerapen handi hauek pertsona gaixoarengan gaizki erabiltzea behatuko dutelarik.

Oraindik erabat ebatzi gabe dagoen beste oztopo bat alderdi biologikoei dagokiena da, ikerkuntza genetiko eta injinerutza molekularraren menpe dagoena erabat. Konpondu beharreko lehen arazoa errefus hiperakutua da, hau da, hartzailearengan organo transplantatua erabat suntsitzea. Organismo orok produktu arrotzak sartzearen aurrean baditu substantzia zelatariak, eta materia hau ezagutzen ez bada, begiraleak berehala jartzen dira martxan hura suntsitzeko. Eman beharreko lehen pausoa, beraz, organo arrotza ezagutzea da, errefus hiperakutua saihestuz. Hau ia erabat erdietsi da eta badira dagoeneko txerri transgenikoen umaldi batzuk. Txerri transgenikoen leinua geroz eta gehiago arazten ari dira, organo-emaile gisa, bihotz-emaile gisa gutxienez, erabili ahal izateko.

Injinerutza genetikoaren maniobra hauek errefus hiperakutua eraginarazten duten substantziak desagertarazten dituzte. Dena behar bezala dagoenean erabiliko dira organoak, eta errefusaren aurka gaur egun dauden eta etorkizun hurbilean egongo diren drogekin errefus kronikoa saihestuko da. Eta ezagutza aurrera doan neurrian, eta azkar doa, neurriko organoak eta errefus akutu eta kronikoaren arazoa gainditutalortu ahal izango ditugu. Honela, xenotransplantea XXI. mendearen atarian terapia arrunta izango da eta behar duten guztiek izango dute beren organoa. Gaur egun gizarteari organoak transplantea behar duten paziente guztientzat dohainik emateko laguntza eskatzen ari gatzaizkio, zeren bestela haien biziarenak egin du.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila