Windows Millenium Edition Etxeko ordenagailuentzako sistema eragile berria

Waliño, Josu

Elhuyar Fundazioa

Microsoft ez da nekatzen. Erabiltzaileen artean Windows 98k behar duen onarpena oraindik izan ez duen arren, Windows berria merkaturatu du. Baina zeinentzat? Gogoratu Windows 2000 kaleratu zenean hura Windows NTren ondorengoa zela esan genuela, eta laster aterako zela Windows 98ren ondorengoa. Ba hauxe da. Millenium Edition edo Me izenez kaleratu berri duten hau da etxeko erabiltzaileok erabiliko duguna laster batean. Hori guztia etxean PCa izanez gero noski, baina Macintosh-a duten guztientzat ere badago berrikuntzarik. Apple aspaldian garatzen ari den MacOS X sistema eragilea ere kaleratzear dago, baina honetaz hurrengo zenbakian hitz egingo dugu.

Baina zein berrikuntza eskaintzen ditu Windows berri honek? Itxuran gauza handirik ez, baina, Microsoft-ek dioenez, etxeko erabiltzailearengan pentsatuz garatutako Windows-a da berri hau. Horregatik, mundu digitalarentzako Windows bat dela ere esan daiteke, irudi digital eta soinuekin lan egiteko bereziki pentsatuta baitago. Microsoft-en esanetan, jendeak etxeko ordenagailua erabiltzen duen gauzetara bideratu dute, hau da, dibertsioa, informazioa atzitzea eta komunikazioa. Honako hauek dira eskaintzen dituen berrikuntza nagusiak:

Multimedia etxean

Windows Me-k multimedia etxean lantzeko aukera berriak eskaintzen ditu. Lehendik ere ezagun genituen Windows Media Player edo DirectX teknologien bertsio berriak ditu; besteak beste, musika zuzenean Internet-etik entzuteko aukera ematen digu. Baina berrikuntza nagusia etxean bideoa editatzeko gehitu duten aplikazioa da. Windows Movie Maker izeneko softwarea da hori, eta bideo digitalaren arrakastari aurre egiteko sortutako aplikazioa da. Bideoak bezala kamera digitalak ere gero eta zabalduago daudenez, norberaren argazki-albuma osatu eta argazkiak manipulatzeko softwarea ere badu.

Internet eta inprimatzea

Microsoft-ek Interneten alde egin duen apustuari eusten dio, eta Windows berri honek ere baditu hainbat berrikuntza zentzu honetan. Betiko nabigatzaile eta posta-kudeatzaileaz gain, berrikuntza nagusia Internet-era konektatuta dauden inprimagailuen bidez zuzenean dokumentuak inprimatzeko aukera da. Hori erabiliz munduko beste puntan dagoen inprimagailu batean inprima dezakegu gure etxetik. Gainera, inprimatzeko aurrebista bat ere gehitu du, eta horrela inprimatu behar duguna nola azalduko den aurrez ikusi dezakegu.

Sareak erraz eta azkar

Aurreko bertsio guztiekin egin duten bezala, Windows honek ere Plug and Play delakoa betetzen duela sinestarazi nahi digute. Agian oraingoan egia izango da, baina ezagutzen ditugu aurreko kasuak nolakoak izan diren. Dena den, oraingo honen berrikuntza nagusietakoa zera da: etxean sare bat ezartzen lagunduko digun morroia dakar. Haren bidez, etxean ditugun ordenagailuekin sare bat osatu ahal izango dugu; horretarako, Ethernet edo telefono-kable arrunta erabili ahal izango ditugu. Horrez gain, konexio bakarra erabiliz, erabiltzaile bat baino gehiago aldi berean Internet-era konektatzen utziko digun sistema ere gehitu du.

Arazoak konpondu

Aurreko Windows-ek ematen dituzten arazo guztiak ikusita, horiek konpontzeko tresnak gehitzea erabaki du Microsoft-ek. Beraz, eta hau ere teorian, pantaila urdin madarikatu horiek ez ditugu gehiago jasango. Ikusiko dugu hala ote den! Sistemaren konfigurazioa berreskuratzeko sistemak edo baimenik gabeko idazketak murrizteko babesak ezartzen ditu Windows berriak. Ea oraingoan benetan egonkorra den!

Horiek dira azaletik begiratuta Windows berriak eskaintzen dizkigunak. Orain norberarena da azken erabakia: benetan merezi al du gure ordenagailuari sistema eragilea berriz aldatzea? Zertan hobetuko dugu? Ba al dugu nahikoa disko gogor, nahikoa memoria honekin lan egiteko? Merezi al du ekipoa handitzea edo berria erostea horretarako? Norberak ikusiko du zer egin.

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
MAIER Koop. Elk.
KIDE Koop. Elk.
ULMA Koop. Elk.
EIKA Koop. Elk.
LAGUN ARO Koop. Elk.
FAGOR ELECTRÓNICA Koop. Elk.