Uraren ezaugarriak

Roa Zubia, Guillermo

Elhuyar Zientzia

Edozeini ura kimikoki zer den galdetuz gero, H 2 O formula enpirikoa azkar aipatuko luke. Hala ere, urak duen zaporea deskriba dezala eskatuz gero, arazoak sortzen dira. Teorian zaporegabea den likido horrek zapore ezberdinak izaten ditu praktikan, iturriaren arabera. Nola liteke hori?

Etxeko iturritik jasotzen dugun ura, errekak daramana edo itsasokoa, besteak beste, ez dira ur soila, gehienbat uraz osatutako nahastea baizik. Baina beste osagai asko ere baditu. Izan ere, H 2 O besterik ez balitz, ez litzateke inolaz edangarria izango. Uraren osagaiak taldeetan bana ditzakegu.

H 2 O molekulak

Ur-molekulak oso ezaugarri kimiko bereziak dituzten molekulak dira. Aipagarriena bata bestearekin elkartzeko modua izan daiteke. Solidotzen denean, egitura ordenatuak osatzen dituzte eta, ondorioz, bolumena handitu egiten da. Gainera, bero espezifiko handia du. Horrek beroa gordetzeko ahalmen izugarria duela esan nahi du. Horrek bihurtu du ura biziarentzat ezinbesteko osagai. Azkenik, gogoratu beharra dago, neurri txikian bada ere, honako erreakzioa ematen duela:H 2 O + H 2 O H 3 O + + OH - H 3 O + espeziearen kontzentrazioa pHa da eta ingurune kimikoaren arabera desberdina izango da.

Disolbatutako ioiak

Uraren ezaugarri nagusietakoa ioiak edukitzea da. Gatz mineralen higadurak utzitako espezieak dira. Disolbatzen diren substantziak elektrostatikoki neutroak dira eta disolbatzean ioitan (molekula-zati kargadunetan) banatzen dira. Katioiak (metalak, normalean) eta anioiak sortzen dira.

Metalak

Oro har, metal-kontzentrazio txikiak egoten dira. Dena den, hainbat metalen eragina, metal astunena batez ere, handia izan daiteke nahiz eta kantitate txikia egon. Naturan iturriaren ingurune geologikoaren menpeko aldagaia da. Uretan disolbatutako katioiek urari kolorea edo usaina eman diezaiokete. Eraginik nabarmena, ordea, osasunean izan ditzaketen efektuak dira.

Kaltzio- eta magnesio-kantitate handiak dituen urari gogorra deritzo. Ur-mota hori kare-harria dagoen ingurunetik jasotzen da. Itsasoko uretan sodio- eta potasio-kantitate handiak izaten dira, baina beste iturri askotan ere aurki daitezke. Burdina, manganesoa edo beste metalen kontzentrazioa oso altua duten urak potabilizatzeko, tratamendu bereziak egin behar izaten dira.

Aipagarria da uraren poluitzaile garrantzitsu asko metalak izatea. Merkurioa, kadmioa, beruna eta artsenikoa jotzen dira arriskutsuentzat. Hala eta guztiz ere, zenbait ekosistementzat behar-beharrezko elementuak dira. Adibidez, itsaso sakoneko zenbait ingurunetan kontzentrazio handiak daude eta bertako biziarentzat ezinbestekoak dira.

Anioiak

Katioiekin batera anioiek eroankortasun elektrikoa ematen diote urari. Horregatik, ur-laginen eroankortasuna neurtu egiten da. Hauek ere ingurune geologikoaren araberako kontzentrazioak dituzte. Bi motako anioiak daude, oxoanioiak (oxigeno-atomoak dituztenak) eta anioi sinpleak. Uretan sulfatoak, bikarbonatoak, nitratoak eta fosfatoak oxoanioi ohikoak dira. Anioi sinple arruntenak kloruroak eta fluoruroak izaten dira.

Materia organikoa

Uretan bakterio eta zelula bakarreko izaki asko bizi dira. Bestela, mota askotako molekula organiko askeen, disolbagarri ez direnak barne, kontzentrazio txikiak daude. Pisuan portzentaje handia ez duten arren, osasunean eragin izugarria izan dezakete. Horregatik, ura edateko edo tratatzeko kontuan hartzeko nahitaezko osagaia da.

Disolbatutako gasa

Airea ukituz dagoenez, ur naturalak oxigenoa, karbono dioxidoa eta beste zenbait gas disolbaturik izaten ditu. Horietako batzuek ur barruko kimikan eta biologian eragin handia dute. Esate baterako, oxigenoak ingurune oxidatzailea sortzen du eta karbono dioxidoa ezinbestekoa da fotosintesia duten izakientzat.

Naturan dagoen uraren ezaugarrien jatorria, beraz, ingurune biologiko eta geologikoan bilatu behar da.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila