Txoria bezain hegalari!

Atxotegi Alegria, Uhaina

Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

André-Jacques Garnerin frantsesa izan zen jausgailuz salto egin zuen lehen gizakia. 1797ko urrian egin zuen lehen jauzia aireontzi batetik. Esperientzia hura horren gustuko izan zuen, ezen handik aurrera hamaika jauzi egin baitzituen. Zoritxarrez, pasio horrek eraman zuen oso gazterik beste mundura.

Hegaldi erlatiboa izeneko proba egiten dihardute paraxutista hauek. (Argazkia: M. A. Dominguez):

1769ko urtarrilaren 31n Frantziako hiriburuan jaio zen André-Jacques Garnerin. Fisika-ikasketak egitea beretzat gutxitxo zelakoan, kimika eta astronomiako tituluak ere lortu zituen. 14 urte bete bezain pronto, Pilâtre de Rozier eta Marquis d’Arlande-k baloi bidez egin zuten lehen hegaldia ikusteko aukera izan zuen. Egun hartatik antzina, aeronautika pasio bihurtu zen, baina tamalez, urte haietan iraultza frantsesa hasi eta austriarrek preso eraman zuten beren herrira. Hiru urte egin zituen Austriako kartzeletan.

Jauzi mundiala

Frantziara itzulitakoan Austriako egonaldian buruan ibili zuen lanari ekin zion: lehen baloiak eraikitzen eta hegaldiak antolatzen hasi zen. Hasiera baten, aurreikusirik zituen jauziak berak egin aurretik bere txakurrari eginarazten zizkion. Animalia hura sekula hil ez zenez, berak ausartu behar izan zuen.

Jausgailu bidezko jauzi bati eginiko lehen argazkia.

1797ko urrian, Garnerinek Monceau parkean egin zuen lehen jauzian, bere laguntzaileak honako esaldi hauek esan zituen: “Garnerinek hitz emandako jausgailu bidezko jauzia erabat lortu du eta ikusgarria izan da. Airean minutu bat zeramala, eta 600 metroko altueran zegoenean, Garnerinek soka moztu du; baloia bere kasa altxa eta ireki egin da. Gure fisikariak jausgailuz jaustea lortu du eta, lurreratzean hanka zertxobait bihurritu duen arren, guztia nahi bezala atera zaio”.

Egun horretan erabili zuen paraxuta zetazkoa zen eta 36 makila zurrunek eusten zioten. Guztira, 8 metroko diametroa zuen oihalak eta goiko partea zurez eginiko disko batek osatzen zuen. Disko hori, besteak beste, paraxutean airea sar zedin eta baloia puz zezan ezarri zuten.

Garnerinek hegaldian izan zuen arazorik garrantzitsuena jausgailuaren etengabeko kulunkada izan zen. Hori dela eta, jauzia ikustera hurbildu zen Lalande fisikariak oihalaren punta pixka bat zulatzeko aholkatu zion Garnerini, airea pasa zedin, eta nolabait kulunkadak murriz zitezen. Jauzi horrez gero, gainontzeko denak Lalanderen aholkuari jarraituz egin zituen.

1802an Ingalaterran zegoela, zeruan barna bidaia luze samarrak egitea erabaki zuen Garnerinek: lehen bidaia 300 km-koa izan zen, Moskutik Polovaraino; 1807an aurreko bidaiari 95 km gehitu eta Paristik Clausenera iritsi zen.

Baina, tamalez, zeruak horrenbeste erakartzen zuen gizona oso gazte zendu zen (41 urterekin): beste bidaia luze baterako tresna denak prestatzen ari zela, habe luze eta pisu bat erori zitzaion buru gainera eta bertan hil zen.

Jausgailuen bilakaera

Garnerini buruz argitaratu zen lehen liburua.

Garnerinen garaitik hona, beste tresna denak bezala, jausgailuak ere hobetzen joan dira. 1897an euskarririk ez zeraman jausgailu bat asmatu zuten. Ordura arte ez bezala, otar handi bat beharrean barra trapezoidal bat zeraman. Tom Baldwin estatubatuarra izan zen tresna horrekin jauzi egin zuen lehena.

Baina, aisialdirako bakarrik erabiltzen ote zen garai hartan aeronautika? Ez horixe. Jausgailua asmatu bezain laster, instrumentu horrek militarrei begia bete zien. Erabilera itzela eman zioten tresna horri, material eta teknika berriak sortuz: Lehen Mundu Gerran, batik bat, armadek jausgailuak hobetu zituzten beren pilotuak babes zitzaten. 1930ean Armada Gorriak jausgailuei beste erabilera bat eman zien: pilotuak, tresna aurrerakoi horri esker, etsaien lerroen atzean lurreratzen hasi ziren eta gerra-taktika berri bat sortu zuten.

Erabilera militarrez gain, aeronautika behin baino gehiagotan kirol gisa onartzeko saiakera ere egin zen 30eko hamarkadan. Hala eta guztiz, 50eko hamarkada arte itxaron behar izan zen Aeronautika Federazioak kirol modura onar zezan. Lehen kirol-jauskariek militarren jantzi eta jausgailuak erabiltzen zituzten, baina poliki-poliki, kirolarien artean lehia handitzen joan ahala, berei egokituriko materiala merkaturatzen hasi zen.

Aeronautika kirol gisa onartu ondoren, arlo horretako lehen mundu-txapelketak Jugoslavian egin ziren, 1951. urtean. Geroztik, kirolariek hainbat proba gainditu behar izaten dituzte: lehenengoa militarrek hainbat aldiz egin behar izaten zutena, lurreratzeko proba, hain zuzen ere; bigarren proba irudidun jauzia dugu. Ariketa horretan, paraxutistek 2.000 metrotik jauzi egin eta sei irudi ezberdin egin behar izaten dituzte. Hegaldi erlatiboa hirugarren proba izan ohi da: 4-8 jauskari airean elkartzen dira eta aurrez ezarritako irudi batzuk egin behar izaten dituzte nahi adina denboran. Eta azken proba oihalen kontaktua da: 4-8 paraxutistak, beren jausgailuak irekirik dituztela, elkartu eta epaileek ezarritako irudi batzuk egin behar izaten dituzte denbora jakin batean.

Hori lasaitasuna eta poza lurreratzean!

André-Jacquesek bere garaian zeruan eman adina bira eman du gaur egun parakaidismoak. Zientzialari batzuek tresna berriak eraikitzeko, horietaz gozatzeko eta fisikaren mugak gainditzeko zuten grinatik sortu zen, gizakiak elkar kaltetzeko erabili da eta erabiltzen da gaur egun ere, eta eskerrak azken mende-erdiaz geroztik bere jatorrizko erabilerara itzuli eta aisialdirako tresna ere badugun jausgailua.

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu cookie horien erabilera onartzen duzla. Ezeztatuz gero, ezingo duzu webgune honetan nabigatu. Onartu
Informazio gehiago
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
MAIER Koop. Elk.
KIDE Koop. Elk.
ULMA Koop. Elk.
EIKA Koop. Elk.
LAGUN ARO Koop. Elk.
FAGOR ELECTRÓNICA Koop. Elk.