Tximeletaren hegoak

Hotzak edo beroak ustekabean harrapatzen gaituzte askotan. Goizero, jaiki orduko, leihora irteten gara eguraldiaren berri izateko asmotan. Irten aurretik entzun edota ikusia dugu eguraldiaren azken iragarpena. Alferrik; ez gara guztiz fio meteorologoen iragarpenekin. Eta ulergarria da: beraiek aitortzen dutenez, eguraldia iragartzea ez da zientzia, artea baizik. Dena den, gero eta seguruago dabiltzala onar dezagun. Informazio zehatzagoa maneiatzen dutenetik, meteosat bezalako sateliteak jiraka dabiltzanetik, bezperan aurresandakoa gehiagotan betetzen da. Tamalez, astebeterako iragarpenak ez dira bezperan luzatutakoak bezain zehatzak izaten. Gaur egungo teknikaren eskasiei zor al zaie zehaztasun-falta?

Esan al daiteke, beraz, eguraldiaren iragarpena mugarik gabe hobeagotuko dela zientzia eta teknika aurrera joan ahala? Egin dezagun galdera hori beste era batera: inoiz iritsiko al gara gaur zortziko eguraldia zehazki asmatzera, edo, hobeto esanda, aurreikustera? Gure ustez, ez. Ez da nahikoa teknika nahi adina aurreratzea iragarpen zehatzagoak egin ahal izateko. Gure ustez, berez neurtezinak diren faktoreek eragina izango dute iragarpenean bere fidagarritasuna murriztuz. Muturreko adibidea eman dezagun.

Karibeko tximeleta

Karibeko irla baten itsasertzeko pinpilinpauxa baten hegaldiak zein eragin duke Euskal Herriko eguraldian? Hau da, hegan egitean, tximeletak ukitzen duen airearen baitan hegoen higidurak perturbazio bat sortzen du. Perturbazioak, une batean edo bestean, neurri handiago edo txikiagoan, eragina izango du inguruko airean. Aire horrek aldamenean duena bultzatuko du eta honek ukitzen duen airearen egoera aldaraziko du, eraginen katea Euskal Herriko zeruetaraino ere luzatuko delarik.

Tximeletaren hegaldiaren eragina besterik gabe baztertzeko modukoa irudituko zaio hainbati. Eta egun pare bateko iragarpenei dagokienez, halaxe izango da, arbuiagarria, ziur aski. Horren froga epe horretarako iragarpenak berak dira: gehienetan asmatzen dela esan dugu, zeruaren baldintza egonkorretan behintzat. Fronte bat etorriko dela esan eta etorri egiten da; hego haizea ibiliko zaigula adierazi eta erotu egiten gara biharamunean... Badirudi tximeleta ahaz dezakegula, arazo handirik gabe.

Zenbateraino arbuiatu

Meteorologoek berek aitortzen dutenez, eguraldia iragartzea ez da zientzia, artea baizik. Teknikaren gabeziek, kasu honetan, ez dute zerikusi zuzena zehaztasun-ezarekin.

Badakigu —zientzia oso aurrera joan baita— kamioi baten higidura aztertzean ez dugula zertan Einstein kontuan hartu, Newton nahikoa zaigu eta. “Emaizkidazue aldagai askeen balioak eta menpeko aldagaiak kalkulatuko ditut. Baldin eta kamioiaren abiadura badut eta nondik nora dabilen badakit, zenbat denbora beharko duen esango dizuet bete-betean asmatuz, gainera”. Hau da, fisika klasikoa oso tresna baliagarria zaigu kamioiekin. Determinista samarrak gara zenbait esparrutan: eskuan dudan lapitza askatu eta erori egingo zait; ez dugu zalantzarik horri buruz. Mendetan ibili da gizakia bizitzan aurrera fisika klasikoa lagun zuelarik.

Bere hastapenak ukaezinak ziren. Baina lehen idazluma erabiltzen genuen eta orain ordenadorez idazten dugu. Ibilbide horretan zientziak apaltasun-ariketa bat baino gehiago eginak ditu dagoeneko: erlatibitatearen teoria onartu behar izan du, koantifikatzen den fenomenoan neurketak berak duen eragin inplizitua kontuan hartzen hasi gara maiz; hurbilketa-metodoak ezinbestekoak bihurtu zaizkigu; ustez garrantzi gutxi zuten eragileak, aise baztertzen genituenak, atzera bueltan gogoan izan eta horren eragina neurtu behar izan dugu. Akaso aztertzen ari garen kasuan beste hainbeste gertatzen da eta iragarleek ez dute asmatzen tximeletaren hegaldiaren eragina baztertzen dutelako. Beren kalkuluetan faktore hori ere sartuko balute, iragarpenak ziurragoak lirateke, agian.

Gero eta neurketa hobeak etengabe?

Karibeko irla bateko tximeleta baten hegaldiak alda al dezake Euskal Herriko eguraldia? Zuzenean ez beharbada, baina higidura txiki horrek sorrarazten duen eraginen katea gugaino irits daiteke.

Gaur egun sateliteek munduan zehar zabaldutako milaka behatoki meteorologikotan jasotako datuak biltzen dituzte: presio atmosferikoa, tenperatura eta beste parametro asko jasotzen dira aldiro Lur osoko behategietan, baita argazki ikusgarriak egin ere. Uste zabaldua da zenbat eta neurgailu hobeak izan, orduan eta neurketa zehatzagoak egingo direla. Baina horrek ez al du mugarik?

Demagun nahi adina neurgailu ditugula mundu osoan zehar kokaturik. Egin dezagun kontu neurgailuok Karibeko tximeletaren inguruko airetik hasi eta Euskal Herriko airearen zati bakoitza detektatzeko gauza direla. Gasen propietateak interpretatzen dituen oinarrizko teoria zinetiko-molekularraren arabera, molekulen talkek airearen presioa eta tenperatura eragiten dituzte.

Azken hauek eragin zuzena dute airearen higiduran. Airea osatzen duten molekuletako bakoitzaren kokapena ezagutzen badugu une batean, hurrengo unean non izango diren jakin al dezakegu? Talka bakoitza detektatzeko gauza bagina, aurresan genezake hurrengo posizioa. Baina detektagailuak nahi bezain txikiak eginda ere, molekula bakoitzaren norabidea eta kokapena emango badigute, aparatu askotxo beharko dugu, ziurrenik, atmosfera osoko aireak hartzen duen espazioa betetzeko adina aparatu beharko dugu.

Karibeko irla bateko tximeleta baten hegaldiak alda al dezake Euskal Herriko eguraldia? Zuzenean ez beharbada, baina higidura txiki horrek sorrarazten duen eraginen katea gugaino irits daiteke.

Hala ere, eta munduko biztanle bakoitzari bere oxigenozko eskafandra emanik ere, talka bakoitza neurtu ahal izateko une batean edo bestean neurgailuek aurresandako higidura aldaraziko dute eta egindako aurreikuspena bertan behera geratuko da eta neurketa osoa hutsetik hasi beharko dugu. Dirudienez, alderdi horretatik ere ez dugu aurrera egingo.

Erlatibitatearen teoria

Dena den, egin dezagun aurrera etsi gabe eta pentsa eredu informatiko globala asmatzen dugula. Nahi beste datu prozesatzen digu ordenadoreak. Kalkulu-abiadura ere, nahi adina azkar dezagun. Hala ere, zoritxarrez edo zorionez, muga bat onartu beharko dugu: Einsteinen erlatibitatearen teoriaren arabera, gure unibertsoak abiadura maximoa du, argiaren abiadura, hau da, naturan izan daitekeen abiadurarik handiena.

Zero mordo bateko zenbakia da, bai, baina mugatua. Abiadura horretan sar ditzagun datuak: hirurehun milioi datu segundoko. Astebeterako iragarpena egin ahal izateko, zenbat datu zehatz sartu beharko genuke? Baldintza normaletan, hau da, 25 °C-ko tenperaturan eta 1 atm-ko presioan, aire-litro batean gutxi gora-behera 3 x 1.022 molekula dagoela esan daiteke, hau da, segundoko hirurehun milioi datu sartuz, ia bi minutu beharko dugu litro bateko datuak sartzeko. Astebetean 10.080 minutu dago, beraz, 5.040 litrori dagozkion datuak sartu ahal izango ditugu. Kalkulu handirik egin gabe, edonork daki gure atmosferan hori baino askoz aire-litro gehiago dagoela.

Karibeko irla bateko tximeleta baten hegaldiak alda al dezake Euskal Herriko eguraldia? Zuzenean ez beharbada, baina higidura txiki horrek sorrarazten duen eraginen katea gugaino irits daiteke.

Ondorioz, nahi bezain garatuta izan arren, nekez sartuko dugu garaiz ordenadorean behar dugun datu-kopuru erraldoi hori. Astebeterako iragarpena egin nahi eta astebete pasa datuen parte txiki bat sartzen! Ez dago, beraz, aurrerago joan beharrik. Ezin izango ditugu datu guztiak kontuan hartu; batzuk baztertu egin beharko ditugu eta, baztertzearekin batera, zehaztasuna galdu.

Estatistika

Azter dezagun kontua beste era batera; eguraldiaz ari garenean, askotan entzuten dugu fronte hitza. Fronte hotz bat gerturatzen ari zaigu, baina lehenago fronte beroak zeharkatuko du lurraldea... Fronteok aire-multzoak dira, edo zehatzago esanda, hainbat aire-multzoren arteko mugak. Ez dugu molekularik aipatzen, airearen “zatiak” eta beren arteko mugak baizik. Ba al dugu airearen “zatiak” erabat ezagutzerik? Baiezko kasuan, gure arazoa ebatzita legoke: behin zatiak ezaguturik, osoa determinatua genuke eta, beraz, etorkizuneko eguraldia aurresan genezake. Gure tximeletak hegoak astintzean sortu duen eragina fronteren batean hurbilduko litzaigukeela pentsa dezakegu, halako egunean, halako orduan, ezuste berezirik eragin gabe. Baina nola determinatu zati bakoitza bere osagaiak kontuan hartu gabe?

Zientzian kontzeptualizazio estatistikoa oso erabilgarria da: gertaera baten osagai bakoitzaren jokaera zehaztezina denean, estatistika aplikatua erabiltzen dugu. Gure kasuan ez genuke airearen osagaien molekulen talkak banan-banan aztertu beharrik izango; aitzitik, aire-multzo bakoitza estatistikaren harira behatuko genuke: batez-besteko-norabidea-une-batean, bi-talka-hirukoitzen-arteko-maiztasuna eta antzeko parametroak erabiliko genituzke. Baina, azken batean, estatistikarekin hain lotua dagoen probabilitatea erabili beharko genuke iragarpena egiteko orduan: datorren asterako eguraldi probableenaz hitz egin ahal izango genuke; eta denok dakigu aski ongi probableena zenbatetan ez den betetzen.

Ez dirudi, beraz, era horretara ere gauzak nahi dugun zehaztasunaz joango zaizkigunik. Gainera, badakizu, irakurle horrek zer dioen kontu zaharrak: “nik bi txangurro eta zuk bat ere ez, estatistikaren arabera batez beste bana jan dugu”. Nora joango gara horrekin gure zehaztasun osoaren bila? Nolanahi ere, egia da zenbat eta datu gehiago izan orduan eta iragarpen zehatzagoak egin ahal izango ditugula gehienetan. Eta batek pentsa dezake, orduan, zientzia aurreratu ahala astebeterako iragarpen gehienak asmatzeko moduan izango garela. Hala izan bedi, baina ia ziur hilabeterakoei helduko diegula orduan eta galdera bera egingo diogu gure buruari: “zergatik huts egiten dute hainbestetan iragarleek?”

Ustez garrantzi gutxi duten eragileak aise baztertzen ditugu, jokaera horrek ekarriko dituen ondorioak neurtu gabe. Horratx, gure tximeletaren irakaspena!

Tximeletaren hegaldiak haize-erauntsia sor dezake. Ez dugu hegalditxoa kontuan hartzen, edo erabat ezinezkoa zaigu kontuan hartzea; eta ondo bizi gara datorren astean zein eguraldi izango dugun ez dakigun arren. Ministro harek zioenarekin konformatu behar: probableena zera da, ez dakigula.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila