Txernobil: ekologia... ala hil?

Azken egun hauetan hitzetik hortzera ibili da Sobiet Batasuneko Txernobil zentral nuklearrean gertatutako istripu larria. Berriro pilpilean ipini ditu arazo tekniko, ekologiko, ekonomiko, politiko eta etiko batzuk.

Azken egun hauetan hitzetik hortzera ibili da Sobiet Batasuneko Txernobil zentral nuklearrean gertatutako istripu larria. Gertakizun honek berriro pilpilean ipini ditu arazo tekniko, ekologiko, ekonomiko, politiko eta etiko batzuk. Horrexegatik, oso zaila da gai hauetaz hitzerdi bat atera eta alde bateko edo besteko demagogi salaketak ez jasatea... zeren, maila hauetan, zientzia eta teknologia ez bait dira jakintsu burutsu batzuren denborapasa "aseptiko" eta "bitxiak", edota agintari boterezaleen "jostailuak"; pertsona arrunt guztion bizimoduak –onerako ala txarrerako– alda ditzaketen arazo garrantzitsuak baizik.

Dena dela, has dezagun gure saioa honez gero ezagunegia gertatzen ari zaigun historioa kontatuz.

Sobiet Batasuneko atmosfera bitxi hori...

Apirilaren 29-an, Suediako teknikoek egindako ohizko erradiaktibitate-neurketetan, gorakada handia nabaritu zuten. Hasiera batean, bertako zentral nuklearren baten istripua zela pentsatzen zen, baina hipotesi hau berehala baztertu zuten: kontaminazioa atzerritik zetorren, Sobiet Batasunetik, hain zuzen.

Txernobil-go zentral nuklearreko erreaktore batean –dirudienez erregai nuklearraren aldaketa batean– hozketa-sistemaren hutsegite konplexu baten ondorioz, erreakzioa kontroletik at geratu zen, eta itxuragabeko beroketa sortu ondoren, erreaktorearen azpikaldea urtzen hasi zitzaien. Ondorioz, fisio-erreakzioa baretzeko erabiltzen diren grafitozko hagek su hartu eta eztanda kimikoa gertatu zen. Eztanda honek eraginda, erreaktorea babesten duen egitura birrindu eta barruko material erradiaktibo batzuk airera, hauts eta gas bezala, jaurtiak izan ziren. Gas horrek, gero hain famatu egin den "hodei erradiaktiboa" sortu zuen.

Txernobilgo zentralaren barnea, goiko argazkian turbinak ikusten dira.

Berriro esan beharra dago: erreaktorean gertatutako eztanda, kimikoa izan da, eta ez nuklearra. Eztanda nuklearra tua dago, eta horietako batean –900 MegaWatt-eko potentzia duen unitate batean– gertatu da istripua. Estatu Batuetako satelite espioien bidez lortutako argazkien arabera (800 Km-ko altueratik hartutako argazkietan) zentralaren inguruko irradiazioa 90 Rad*-ekoa izango litzateke; hau da, inolako gizakiak jasan ezin duen irradiazio bortitza. Guzti honegatik, erreaktore-barruko sua itzaltzea oso zaila zen, baina hala eta guztiz ere, badirudi sobietarrek nola edo hala itzaltzea lortu zutela.

"Nola edo hala" esan beharko dugu, zeren meteorologoen ustez, Sobiet Batasuneko atmosferak oso propietate berezia bait du: partikula erradioaktiboak zabaltzeko erraztasun handia izan arren, informazioak ia ezin du zeharkatu... Atmosfera bitxi horri esker, Txernobil-go istripuari buruz ezer gutxi dakigu: hemeroteka-argazkiak, aldizkari atzeratuetako erreportaiak, adituen dibagazioak... baina, azken batean daturik ez dagoen bitartean –zoritxarrez– ezin da balorazio zientifikorik egin (historio beldurgarriak kontatu edo hipotesi erdisinesgarriak proposatu bai, baina inolako balio zientifikorik gabe).

Oso gau luzeak: "super-gau"-ak

1978. urtean, "Forum Atómico Español" delako erakundeak argitaratutako txosten batean, zentral nuklear batek jasan zezakeen istripurik larriena aipatzerakoan hauxe esaten zen: " ...istripu teorikorik larriena, erreaktore-barruko erregai nuklearra urtzea izango litzateke, hozketa-sistemaren hutsegite batez. Dena dela, zentral nuklear guztietako sistema mekaniko eta elektronikoak bikoiztuak daude (hau da, hozketarako ur-ponpa bat behar den tokian, bi daude, etab...). Horregatik, horietako batek hutsegingo balu, bestea hasiko litzateke automatikoki lanean. Horretaz gainera, erreaktore guztia inguratuz, kanpai babestailea dago, eta honek, istripuan gerta litekeen gas-jarioari eutsiko lioke. Guzti hau dela eta, horrelako istripu baten probabilitatea erabat arbuiagarria da: hain zuzen, kausa horrengatik pertsona baten heriotza gertatzeko probabilitatea 0,2-koa izango litzateke zentral bakoitzean mila milioi urtetan..."

Amerikanoek, istripu-mota honi "super-gau" esaten diote (benetan izen zelebrea; nahiz eta ingelesa izan, euskal kutsu "exotikoa" dariona) eta urteetan gerta dadin, fisio-erregaiaren masa kritiko bat gainditu egin behar da, baina horretaz gainera, sistemak geometria berezi bat izan behar du. Zentral nuklear guztietako erreaktoreak diseinatzerakoan –noski– geometria hori ezinezkoa bihurtzen duten sistemak egiten dira, eta horrela, fisio nuklearraren katen erreakzioa galerazten da.

Txernobil-go zentral nuklearra RBMK-1000 delako lau erreaktorez osatua dago, eta horietako batean zehar behin baino gehiagotan gertatu izan dira han-hemen:

Zorionez, kasu guzti hauetan, erreaktoreak derrigorezko kanpai babestailez inguratuta zeuden –Txernobil-en ez bezala– eta istripuak ez ziren horren larriak izan (gizakiei itxuraz egindako kalteetan behintzat).

Tamalez, Txernobil-en ofizialki hil diren bi langileen senideek eta erradiaktibitatearen eraginez kutsatuta aurkitzen diren beste ia berrehun langileek –bizi badira– ederki gogoratuko dira istripua gertatu ondoreneko "super-gau" luze hartaz...

    1.957. Windscale (Britania Handia). Plutonioa sortzeko planta nuklear batean grafitozko hagek su hartu eta uranioa urtu egin zen, substantzia erradioaktiboak atmosferan zabalduz.1.966. Long Beach (EEBB) "Enrico Fermi" izeneko neutroi azkarreko 60MW-eko erreaktore batean uranioa partzialki urtu zen, eta plantaren barrua erabat kutsatu.1.969. Saint Laurent des Eaux (Frantzia). Karbono dioxidoz hoztutako erreaktorea urtzen hasi zen: ondorioz, 24 langile kutsatu ziren.1979. Harrisburg (EEBB) "Three Mile Island"-eko zentralean, hidrogeno-burbuila batek erreaktorearen behar bezalako hozketa galerazi eta uranioa partzialaki urtu egin zen.
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila