Tunguskako objektu kosmikoa, XX. mendeko misterioa

Orobengoa, Olatz

Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

1908ko ekainaren 30a “Goizeko zazpiak inguruan, etxearen kanpoaldean nengoen jarrita. Bat-batean, zerua bitan zatitu zen eta iparraldeko basoaren gaineko zerua sutan hasi zen. Nik bero izugarria sentitu nuen, nire alkandora sutan balego bezala... Momentu horretan eztanda bat entzun zen zeruan... Ataritik 600 metrora bidali ninduen indarrak eta konortea galdu nuen une batez. Danbatekoaren ostean lurrak ikara egin zuen...”

Siberia erdialdeko taigan dagoen Tunguska ibaiaren inguruan egun horretan zer gertatu zen ez zuen inork jakin askoz geroago arte. Zerutik izugarrizko hondamendia eragin zuen zerbait jausi zen, eta jazotakoa zuzenean ikusi zuten bakarrak elur-orein batzuk eta horiek zaintzen ari ziren gizonak izan ziren.

Tunguska ibaiaren inguruak gaur egun.

Tunguskako objektu kosmikoa, zientzialariek hala deitu diote, azken mendeko gertakari harrigarrienetakoa da. Izugarrizko ondorioak izan zituen inguru horretan, baina 19 urte geroago arte ez zuen inor bidali errusiar gobernuak gertatutakoa aztertzera.

Inguru horietako jendeak esan zuen tximistaren jainkoak madarikazioa bidali ziela eta leku hura sorginduta zegoela. Inor ez zen bertara hurbiltzen ausartzen. Hala ere, 1927ko apirilean Leonid A. Kulik deituriko zientzialaria, gertatutakoa jakin nahian, Tunguska ibaiaren inguruak ezagutzera abiatu zen. Bertan jaso eta entzundakoarekin, zerutik jausitako objektua meteorito bat izan zela ondorioztatu zuen. Baina, lurrean zulo ugari egin eta milaka zuhaitz aztertu zituen arren, ez zuen inon objektuaren zatirik aurkitu. 1929an eta 1938an beste bi espedizio egin zituen eztandaren ingurura; ez zuen inoiz kraterrik edo objektuaren aztarnarik aurkitu, ordea. 1942an, Bigarren Mundu Gerran hil zen Kulik, nazien kontzentrazio-eremu batean.

Kulikek jasotako datu eta testigantzei esker, zientzia-komunitateak Siberiako gertakizunaren berri jakin zuen, eta ordutik ikerketa ugari egin dira han zer gertatu zen argitzeko.

Eztanda izugarriaren ondorioak

Leonid A. Kulik.

Eztandaren epizentroa Tunguska ibaiaren inguruan dago, 101 ºE eta 62 ºN koordenadatan. Objektua lehertu eta berehala, lurrikarak sumatu ziren Irkutsk-ko Metereologia eta Magnetismo Zentroan, epizentrotik 900 km-ra; 5 magnitudeko ikara izan zen Richter eskalan. Eztanda 500 km-ra entzun zen eta 170 km-ra suzko bola baten antzeko objektua ikusi zen zerutik lurrera jausten. 60 km-ra zeuden etxeen leihoak apurtu egin ziren, eta 30 km-ra zegoen jendea airean bota zuen leherketaren indarrak.

Objektuak zeruan egin omen zuen eztanda, lurretik 8 km-ra gutxi gorabehera. Eta 10 23 erg-eko indarra askatu zuen, 40 megatona TNTren indarra; Hiroshiman botatako bonba atomikoa baino 2.000 aldiz indartsuagoa izan zen. Objektua airean guztiz desegin zenez ez zuen kraterrik utzi lurrean.

Kometa bat edo zulo beltza?

Datu harrigarri horiekin guztiekin, zientzialariek teoria ugari plazaratu dituzte objektuaren izaerari buruzko proposamenekin. Kometa edo meteoritoa izan zitekeela esan dute batzuek, beste batzuek, berriz, antimateria-arroka bat izan zitekeela, edo espazioan galdutako zulo beltz ñimiño bat.

Antimateriaren hipotesia proposatu zutenek esan zuten horrelako arroka baten eztandak Tunguskakoak bezalako eragina izango lukeela. Hala ere, urteak aurrera joan ahala indarra galtzen joan da hipotesia, ebidentzia argirik ez zegoelako. Gauza bera gertatu zen zulo beltzaren hipotesiarekin ere.

Objetuaren ibilbidea.

Gaur egun, Bolognako Unibertsitateko eta Moskuko Unibertsitateko ikertzaileak dabiltza gertakaria aztertzen, eta ia urtero antolatzen dute Tunguskarako espedizioa. Bi erantzun eman dizkiote Tunguskako misterioari: zalantza dute objektua kometa edo meteoritoa zen eta bi hipotesiak baieztatzen dituzten hainbat artikulu zientifiko plazaratu dira.

Kometaren teoria bultzatzen dutenen arabera, meteorito batek atmosferan eztanda egitea oso zaila da; kometak, ordea, material ez oso dentsoz eginda daude, eta, beraz, litekeena da atmosferan lehertzea. Gainera, eztandaren osteko gauetan Europan ezohiko argitasuna izan omen zen. Ingalaterrako egunkari batean idatzi zuten gaueko 1:45ean liburu bat inolako argirik gabe irakurtzea posible zela. Argitasuna hauts kosmikoaren eraginez sortu zela diote, eta hauts hori kometaren eztandaren ondorioa zela.

Gaur egun eztandaren aztarna bakarra eroritako enbor batzuk dira.

Meteoritoaren teoria bultzatzen dutenek ere badute beraien aldeko argumenturik. Diotenez, 12-20 km/s-ko abiaduran atmosferan sartzen den meteoritoak shock mekaniko oso gogorra jasaten du. Shock hori tamaina espezifiko bateko harriak lehertzeko adinakoa izan daiteke. Tunguskako objektuak 50-60 m-ko diametroa zuen; lehertzeko tamaina egokia horien ustez.

Orain dela urtebete Bolognako taldeak plazaratu zuen artikulu zientifikoan, objektua meteoritoa zela baieztatu zen. Horretarako, objektuak izan zitzakeen 1.160 orbita posible aztertu ziren. Gainera, urtetan epizentroaren inguruan jasotako lurzoru-laginak aztertuz, normala baino nitrogeno-, iridio- eta karbono-kontzentrazio altuagoak atzeman zituzten.

Italiarrek, meteoritoaren konposizioa zein izan daitekeen eztabaidatzean, aipatu zuten meteorito batzuek kometen antzeko orbitak izaten dituztela, eta material ez oso dentsoz egindakoak ere badaudela. Adibide bezala, 1979 VA gorputza aipatu zuten: 107P/Wilson-Harrington kometa eta (4015) Wilson-Harrington asteroidea izenez ere ezagutzen dena.

Jarrai iezaguzu

Zu idazle

Zientzia aldizkaria

azken alea
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
MAIER Koop. Elk.
KIDE Koop. Elk.
ULMA Koop. Elk.
EIKA Koop. Elk.
LAGUN ARO Koop. Elk.
FAGOR ELECTRÓNICA Koop. Elk.