Tundra: bizia hotz-hotzean

Arturo Elosegi Irurtia

Ekologiako katedraduna

Zientzia eta Teknologia Fakultatea. EHU

Munduaren muturrean, gauerdi eguzkitsu eta eguerdi izartuen pean, aurora borealaren erresuman, zuhaitzik gabeko eremu amaigabeak zabaltzen dira, udan dena zoikatz eta istil, neguan dena antzigar, elur eta horma. Izadiko eskualde jendegabeena den honetan neguek, isil eta zuri, bukaezinak dirudite, natura hilda bailegoen. Udaberriarekin —gurearen antzik gabeko sasoi fresko eta laburrarekin—, ordea, eroaldia iristen da bizidun guztiak negu hurbilak eraso baino lehen ugaltzeko deman murgilduta. Bizia hotz hotzean doaneko eremu honek tundra du izena.
Lurrazpian koila-geruza lodia izan ohi da (permafrosta), eta honen bolumen-aldaketek lurzorua poligono handitan banatzen dute. Horrez gain, lurraren drainatzeko eragotzi egiten du eta lautada gehinak ureztatuta ageri dira. (K. Nuñez-Betelu).

Banaketa eta ingurunea

Zuhaitzentzako udak hotz eta laburregiak diren lekuetan hedatzen da tundra. Oihan borealen iparrera, 65°ko latitudetik gora, Alaska, Kanada, Eskandinavia, Errusia eta Siberiako iparraldeetan tundra artikoa dugu; horrez gain, munduko goi-mendietan barreiatuta, zuhaitz-mugaz gaindik, tundra alpetarrak daude, eta Hego Hemisferioan ere tundra txikiak ditugu Antartikaren ertzean, Suaren Lurraldean, eta zenbait irlatan sakabanatuta.

Tundra legartsua, Ellesmere irlan.
K. Nuñez-Betelu

Hain hedapen zabala edukita, klima dezente aldatzen da lekutik lekura. Itsasotik zenbat eta gertuago egon, orduan eta hezetasun handiagoa eta tenperatura epelagoak izan ohi dira, eta zenbat eta latitude baxuagoa, orduan eta negu laburragoak. Honela, Hego Hemisferioko tundrak nahikoa baldintza erosoak izan ohi ditu urtean zehar, eta gogorrenak, berriz, Kanadako Ipar Artxipelagoko basamortu harritsuan ematen dira. Urtean zehar batez besteko tenperatura -5 °C ingurukoa izan ohi da tundra gehienetan; berorik ez du egiten, hilabeterik epelenean ere tenperaturak ozta-ozta gainditzen baititu 10 °C. Neguan, berriz, hotz bizia egin dezake, maiz -30 °C-tik beheitikoa.

Beste harrapakari gehienak bezala, elur-hontza lemingen gorabeheren menpe bizi da. Urte onetan 10 kume atera ditzake aurrera, txarretan berriz batere ez.
A. Elosegi

Baldintza hotzotan hezetasun gutxi du eguratsak eta prezipitazio gutxi izan ohi da, 250 mm-tik beherakoa. Hortik baina, ez dugu lehorra denik ondorioztatu behar. Leku idorrenetan izan ezik, neguan botatako elurra udaberrian kolpez urtzen da, lurra erabat putzuz betez. Horrez gain, lurzorua koilatuta egoten da, udako eguzki ahulak apenas baitu indarrik lurrazala zentimetro gutxi batzuetan urtzeko: aitzur batekin zulatzen hasiz gero, segituan topatuko dugu koila-geruza bat, zenbaitetan oso sakona izan daitekeena.

Honela, lur izoztuak ezin izaten du udaberrian sortutako ur guztia zurgatu, eta lautadetan sekulako idoi, istil eta aintzirak eratzen dira. Gainera, berorik egiten ez duenez, lurzorua heze mantentzen da udazkeneko hotzak dena berriro hormatzen duen arte.

Lurpeko koila-geruza horri permafrost deritzo, eta tundra artikoko bizia baldintzatzen du: landareek ezin dute sustrairik hedatu, animaliek ezin dute habia sakonik egin eta tundra guztiz putzututa dago. Hori gutxi balitz, permafrost gaineko lurra (geruza aktiboa), urtero koilatu eta blaitzearen poderioz, asko mugitzen da eta malkarretan lubizien gisakoak sortzen dira (solifluxioa), pixkanaka maldan behera landare-estalki eta guzti doazenak; lautadetako lurra berriz, mila aldiz ureztatuta eta koilak zartatuta, poligono handitan banatuta ageri zaigu batzuetan, eta metroko tontorrak eratuz besteetan.

Kanadan zenbait aurrerapen politiko lortu dituzten arren, Inuiten etorikuzuna kolokan dago oraindik.
K. Nuñez-Betelu

Goi-mendietako tundra alpetarretan baldintzak arras desberdinak izan daitezke. Lautada epeletatik igotzen den aire hezeak erauntsi ugari sortzen dituenez, elurra erruz pilatzen da; tenperatura-aldaketak, bestalde, bortitzak dira, neguak hotzak eta udak beroak baitira. Hori dela eta, permafrosta nekez ageri da goi-mendietan. Neguaren luzera latitudearekin aldatzen da. Eskualde tropikaletako goi-mendietan baldintzak nahikoa konstanteak dira urte osoan zehar; askotan esan izan da gauero iristen dela negua eta goizero uda, gauez izotza botatzen duen arren egunean zehar irradiazioa oso gogorra baita. Poloetarantz goazelarik, berriz, egunaren iraupena geroz eta aldakorragoa da urtean zehar, eta polo inguruetan, hilabete luzeko egunak hilabete luzeko gauekin txandakatzen dira.

Tundra-motak

Tundra belartsua, Alaskako Ipar kostan.
A. Elosegi

Arestian esan bezala, tundran ez da zuhaitzik hazten, landaredi baxua bai, ordea. Honen arabera, artikoan hiru tundra-mota bereizten ahal dira: tundra legartsua, belartsua eta sastrakatsua. Hiru hauekin antza bai baina aldeak ere nabarmen dituztela, berriz, tundra alpetarra dugu.

Tundra legartsua lekurik hotz eta idorrenetan nagusitzen da, hala nola, Ellesmere eta Baffin irletan, edo Hudson badiatik mendebaldeko Eremu Soiletan. Izenak dioen gisara, txintxar, legar eta arrokak dira paisajearen zatirik handiena, landare bakanak besterik ez dira-eta hazten: zenbait goroldio eta liken, edo landare loredun kaskar batzuk. Lurzorua minerala da, oso materia organiko gutxi duena. Hain landare gutxi egoki, animaliak ere urriak dira: hauen artean idi musketadunak, erbi artikoak, azeri artikoak eta eper zuriak dira ezagunenak.

Tundra belartsua baldintza erosoxeagoetan hazten da, eta bertan landareek estaltzen dute lur gehiena. Gisa honetako tundrak hartzen ditu Alaskako ipar aldeko zati handia, Islandia gehientsuena, edota Siberiako hainbat eskualde. Estaldura handiagoa ezezik, dibertsitatea eta emankortasuna ere handiagoak dira. Landare-komunitate nagusiak lurzoruaren hezetasunaren eta sakoneraren arabera ezartzen dira, topografiaren ondoriozko mosaikoa osotuz: drainaketa txarreko lautadetan zoikaztegiak nagusi dira, leku idor eta harritsuetan Dryasak dominatzen du, eta beste zenbait lekutan karibu-likenak (Cladonia) eremu handiak estaltzen ditu.

Tundra sastrakatsua, Alaskako Denali Parke Nazionalean.
A. Elosegi

Han-hemenka, egutera malkarretan, ahabiak, azeri-mahatsak edo sahats eta urki nanoak ere topa daitezke. Lurzoruak humus asko izan ohi du, eta gehienetan nahikoa azidoa da. Animalien dibertsitatea ez da izugarria, baina bai tundra legartsuan baino handiagoa. Hegazti urtar ugarik (beltxargak, eiderrak, kurlintak...) bertako laku eta erreketan igarotzen du uda. Ugaztunen artean, karibuak, lemingak eta lur-urtxintxak dira arruntenak, baina azeriak, otsoak eta hartz arreak ere ikusten ahal dira.

Tundra sastrakatsuan sastraka eta zuhamuskak dira nagusi: urki, haltza, ahabi, sahats, izei eta beste. Zenbat eta baldintza erosoagoak izan, orduan eta sastrakadi altuagoa eta trinkoagoa aurkituko dugu, eta latitude batetik behera, oihan hotzak nagusituko zaizkigu. Animaliei dagokionez, taigako eta tundra belartsuetakotzat jo genitzake honakoak: karibuak oso arruntak dira, baina baita altzeak, kastoreak, erbi aldakorrak eta azeri arruntak ere, esate baterako.

Tundra alpetarrek, azkenik, badute tundra artikoen taxua, baina bada alderik ere bien artean. Alde nagusiena uda luzeagoa eta irradiazio gogorragoak izatea dira, baina horiez gain permafrostik eza ere nabarmendu behar da, honen ondorioz lurzoruak arkikokoak baino idorragoak baitira.

Tundra alpetarra, Pirinioetan.
A. Elosegi

Estaia alpetarreko eremurik zabalenak likenez estalitako arrokek eratzen dituzte, baina zoikaztegi txikiek eta ahabi, sahats eta errododendroen sastrakadiak ere ageri dira tarteka.

Landare-genero asko artikoan ere hazten dira, baina espezie-dibertsitatea altuagoa izan ohi da goi-mendietan. Hauen artean aipagarriak dira kuxin-forma duten hainbat landare eta ile zuriz estalita dauden beste asko. Animalien artean, goi-mendietako fauna espezializatua dugu (sarrioak, basahuntzak...) espezie boreo-alpetarrez gain (eper zuriak, erbinude zuriak...). Intsektuak tundra artikoan baino askoz dibertsoagoak dira eta espezie hegogabe ugari ikus daitezke, haize bortitzen aurkako moldamenaren ondorio, nonbait.

Ekoizpena

Idi musketadunak tundra legartsuetako landare bakanez baliatzen dira urte osoan zehar. Taldeetan babestuz, otsoei aurre egiteko gai dira.
K. Nuñez-Betelu

Munduko inguruneetarik latzenetakoan, tundrako bizidunen eragozpenak ez dira nolanahikoak, eta hotzak ekoizpena eta ziklo biologikoak mugatu egiten ditu.
Landareentzako, lurzoru mugikor, ureztatu eta azala, haize taigabearen erredura, eta negu luzea gainditzea biziki zaila da; horrek, espezie askoren agerpena galarazten du. Permafrostak, gainera, lurra hoztu eta hazkundea geldotzen du, mikrobioen eragina motelduz, lurzoruaren aireztapena murriztuz eta materia organikoaren deskonposizioa eragotziz.

Hori dela-eta, udako egun luzeetan mantenugai-eskasiak mugatzen du landareen ekoizpena, eta ez da iristen gure latitudekoaren hamarretik batera. Hazkunde-sasoiak bizpahiru hilabete besterik ez du irauten, landareek urteak behar izaten dituzte ugaltzeko, eta ugalketa asexuala (sexuala baino hagitzez merkeagoa) da arruntena.

Ekoizpena hain baxua denez, animaliak ere zeharo urriak dira: ungulatuen dentsitatea, esate baterako, Afrikako sabanan baino 10.000 aldiz baxuagoa da. Karniboroen dentsitateak ere hagitz baxuak dira, eta beste inon baino bizi-eremu zabalagoak behar izaten dituzte nahikoa harrapakin atzemateko.

Urte-sasoiak tundran

Urte osoa tundran igarotzen duten animalien artean, lur-urtxintxa artikoa da hibernatzaile bakarrenetarikoa.
A. Elosegi

Tenperaturak taigan bezain gorabehera bortitzik ez duen arren, tundran urte-sasoiak beste inon baino markatuagoak izaten dira; neguan, behin hegazti udatiarrak eta karibuak aienatuta, eta lur-urtxintxak hibernatzen direla, inguruneak basamortua dirudi. Kontuz erreparatuz gero, ordea, biziaren zantzuak antzeman daitezke, urtea tundran igarotzen duten animalia gehienek ez dute-eta hibernatzen. Lemingak elurpean babesten dira erbinude zuri eta elur-hontzen erasoetatik, eta neguan ere ugaltzeko gai dira; erbiek sahats-kimuak janez igarotzen dute tenore hau eta idi musketadunak haizeak garbitutako hegietan biltzen dira.

Gau polarra amaitzean, elurra urtu eta ekainaren hasiera aldera eiderren etorrerak udaberria iragartzen duenetik, hegazti urtarrek istil ureztatu berriak kolonizatzen dituzte. Piskanaka tundra berdetu eta lorez betetzen da. Egun luzeak ia etengabe bazkatzea ahalbidetzen duenez, hegaztiek beste inon baino arrautza gehiago errun ditzakete, eta euren kumeak inon baino azkarrago hazten dira. Dena ez da, ordea, lasaitasuna: hotzak edo haizeak baretzen ez dituenean, eltxoek edonoren bizimodua sufrikario bilakatzen dute.

Ekaina amaieran, taigatik tundrako larreetara heldu diren karibu-talde itzelek paisajea estaltzen dute. Abuztuan, udazken koloretsu baina laburra iristen da: fruitu eta perretxikoen sasoia. Irailerako, ordea, beltxargen adioak ingurunea mututu egiten du, hegazti urtar guztiek bezala, ura koilatzean negu hitsetik ihes egin behar izaten baitute; karibuek ere hegoaldera jotzen dute, oihan borealen babesera. Artikoko haize bortitzen bultzadaz fronte hotzak iristen direnean, elur-zaldikoek tundra osoa astindu eta laster zuri eta isil geratzen da dena.

Tundraren dinamika

Tundra belartsuko herbiboro nagusiak karibuak dira. Talde handitan migratzen dute, eta negua taigan igarotzen dute.
A. Elosegi

Munduko tundra gehienak oso gazteak dira, duela 15.000 urte eskas bukatutako glaziazioan izotz-eremu erraldoiek estaltzen baitituzte. Geroztik, koila urtzean itsasoak gora egin eta lurraldeotako asko urperatu zituen. Kontinenteak, ordea, behin glaziarren zamatik libre, pixkanaka altxatuz joan ziren, eta horrek berriro ere lursail handiak azaleratu zituen, gero tundrako landarediak kolonizatuko zituenak. Beraz, hau guztia prozesu berria dugu, hainbat lekutan oraindik martxan dagoena. Hauxe da, esate baterako, Hudson badiaren kasua, non lurra oraindik igotzen ari den, ehundaka hondartza fosil utzirik, itsasotik gero eta urrunago.

Tundraren dinamikan sekulako eragina dute lemingek, kondaira sonatu askoren iturri izan diren karraskari txikiek; jende gehienak entzun du animalion kopuruak gorabehera izugarriak jasaten dituztela, eta superpopulazioa saihesteko migrazio suizidak burutzen dituztela. Askotan gertatzen den bezala, ordea, istorio hauetan exagerazio ugari dago. Egia da lemingen populazioek gorabehera bortitzak izaten dituztela; lau urte inguruko zikloan, ehun bider ugari daitezke, hurrengo urtean berriro ere ia guztiz desagertu aurretik.

Erbi artikoa.
K. Nuñez-Betelu

Eta batzuetan talde handiak ikusi izan dira migratzen, baita ibai, laku eta itsasarteak gurutzatzen ere, baina ez beren buruak apropos hiltzen. Zerk eragiten du hain ziklo markatua? Zientzialari asko hori argitzen saiatu den arren, arrazoia oraindik ez dago batere argi. Ez dirudi eguraldiaren eraginez gertatzen denik, leku desberdinetako zikloak ez baitaude sinkronizatuta; ez dirudi harrapakarien errua denik ere, leming-dentsitatea handiegia baita azeri eta hontzek kontrola dezaten. Leming-populazio handiek larrea guztiz kimatuta uzten dute eta mantenugai gehiena gorotzetan geratzen denez, hau deskonposatu arte landareak ez dira errekuperatzen ahal. Baina bestalde, oso antzeko zikloak gertatzen dira gure inguruko lur-saguen artean ere, eta ez dago batere argi landarediarekin zerikusirik ote duten.

Arrazoia edozein dela ere, lemingen zikloak gainontzeko animalietan eragiten du: azeri artikokoen, erbinudeen eta elur-hontzen populazioek ere gorabehera bortitzak dituzte, urte oparoak goseteekin tartekatzen baitira. Leming-urteetan elur-hontzek 10 kume atera ditzaketen arren, urte txarretan ugaltzen saiatu ere ez dira egiten, eta gazte gehienek migratu egiten dute. Hori dela eta, lau urtetik behin elur-hontzen irrupzioak gertatzen dira artikotik oso urrun (Eskozian, adibidez).

Tundra belartsuko landaredian sahats nanoak, azeri-mahatsak eta goroldioak ageri dria, besteak beste.
A. Elosegi

Landaredia bakantzeak beste saihets-efektu bat ere badu: lurzorua berotu eta hondoratu egiten da, azpiko permafrosta urtuta. Hori da lautada artikoetako laku ugariren jatorria. Behin laku txiki bat sortuta, haizeak eragiten dituen olatuek ertzak higatu egiten ditu eta lakua urtetik urtera haziz doa, beste lakuekin batuz, eta habitat berria zabalduz. Prozesu hau ez da oso azkar gertatzen, baina bai urte batzuen buruan mapak baliogabetzeko adina. Permafrostaren urtzea kontuan hartu behar da edozein errepide edo etxe eraikitzeko garaian, eguzkiaren eraginez hauek ere hondoratu egiten baitira.

Jendea tundran

Hotzaren eraginez, prozesu biologiko guztiak oso geldoak dira. Hildako landare zein animaliek denbora asko behar izaten dute deskonposatzeko, eta hori dela eta, mantenugai gutxi izan ohi du lurzoruak.
A. Elosegi

Lehen aipatu den bezala, betidanik tundra izan da munduko lekurik jendegabeena. Izan ere, inuiten gisako herri bakan batzuk kenduta, inork ez baitu garatu hain bizi-baldintza gogorrei aurre egin diezaiokeen kultura. Inuit gehienak ere itsasotik bizi izan dira, tundran oso gutxi eraginez. Salbuespena Kanadako Eremu Soiletako Karibu Inuitak ziren.

Etnia honen bizimodu osoa karibuen migrazioari lotuta zegoen, eta ezagutu zituztenek diotenez, munduko herririk pobreena osotzen zuten; kostako inuitek ez bezala, hauek ez zuten itsas txakurren gantza eskuratzerik, eta ondorioz negua surik gabe igaro behar izaten zuten. Karibu Inuitentzako, ordea, negu polarra baino maltzurragoak suertatu ziren tranpa-jartzaile zuriek barreiatutako eritasunak (gripea batez ere), eta mende honen erdialderako erabat desagertu ziren.

Azken urteotan iparraldeko muturrean bizi den jende-kopuruak gora egin du; aspaldiko larru-ehiztariez gain, petrolio-putzu edo mehatzen inguruan benetako hiriak sortu dira, eta hauekin batera poluzioa eta ehiza-presioa handiak dira leku askotan. Artikoko ekosistemak dirudiena baino askoz hauskorragoak dira, eta arazo hauek berebiziko garrantzia hartzen dute.

A. Elosegi

Animalia basatien populazioak nekez errekuperatzen ahal dira ehiztarien eraginetik, eta hotzak deskonposizioa geldotzen duenez, poluitzaileek eskualde epeletan baino askoz gehiago irauten dute. Leku batzuetan hasiak dira arazootaz ohartzen, baina oraindik deus gutxi egin da hauek konpontzeko.

Izan ere, tundrarik zabalenak dituzten nazioek (Errusiak, Kanadak eta Estatu Batuek) begiak hegoalderago jarrita dituzte, eta meagintzarako ez bada, arreta gutxi jartzen dute eremu latz hauetan. Interes militarra dela eta, iparraldeko muturreko jendea bertako herrietan gera dadin saiatzen dira, baina alkoholak eta itxaropenik ezak sekulako kalteak eragin dituzte. Espero dezagun beharrezko neurriak hartuko direla, bizia hotz-hotzean doaneko eremu honen degradazioa saihestu eta eskualdeok kontserbatzeko.

Zoikaztegiak

Zoikaztegi bat Eskozian. Bertakoek zoikatza erabiltzen dute sua egiteko.
A. Elosegi

Zoikaztegiak lurzoru ureztatu eta hotzetan eratzen dira. Bertan oxigeno-difusioa geldoa denez, humusa hartziduren bidez deskonposatzen da, eta prozesu honetan askatzen diren azidoek bakterioen jarduera eten egiten dute, materia organikoa usteldu gabe geratuz. Eremu azidootako landare nagusia Sphagnum goroldioa da; honen hondakinek geruza organiko sakonak eratzen dituzte, denboraren poderioz zoikatz bilakatuko direnak. Materia organiko ugari izan arren, nitrogeno eta fosforo oso gutxi ageri da zoikaztegietako lurzoruan, pH azidotan laster galtzen baitira elementu hauek. Hori dela eta, landare karniboroak arruntak dira, intsektuak baitira eremu txiro horietako nitrogeno-iturri ia bakarrak.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila