TOPA EGINEZ

Kaltzada, Pili

Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Horrelaxe hasi beharko genuke ondoko kontakizuna. Topa eginez, CAF Elhuyar Zientzi Dibulgaziorako Sariketa osasun-egoera onean dagoelako. Esandakoa debaldeko baieztapena baino askoz gehiago delako eta urtarrilaren 26an sari-banaketaren ekitaldian bildu ginen guztiok –edo gehienok– iritzi berekoak garelako. Han gurekin egoterik izan ez zutenentzat, oroimena apur bat astindu eta han esanak eta eginak ekarri ditugu txoko honetara.

Zeregin horietan berria denak izan ohi du patuaren laguntza. Egia aitortzeko, ez dugu guk eskarmentu handiegirik, baina jadanik bigarren saioa zen. Horrek ez gintuen erabat lasaitzen, alderantziz baizik: eta ez balitz inor etorriko? Zorionez, gure beldur horiek sari banaketaren ordua hurbildu ahala edo zehatzago esanda, begiz jotako gonbidatu kopurua gizentzen hasi zen unean uxatzen joan ziren. Horrek barealdia ekarri zuen guregan aspaldiko partez. Horri esker izan ere, ekitaldia antolatzeaz arduratu ziren lankideek lasaitzea lortu zuten eta gainerakook horien joan-etorriek eta larrialdiek eramandako pakea berriro sumatu genuen bulegoan. Hura atsedena!

J. Larrañaga

Gerora jakin ahal izan dugunez, Lasarte-Oriako Txitxardin Beltxa jatetxean elkartu zirenak ez ziren aurreko egunetako estualdiez ohartu. Are gehiago, han bildutakoak erabat harriturik zeudela esan zigun batek eta bi arrazoi eman zituen horretarako: garaiz hastea eta behingoz, inor aspertu gabe esan nahi genuena esatea lortu genuelako batetik eta han bildutakoen artean gu baino urduriago zegoen makina bat lagun aurki zitekeelako, bestetik. Marka berria da hori gure artean. Dena dela, eta horrelako ekitaldietan maiz gertatu ohi denez, ez geunden egon behar genuen guztiak. Batzuk aurrez agertu zuten bere ezin etorria, baina bada gonbidapena jaso ez eta etorri gabe geratu zenik ere. Bihotz-bihotzez, barka beza.

Sariketa urratsez urrats

Deialdiaren arauetan zehaztutako baldintza guztiak bete eta garaiz iritsitako lan guztiak A mailakoak ziren, hots, idazle berriek idatzitako dibulgazio-artikuluak. Argi dezagun bada, idazle berritzat Elhuyar. Zientzia eta Teknika aldizkarian gehienez bi artikulu argitaratu dituztenak hartu ditugula eta horrelaxe zehazten zen sariketako oinarrietan. Horrela, 38 artikulu jaso genituen eta horiexek sartu ziren epaimahiaren “bonboan”.

B mailari dagokionez irakurle, zerbait argitu beharra dagoela iruditzen zaigu. Oinarrietan irakur zitekeenez, Bigarren Mailako Irakaskuntzako ikasleei zuzendu zitzaien deialdia. Eskolaren inguruko gaiak aztertzea eta horiekin material didaktikoa osatzea eskatzen zitzaien, zehatzago. Tamalez, aurten ez da deialdi hori gorpuzterik izan, besteak beste eskola-maparen osaketan bete-betean harrapatu ditugulako.

Argazkian deialdi honetako irabazleak dituzu (ezkerretik eskuinera): Jesus Ibañez, Arantza Etxeberria, Jose Miguel Campillo eta Asier Sarasua. (J. Larrañaga)

Epaimahaia urtarrilaren 13an elkartu zen Elhuyar Kultur Elkarteko egoitzan. Kide batzuk “beteranotzat” jo genitzake, iazko edizioan ere zeregin berean aritu zirelako. Nolanahi ere, guztiek ongi ikasita zuten egin beharrekoa eta larunbat goiz hartan elkartu orduko, lanen kalitateaz eta kantitateaz hitz egiten hasi ziren. Lankideei lana errazteko asmoz, jasotako lan guztietatik hiru aukeratzeko eskatu zitzaien.

Hartutako erabakiaren arrazoiak emanez hasi zen hortaz, epaimahaikoen bilera. Alabaina, zaila zen iritzi guztiak bateratzea –ia-ia ezinezkoa!– eta orduak pasa ahala, eztabaida sakontzen joan zen. Luze jo zuen behin-betiko erabakia adosteak, baina azkenik lortu zen. Ordurako, hiru ordu eta makina bat eztabaida-saio iragana zen.

Beren aurrean koloreak gorritu gabe esatera ausartu ez ginenez, orain eta lerro hauen bidez, epaimahaia osatu duen lan-taldea zoriondu nahi dugu. Izan ere, egin duten lanaz eta jakina, sariketaren alde egin duten guztiaz harro gaude. Ez pentsa jakintza-arlo desberdineko talde “homogeneoa” elkartzea erraza izan zenik. Kide guztiak, bakoitzak bere disziplinean eta lan-arlo konkretuan, urtetako eskarmentua duten profesionalak dira eta horrek garrantzi handia izan du Sariketaren maila bermatzean. Eta horrek ere topa egitea merezi duelakoan gaude.

Izen berezitan idatziak

Hitz gutxitan adierazita bada, horiexek dira aurtengo sariketaren atzean egindako lanak. Horrela, sariak banatzeko ordua heldu zen eta ondoren zehazten den moduan osatu zen “ohorezko zerrenda”.

Atzetik aurrera hasita, hirugarren saria “ Feromonak: usainen hizkuntza harrigarria ” izeneko artikuluak eskuratu du. Sarien banaketa-ekitaldian Jabier Agirre epaimahaikidea arduratu zen horren berri emateaz eta bertan esan zuenez, “artikuluaren balio periodistikoa saritu nahi izan zen”. Asier Sarasua eibartarrak idatzitako lanak dibulgazio artikulu bati eska dakiokeen argitasuna duelako eta gaia azaltzeko edonork ulertzeko moduko hizkeraz baliatu delako eman zitzaion 25.000 pezetako saria.

Ezkerrean Jesus Ibañez eta Arantza Etxeberria lehen saria irabazi dutenak eta eskuinean Andres Arizkorreta CAFeko Zuzendaria saria entregatzeko unean.
J. Larrañaga

Bigarren sarirako hautatu zen lana “ Zulo beltzen baporaketaz: Hawking efektua ” izenburukoa da. Jose Miguel Campillo bilbotarra da bere egilea eta Unai Ugaldek epaimahaikideak zioenez “gai interesgarri honen inguruan eman ohi den ikuspegi klasikoa gaindituz, bide berriak jorratu izana saritu du epaimahaiak”. Bilbotik saria jasotzera propio etorri zen Jose Miguel eta poltsikoan 50.000 pezetako saria eraman zuen.

Hona iritsita irakurle, lehen saria aipatzea baino ez zaigu falta. Kontakizun hau amaitu ondoren eta sariketari buruzko atala osatzeko, aurten irabazle suertatu den lana doakizu, baina irakurtzen hasi aurretik, berau saritzeko arrazoiak zeintzuk izan diren kontatu nahi dizugu. Izan daitekeen biziari buruzko ikuspegi orokorra emanez, eboluzioaren gaia egun dagoen testuingururik erakargarrienetakoan kokatu dutelako, zientziaren pertzepzio zabala eskainiz, bizidunoi buruzko hausnarketa egiteko parada eskaintzen duelako eta planteamendutik hasita eta ondorioetaraino, artikulua biribila delako.

Horiexek dira besteak beste, epaimahaiak “ Eboluzioa Bizi Artifizialean ” izeneko lanari lehen saria emateko kontutan hartu zituen irizpideak. Sariketaren oinarrietan zehazten den izpirituarekin bat datorrelakoan, gaiak etorkizunerako duen proiekzioa handia dela eta era berean, gaurkotasun osoa duela azpimarratu zen. Arlo honetan ikertzen denbora asko eman dute Arantza Etxeberria Logika eta Zientziaren Filosofia Saileko irakasleak eta Jesus Ibañez informatikariak. Pozaren pozez jaso zuten sariaren berri eta horrekin batera eman ohi diren 100.000 pezeta. Balio beza laguntza txiki horrek orain arte jorratu duten bidean eta orain arte bezain txukun jarraitzeko.

Esandako guztiagatik irakurle, CAF-Elhuyar Sariketaren osasun-egoera ona dela eta hurrengo ediziorako prest dagoela pentsa dezakezu. Esate hutsak ere halako beldurra ematen digu oraindik. Nolanahi ere, bigarrenari egin diozuen harrerak hirugarrena antolatzeko ausardia ematen digula eta, horretan ari gara jadanik. Nolanahi ere, biharamuna gainditzen dugun bitartean, aurtengo zenbait artikuluren berri izango duzue hurrengo zenbakietan, lehen saria eskuratu duen lanarekin ondoko orrietan hasita.

EPAIMAHAIA

:
Jabier Agirre, medikua, OEE elkarteko kidea eta UZEIko lankidea.
Josetxo Alvarez, irakaslea eta CEIDAko koordinatzailea.
Jose Mari Rodriguez Ibabe, injinerua, CEITeko ikerlaria eta irakaslea Donostiako Goi Mailako Injineruen Eskolan.
Jesus Mari Txurruka, biologoa eta EHUko irakaslea Leioako Zientzi Fakultatean.
Unai Ugalde, biokimikaria eta EHUko irakaslea Donostiako Kimika Fakultatean.

BERAIEK ESANA

Inaki Irazabalbeitia*
“Zientziaren dibulgazioan ukaezinezko erreferentzia da Elhuyar eta ia erreferente bakarra dela esan daiteke. Horrek hasieran pozten bagaitu ere, gizartearentzat hain garrantzitsua den dibulgazioa bezalako arlo batean erreferente bakarra izatea ezin da zorioneko albistetzat hartu. Alabaina, sariketa honetara kalitate handiko lan asko aurkeztea izan daiteke akaso, zientziaren dibulgazioari etorkizun oparoagoaren heraldo”.
* Elhuyar Kultur Elkarteko Lehendakaria

Andres Arizkorreta*
Gaur, orain urte bete bezala, Euskararen normalkuntzak guretzat duen garrantzia azpimarratu nahi dut. Enpresan burutzen dugun gestioaren zati bat da hori eta gaurkoa bezalako ekimenetan parte hartzeak indar berria ematen die gure hizkuntzan egindako ikerketa eta zientziari.

Aurtengoari dagokionez, partaidetza eta batez ere, kalitate-maila asko hobetu dela nabarmendu behar da. Izan ere, ikuspegi aurreratzaileaz, egileek aportazio garrantzitsuak egiten dituzte eta hain zuzen, horixe da lanari benetako zientifikotasuna ematen diona.

Emaitzei buruz eta deialdia berari buruz egiten dugun balorazioa erabat positiboa da. Bete den etapa honek bide eman beharko luke ekimen hau sendotzeko eta gure aldetik, horretarako prest gaudela esan nahi dut. Hurrengo urtean ere, hemen elkarrekin egongo garelakoan nago.
* CAFeko Zuzendaria

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila