Teknologia mikroskopikoen eskutik lorpen handietara

Askotan zientziak mirari-itxurako pausoz egin ohi du aurrera. 70eko hamarkadan ere zientzia aurrerapenek bat baino gehiago aho zabalik uztea lortu zuten. Ilargiko abentura nahikoa ez zela eta, gizakiak bidalitako espazio-ontziak Martera iritsi eta izen mitikodun beste planeta batzuetara -Merkurio, Jupiter, Artizarra...- hurbiltzea lortu zuten. Lurrean bertan, Louise Brown-en izena mito bihurtzera iritsi zen, in vitro bidezko lehen haurra izan baitzen. Eta jaiotzez hitz egin behar bada, mugimendu ekologistaren jaiotzaz hitz egin behar, orduan hasi baitzen ingurugiroa babestearen aldeko lan antolatua egiten. Horiek eta beste askok osatu zuten 1970eko hamarkada.

1978ko uztaileko egunkarietako titular handienak Louise Brown izeneko umetxoarentzat izan ziren, in vitro ernalketaren bidez jaiotako lehen umearentzat, alegia. Hura izan zen lehen probeta-haurra. Amari obulu bat atera zioten eta probetan aitaren espermarekin ernaldu zuten. Bi egun geroago, ernaldutako enbrioia berriro Brown andrearen umetokian jarri zuten. Enbrioi hura poliki-poliki hazi zen, bederatzi hilabetera Louise Brown jaio zen arte.

Jaiotza haren ondotik komunikabideek in vitro ernalketen teknikendako goraipamenak besterik ez zituzten izan, eta mundura umeak ekartzeko arazoak bukatuko zirela adierazi zuten. Miraria zirudien hura azkenean ez da hainbesterako izan, estatistiken arabera, in vitro ernalketa-tekniketara jo duten emakumezkoen % 85k ez baitu inongo emaitzarik lortu.

Espazioko esplorazioak ere mirarizkoa zirudien, ez zuen ematen-eta gizakien ahaleginek muga izan zezaketenik. Aurrekoan bezala, hamarkada honetan ere, espazioan balentria handiak egin ziren: 1970, Sobietar Batasuneko Venera zunda Artizarreko gainazalera iritsi zen eta irrati-seinaleak bidali zituen.

1971, Sobietar Batasuneko Marte 3 zundak Martera iristea lortu zuen; irudiak eta planeta gorriari buruzko datuak bidali zituen. Urte berean, estatubatuarren Mariner 9 ontzia Marteko orbitan jarri zuten; eguraldiari buruzko datuak bidali zituen eta planetako mapak egiten hasi zen. 1975. urtean NASAk Viking 1 eta Viking 2 zundak bidali zituen planeta gorrira; hango irudiak hartu zituzten eta lurrazala aztertu zuten. 1978. urtean, Pioneer 1 zunda Artizarreko orbitan jarri zen. 1979an Voyager ontziak Jupiterrera hurbildu ziren, eraztunak eduki bazituela egiaztatu zuten eta satelite gehiago ere bai. Urte hartan ere Pioneer 11 zunda Saturnoraino hurbildu zen.

Espazioa arakatzeko egindako aurrerapausoak alde batera utzita, helburu horri eta beste batzuei begira teknologian egin zirenak ere aipagarriak dira. Eguraldia iragartzeko sateliteak, Eguzkia ikertzeko zundak, ozono-geruza ikertzekoak... sasoi hartakoak dira. Horrekin batera, bestelako teknologia-erakustaldiak ere gauzatu ziren, orbita-estazioen espazioratzea esate baterako: 1971. urtean sobietarren Saliut-1 estazioa, eta 1973an NASAren Skylab. 1975ean Soiuz 19 eta Apolo 18 espazio-ontzien akoplazio-operazioa ere erakustaldi teknologikoen artean sar daiteke, bi herrialde desberdinetako bi espazio-ontzik bat egin zuten lehen aldia hura izan baitzen.

Espazioa arakatzen nahikoa lan ez, eta gizakiak gero eta gehiago hondatzen zuen Lurra. Horri erantzuteko, 1970eko hamarkadan ingurugiroaren aldeko mugimendua sortu zen. Berez, mugimendu horrek zientziarekin ez du zer ikusirik, baina ingurugiroak berak bai. Izan ere, zientzialariak izan ziren ingurugiroaren degradazioaz ohartu zirenak, baita horrek izan zitzakeen ondorioen berri eman zutenak ere. Giro horretan, 1971. urtean Greenpeace erakundea eratu zen, Kanadan. 1975. urtean Munduko Meteorologi Erakundeak ozono-mailaren lehen neurketa egin zuen. Aldi berean, Seveson gertatutako dioxina ihesak (1976), Harrisburg-eko zentral nuklearreko istripuak (1979), Amoco petrolio-ontziarenak (1978), eta abarrek kontrolik gabeko garapenari buruzko kezkak areagotu eta ingurugiroaren aldeko lana (zientifikoa barne) indartu zuten.

1970

-Poltsikoko lehen telebista, Panasonic etxeak eginda.

1971

-INTELek lehen mikroprozesatzailea plazaratu zuen. 4 bitseko mikroprozesatzailea zen, 2.300 transistore biltzen zituen eta segundo bakar batean 60.000 operazio egiteko gai zen. Urte gutxira mikroprozesatzaile berriak atera ziren, gero eta azkarragoak, eta teknologia produktu berrietan ezartzen hasi zen: medikuntzako tresnetan, baskula digitaletan, gasolindegietan eta abar. Hamarkadaren bukaerarako, 1979. urterako, Intelek 8088 mikroprozesatzailea garatu zuen, hurrengo urtean IBMk lehen ordenagailu pertsonalean jarri zuena. Beraz, horrela ordenagailuen hirugarren belaunaldia hasi zen, mikro-ordenagailuen belaunaldia.

-Erabilera komertzialeko lehen disketea, IBMren eskutik.

-Lehen kalkulagailu elektroniko eramangarria Texas Instruments enpresak aterata.

-Kuartzozko lehen erloju elektroniko komertziala, Pulsar. Ordua jakiteaz gain, kalkulagailua, termometroa eta abar izateko aukera zuen.

-Philips etxeak bideo-grabagailua atera zuen.

1972

-Paul Berg-ek ADN errekonbinantearen lehen molekula lortu zuen, bi bizidun desberdinen ADNaren zatiak ebaki eta gero elkartuta; bata birusa zen eta bestea bakterioa. Handik urte betera bi biokimikari estatubatuarrek organismo batetik ADN zati bat hartu zuten eta beste bati transplantatu zioten.

1973

-Giza gorputzaren barrualdea zehaztasun handiz ikustea posible egiten duen tomografia axial konputerizatua teknika asmatu zen, x izpietan eta ordenagailuan oinarrituta.

1974

-Fulerenoak aurkitu ziren, karbono puroaren hirugarren forma; gainerako biak grafitoa eta diamantea dira.

-Stephen Hawking fisikari britaniarrak zulo beltzei buruzko teoria azaldu zuen. Ordura arteko teoriei aurreeginez, Hawking-ek zioen zulo beltzak erradiazioaren sorgune direla. Unibertsoaren hedatzearen teorietara ikuspuntu berria ekarri zuen.

1975

-Bill Gates-ek Microsoft enpresa inauguratu zuen.

-IBMk laser-inprimagailua merkaturatu zuen.

1976

-Concorde-aren hegaldiak hasi ziren. Aurten bukatu dira.

-MITeko ikerlari-talde batek bizirik zegoen zelula batean funtzionatzeko lehen gene artifiziala sortu zuen. Esperimentuak genetikari buruzko zalantzak areagotu zituen.

-Apple Computers enpresa ireki zuten. Urte betera "etxerako" lehen ordenagailua atera zuen.

1977

-Itsaspetik ateratako mikrobioak ikertu eta gero, Carl R. Woose biologoak bizitza-mota berria aurkitu zuela iragarri zuen, arkeobakterioak. Bere teoria ez zen onartu, baina 1997an, 20 urtera, arrazoia zuela ikusi zen.

1978

-Ohiko erabiltzaileendako turbomotorra asmatu zen. -Karonte aurkitu zuten, Plutonen satelitea.

1979

-Telefonia mugikorreko lehen sistema abiatu zuen Suedian Ericson enpresak.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila