Tartarorako bidean

Irazabalbeitia, Inaki

kimikaria eta zientzia-dibulgatzailea

Elhuyar Fundazioa

“Orduan hotsa entzun zuen. Hasiera batean, urruneko mikrofonoa norbaiten arnasketa lasaia jasotzen ari zela pentsatu zuen, baina oker zegoela konturatu zen berehala. Ausazko xuxurlatze samur hark bazuen gizatiarra ez zen zer edo zer; erritmo erregularrik ez eta erabateko isiltasunezko tarteak noizik eta behin.

Entzuten ari zen heinean, beldurra areagotzen ari zitzaiola sumatu zuen. Bere eguneroko esperientziatik kanpo zegoen zerbait zen, baina ia bat-batean ezagun egin zitzaion. Bere bizitzako hamar urteetan makina bat mundutako inpresioak zituen garunean zizelkatuta, baina hots hori entzun duen inork ezin izango du inoiz ahaztu. Haizearen ahotsa entzuten ari zen, bere buruaren gainetik ehun metrora bizirik gabeko paisaian xuxurlatzen eta txistukatzen ari zen horrena”.

G. Kervina / Nasa

Duncan Makenzie titandarra da entzulea, eta haurtzaroan, 2276aren inguru horretan, izandako esperientzia baten kronika da. Alegia da, jakina, Arthur C. Clarke-ren imajinazio oparoak obratutakoa*.

Berrehun eta berrogeita hamar urte barru gizakiak Titan kolonizatzeko gaitasunik izango ote duen ez dakigu, ezta gizateriak Lurrean iraungo duenik ere, baina han egon egongo bagina haizearen hotsa eta suspirioak entzun ahal izango genituzkeela zuzena da, alafede, Titan eguzki-sistemako atmosferadun satelite bakarra baita. Biok, haizeak eta hotsak, atmosfera behar dute existitu ahal izateko, fisika hutsa, deus besterik ez.

Errealitate ukigarria bada, bederen, joan den uztailetik hona Cassini-Huygens espazio-ontzia Saturnoren sistema orbitatzen dabilkigula, eta errealitate bihurtzea espero dugu Gabon egunarekin Huygens -ek Cassini -ren konpainia uztea eta Titanen esploraziora abiatzea. Teknologia-erronka handi baten aurrean izango gara, misioaren zailtasunak medio, baina zientzia ekarpen izugarri baten atarian. Zer du, bada, Titanek zientzialarien interesa erakartzeko eta NASAk eta ESAk 32 bilioi euro gastatzeko?

Saturnoren sateliterik handiena

Christian Huygens astronomo nederlandarrak ikusi zuen lehen aldiz 1655eko martxoaren 25ean, eta Galileok aurkitutako Jupiterren sateliteen ondoren aurkitutako lehen satelitea izan zen.

Saturno eta haren hiru ilargi, Tetis, Dione eta Rea, hurbilenetik urrunenera.
NASA

Denbora luzez izenik ez zuen izan eta Saturnoren seigarren satelitea esaten zitzaion, harik eta 1847an John Herschel astronomoak orduan ezagutzen ziren Saturnoren 7 sateliteak izendatzeko proposamena egin zuen arte. Seigarrenari Titan egokitu zitzaion eta gainerakoei, urruntasunaren hurrenkeraz: Mima, Entzelade, Tetis, Dione, Rea eta zazpigarrenari Japeto. Huygensek zergatik aukeratu zituen titanen, erraldoien eta ozeanideen izenak Saturnoren sateliteak izendatzeko ez dakigu, baina Greziako mitologian murgiltzeko aitzakia polita ematen du.

Titan Saturnoren sateliteen artean handiena da, eta urtetan zehar lehia bizian izan da Jupiterren Ganimiderekin eguzki-sistemako sateliterik handienaren txapelaren jabe izateko, baina atzen neurketek bigarren postura bidali dute. Hala ere, Merkurio baino handiago da, nahiz eta masa txikiagoa izan, eta, ondorioz, baita Pluton baino handiagoa ere masa handiagoa izanik gainera.

Handitasuna ez da Titanen berezitasunik behinena, atmosfera duen eguzki-sistemako satelite bakarra izatea baizik. Gure planetan bezala, atmosfera nitrogenoz osatuta dago nagusiki, % 94 zehazki. Horretaz gainera, metanoa eta beste hidrokarburo batzuk ditu (etanoa, metilazetilenoa, azetilenoa, propanoa etab.) eta nitrogenoz eta karbonoz osatutako beste konposatu batzuk (karbono(IV) oxidoa, hidrogeno zianuroa, zianogenoa eta nitriloak).

Konposatu organiko horiek osatzen duten kimika konplexuaren jatorria Eguzkiaren argiak deskonposatutako metanoan ei dago. Titanek ez du berezko eremu magnetikorik eta Saturnorenak babesten du, baina aldian behin Saturnorenetik irteten da eta eguzki-haizearen eragina jasotzen du Titanen atmosferak. Hala, metanoa fotodeskonposatzen da. Horrek Titani buruzko galderetako bat paratzen du: atmosferako metano-kontzentrazioari eusteko zein mekanismo dago indarrean? Hidrokarburozko ozeanoak, apika?

Titan Ilbera 2004ko uztailaren 2an. Argi ikusgaiko eta infragorriko mapa-espektrometroak eginiko irudia. Zirkuluak satelitearen gainazala adierazten du. Metanoaren distira berdez ikusten da eta karbono(II) oxidoarena gorriz. Zona horian bi konposatuok daude. (Argazkia: NASA/JLP/Arizonako unibertsitatea).

Titanen gainazalari buruz askorik ez dakigu, atmosferako hodei trinkoek gainazala zuzenean ikustea galarazten dutelako. Dena dela, atmosferan haizea ibili badabilela jakin ahal izan da eginiko behaketei esker, Hubble espazio-teleskopioaren bidez bereziki.

Titanen konposatu organiko asko egoteak eta ingurune likidoa egon ahal izateak beste galdera sakonago bat egitera garamatza: ingurune oso hotza izanik ere, bizia gara al liteke Titanen? Berealdiko ustekabea izango litzateke Titanen biziaren arrastorik aurkitzea muturreko egoera delako hangoa. Edonola ere, bizia garatu ala ez alegia, oso ingurune interesgarria da Lurreko jatorrizko ingurunearekin konparatzeko.

Cassini-Huygens

1997ko urriaren 15ean abiatu zen Cassini-Huygens misioa Cañaberal lurmuturretik, eta ia zazpi urteko bidaia egin ondoren 2004ko uztailaren 1ean iritsi zen Saturnoren sistemara. Misioaren helburua eguzki-sistemaren seigarren planeta modu sistematikoan ikertzea da, planeta, haren sateliteak, eraztunak eta magnetosfera hobeto ezagutzea hain justu.

Misioa, gure Axular handiaren Gero bezala, bi partetan bereizita dago: batetik, NASAk gobernatzen duen Cassini orbitatzailea eta, bestetik, ESAk kudeatzen duen Huygens zunda. Cassini -k abenduaren 24an libre utziko du zunda, eta, hiru asteko ibilbidea egin eta gero, 2005eko urtarrilaren 15ean, Titanen atmosfera trinkoan barneratuko da. Heriotzara eramango duen atzen bidaia horretan, Huygens -ek Titan hobeto ezagutzeko datu-piloa metatu eta transmitituko du.

Cassini-Huygens jaurtitzeko prestatzen. Goikoa kono-itxurako Huygens -en babes-ezkutua da.
NASA

Olentzerorekin batera, 319 kg pisatzen duen Huygens -ek Cassini -ren altzoa lagako du Titango bidea hartzeko, 30 cm/s-ko abiaduraz eta zazpi bira minutuko biratze-abiaduraz, zundaren egonkortasuna ziurtatzeko. Dena dela, Huygens -ek ez du Cassini -ren zaintza galduko, zundaren laguntze-sistema orbitatzailean geldituko delako. Horretan, zundari jarraitzeko eta haren datuak biltzeko ekipamendua dago.

Titanen nitrogenozko atmosfera Lurrekoa baino hamar bider haratago hedatzen da espazioan, eta, ondorioz, atmosferaren lehen zantzuak satelitearen gainazaletik 600 bat kilometrora sumatzen dira. Zundak atmosfera detektatzen duenean, iratzargailuak joko du eta lo zeuden zientzia-tresnak esnatu egingo dira. Sei dira guztira. Bostek jaitsieran zehar egingo dute lan eta seigarrenak lurreratzean.

Huygens -ek hiru jausgailuz osatutako balazta-sistema usatuko du Titanen atmosferan erortzeko, eta babes-ezkutu bat izango du tresneria lanean hasi arte beroaz babesteko.

Atmosferaren marruskaduraren kausaz, Huygens -ek bero handia pairatu beharko du, eta, kalkulatu denez, 350-220 kilometroko tartean izango da maximoa, bi minutuan abiadurak 21.600 km/h-tik 1.440 km/h-ra jaitsi beharko duelako. Atzenean, zunda ekuatorearen inguruan lurreratuko da 5 km/s-ko abiaduraz. Bi ordu eta erdi inguru beharko ditu jaitsiera egiteko, eta ez dago garbi lurreratzean suntsitzen ez bada zenbat denbora egongo den ‘bizirik’. Datu hori ere misioaren jakinkizunetako bat da.

Erorketa osoan zehar, irrati bidez Cassini -rekin konektatuta egongo da, besteak beste zundak hartuko dituen 1.100 argazkiak igortzeko.

Tartaro

C. Altebery / Nasa

“Haiek, orduan, gudu krudel batean, titanei aurre egin zieten esku sendoetan harritzarrak zeramatzatelarik. Beste aldean titanek beren posizioak prestutasunez sendotzen zituzten; biek erakusten zuten aldi berean beren eskuen eta biolentziaren indarra. Izugarrizko harrabotsa egin zuen itsaso itzelak; Lurrak eztanda handia egin zuen; zeru zabala kexatu egin zen dardaran; Olinpo zabala bere oinarrietatik ikaran hasi zen hilezinen oldarraren ondorioz; Tartaro itzaltsura oinen hots astuna eta azkon sendoen eta anabasaren burrunba iritsi zen. Nola botatzen zizkioten elkarri azkon hiltzaileak! 6

Hala deskribatzen du Hesiodok titanen eta Zeusen arteko borrokaren hasiera. Tartaro ilunean bukatu zuten titanek zigorturik (“Lurretik botatako brontzezko ingude bat bederatzi gau eta egunez erortzen arituko balitz, hamargarren egunera Tartarora iritsiko litzateke 7 ”) eta antzeko jaitsiera egin beharko du Huygens -ek. Ez dezala topa bere Tartaro!


6. Teogonia, Hesiodo, 674-685.
7. Teogonia, Hesiodo, 724-725.

Titanen ezaugarri fisiko nagusiak

Aurkitzailea : Christian Huygens, 1655
Orbitaren ardatz-erdi nagusia : 1.222.000 km
Batez besteko orbitatze-abiadura : 5,6 km/s
Periodo orbitala : 15 egun, 22 ordu eta 41 minutu
Inklinazioa : 0,33°
Batez besteko diametroa : 5.150 km
Gainazala : 83 x 10 6 km 2
Masa : 1,345 x 10 23 kg
Batez besteko dentsitatea : 1,88 g/cm 3
Grabitatea ekuatorean : 1,35 m/s 2
Gainazalaren batez besteko tenperatura : 94 K
Ihes-abiadura : 2,6 km/s
Presioa gainazalean : 1,5 bar

Argazkia; NASA

Mitologiaren arrastotik

Titan Saturnoren sateliteak titanak deritzen jainko grekoen multzotik hartzen du izena. Hesiodo idazle grekoaren Teogonia-n deskribatzen denari jaramon eginez, titanak lehengoetako jainkoak dira 1 . Guztira 12 dira, sei ar (Ozeano, Zeo, Krio, Hiperion, Japeto eta Kronos) eta sei eme (Febe, Mnemosine, Rea, Temis, Tetis eta Tea). Halaber, titanetako batzuek Saturnoren 30 bat sateliteetatik bosti ematen diete izena: Febe, Hiperion, Japeto, Rea eta Tetis, hain justu. Beste lau satelite nagusiak Mima, Entzelade, Dione eta Jano dira, eta horiek ere mitologia grekoerromatarretik hartzen dute izena.

Hesiodok esaten duenez, lehen-lehenik Kaos existitu zen. Gero Gea ‘bular zabalekoa’ eta Eros agertu ziren 2 . Gea Urano izartsuaz erditu zen eta harekin oheratuz titanak sortu zituen.

Rubensen koadroa.

“Gero (Gea), Uranorekin oheratuz, ur-laster sakonen Ozeanoz erditu zen, Zeoz, Krioz, Hiperonez, Japetoz, Teaz, Reaz, Temisez, Mnesmosinez, urrez koroatutako Febez, eta Tetis atseginez. Horien ondoren, gazteena, Kronos maltzurra, semeetako beldurgarriena, jaio zen eta aita kementsuarenganako gorrotoz bete zen 3 .”

Uranok ez omen zien uzten umeei Gearen sabeletik ateratzen, eta Gea oso atsekabetuta zegoen horrekin. Geak Kronos konbentzitu zuen bere aitaren kontra egin zezan, eta, amaren aginduei jarraituta, Urano zikiratu zuen. Hala, Kronos boterearen jabe egin zen, baina aita baino tirano handiagoa bihurtu zen. Rea bere arrebarekin elkartu zen, eta, bere umeetako batek agintetik bota ez zezan, jaio orduko jan egiten zituen. Reak Gea eta Uranoren laguntza eskatu zuen. Gearen laguntzaz seme txikienaren ordez zapi batean bildutako harri bat eman zion Kronosi jan zezan. Horrela salbatu zen Zeus jaioberria.

Nagusitan, Zeusek Titanomakia izeneko titanen kontrako gerrari ekin zion. Titanak, Kronos buruzagi zutela, Zeus buru zuten olinpiko, hekantokiro eta ziklopeen kontra borrokatu ziren. Gerra itzela eta krudela izan zen. Zeusek irabazi zuen eta hala eskuratu zuen Olinporen tronua. Bien bitartean, titanak Tartarora deserriratu zituzten.

“Han dira gorderik titanak, hodeiak pilatzen dituen Zeusen erabakiaren ondorioz, toki heze batean, lur itzelaren mugetan. Handik ezin dute irten, Poseidonek brontzezko ate bat eta bi aldeetatik inguratzen dituen harresi bat jarri zielako. Han bizi dira Giges, Koto eta Briareo ausarta 4 , egidaren eramaile den Zeusen zaindari fidelak 5 .”

Jainkoek, jakina, ahalmen berezi eta bitxiak izaten dituzte. Urano ez zen gutxiago izango! Kronosek zikiratu zuenean sortu ziren puskak ernaltzeko gai ziren, eta, hala, Gea ernaldu eta jainkosa, besteak beste, erraldoiez erditu zen. Multzo horietakoa dira Mima eta Entzelade.

Dione ozeanide bat da, Ozeano eta Tetisen 3000 alabetako bat. Ozeanideak iturri, laku, erreka eta abarren pertsonifikazioa dira. Era berean, Ozeano eta Tetisen 3.000 semeak ibaiak dira, Nilo eta Eridano esaterako.

Jano, ordea, jainko erromatarra da eta atari eta arkupeen espiritua ei da. Bi aurpegirekin irudikatzen zen. Aditu askoren ustean, Jano hasiera guztien jainkoa da eta ateetakoa bihurtzea deribazioa baino ez da. Egunaren, hilabetearen eta urtearen hasieran Jano gurtzeko erabiltzen ziren. Esaterako, hainbat hizkuntzatan urtarrilaren izenak latinezko Janus hitzean du jatorria: january, januar, janvier, januari, janeiro…


  1. Hesiodo, Teogonia, Trabajos y días, Escudo, Certamen, AlianzaEditorial Madril 2003.
  2. Geari Gaia ere esaten zaio.
  3. Teogonia, Hesiodo, 133-138.
  4. Hauek Hekantokiroak edo ehuneskuak dira.
  5. Teogonia, Hesiodo, 730-736.

Cassini-Huygens misioaren hainbat jakingarri

  • Hiru espazio-agentziaren lankidetzaren fruitua da: NASA, ESA eta Italiako Espazio Agentzia.
  • Espazio-ontzia 17 nazioren artean eraiki dute.
  • Cassini orbitatzailea NASAren JPLk eraiki eta kudeatzen dute.
  • Huygens zunda ESAk eraiki du.
  • Italiako Espazio Agentziak Cassini -ren irabazi handiko komunikazio antena egin du
  • Bildutako datuak mundu osoko 250 zientzialarik aztertuko dituzte.
  • Zazpi urteko bidaia egin du eta grabitateak lagundutako 4 maniobra egin behar izan ditu.
  • Misioak lau urte iraungo du eta Saturno 70 bat bider orbitatuko du.
  • Cassini -k hainbat gigabyte datu igorriko ditu egunero.
NASA

Huygens zundaren zientzia-tresnak

NASA
  • Aerosol-biltzailea eta pirolisatzailea. Aerosolen konposaketa kimikoa aztertuko du.
  • Jaitsierako irudi-hartzailea/espektro-erradiometroa. Irudiak hartuko ditu eta materialen espektroen neurketak egingo ditu.
  • Doppler haize-esperimentua. Irrati-seinaleak erabiltzen ditu atmosferaren ezaugarriak deduzitzeko.
  • Gas-kromatografoa eta masa-espektrometroa. Atmosferako osagaiak identifikatzeko.
  • Atmosferaren egitura aztertzeko tresna. Atmosferaren ezaugarri elektriko eta fisikoak neurtzeko sentsoreak eta haizearen hotsa entzuteko mikrofonoa ditu.
  • Gainazalerako zientzia-paketea. Inpaktu-tokiko gainazalaren ezaugarriak mugatzeko tresna-multzoa da.

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu cookie horien erabilera onartzen duzla. Ezeztatuz gero, ezingo duzu webgune honetan nabigatu. Onartu
Informazio gehiago
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
MAIER Koop. Elk.
KIDE Koop. Elk.
ULMA Koop. Elk.
EIKA Koop. Elk.
LAGUN ARO Koop. Elk.
FAGOR ELECTRÓNICA Koop. Elk.