Sukarra, etsaia ala laguna?

Agirre, Jabier

Medikua eta OEEko kidea

Gure gorputza lapiko bat bezala kontsideratu behar dugu; lapikoa, bere termostato eta guzti. Mikrobioek erasotzen digutenean, lapikoa irakiten hasten da. Orduantxe igotzen da sukarra, berak dakarren sintomatologia guztiarekin.

Gure gorputza lapiko bat bezala kontsideratu behar dugu; lapikoa, bere termostato eta guzti. Mikrobioek erasotzen digutenean, lapikoa irakiten hasten da. Orduantxe igotzen da sukarra, berak dakarren sintomatologia guztiarekin: burua lehetzera doala iruditzen zaizu, pultsua dantzan hasiko da, izerdiak maindireak busti-busti egingo ditu. Egarri handia. Gose zara, baina jateko gogorik gabeko gosea izaten da. Beroak erdi-akabatuta zaude, baina aldi berean hotzikarengatik dardaraldi batek goitik behera astinduko zaitu. Ez dago zalantzarik, gauez sukarra izan duzu, eta termometroak diagnostikoa ziurtatu egingo du.

Gutako gehienok horrelako gertakariak aldian behin jasaten ditugu. Baina, zer da sukarra azken finean? Eritasunen bat aldarrikatzen duen alarma-seinale bat, gorputzaren defentsa-erreakzio bat edota gauza biak batera? Jendearen artean, eta baita medikuen artean ere, eritziak ez datoz bat. Batzuentzat sukarra edozein modutara borrokatu behar den etsai zitala da. Beste batzuentzat, ordea, naturak eritasunen aurka iharduteko eman digun baliabidea besterik ez da.

Gizakia (odol beroko animalia bait da) normalean 37°C inguruko tenperaturan mantentzen da, janariekin sartzen zaigun bero-erreserbak ariketan bidez errez. Giroa hozten denean, makinak gehiago berotzen du (muskuluak mugituz, eta transpirazioa txikiagotu egiten da, guzti honekin tenperatura jaitsiz. Baina fisiologia nahikoa ez denean, kanpoko baliabideak erabiliko ditugu (jertse bat edota esne bero-beroa). Beroari aurre egiteko, guztiz alderantziz gertatzen da: gorputzak bere energi sorkuntza (mugimenduak, etab.) moteldu egiten du, eta ondoren bero-galera handiagotzen, transpirazioa handiagotuz. Horregatik dugu izerdia beroa egiten duenean.

Normalean lapiko batek, ongi funtzionatzeko, termostato baten laguntza behar izaten du. Azken ikerketek diotenez, giza gorputzaren termostatoa, bero-erregulazioaren zentrua, nerbio-sistema zentralean dago kokatua; hipotalamoan hain zuzen. Nerbio-bulkaden eta odol-zirkulazioaren bidez hipotalamoak etengabe jasotzen du informazioa, larruazalean gertatutako tenperatur aldaketez jabetzeko. Eta datu horien arabera bere zelula termosentikorrak martxan ipintzen ditu, gorputzaren tenperatura 37°C-tik ahalik eta hurbilen manten dadin.

Sukarra agertzen denean, hipotalamoko termostatoa 39,65°C-ra erregulatzen da, ohizko 37°C-ra erregulatu ordez. Beraz, gorputzak bere tenperatura igotzeko agindua jasotzen du. Baina makina gehiago berotzen bada, sarraski handiak gertatzeko arriskua dago. 40,5°C-tik gora presio arteriala ezin manten daiteke maila normalean. Gehiegizko transpirazioak dakarren deshidratazioak, gorputz-tonuaren bapateko beherakada sortzen du, eta bero-kolpea agertzeko probabilitate handiak daude (konbultsioak, delirioa, gorakoak, irabioa edota bestela lozorroa, koma, ...).

42°C-ko maila gaindituz gero (zertxobait beherago ume txikien kasuan), garuneko nerbio-zelulak suntsitu egiten dira, eta puntu honetara iritsi ondoren heriotza dator. Zorionez, kasu hauek oso bakanak dira eta heriotza gehiagotan da infekzioaren ondorio, gehiegizko sukarrarena baino.

Sukarra, beraz, erregulazio-mekanismo bezala kontsidera dezakegu. Normalean, agente patogenoren bat gorpurtzean sortzen denean martxan jartzen den mekanismoa da. Sukarrak mikroorganismoen (bakterio zein birusen) erasoa moteldu eta gerarazi egiten du. Poliomielitisaren birusa, adibidez, 250 aldiz azkarrago hedatzen da 37°C-ra 40°C-ra baino. Eta era berean, mikroorganismoen gurendura inhibitzen duen bezala, gaixoaren defentsa-mekanismoak bizkortu egiten ditu.

Beraz, sukarrak bere abantailak badituenez, eta ornodunetan milioika urtetan ikusi ahal izan denez, eboluzioaren ikuspegitik pentsa datieke bere onurak kalteak baino handiagoak ez ote diren izango. Naturan ez bait da ezer alferrik dagoenik. Honek, beste galdera bat planteatzen digu: sukarkontrakoak, bai ala ez? Hau, ordea, beste egun baterako gaia da.

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
MAIER Koop. Elk.
KIDE Koop. Elk.
ULMA Koop. Elk.
EIKA Koop. Elk.
LAGUN ARO Koop. Elk.
FAGOR ELECTRÓNICA Koop. Elk.