Sukarra eta umeak: bikote arriskutsua?

Agirre, Jabier

Medikua eta OEEko kidea

Sukarra izan ohi da, ospitalez kanpoko pediatrian, kontsulta-kasu guztietatik bostetik baten arrazoia (% 20,9), lehenengo postua eztulak duelarik. Urtebetez azpiko umeetan sukarra da bigarren kontsulta-arrazoia, osasun-azterketa errutinazkoen (elikadura eta garapenaren kontrola, txertoak, etab.en) eta eztularen atzetik. Datu estatistiko horiez gain, sukarra da urgentziako kontsulten eta telefono-deien arrazoirik usuenetako bat.

Zer da sukarra?

Gorputzeko tenperaturaren erregulazioa eta kontrola hipotalamoan kokaturik dagoen zentru termorregulatzailearen kontura egiten da nagusiki, beste leku batzuetan ere osatzen delarik. Garunaren erdialdean, bi hemisferioen artean dagoen zentru hau beste unitate txikiagoz dago osatua, eta mekanismo konplexuaren bidez geure tenperatura egonkor mantentzeaz arduratzen da. Mekanismo horiek aldatu edo nahasten direnean, tenperatura igo egiten da eta horrexeri deitzen diogu sukarra.

Sukarra 42 °C-tik (ipurdian) ez igotzea eta 41 gradutik oso-oso gutxitan igotzea da sukarra fenomeno autorregulatua dela esateko seinalerik argiena.

Jaioberrien garaian izan ezik, umeen gorputzeko tenperatura helduena baino zertxobait altuagoa da, beren gorputz-azalera erlatiboa handiagoa delako eta metabolismo altuagoa dutelako seguruenik.

Baina tenperatura igotzeak ez du derrigor gaixotasuna dagoenik esan nahi. Tenperaturak badu erritmo zirkadiano bat, egunekoa gutxi gora-behera, eta hor 0,25-0,8 graduko bariazioak sortzen dira arratsaldeko seiak eta goizeko hirurak bitartean. Gauez tenperatura jaitsi egiten da, bere mailarik baxuena goizeko hiruretan lortuz, eta hortik aurrera pixkanaka-pixkanaka gorantz doa, arratsaldeko seiak inguruan mailarik altuenera iritsiz. Erritmo hau aldatu egiten da pertsona batetik bestera eta ez dago horrelakorik ume jaioberriengan; bigarren urte inguruan jartzen baita martxan. Jaioberrien garaian izan ezik, umeen gorputzeko tenperatura helduena baino zertxobait altuagoa da, beren gorputz-azalera erlatiboa handiagoa delako eta metabolismo altuagoa dutelako seguruenik.

Ariketa fisikoak ere dezente igoaraz dezake tenperatura, eta aldaketak sor ditzaketen beste faktore batzuk ingurugiroko tenperatura, asaldura emozionalak eta proteinatan aberats diren janariak irenstea izango lirateke.

Asko eta oso desberdinak dira sukarra izateko arrazoiak. Infekzioak dira, noski, usuenak, baina badira, infekzio ez diren eta sukarra eragiteko gai diren beste gaixotasun batzuk.

Nola hartzen da tenperatura?

Termometroa gorputzeko tenperatura neurtzeko erabili izanaren lehenengo erreferentzia historikoa 1870ekoa da eta Wunderlich-ek deskribatu zuen. Ordudanik termometro-mota desberdinak agertuz joan dira, eta gaur egun hiru dira normalean erabili ohi direnak: jadanik ohizkoa den merkuriozkoa, tenperatura-aldaketen bidez kolorez aldatzen diren plastikozko tiratxoak eta azken urteotan gero eta arruntago bihurtu diren termometro elektronikoak edo irakurketa digitalekoak. Hiru mota horietan fidagarrienak merkuriozkoak eta elektronikoak dira; plastikozko tirak, tenperatura-aldaketak atzeman arren, ez baitizkigu zifrak zehatz ematen.

Garrantzi handia du termometroa jarrita mantenduko deneko denborak, eta hori noski, lokalizazioaren arabera aldatuz joango da.

Ama asko oso fido dira umearen tenperatura aztatu hutsarekin jakiteko duten gaitasunaz (esku-ahurrarekin, eskugainarekin edo ezpainekin umearen kopeta edo beste gorputz-zati batzuk ukituz). 1974ean egindako azterketa batean Bergenson-ek % 42tan akatsak aurkitu zituen horrela egindako balorazioetan. Beraz, sistema hori gorputzaren tenperatura zehazteko ez dela fidagarria esan daiteke.

Non hartzen da tenperatura?

Ama asko oso fido dira umearen tenperatura aztatu hutsarekin jakiteko duten gaitasunaz. 1974ean egindako azterketa batean Bergenson-ek % 42tan akatsak aurkitu zituen horrela egindako balorazioetan.

Gorputzeko tenperatura hartzeko punturik agizkoenak ahoa (mihiaren azpia), besapea edo galtzarbea eta ondestea (ipurtzuloa) dira.

Ahoko tenperatura

Tenperatura aho-barruan hartzen ez litzateke saiatu behar bospasei urte bete aurretik, eta horretarako behar-beharrezkoa da umeak ongi laguntzea.

Lokalizazioak zehatza izan behar du (mihiaren azpia) eta hor jarrita egon behar luke termometroak minutu bat edo gehixeago, elektronikoak izan ezik (hauek “bizkorragoak” dira eta lortutako tenperatura ipurdian hartutako baino 0,5 gradu (5 hamarreneko) baxuagoa da). Garrantzi handikoa da janari hotzek edo beroek ere gradu bat edo biko oszilazioak sor ditzatekeela jakitea. Beraz, neurketa jatorduetatik ahalik eta urrunen egitea gomendatzen da.

Besapeko tenperatua

1984ean egindako lan batean, Kresch-ek besapeko tenperatura oso aldakorra dela, eta sukarra neurtzeko sentikortasun txikikoa dela aurkitu zuen. Balio egokia emateko gaitasuna eskasa da eta zortzi bat minutu behar ditu merkuriozko termometro batekin tenperatura erregistratzeko; ez ordea termometro elektronikoarekin. Kresch-ek esandako guztiaren gainetik eta kontra, galtzarbea da gure artean urtebetetik gorako umeengan, tenperatura hartzeko lokalizaziorik arruntena. Horrexegatik, merezi du teknika egokia zein den esateak. Merkuriozko anpulua edo termometro elektronikoaren sentsorea besoaren eta bularraldearen artean sortzen den tolesturan jarri behar da. Besoa gurutzatu egin beharko da bular aurrean beste aldeko sorbaldaraino eramanez, eta horrela eutsita mantendu, umeak behar bezala laguntzen ez badu, behar den denbora osoan (5-8 minutu merkuriozko termometroaren kasuan).

Besapeko tenperatura ipurdikoa baino gradu bat apalagoa edo baxuagoa izan daiteke.

Ipurdiko tenperatura

Hauxe da gorputzeko tenperaturaren berri ongien ematen duena, eta zalantzarik gabe, ondestea da leku gomendagarriena; urtebetez azpiko haurretan batipat. Teknikak baditu bere arriskuak, oso txikiak baldin badira ere, eta istripuak merkuriozko zutabea hautsi egin delako aipatu izan dira (termometroa umearen ipurdiaren barruan zegoen bitartean) eta baita perforazioak ere, teknika desegokiak direla eta. Termometro elektronikoak erabiltzeak aipatutako arriskua (oso-oso nekez gertatu arren) saihestu egin du.

Gorputzeko tenperatura hartzeko punturik agizkoenak, ahoa, besapea edo galtzarbea eta ondestea dira.

Metodo hau aukeratuz gero, termometroa bost bat zentimetro sartu behar da ondeste-kanalean, arreta handiz, 2-3 minuturen buruan irakurketa eginez. Umea ahozpez dagoela (gure belaunen gainean adibidez), esku batekin ipur-masailak banandu eta bestearekin termometroa ipurtzulora sartuz, ondoren ipur-masailak itxi egingo ditugu, tenperatura irakurtzeko unea iritsi arte umeari gogor eutsiz (mugimendu zakarrik egin ez dezan).

Ahoko eta besapeko tenperaturen kasuan egindako erreferentziak beti dira ondeste-tenperaturarekiko ere. Pediatra, beraz, oso ohitua dago amak bere umearen tenperatura esan dionean, horrelako esaldi batekin amaitzen: “bost dezima deskontatu ditut, termometroa ipurtzuloan jarri dut eta”. Ikusi dugunez, aldea 5-10 hamarrenekoa izan daiteke. Kontuz, bada, leku desberdinetan hartutako tenperaturak konparatzeko orduan.

Zein da tenperatura normala?

Ez da erraza (ezinezkoa dela ere esan daiteke) gorputzaren tenperaturaren mugak zein diren erabakitzen, beste hainbat datu fisiologikorekin gertatzen den bezala. Hala ere, baldintza basaletan ipurtzuloan tenperatura normala 37,5 gradu ingurukoa dela uste da, beti ere aurrez aipatu ditugun bariazio horiek kontuan edukiz; normaltasunaren barruko oszilazioak besterik ez baitira.

Nola tratatzen da?

Guraso askok sukarra tratatzea, bera sortarazi duen arrazoia tratatzea baino urgenteagoa dela uste dute.

Sukarrak familiaren barruan sortzen duen larritasuna dela medio, gurasoek hori tratatzea sukarra sortarazten duen arrazoia bera tratatzea baino urgenteagoa dela uste dute. Askotan, gainera, sukarrak derrigor antibiotikoa eskatzen duela pentsatzen dute, eta hasiera-hasieratik horietako bat erabili nahi dute, medikuari kontsultatu ere egin gabe. Gaur egun ez dago oraindik erabat argi sukarra “laguna” edo “etsaia” den; sortu duen arrazoiaren eboluzioa izan daitekeen ala ez. Beraz, oraindik ez dago argi sukarra tratatu egin behar den ala ez.

Dena den, sukarra tratatzeko bada hainbat iradokizun. Tenperatura jaistea botika bidez eta botikarik gabe ere lor daitekeenez, lasai egon gaitezke sukarra (ipurdiko tenperatura 37,5-38 °Ctik gorakoa) umearentzat ez dela arrikutsua pentsatuz (41 °C-tik pasatzen ez bada eta hau oso arraroa da). Sukar altua edukitzeak ez du derrigor konbultsioa esan nahi; prozesu horiek aurrez joera berezia duten umeengan bakarrik agertuko baitira (portzentaia oso txikia). Kasu horietan, dena den, pediatrak behar diren neurriak hartuko ditu, kasu bakoitzaren arabera.

Iruzkin guzti horiek onartuta ere, eta ez da gutxi, gerta daiteke sukar altua daukan umea egoera txarrean, gaizki aurkitzea. Kasu horretan (alegia, sukar altua + gorputzaldi txarra) hona hemen, labur-labur, har daitekeen hainbat neurri. Ura edo beste likidoren bat eskaini, aldiko gutxi baina maiz. Ume koxkortuagoak eskatu egiten du, baina haur txikiekin oso adi egon beharra dago (deshidratazioaren arriskua), umeari arropa kenduz; jantzi eta manta gehiegi izateak tenperatura jaistea oztopatu egiten baitute. Oso baliagarria da, era berean, ur epeletan bustitako esponja batez umea freskatzea (besaurreak, zangoak eta kopeta batez ere). Koloniaz edo alkoholez igurtzitzea oso arriskutsua da beti, odoleko glukosa-maila jaitsi egiten duelako, eta konea etor daitekeelako.

Umearen tenperatura hala ere altua bada, baineran jar daiteke, ur epeletan beti, ur hotza ebitatuz; bapateko hoztualdiak hotzikarak sortaraziko baitizkio umeari, eta tenperaturak berriro ere gorantz egingo bailuke.

Sukarra ez da arriskutsua, egoera eta baldintza berezietan izan ezik, baina umearen gorputzean zerbait ez dagoela ondo abisatzen digun seinaletzat hartu behar da.

Etxeko neurri hauez gain (etxekoak bai, baina probetxuzkoak inolako zalantzarik gabe) pediatrak sukarra jaitsiarazteko botikaren bat edo beste (ANTITERMIKO esaten zaie) ematen du, ahal bada behintzat ahoz hartzeko, Supositorioak gorakoak daudenerako utziko dira.

Sukarraren kontrako botikak era askotakoak dira, baina gaur egun askoren joera horietako bat, azido azetil-salizilikoa (ASPIRINA, denok ulertzeko esanda) hamabi urtetik gorako umeentzat bakarrik uztea da, eta bereziki ekintza antitermikoaz gain inflamazioren kontra ere borrokatu nahi den kasuetarako. Eta hori zergatik? Bada, aspirinaren eta Reye-ren sistemaren artean egon daitekeen erlazioagatik.

Lehen esan bezala, sukarra ez da arriskutsua, egoera eta baldintza berezietan izan ezik, baina umearen gorputzean zerbait ez dagoela ondo abisatzen digun seinaletzat hartu behar da. Seguruenik infekzioren bat izango da; tenperatura altuagoarekin ez larriagoa derrigor. Eta arrazoia ahalik eta lasterren bilatzen saiatuko gara, gure ohizko pediatrari kontsultatuz edota hark lehendik adierazi digun urgentzi zerbitzura joanez.

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
MAIER Koop. Elk.
KIDE Koop. Elk.
ULMA Koop. Elk.
EIKA Koop. Elk.
LAGUN ARO Koop. Elk.
FAGOR ELECTRÓNICA Koop. Elk.