Sugandila-ehiztaria

Hegoaldeko suge leuna (Coronella girondica) suge txikia dugu; 80 cm-ra iritsi badaiteke ere, normalean ez baititu 60 cm gainditzen. Itxuraren aldetik, suge liraina dela esan behar da; buru nabarmenekoa, eta soinaren luzera osoaren 1/4 osatzen duen isats luzeaz jantzia. Bere lehengusu den iparraldeko suge leunetik (Coronella austriaca) desberdintzeko erabil ditzakegun ezaugarri bereizgarriei dagokienez, hegoaldeko suge leunaren ezkata errostrala zabalagoa da altua baino, eta 8 ezkata supralabial ditu, hauetariko 4.a eta 5.a begia ukituz daudelarik. Bestalde, soinean zeharreko ezkata dortsalak launak ditu, eta hauek 21 (inoiz 19 edota 23) lerro osatzen dituzte, normalean soinaren erdialdean. Ezkata bentralak 170-200 izan ohi dira, eta subkaudalak, aldiz, 43-72 bikote.

Hegoaldeko suge leunaren kolorazio dortsala arre argia edo gris zilarkara izaten da, arrasto irregular arre ilunagozko hornidura ageri duelarik. Burua ere grisa izan ohi da, baina bertan nolabaiteko tonalitate arrosak ikus daitezke sarri. Ezkata prefrontaletan hasita eta begietan zehar, bestalde, eta leporantz luzaturik, arrasto edo lerro beltza ageri du gehienetan, antifazaren moduko apaingarri bitxia irudikatzen duelarik. Lepoaren alde dortsalean ere, garrondoaren parean, V, U edo Y-aren itxura ageri ohi duen orbain ilun ikusgarria izaten du, eta honen aurrealdeko muturren hedapenez, zenbaitetan ezkata parietal eta frontalak ere margotuta ager daitezke. Animaliaren alde bentralari dagokionez berriz, honek kolore zuriska, horiska edo laranja ahula izan dezake, berau xake-mosaikoaren moduan antolatutako orbain beltzez jantzia ager daitekeelarik.

Hegoaldeko suge leuna, espezie mediterraniar eta mendebaldarra dugu.

Hegoaldeko suge leuna espezie mediterraniar eta mendebaldarra dugu, eta ondorioz, Tunezen, Algerian, Marokoko iparraldean, Portugalen, Espainian, Euskal Herrian, Katalunian, Frantziako hegoaldean eta Italian bizi da. Korsikan, Sardinian eta Baleareetan ez dago.

Europako sugeen artean, hegoaldeko suge leuna ekologikoki espezie gidatzailea dela kontsideratu izan da eskualde bioklimatiko xeroterikoei dagokienez, azpieskualde bioklimatiko termomediterraniar, mesomediterraniar eta supramediterraniarretako sugerik bereizgarriena omen dela eta. Izan ere, narrasti honek beti ere ingurune lehor, harritsu eta eguzkitsuak bilatu ohi ditu, eta horregatik habitat mediterraniar idorretan, mediterraniarretan, eta estaia munatarretako baso argitsuetan, soilguneetan, harritzatan, harresietan, sasi artean, eta antzerakoetan aurkituko dugu.

Euskal Herrian ia lurralde osoan aurki badaiteke ere, bere bizimodu ezkutua dela eta ez dugu datu gehiegirik bere banaketa zehatz finkatu ahal izateko. Nolanahi ere, Kantaurialdean hegoaldeko suge leuna nonahi baina urri ager daiteke kostaldean, eta lehorrean barnera egiten dugun heinean lokalagoa da, beti ere gune hezeetan ez, eta leku harritsu eta eguzkitsuetan ageri delarik. Edozelan ere, eskualde menditarretan ez da ageri, ez Pirinioen inguruetan eta ez uren banaketa-lerroa osatzen duten mendi gehientsuenetan ere; gure lurraldean beti ere 800 m-ko altitudetik behera ageri baita. Eskualde mediterraniarrean berriz, edonon ikus daitekeela esan genezake, nahiz eta ugariena Arabako eta Nafarroako hegoaldeko eremu lehorragoetan den.

Ehizakia bizirik bada ere, harrapakari trebeak, jakiari ezarritako "besarkada" inondik ere arindu gabe, bere burua bilatzen du, bertan hozka egin eta dohakabea iresteari ekiteko asmoz.

Bere bizimoduari dagokionez, hegoaldeko suge leuna suge lurtar eta ilunabartarra dugu batez ere, eta egunez eguzkiztapen handiko lekuetan egon ohi da. Jadanik aipatu denez, suge honek bizimodu ezkutua du, bere jakia ere sarritan harri-tarte eta zirrikituetan bilatzen duelarik. Ehiztari izanik, sugandilak dira hegoaldeko suge leunaren harrapakinik arruntenak, baina aldizka eskinkoak, suge txikiak, mikrougaztunen bat edo beste (Apodemus, Pitymis...), eta intsektuak ere harrapa ditzake. Eta zenbait autoreren ustetan, ale helduek kanibalismorako joerarik ere izan dezakete, ale gazteagoak aurkituz gero.

Bestalde, harrapakari txiki gehienak harrapakin dira aldi berean, eta horixe dugu hegoaldeko suge leunaren kasua ere, berau ehizatu eta jan dezaketen espezieetan zenbait suge (Elaphe, Vipera...), hegazti harrapariak (Buteo, Circaetus, Hieraetus...) eta ugaztunak (Sus scrofa...) aipa daitezkeelarik.

Beste zenbait sugeren aldean espezie motela eta geldo samarra dela esaten da, erdipurdiko igerilaria, eta lauzikatzaile sotila (harrizko horma erdihautsietan, eta azal zakarreko enbor inklinatuetan). Izakera lotsatia eta iheskorra ere atxiki izan zaio, eta zenbait autoreren ustetan inolako erasokortasunik ez duela idatzi den arren, beste zenbaitzuek erabat kontrako iritzia eman dute. Artikulu honen egileak ikusitako aleei dagokienez, hauek nahikoa erasokorrak zirela esan behar da. Nolanahi ere, suge leunaren hozkadak ez du inolako arriskurik; batetik, hain suge txikia eta betagin nabarmenik gabekoa izanik, bere hozkadak nekez zulatzen baitu gizakion azala, eta bestetik, gure Herriko espezie gehienekin gertatzen den legez, suge leunak ere ez baitira pozoitsuak.

Hegoaldeko suge leunaren erasokortasuna handiagoa izaten da maiatz aldera. Izan ere sasoi horretan izaten da narrasti honen araldia. Dirudienez, eta beste zenbait narrastitan gertatzen den legez, espezie hau obiparoa edo obobibiparoa izan daiteke, bizi den lekuaren ezaugarri bioklimatikoen arabera. Errutaldia 20-25 x 13-15 mm-ko tamaina duten 4-16 arrautzekoa izaten da, eta normalean uztail aldera gertatzen da, 11-18 cm-ko luzerako gaztetxoak abuztuaren bukaeran edo irailaren hasieran jaioko direlarik.

Suge leunak, pozoiaz ez, baina bestelako tresneriaz baliatzen dira euren ehizakiez jabetu, menderatu eta irentsi ahal izateko. Eta ikuskizun beldurgarria da suge leunak ehiza-lanetan erabiltzen duen teknika: ehizakia ikusi bezain laster, suge leunak ziztu bizian erasotzen dio, nonahi hozka egin, eta harrapakinaren soina berehala eraztun anitzez bilduz. Ehizakia bizirik bada ere, harrapakari trebeak, jakiari ezarritako “besarkada” inondik ere arindu gabe, bere burua bilatzen du, bertan hozka egin, eta dohakabea irensteari ekiteko asmoz. Ehizaki gajoaren muturra hozkatu ondoren, prozesua nahikoa lasterra izaten da, eta sugeak, bere epidermi elastikoa eta baraila-sistema askeari esker, minutu gutxi beharko ditu berak adinako lodiera edo handiagoa duen sugandila sabeleratzeko. On egin!

FITXA TEKNIKOA

Hegoaldeko suge leuna

Espeziea: Coronella girondica
Familia: kolubridoak
Ordena: eskuamatuak
Klasea: narrastiak

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila