Sipunkulidoak eta phylum delako kontzeptua

Ahoskatzeko zail den hitz honen atzean zer dagoen galdetuta, askori animaliaren bat izan daitekeela bururatuko zaigu, baina oso jende gutxik jakingo du zer-nolako animaliak diren, hau da, azken finean haien gorputzaren itxura zein den. Zalantza hori irakurleari argitu nahian, zizare itxurako animalia itsastarrak direla esango dugu oraingoz. Baina kontuz, nahiz eta zizareak izan, ez dute segmenturik gorputzean, hain ezagunak diren lur-zizareek (anelidoek) edo heste-zizareek (platihelmintoek) ez bezala.

Sipunkulidoak zer eta nolakoak diren

Sipunkulidoen gorputzaren antolakuntzari begiratzea, garrantzi handikoa suertatzen zaigu talde honen beste animaliekiko desberdintasunak ulertzeko ("zizare" izateko modu asko daude Zoologian...).

J.I. Saiz Salinas

Haien gorputza bi zatitan banatuta dago: gorputz-enborra eta tronpa atzeragarria, barrutik, barrunbe zelomatikoaren bidez, elkarrekin komunikatuak; beraz, gorputz-pareten barruko aldetik erantsirik dauden organoez gain, ezin aurki daiteke isuri zelomatikoa baino (ikus 1. irudia). Bestalde, gorputz osoaren tamaina milimetro gutxitik 30 cm-rainokoa izan daiteke.

Tronparen muturrean, espezieen arabera, itxura aldakorreko garroak dituzte eta egitura hauen erdian ahoa dago. Animaliaren aurreko aldea ahoa duelako bereizten bada ere, uzkia ez dago atzeko aldean, logikaz besterik pentsa daitekeen arren: digestio-aparatua atzeko muturreraino iritsi arren, tronpa eta enborraren arteko punturaino zabalduta dago, norabide baten hodia bestearekin biribilkatuta dagoelarik (espira tipikoak daude). Izan ere, hau dugu sipunkulidoak erraz identifikatzeko modu bat: uzkia, gorputzaren erdialdeko puntu dortsalean kokaturik dago eta digestio-aparatuak 1. irudian ikus dezakegun itxura berezi hori du. Beste ezaugarri morfologiko garrantzizko bat tronparen muskulu atzerarazleak izan daitezke. Hauen funtzioa, tronpa, eskularru baten hatzak bezala, enborraren barrura sartzea da.

Gorputzaren paretek ez dute segmentazio-arrastorik, arestian aipatu bezala. Hala ere, epidermisak izan ditzake zenbait egitura interesgarri (taldearen taxonomian, balio handikoak izan daitezke): ezkutu gogortuak, batzuetan karezkoak, guruin-papilak eta gakoak. Ingurunea/egitura/funtzioa trinomioari kasu honetan ere irtenbidea eman nahian, azken hauen betekizuna zein den ikertzaileek oraindik ez badakite ere, askotan erabiltzen dira espezieen identifikazioan, eboluzioan zehar eta genero batzuetan batez ere dibertsifikazio handia lortu duen epidermis-egitura baita. Adibide bezala, 2. irudian zortzi espezierenak ikus ditzakegu.

Non bizi diren

Itsastarrak direla ez ezik, haien habitata ezagutzeko, bentikoak direla ere (hau da, bentosean edo hondoko substratuan bizitzeko joera dutela ere) esan behar dugu eta substratu hori, espezieen arabera, harrizkoa nahiz lokatz edo hondarrezkoa izan daiteke. Bestalde, bai garroek eta bai digestio-aparatuaren luzerak, elikadura-motari buruz zerbait esaten digute; detritiboroak direla, hain zuzen ere. Zizare hauen bizimoduaren ikuspegi honetan ere dibertsifikazio pixka bat badago: batzuek, garroei esker, ura iragazten dute nolabait, eta besteek, lurrean ezkutatzeko galeriak egiten dituzten bitartean, substratu osoa irensten dute; nolanahi ere elikagaien benetako sailkapena, digestio-aparatuak ezartzen du (MURINA 1984).

1. argazkia. Substratu gogorrak nahiago dituen gure kostaldeetako espezie bateko (Phascolosoma granulatum-eko) ale batzuk, itsasertzeko harri baten gainean kokaturik. (J.I. Saiz Salinas).

Ugalketarako ere, mekanismo desberdinak deskribatu dira, baina arruntena sexu banatuak egotea da (dioikoak dira) eta ernalketa sexu bakoitzak uretan libre utzi dituen gametoak lotuta gertatzea (kanpoko ernalketa). Hauen garapenaren larba-fasea, itsasoan bizi diren animalia gehienetan bezala, planktonikoa da, hau da, substratuan bizi beharrean, aske egiten dute igeri (CUTLER 1994).

Sipunkulidoak mundu osoko itsasoetan zehar zabaldurik daude, eta itsaso guztietako sakonera guztietan gainera (SAIZ SALINAS 1993). Hori dela eta, animalia hauek kopuru aldetik duten garrantzia ulertuz goaz: sipunkulidoek gure planetaren azaleraren % 75a konkistatu dute eta, askotan, itsasoko animalia bentiko nagusiak dira; kasu batean, oso biomasa handiaren adierazle den 4.000 ale/m2-ko dentsitatea ere aurkitu da (RICE 1983). Baina, zenbat espeziek osatuta dago talde ezezagun hau? Gaur egun, 145 espezie baino ez dira baliokotzat dauzkagunak, azken bi hamarkadetan autore batzuek (egia esan, gutxik) egindako berrikuste- eta sinonimizatze-lanari esker (CUTLER CUTLER eta GIBBS CUTLER 1982-1994, bereziki).

Aipatutako espezie-kopuru horren barruan, eta Zoologian nahiz Botanikan maiz gertatzen den moduan, gehienak tropikoetan baino ez dira bizi, eta gure kostaldeetan biodibertsitatea murritzagoa da. Hala eta guztiz ere, Bizkaiko itsasoan, hogeitabost baino gehiago dira bibliografiak bildu dituenak. Horietatik, ordea, zortziren bat baino ez ditugu aurkituko Euskal Herriko itsasertzetan (SAIZ SALINAS 1993).

Gizakiarentzako erabilgarritasunari buruz

Hainbeste animali eta alga-talde desberdin dituen itsasertz-ekosistema jori horretan, sipunkulidoen aldetik Golfingia generoko bi espezie (G. vulgaris eta G. elongata), Phascolosoma generoko bat (P. granulatum, ikus 1. argazkia) eta beste zenbait generotako (Nephasoma, Phascolion eta Aspidosiphon) espezie batzuk aurki daitezke, beti arroken pitzaduretan edota pareta gogorrak dituen zerbaiten barruan (moluskuen maskor edo poliketoen hodi hutsetan, esaterako). Badaude, baina, beste bi espezie, substratu bigunak nahiago dituztenak: Siphonosoma arcassonense eta Sipunculus nudus.

Izenak izen, baina... egin dezagun ahalegin txiki bat azkeneko izen hori buruan mantentzeko, zeren sipunkulidorik hedatuena bera baita, eta gure artean ezaguna izateko beste arrazoi bat ere bai baitago. Kanabera-arrantza gustatzen zaionak jakin beharko luke espezie hori arrainek oso gustukoa dutela, eta horrexegatik, eskuarki erabiltzen den amuzkia beste zizare-mota bat, hots, Nereis diversicolor anelido poliketoa bada ere, arrantzale batzuek sipunkulidoak harrapatzen edota erosten dituzte, emaitza hobeak lortzearren (2. argazkia).

Baliteke urrunago ere joatea. Munduko zenbait lurraldetan elikadura-iturri dute animalia hau. Afrika eta Asiako kostaldeetako herri batzuetan janari gozotzat hartutako jakiak prestatzen omen dituzte, oilasko-tripa edo gelatinazko gailetak eta antzeko izen adierazgarriak dituztenak (PALLAS 1774; CHIN 1947). Bibliografiaren aipuak antzinakoak izan arren, gaur egun Txina aldeko ohitura hori egiazta daiteke eta, 3. argazkian, ikus dezakegunez, azoketan saltzen den Phascolosoma arcuatum sipunkulidoa erabiliz, elikagai goxo-goxoa (CHEN YEH 1958) prestatuko digute bertakoek.

Bizidunen dibertsitatea eta phylumen beharra

Eboluzio biologikoaren lehenengo ondorioa, natura ikertu edo aztertzen dutenek egunero aurre egin beharreko bizitza-moten aniztasun sinestezina da. Naturaren dibertsitateak espezieen dibertsitateari buruz hitz egitera garamatza. Aipatutako kontzeptua espezie-kopuruei ez ezik ekosistema bakoitzaren joritasun erlatiboei eta abarrei badagokie ere, bizidunen kopurua da, azken finean, lehenengo kausa edo arrazoia (WILSON 1992; ALTONAGA PUENTE 1995a, 1995b).

Bestetik, gizakiak begien aurrean daukana ordenatzeko nahia izaten du beti; horregatik, bizidunak ere, sailkapen hierarkiko askoren pean (hau da, elkarren segidako kategoria inklusiboetan) jarri izan dira (GOULD 1989). Orain pentsa dezagun Lurreko bizitza, denboraren poderioz adarkatuz joan den zuhaitza dela; berehala konturatuko gara adar-pilo hori modu hierarkikoan antolatzea posible dela (ikus 3. irudian). Beraz, metodoa zuzena da eta falta zaigun bakarra adarrak zer diren jakitea da. Adarretako muturretan gaur egungo bizidun-espezieak leudeke; zuhaitzaren oinarrirantz goazen neurrian, espezie horiek genero, familia, ordena, klase, phylum eta, azkenean erreinuetan taldekatuz doaz.

2. argazkia. Substratu bigunetako Sipunculus nudus espezieak luzera ederra lor dezake eta zenbait tokitan jendeak arrantza-amuzki gisa erabiltzeko harrapatzen du.
J.I. Saiz Salinas

Baina hau guztia, zuhaitza ulertzeko modua baino ez da, zeren denboran zehar izan diren bizidun bakarrak espezieak baitira. Generoak, familiak eta aipatutako beste kategoriak, geure burmuina ordenazalearen barruan baino ez daude. Errazago esan, gaur egun espezietzat daukagun indibiduo-talde batek, lau milioi urte barru beste bost espezie eman litzake eta garai horretako taxonomoak, bost espezie horiek generotzat hartuko duen talde batetik sortu direla pentsatuko du, genero hori gure ikuspuntutik espeziea izan arren.

Hierarkia horretan, phylumak beste kate-maila bat besterik ez badira, zergatik eman haiei hainbesteko garrantzia? Bost erreinu daude (Plantae, Animalia, Fungi, Protista eta Monera) (WHITTAKER MARGULIS 1978; MARGULIS SCHWARTZ 1982), eta horien barruan hain bizidun desberdinak daude, non bostek komunean daukaten bakarra maila zelular edo molekularrei dagokiena baita... Beraz, gizakiok maila honetatik behera egin behar ditugu ahaleginak, geure sailkapena osatzeko. Esaterako, phyluma, erreinuen barruko oinarrizko desberdintze-unitatea dugu.

Beste kategoria taxonomikoetan (espezieetan, generoetan eta aipatutako besteetan...) taxon bakoitzaren adituek (koleoptero, marmoka edo hegaztien adituek...) bizidun-moten dibertsitatea behetik gora, urratsez urrats, taldeka ditzaketen bitartean, phylum hitza esanda, badakigu zerbait gehiagorekin jokatu behar dugula: phylum horiek gorputzaren antolakuntza-diseinuak dira. Eta animali diseinuak naturan gauzatzen dira, zalantzarik gabe. Zoologian, phyluma, animalien espezie-kopuru handia nahiz txikia besarkatu duen kategoria taxonomikoa da; espezie horiek gorputzaren antolakuntza-diseinu morfofuntzional originala dute eta, arbaso bakar batetik etorri eta beste phylum baten espezieetatik erabat isolaturik daude (d'HONT 1989).

Hain erraza dirudiena, praktikan buruhauste bilaka daiteke, froga fosilen ezagatik, jatorri desberdinetako bi phylumen arteko antzagatik (analogiengatik), etab. Horretara bi bidetatik iritsiko gara. Lehenengoz, deskribaturiko animalien phylum-kopurua bilatuz: BOYDENek (1973), autoreen arabera 20-35 daudela adierazi digu; bigarrenez, historian zehar beranduen "asmatutako" kategoria da: gure zentzuan, phylumaz lehenengo aldiz, 1874.ean hitz egin zuen Haeckel-ek.

Sipunkulidoen kasua eta bizidunen disparitatea delako kontzeptua

Arestian, platihelminteak eta anelidoak aipatu ditugu, beste zizare-mota batzuk zirela azalduz. Hauek ere bi phylum dira, sipunkulidoak diren bezalaxe. Beste phylum ezagunagoak moluskuena, ekinodermatuena, artropodoena (bere barnean intsektu, armiarma eta krustazeoak dauzkana) eta, nola ez, geure espeziea bereganatua duen kordatuena dira.

3. argazkia. Txinako zoologo bat Phascolosoma arcuatum espeziearen ale batzuk erosten ari da azokan, estatu horren kostaldeko zenbait herritan elkikagai goxo-goxoa prestatzen baitute zizare hauek erabiliz.
Dieter Fiege

Espezie-kopuru, aleen ugaritasun, edota beste arrazoi ekologiko batzuen arabera, phylumak nagusi eta txikietan sailka daitezke. Hau da, gorputz-antolakuntzaren diseinu guztiek, eboluzioan, ez dute arrakasta berbera izan. Testuinguru honetan, sipunkulidoen taldea, bere 145 espezie eta guzti, phylum txiki horietariko bat da. Ez genuke ahaztu behar, ordea, beste diseinu batzuek askoz arrakasta gutxiago izan dutela, eta diseinu horiei dagozkien espezieak, gaur egun, naturan fosil bezala baino ezin aurki ditzakegula. Hau guztia argi gelditu da famatua bihurtu den Burgess Shale-ko (Kanada) fauna fosilean; sistema Kanbriarreko (duela 530 milioi urteko) arroketako aztarnategi horretan gaur egun ez dauden oso animali diseinu zehatzak ditugu. Izan ere, fauna fosil honen arrarotasunak hamarren bat phylum berri deskribatzera bultzatu ditu ikertzaileak (CONWAY MORRIS WHITTINGTON 1979).

Bizitzaren dibertsitatea espezieen kopuruak adierazten duen bitartean, hitz egiten ari garen diseinu desberdinei dagozkien phylumek bizitzaren disparitatea adierazten dute (GOULD 1989). Horregatik, biodibertsitatea erabiltzen dugun bezala, biodisparitatea hitza ere erabil genezake, nire ustez.

Espezieen suntsipenak iradokitzen digunez, bizitzaren historiak, ezabapen masiboen eta bizirik dirauten zenbait stocken barruko desberdintze-prozesuen berri ematen du etengabe. Beraz, Lurrean ehundaka milioi urtetan garatu den bizitzaren laburpena hauxe izango litzateke: biodisparitatea, biodibertsitateari bere lekua betetzen utziz joan da, astiro nahiz gertaera katastrofikoen bidez (GOULD 1989, 1994). Stock horiek phylumak izanez gero, gure sipunkulidoen talde txikia, denboran zehar bizirik mantendu den phyluma da, aurrerago ikusiko dugunez. Eta galdera asko ditugu hemen. Suntsipen gogorrak jasan behar izan al dira taldearen barruan? Garai batean sipunkulidoen dibertsitatea gaurkoa baino handiagoa ote zen? Ez daukagu fosilik eta, horregatik, balioespenak egitea ere oso lan zaila da.

Sipuncula phylumaren historia

Gure zizare hauek sartuta dauden taxonaren historia hierarkikoari begiratzen badiogu, oso korapilotsua izan dela ikusi ahal izango dugu. Izan ere, familia, ordena, klase eta, azkenean, phylumtzat hartu izan da, azkeneko hiru mendeetan zehar (CUTLER 1994).

Animalia eta landare askoren kasuetan gertatzen den moduan, hemen ere, deskribapenerako erabili den abiapuntua Linneoren lanean bilatu behar dugu. Hala ere, bera ez zen izan animalia hauek deskribatu zituen lehenengoa. 1555. urtean, Rondelet frantziarrak bi espezie deskribatu eta marraztu ere egin zituen. Historian zehar mantendu diren bi espezie horien izenak, ordea, Linneok bere aurrekoari kasurik egin gabe jarri zituenak dira. Hortik aurrera eta gure egunetara arte, ehundaka espezie agertu dira, baina gaur egun horietatik portzentaia handia sinonimoak baino ez dira. Bide luze honetan, garrantzizkoa da Pallasen lana, sipunkulidoen irudietan zootomiak, hau da, zizareen disekzioaren ondoren ikusten denaren marrazkiak sartzen baitzituen, eta horrela metodologia berria inauguratu zuen (SAIZ SALINAS 1993).

Taldearen sistematikan, XVIII. eta batez ere XIX. mendeetan, izandako aurrerapen eta atzerapen guztien berri ematea oso luzea izango litzatekeenez, ideia bati baino ez diogu eutsiko: Linneo-ren lanetik XIX. mendeko Frantzia entziklopedikoaren De Quatrefages ikertzaileraino, sipunkulidoen estatusa, gaur egungo ikuspuntutik, hobetuz eta gero eta maila altuagoan kokatuz joan zen pixkanaka. Azkeneko autore honen iritziz, sipunkulidoek, beste zizare-mota diren ekiurido eta priapulidoekin unitate bat osatu behar zuten, eta unitate horri "Gephyrea" izena jarri zion. Eztabaidaz betetako ehunen bat urte igaro ondoren, 1959.ean, Hyman izan zen unitate artifizial hori baztertu zuen emakumea, sipunkulidoen talderako phylum-maila eta "Sipunculida" izena bereganatu zuenean. Urte batzuk iragan ondoren, izenaren azkeneko aldaketa izan zuen phylumak: gaur egungo "Sipuncula" ipini zitzaion.

Sipuncula phylumaren leku eta eboluzioa

4. argazkia. Sipunculus nudus espeziearen ale bat hondarpera sartu nahian. Baliteke txoko ekologiko egokiak aurkitzeak zizare berezi hauek orain arte bizirik irauten lagundu izana.
Dieter Fiege

Sipunkulidoen animali sailkapenaren barruko lekuak ornogabe eta zizare-itxurako izatearekin zerikusia badu. Baina ez da nahikoa. Gauzak zehatz-mehatz adierazteko, beste zerbait gaineratu beharrean gaude: a) metazoo zelomatuak dira: antolakuntza plurizelularra duten eta enbrioi-garapenean agertzen diren zelula-geruzen artean barrunbedun edo zelomadun animaliak dira; b) protostomatuak dira: ezagunak ditugun animalia gehienak zelomatuak badira ere, zelomatua izateko bi modu edo bide daude (hau ere, garapenaren arabera): protostomatuen eredua ala deuterostomatuen eredua; c) segmentatugabeak dira, hasieran adierazi dugun bezala.

A priori arazoa asko argitzen ez diguten ezaugarri hauek, ordea, labirinto ebolutiboaren leku (edo hobeto esan, zona) batean kokatu dute taldea. Labirinto horretara sartzen ausartu direnen artean, autore batzuek sipunkulidoek anelido, ekiurido eta beste zenbait talderekin dituzten antzak ikusi eta deskribatu dituzte... Lehengo bizitza-zuhaitz bezalako bat hartuta, RICEk (1985) sipunkulidoak molusku/anelido lerrotik banandu zen adartxo bat izango direla dio, moslukuak eta anelidoak ahaideturik omen dauden bi phylum izanik. Zoritxarrez, fosil gutxi batzuek eskain liezaguketen informazio baliotsua, oraindik ere zientzia-fikzioa da.

Noiz gertatu zen hau guztia? Phylumaren jatorria orain dela 570 milioi urte hasitako sistema Kanbriarrean koka dezakegu. Historia geologikoan zeharreko fosil eza, gorputz bigunetako ezaugarriarengatik ez ezik, ekosistemetan urri zirelako ere azaltzea posible izango balitz... nola ulertuko genuke zizare hauek orain arte bizirik iraun izana? Baliteke, espezie-kopurua baxua eduki arren, sipunkulidoak beti nahikoa ugari izana. Dirudienez, Sipuncula, adarkadura- eta suntsipen-historia ezezaguna duen antzinako taxona da. Taxon honek hasieran aldaketak azkar jasango zituzkeen; gero denbora luzez itxura bera mantenduko zukeen eta haren kideek, orduan estaliriko txoko ekologikoetan bizitzen segitzeko aukera izango zuketen (ikus 4. argazkia) (CUTLER 1994).

Talde zahar honek suntsipen-indarraren pean ez galtzea nola lortu duen azaltzeko, beste arrazoi edo hipotesi bat ere badago. Ekialdeko zenbait herritako biztanleek baino ez dituzte sipunkulidoak beren dietan sartu. Zer gertatuko litzateke Mendebaldeko jatetxe txinatarrak elikagai goxo-goxo modura zerbitzatzen hasiko balira?

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
MAIER Koop. Elk.
KIDE Koop. Elk.
ULMA Koop. Elk.
EIKA Koop. Elk.
LAGUN ARO Koop. Elk.
FAGOR ELECTRÓNICA Koop. Elk.