PVCa: luzaroan itzaliko ez den polemika

PVCa erabilera anitzeko material plastikoa da. Dituen aplikazioak desberdinak eta ugari direnez, gizarte aurreratuen ohiko bizitzan gero eta gehiago erabiltzen da. Halaber, plastiko honen osagaiek sor ditzaketen arazoak direla eta, aurkako erreakzio asko ari da sortzen.
PVCk dituen aplikazioak desberdinak bezain ugariak dira: ura gordetzeko botilak, edukiontziak, janariak biltzeko xaflak, kreditu-txartelak, jostailuak, leihoak, pertsianak, boligrafoak, kableak isolatzeko materialak, ospitaleetako hainbat tresna, automobilen piezak, etab. fabrikatzeko erabiltzen baita.

PVC, edo binilo polikloruroa, binilo kloruroaren (CH2=CHCl) polimerizazioz lortzen dena, erabilera anitz dituen material plastikoa da. Dituen aplikazioak desberdinak bezain ugariak dira: ura gordetzeko botilak, edukiontziak, janariak biltzeko xaflak, kreditu-txartelak, jostailuak, leihoak, pertsianak, boligrafoak, kableak isolatzeko materialak, ospitaleetako hainbat tresna, automobilen piezak, etab. fabrikatzeko erabiltzen baita. Beraz, gaurko gizartean ezinbesteko material bihurtzen ari da nabarmen.

Alabaina, PVCa aurkakotasunak sortzen hasia da; giza sektore askok kritika gogorrak egiten dizkiote plastiko honen osagaiek sor ditzaketen ingurugiro- eta osasun-arriskuak direla eta. Eztabaida ez da berria, arriskugarritasunaren argudioak aspaldidanik plazaratzen hasi baitziren talde ekologisten ahotik. Plastikoaren industriak, jakina, gogor erantzun die beti argudio horiei, aurkako tesia frogatzeko ahalegin guztiak eginez. Asko dira egindako ikerketak, horietariko asko plastikoaren industriak berak bultzatuak.

Ondorio eta emaitzen dantza horretan era guztietako erantzunak aurki daitezke eta argudio-mota guztien euskarri gisa erabil daitezke. Zenbaitzuek, zuhurtasunaren printzipioari jarraikiz, PVCaren erabilera alboratzea erabaki dute jada, baina, tamalez, herri eta estatu gehienetan ez da horrelako hauturik egin, gobernuek industriaren presioaren aurrean burua makurtzen dutelako sarri.

PVCaren arriskugarritasunaren inguruko polemika

Plastiko-mota honen ekoizpena kloroaren industri mailako erabilerarekin lotura estua du. Elementu hau erabiltzeak produktuaren bizitza osoan zehar sortzen ditu arriskuak. Kloroa, erreakzionatzeko gaitasun handia duen gai kimikoa da, ingurugiro- eta osasun-arazo handiak ematen dituena (gaixotasunak, kate trofikoaren eta ekosistemen hondatzea, ozono-geruzaren suntsitzea, ...). Bestalde, PVCak plastifikatzaile eta egonkortzaile gisa jokatzen duten aditiboak edukitzen ditu. Lehenengoen artean ftalatoak daude, ustez minbizi-sortzaileak, eta bigarren taldean metal astunak, kadmioa eta beruna direlarik ohikoenak. Zenbait ikerketak aditzera eman dutenez, gai hauek plastikotik janari, edari eta, oro har, ingurunera, emigratzeko gaitasuna dute.

Arrisku hau are handiagoa omen da tenperatura igo ahala eta barruko gaia gantza bada. Mikrouhin-labeetan janaria berotzeko erabiltzen den PVCzko xafla finarena da kasurik nabarmenena, PVCaren alde daudenek ere aitortzen baitute migrazioa gertatzen dela. Plastiko zurrunei (ur-botilei) dagokienez, ordea, ez dago kontu honen inguruko adostasunik. Umeek ahora ditzaketen PVCzko jostailuetan fenomeno bertsua gertatzen dela plazaratu da duela gutxi. Greenpeacek, hain zuzen ere, kanpaina bortitza egin du gai honen inguruan eta, ondorioz, zenbait herrialdetan, baita Espainian ere, horrelako hainbat produktu, badaezpada, merkatutik erretiratzea erabaki dute.

PVCak kontrolik gabe errez gero azido klorhidrikoa, dioxinak eta oso toxikoak diren substantzia organokloratuak sortzen ditu. Beraz, material honekin eraikitako egitura oro oso toxikoa izan daiteke sute batek harrapatzen badu. Etxeetan eta eraikuntzetan usu gertatzen diren suteetan pentsatu besterik ez dago arriskuaz ohartzeko. Hamaika ikerlan egin dira eraikin eta instalazioetan gertaturiko suteetan dioxinak eta kloroaren eratorriak aireratzen direla frogatzen dutenak. Halaber, PVCak zabortegietan sortzen dituen arriskuak ere gogoan izatekoak dira, hauetan, bertako prozesuen ondorioz, kontrolatu ezinezko konposatu organokloratuen emisioak gertatzen baitira.

Adituen Batzordearen txosten ustela

Gaiaren polemika ikusita eta zein ildori jarraiki erabaki aurretik, arazoa aztertuko zuen adituen batzorde bat eraikitzea erabaki zuen Espainiako gobernuak. Batzordea hainbat ministeriotako, industrietako eta zientzialarien kontseiluetako ordezkariek osatua zen eta haien alboan talde sindikal eta ekologisten ordezkariak ere eseri ziren. Eginiko lanaren emaitza gisa, batzordeak txosten bat tajutu zuen gizarte-talde batzuen adostasunik lortu ez zuena.

Txosten honek PVCari arazo gutxi aitortzen dizkion arren, ez du oraindik azkenburuko onarpenik jaso, horrek lege-erabakiak hartu beharreko kinkan ipintzen duelako gobernua eta hori ez da gauza samurra plastikoaren industria bortitza atzean edukita. Txostenaren arabera, ez dago PVCa baztertzeko arrazoirik, bere ekoizpenean, erabileran eta eliminazioan beharrezko maneiu-baldintzak betetzen badira. Haatik, zabortegiak eliminazio-bide desegokia dela aitortzen du, tokian substantzia arriskutsuak aska daitezkeelako eta, beraz, zabortegiak azken aukera izan daitezela gomendatzen du. Emaitza hauek, jakina, berehalako erantzuna eta aurkakotasuna sorrarazi dute PVCaren kaltegarritasuna frogatutzat jotzen duten gizarte-taldeetan. Antza denez, batzordeak ez ditu inola ere kontuan hartu kaltegarritasunaren froga gisa ekologistek aurkeztu dituzten ikerlanak.

Espainiako gobernua, prekauzioaren printzipioa mespretxatuz, interes ekonomikoen aurrean makurtzeko asmotan da. Bistan da ekologistek aurkako kanpainak eginez jarraitu beharko dutela eta polemikak bere horretan iraungo duela. Azkenean, eta beti bezala, kontsumitzailearen esku geratuko da aukera egitearen ardura.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila