Poligrafoaren gorabeherak

Azkune Mendia, Iñaki

Elhuyar Fundazioa

Gezur-detektagailua edo poligrafoa egiteko ideia lehen aldiz mendearen hasieran sortu zen eta aparatua bera 50eko hamarkadan egin zen. Harrezkero gero eta fidagarriagoak egin dira eta zenbait Estatutako epaileek gero eta gehiago erabiltzen dituzte.

Poligrafoaren oinarri zientifikoak

Poligrafoa pertsonaren zenbait parametro fisiologikoren aldaketak paperean edo pantailan erregistratzen dituen aparatua da. Datuak pertsonarengan ipinitako kaptoreen bidez jasotzen dira. Tentsioa neurtzekoak, bularra inguratzen duten “gerrikoak” (arnas mugimenduak neurtzeko) eta batez ere elektrodo digitalak (izerdia neurtzeko) ipintzen dira proba egin nahi zaion pertsonaren gorputzean.

Poligrafoa aparatu interesgarri bihurtzen duena, azaleko erreakzioak erregistratzea da. Izan ere, azaleko jarduera elektrikoa (elektrodermal deitutakoa) emozioen adierazle onenetakoa baita. Gure gorputza pertsonaren borondateak menperatu ezin dituen eta nerbio-sistemakoak diren bi osagairen eraginpean dago etengabe: bata sistema sinpatikoa da eta bestea parasinpatikoa. Elkarren kontrako diren bi osagai hauek gure organo gehienak erregulatzen dituzte.

Poligrafo edo gezur-detektagailu honek pantailan erregistrarazten ditu tentsioan, arnasean edo izerdian izandako aldaketak; baita emozio handiaren indizeak ere.

Edozein eraso, beldur, emozio eta abarrek berehala kitzikatzen du nerbio-sistema sinpatikoa. Horregatik, besteak beste, bihotzak taupada gehiago ematen du, arnasa bizkortu egiten da, etab. Batez ere sistema horrek izerdi-guruinak deskargarazi egiten ditu, baina bi motako izerdi-guruinak daude: termorregulazioko edozein prozesutan parte hartzen duten guruin apokrinoak eta guruin ekrinoak. Azken hauek esku azpian eta oin azpian daude eta emozioekin baizik ez dira aktibatzen. Beraz, poligrafoarentzat oso interesgarriak dira.

Guruin ekrinoen jarduera neurtzeko metodo bat baino gehiago dago. Bata Ingalaterran garatu da kanal sudoriparoetako ttantta-produkzioa neurtzean oinarritzen da. Izerdi-bolumena guruinaren jarduerarekiko proportzionala da. Beste sistema bat nazioartekoa da eta konduktantziaz jarduera elektrodermala neurtuta jakiten da. Bi elektrodo ipintzen dira hatzetan eta gero mikrokorronte elektrikoa pasarazten da azalean. Korrontea errazago pasatzen da azalean izerdia dagoenean.

Saioko galderak

Poligrafoa maneiatzen duenaren eta aztertzen den pertsonaren arteko elkarrizketa bi eta lau ordu bitartekoa izaten da. Elkarrizketa osoa filmatu eta grabatu egiten da. Pretest deitutako lehen fasean, aztertzaileak prozedura azaltzen dio erantzunak emango dituen pertsonari. Gero testean egingo dizkion galdera guztiak azaltzen dizkio. Testean egiten edo esaten den guztia aurrez egiten eta esaten da.

Hamar galdera itxi prestatzen dira. Batzuk neutroak dira eta arrasto fisiologikoak ebaluatzeko balio dute (“gaur ostirala al da?” eta antzeko galderei bai edo ez erantzutea eskatzen da). Beste galdera batzuek pertsonaren adorea neurtzea dute helburu (“oraindik egin gabeko galderaren bat egingo dizudan beldur al zara?”, “galdera guztiei egia erantzuteko asmoa al duzu?”, etab. dira horietakoak). Azkenik, beste galdera batzuk salaketa egiteko dira (bai ala ez erantzutekoak dira). Testa egin ondoren, datuak analizatu eta emaitzak interesatuari jakinarazten zaizkio.

Poligrafoaren erabilerak

Poligrafoetako emaitzek epaitegietan froga gisa balio ez badute ere, Belgikan azkenaldian erabili izan da. Brabante-n 1982 eta 1985a bitartean 28 pertsona hil eta dozenaka zauritu ziren, baina epaileek gaizkileen arrastorik gabe zebiltzan. Hamabost urte geroago, teknika berriak erabili dituzte: ADN-analisiak, hipnosipean egindako aitorpenak eta gezur-detektagailu edo poligrafoa.

Brabanteko hilketetako 18 susmagarriri eta hainbat kasutan inplikaturiko 12ri egin zaie testa eta emaitzak onak izan dira. Testak positibo emandako hiru susmagarrietako bik gero errudun direla aitortu dute. Baina erruduntzat hartutako beste hiru gezur-detektagailuaren arabera ez dira eta behin-behineko askatasunean kartzelatik irtetea espero dute.

Horretarako, ordea, bada oztopoa: ADN-analisiak ez bezala, poligrafoak eskainitako emaitzak ezin dira epaitegietan froga gisa erabili. Dena dela, testa amaitu ondoren testari buruz lortzen diren aitorpenak bai, horiek erabil daitezke. Belgikako esperientzian testa egindako ehuneko hogeita hamarrak gezurra esaten duela ikusi da, eta gero emaitzen inguruan horietako ehuneko laurogeita bostak aitorpenak egiten ditu.

Poligrafo-erabiltzaileak

Ohiko poligrafo honek paperean erregistratzen ditu tentsio, arnas eta emozio-aldaketak.

Gaur egun poligrafoa erabiltzeko gai diren teknikari gehienak Estatu Batuetan eta Kanadan daude. Mila eta berrehun inguru dira guztira eta gehienbat hilketak, bahiketak, etab. argitzeko edo aseguru-etxeentzat lan egin behar izaten dute. Orain dabiltzan guztiak Estatu Batuetan ikasitakoak dira, baina Quebec-en eskola berria prestatzeari ekin diote.

Epaitegietarako lan egiteaz gain, enpresa pribatuentzat ere lan egiten dute; kontratatu behar dituztenei testak egiteko askotan. Eginkizun horretarako, ordea, 1988. urteko lege batek Estatu Batuetan mugak ezarri zizkieten, gehiegikeriak saihestearren. Horregatik, poligrafoaz proba egiten zaionari bere ideia erlijioso, sexual edo politikoez ez dago galderak egiterik.

Ipar Ameriketatik landa ere maiz erabiltzen da poligrafoa Errusian, Europako ekialdeko Estatuetan, Alemanian, Erresuma Batuan eta Israelen. Errusian Media-Most enpresan erabiltzen dute; legearen arabera erabili ere. Diotenez, poligrafoa erabiltzearen helburua enpresa lehiakideek isilpean bidalita lan eske datozenak zein diren jakitea da.

Israelen funtzionarioak eta politikariak zintzo ari direla egiaztatzeko erabiltzen dute poligrafoa. Erresuma Batuan berriz, batez ere sexu-hilketak argitzeko edo enpresa pribatuetan.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila