Piztizaleon berriak: Maiatza

Maiatza, ezin ederragoa

Uzturre, berde-berdea maiatzean.
M.M. Elosegi

Pixkanaka zuhaitzak hostoz janzten joan dira. Pago eta haritzei gehixeago kosta zaie baina azkenean, guztiak berdetu zaizkigu.

Zenbait egunez, pagadien berdetasuna sinesgaitza izan ohi da, eta oihan ilun hauen baitan kolore berde bizi-biziko argitasun zirraragarria egoten da. Hasiera batean zuhaitz-espezie bakoitzaren kolorea berezia izaten bada ere, egunak pasa ahala, iluntzen joaten dira eta espezie desberdinak urrutira bereiztea zailago gertatuko zaigu. Loreak berriz, zein baino zein politago, zein baino zein usaintsuago ditugu, intsektuak erakarri eta ugaldu ahal izateko. Animaliei dagokienean, ugalketaren goreneko unean daudela eta, ez dute denbora galtzerik. Bestalde, zomorroak ugaritu eta azken migratzaileak iristearekin batera, gure udaberriko fauna osatua izanen dugula aipatu behar da.

Eta batzuk eguzkia hartzen?

Pagadiak kolore harrigarria hartuko du hostoak berritzerakoan.
M.M. Elosegi

Ez al dugu bada denbora galtzerik ez dagoela esan? Zertan ari dira orduan sugandila eta sugeak eguzkia hartzen?

Lehenagotik erdizka ulertzen banuen ere, kotxea erosi nuenetik ezin hobe ulertzen dut hau. Izan ere, nire auskalo zenbatgarren eskuko kotxea ezin da hotz egiten duenean (maldan behera jaitsita ez bada) martxan jarri. Eguraldi hotza eta euritsuarekin berriz, maldan behera ere nekez.

Antzeko zer edo zer gertatu behar zaie narrasti eta “odol hotzeko” animalia gehienei martxan jartzeko, eta horregatik, eguzkia atera ahala, luze-luze jartzen dira berotu nahiean. Askok gorputza zapaltzen dute, eguzkitan ahalik eta azalera handiena jarri nahiean. Behin odola epeldu zaielarik, ehizan has daitezke. Sugandilak zomorro txikietan trebatu dira, eta sugeak berriz, sugandila, sagutxo, eta bestelako ornodun txikietan.

Intsektuak ugari

Pagoaren berdetasuna... sinesgaitza.
M.M. Elosegi

Arretaz begiratzen baldin badugu intsektuak toki guztietan daudela ohartuko gara: belarretan, orbelean, harripean zein airean. Guztien artean, tximeletak ezagunenetarikoak ditugu. Kolore deigarriz apainduta eta mugimendu berezien bidez, ugalkideak erakartzen saiatzen dira eta parekatu ondoren, beldarren gustuko landareetan erruten dute. Osinetako tximeleta, esate baterako, Euskal Herriko arruntenetarikoa da eta izenak dioen bezala, arrautzak osinetan jartzen ditu. Bertan jaiotzen diren beldarrek erruz jaten dute, energia metatu, metamorfosia burutu, eta tximeleta bihurtu ahal izateko.

Arrautzak, txitoak, kumeak… a zer nolako lana!

Egun eguzkitsuetan tximeletak nonahi agertuko dira.
M.M. Elosegi

Habia dantzan somatu orduko eta begirik oraindik ireki ez badute ere, zozokumeak ahoa guztiz zabaldu eta txioka hasi dira. Aitak zizare-pare bat zekartzan eta kumeen aho gorri-gorriak ikusita, hauek berehala bazkatu eta berriro ere ehizara atera da. Emea hiru minutu beranduago iritsi da matxinsalto batzuekin eta aurreko zizarea erdi irentsita zuten arren, txitoek beste behin ere ahoa ireki eta gehiago eskatu dute. Hauen goseak mugarik ez duela dirudi! Lepo jaten dute, hazi eta lehenbailehen habiatik alde egiteko.

Txori askok bigarren txitaldiari ekin diote eta emea bigarren txandako arrautzak berotzen ari den bitartean, aurreko kumaldiko txitoak, bazka eske dabiltza aitaren atzetik. Hasieran honek hutsik egin gabe bazkatzen zituen, baina gero eta gutxiago arduratzen da txitoez. Hauek berriz, gero eta gehiago eskatu behar diote aitari eta une batetik aurrera, bazka eskatzea euren kabuz lortzea baina nekosoagoa bihurtzen zaienean, bazka bila hasi beharko dute. Horixe zen hain zuzen ere gurasoek nahi zutena. Txitoak euren gisa molda zitezen, alegia.

Txitoen biziraupena

Iparraldeko suge leuna ehizara atera da. Maiatzean sartu arte nekez topatuko dugu suge hau.
M.M. Elosegi

Atera ditzagun kontuak. Gure korrespontsalak elkarrizketatu duen zozoak bi kume atera zituen aurrena, lau bigarren txitaldian eta hiru gehiago hirugarrenean. Beraz, bi zozo genituen lekuan (bederatzi gazteak gehituta) orain 11 ditugunez, populazioa hazten ari dela ondoriozta genezake, ezta? Ez bada! Urtea joan urtea etorri txori gehienek txito asko ateratzen dituzte baina populazioek ez dute gorabehera izugarririk izaten.

Nola ulertu bada hau? Animalia batzuk hainbeste kume egitearen arrazoia, espeziearen hilkortasun handiarekin orekatzen da. Honela, gure zozoak habiatik ateratako txito gehienak, harrapariek ehizatuko dituzte, goseak hilko dira, edo auskalo nola akabatuko duten, baina oso gutxik lortuko dute heldutasunera iristea. Adituen ustez, txori-espezie gehienetan jarritako arrautzen % 10 edo gutxiago iritsiko da heldutasunera.

Basoilarraren araldia

Ilundu orduko trikua martxan jarriko da. Ugaztun arrunta den arren errepideetan gehiegi hiltzen dira.
M.M. Elosegi

Egunsenti gorria Pirinioetako oihan ilun batean. Lehen eguzki-izpiekin batera urrunean soinu harrigarriak entzun dira. Pinu baten puntan, basoilar dotorea amodiozko kantuak abesten ari da. Lurreratuta, hegoak zintzilikatu, buztana erabat zabaldu, lepoko lumak harrotu, eta gora begira jarrita, oilar erraldoiak abesten jarraitu du. Mamu baten antzera, eme bat ezkutuka hurbildu zaio eta ohartu denean, arra itsu-itsu hasi zaio abesten. Beranduxeago, arrak emea estaltzea lortu du eta bigarren hau hasia da iada, arrautzak erruteko ezkutuko zokoren baten bila.

Trikua bide erdian

Trikua, kirikinoa, edo sagarroia, nahi duzuen bezala, maiz ikusten dudan animalia da, baina zoritxarrez, gehienetan errepidean zapalduta aurkitzen dut. Arantzez jantzitako ugaztun maitagarri honek, eboluzioan zehar, defentsa-sistema ona lortu zuen oso. Izan ere, gutxi dira trikua bildu eta arantzezko pilota bihurtzen denean, menpera dezaketen harrapariak.

Basurde-kumeak, pixkanaka, bazka bilatzen ikasten ari dira. Dena den, hauek ez dute oraindik amaren errapea utzi.
M.M. Elosegi

Errepidetan ordea, milaka urtez baliagarri izan zaion sistema berbera erabiltzen jarraitzen du. Horregatik, errepidea gurutzatzen hasi eta zer edo zerk izutzen duenean, kiribildu eta bertan gelditzen da. Ondorioa guztiok ezagutzen dugu: ibilgailuak jotako triku gizarajoa taloa bezain zapala. Noiz ikasiko ote dugu animalientzako pasabideak egiten?

Basurdea kumeekin

Sastrakadian behera, zerrama ederra dator bere 5 kumeekin. Ama ilun-iluna bada ere, kumeak arrasto horiak dituzte eta ederki kamuflatzen dira basoan. Iadanik amari jarraitzen ikasi dute eta edoskitzaroa amaitu ez duten arren, muturra lurpean sartu eta euren kabuz, bazka bilatzen ikasten ari dira. Ehiza-presio handia pairatzen duten arren, ugaztun bizkor hauen populazioak gora egin du azken urteotan gure lurraldean eta beraz, ez da harritzekoa garai honetan basurde-koadrilaren batekin topo egitea.

Elhuyarreko kazetaria: -Zorionak Enara anderea!
- Eskarrik asko!

Elhuyarreko kazetaria: - Zorionak Buztangorri jauna!
- Mila esker! Baniak eh? gosetutako sei kume
zeuzkeat bazkatzeko!

Elhuyarreko kazetaria: - Zorionak Zozo anderea, zer moduz familia?
- Ongi, bai, eskerrik asko! Lehenengo txitaldian bi kume atera nituen eta kozkortu dira iadanik. Orain berriz, beste lau dauzkat habian eta okerrik ez bada, guztiak haziko ditut. Eguraldiak laguntzen badigu gainera, hirugarren txitaldia ateratzen saiatu nahi genuke.
Eta axola ez bazaizu, txitoak hamazazpigarren aldiz bazkatzera noa, aio!

Elhuyarreko kazetaria: - Zorionak Bele jauna!
- Alde haize hartzera, alu arraioa!

(Gure kazetaria batzuetan astun samar jartzen da eta garai honetan hegazti gehienak estresatuta ditugunez, ulergarria da jarrera hau. Dena den, beleak beti izan dira zipotzak kazetariekin...)

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila