Piztizaleon berriak: Iraila

Akabo uda (bai motza egin zaigula!). Herrietako festak bukatu, giroa freskatzen hasi eta kandela sudurrera itzultzearekin batera, udazkenean sartu garela ohartuko gara. Ibaiak motel, gogorik ez balute bezala, eta gogo gutxi samarrez, halaber, umeak eskolara. Izenak adierazten duen bezala, ira edo garoa egiten den hilabetea dugu hau eta dagoeneko kolore gorri-gorria du. Belarraren koloreak ere, bere onenak emanda dagoela erakusten du eta mendiari zahartzaroa iritsi zaiola dirudi.
Uda ez du askorik irauten Euskal Herriko mendi aldean. Lau egun eguzkitsu harrapatu orduko, udazken kutsuko egunak iristen dira. Argazkian Berastegi.
M.M. elosegi

Dena den, tenore hau arras eskuzabala dugu. Sasiak masustaz josita daude, antxumelo edo patxaranak elorri-beltzetan, larrosak fruitu gorriz beteta... eta, gainera, euririk eta giro epelik egin baldin badu perretxiko-kolperen bat suerta liteke. Animaliek noski, ez dute energia metatzeko aukera paregabe hau pasatzen uzten eta amorruz jaten dute zer datorkien jakinda edo...

Azken putzuei begira

Lehortu ez diren putzuetara egindako azken bisitaldian oraindik ere apaburu mordoska aurkitu dugu, baina hauetariko asko igeltxo edo apotxo bihurtzear zeuden. Uretako bizimoduari agur esan ahal izateko, besteak beste, buztana zurgatu eta hankak eta birikak garatu beharko dituzte. Horiek burututa, lehorrean biziko dira baina larruazala beti heze mantendu beharko dute.

Iraila dugu harrapariak migratzen ikusteko hilabete onena. besteak beste, gabiraiak (argazkian), aztoreak, belatz gorriak eta arrano txikiak ikus daitezke. (M.M. elosegi).

Putzu berean belaunaldi berriko suge gorbataduna ere aurkitu dugu. Bizi-bizi, gisa honetako gaztetxoek ahal den guztia ehizatzen eta kozkortzen saiatu behar dute negua iristen denerako sasoian eta indartsu egon daitezen. Izan ere, neguan zehar orain metaturiko energiari esker biziko dira eta behar adina hazten ez badira, ez dira bizirauteko gai izango.

Putre-festa

Zalaparta ikaragarrian, dozenaka sai arre ardibide batean hildako ahuntza jaten ari dira. Otordu hauetan elegantzia gutxi baina haragia garbitzeko abilidade bikaina ikusiko dugu. Ahuntzak ez du askorik iraun; saiak mokoka hasi direnetik ordu laurden inguru edo. Haragia, hesteak, tendoiak eta barren guztiak janda, larrua eta hezurrak besterik ez dituzte utzi. Sarraskijale hauek, ordea, lan ezinhobea burutu dute: haratustelaren energia birziklatu eta bidenabar, honek sor lezakeen kutsadura ekidin.

Birziklapenarekin aurrera

Eguraldi bikaina Irurtzungo Haitzpeetan. Oraindik ere bero handia egin dezake.
M.M. elosegi

Dena den hildako ahuntzaren birziklapena ez da hemen amaitu. Izan ere, Pirinioetako alde honetan bizi den ugatzak bigarren urratsari ekingo diogu. Sai berezi hau hezurretaz eta hauen barruko muinez elikatzen da eta hauek garbitu ondoren, hildako animalietatik ezer gutxi geratu ohi da. Tamaina handiko hezurrak irentsi ahal izateko sarraskijale harrigarri honek hankekin heldu eta gora igotzen ditu hegan.

Bere burua harkaitzen baten parean ikusten duenean, hezurra askatzen du lurra kolpatuz puska dadin. Gero, lurreratu egiten da puska hauek bilatu eta irensteko. Zoritxarrez, hegazti dotore hau ikaragarri urria da. Azken urteotan populazioak zertxobait hobera egin badu ere, Pirinioetan gaur egun, 70 ugatz-habi inguru besterik ez daude.

Hegazti askoren migrazio-garaia

Orein arrak marraoka hasiko dira hilaren erditik aurrera, eta hilabete inguru pasako dute araldian. Hauen orroe izugarriak erraz entzun daitezke Iratin, Gorbeian edota mendira joaterik ez dutenentzat... Iruñeko Takoneran.
M.M. elosegi

Aurreko bi hilabeteetan hegazti-mugimendurik egon bada ere, irailean ikusgarria bilakatzen da hau. Etxeko leihotik, adibidez, egun batzuetan enara azpi-zuriak argi-indarreko harietan elkartzen ikus genitzake eta egun batetik bestera alerik ere ez dagoela ohartuko gara.

Saharako basamortutik haranzko lurraldeetara joko zuten, hantxe gelditzen baitira udaberrira arte. Usapalek eta galeperrek ere Afrikarantz migratzen dute tenore honetan, baina ingurunearen aldaketa bortitzen eta ehizaren eraginez, ez dira garai batean bezain beste ikusten.

Hauxe dugu harrapariak migratzen ikusteko hilabete onena. Paseko egun on batean, gabiraiak, aztoreak, belatz gorriak, belatz handiak, arrano txikiak, sugezaleak, arrantzaleak, mirotz zuri eta urdinak, eta abar ikus daitezke, eta espezie desberdinak bereizten ikasteko aukera berebizikoa da.

Arabako El Ciego aldeko argazkia. Hegoaldean eguzkiak belar gehienak idortu egin ditu.
M.M. elosegi

Harrapari hauek gehienak planeatzaileak ditugu eta haizea berotuta sortzen diren korronte termikoak hartzen saiatzen dira ahalegin txikiena eginez bidaiatzeko. Eguerdi aldeko orduak, hortaz, egokienak izan daitezke hegazti hauek behatzeko.

Erne Txingudi, Urdaibai eta gainontzeko hezeguneetan, zangoluzeen mugimendu handia egon daiteke eta. Pirinioetan berriz, Lindux, Ibañeta, Lizarrieta eta Organbidexkan, jadanik prest ditugu hainbat taldetako ornitologoak migratzaileen urteroko zentsoak egiteko. Aukera paregabea migrazioari buruz ikasi eta bidenabar, jende jator askoa ezagutzeko.

Artzainak ere migrazioan, erronkaritarren ardibidean

Lehen elurteak iritsi aurretik, artzainek abereak hartu eta beheranzko bidea hartuko dute. Hau dela eta, San Migel alderako normalean, goiko larreetan animalia gutxi ikusiko dugu.

Hegazti askok urteroko migrazioari ekin dio honezkero. Argazkiko euli-txori beltza Afrikarako bidean dugu.
M.M. elosegi

Azken finean, larre-aldaketa hauek eta arestian aipatutako hegaztien migrazioaren artean antzekotasunik bila daiteke. Honela, batzuk zein besteak, urtaro desberdinetan, bazka ugariena eta giro onena duten lekutan egoten dira.

Normalean artaldearekin leku-aldaketa handiegiak egiten ez badira ere, Nafarroan bada 6-7 egunetako eta 130 km inguruko bidea egiten duen artzainik. Erronkaritarren ardibidean, adibidez, 20.000 buru mugitzen dira urtero Pirinioetako goi-larreetatik negua igaroko duten Bardeetako lurretaraino.

Igaraba ur-salto freskoetan

Gutxi dira Europa aldean igarabak bezain martxa txarra eraman duten ugaztunak. Animalia gizarajo honek denetatik pairatu behar izan du: ibaiak poluitu eta ibai-bazterreko landaredia txikitzeaz gain, gizakia gogor saiatu zen arrantza kaltetzen zuen aitzakian erditik kentzen. Igaraba, ordea, gure animalia ederrenetarikoa da. Alaia eta jostalaria da, igerilari eta arrantzale aparta, eta ibaien osasun-egoeraren adierazle fina.

Apaburuen hilkortasuna handia da oso. Honi, halare, gutxi falta zaio igel berde bihurtzeko.
M.M. elosegi

Euskal Herrian, ongi samar kontserbaturiko ibaietan besterik ez da bizi: Aragon, Ega, Bayas, Zadorra eta ez askoz gehiagotan. Garai honetan, kumeak hazita ditu eta ama bazkaleku onenak aurkitzen erakusten ari zaie. Ur gutxi eta epel antza dagoen sasoi honetan eta, beti bezala, arrainen esperantzan, ur-jauzi freskoen inguruan ibiltzea gustatzen zaie. Nekez ikusiko dituzue, baina agian arrastoak aurkitzerik izango duzue.

Oreinen amodio-tenorea

Maaaaaaaooooooooo. Hilaren erdialdetik aurrera, Gorbeia, Kinto eta Irati aldeko basoetan, orroe ikaragarriak entzungo dira. Oreinak ditugu, eta tenore honetan araldian sartzen direnez, sutan daude. Arrak marraoka aritzen dira, inguruetako arerioak erakarri nahian, hauekin indarrak neurtzeko. Adar dotoreekin bultzaka lehian aritzen dira eta portaera honen bidez hautespen zorrotza ematen da. Ar indartsuenak irteten dira garaile eta hauexek estaliko dituzte emeak, belaunaldi berri sendoa ziurtatuz. Lanaldi itzel honek, ordea, lehertuta uzten ditu basoetako jaunak eta negua goiz samar eta indartsu iristen denean... larri ibiltzen dira ugaztun bikain hauek.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila