PCBak (I): industriako produktu toxikoetan gaiztoenetarikoak

Poliklorobifenilo edo PCBak konposatu organiko klorodunak dira. Kloro-atomoen kopuru eta kokagunearen arabera, 209 molekula desberdin osa daitezke. PCBak 1929an hasi ziren komertzializatzen, baina 1966. urtera arte ez ziren ingurugiro-poluitzaile bortitz bezala identifikatu. Une horretatik aurrera ekoizpena asko murriztu bazen ere, beranduegi zen, ordurako planeta osoan zehar barreiatuta baitzeuden.

Arrainjale amorratuak diren itsas ugaztun handiak dira bioakumulazioaren eragina larrien nozitzen dutenak.

PCBak hainbat aplikaziotan erabiltzen dira: fluido elektriko bezala, plastifikatzaile bezala (pintura, itsasgarri eta plastikoetan), berokuntza-sistemetan, azalen tratamenduetan, lubrifikatzaileetan, pestizidetan, etab.etan. Ekipamendu elektriko eta hidraulikoak eta azalen tratamenduak dira konposatu hauek gehien erabili diren esparruak eta, beraz, PCBak barreiatzearen eragile nagusiak. Espainiako/Euskal Herriko PCB gehiena transformadore eta kondentsadoreetan dago, nahiz eta beste parte handi bat kantitate txikitan barreiatuta egon.

Substantzia hauen kudeaketari dagokionez, egoera tamalgarria da: planeta osoan 1,2 milioi tona PCB ekoiztu dela jotzen da. Horietatik % 65 ekipo elektrikoetan edo nolabaiteko kontrolpean metaturik dago; beste % 4 degradatuta edo errausketa bidez ezereztuta dago eta gainontzeko % 31 ingurugiroan (sedimentuetan harrapatuta edo itsasoan) sakabanatuta dago.

PCBak eta ingurugiroa

Ingurugiroan duten egonkortasuna, bioakumulatzeko gaitasuna eta degradatzen zailak izatea dira PCBen ezaugarri nagusienetarikoak. Gainera, uretan ez dira ia disolbatzen eta horregatik partikula eta sedimentuei atxikitzeko joera dute. Halaber, erraz lurrintzen dira, uretatik airera erraz igarotzen direlarik. Bada, PCBak substantzia oso mugikorrak dira, garraio atmosferikoa izanik urruneko ekosistemak poluitzen dituen bitarteko garrantzitsuena. Hainbat ikerketaren emaitzen arabera, lurralde epeletan lurrindu eta airean zehar bidaiatu ondoren, herrialde hotzetan, baita poloetan ere, kondentsatu egiten dira, Artiko eta Antartikoko katea trofikoak, esaterako, arriskutan ipiniz.

Animalietan zenbait PCB kantzerigenoak, teratogenikoak eta inmunodepresiboak direla frogatu da. Halaber, Estatu Batuetako eta Kanadako Laku Handien eskualdeko hegazti eta ugaztunetan ugalketaren disfuntzioak eragin dituztela ikusi da. Oro har, bioakumulazioa da, hots, katea trofikoan gora egin ahala kontzentrazioa handituz joatea, izaki bizidunentzat PCBek duten arriskurik handiena. Beraz, arrainjale amorratuak diren itsas ugaztun handiak dira egoera hau larrien nozitzen dutenak, eta arrain ozeanikoen populazioaren erdiak gutxi gorabehera PCB-maila hautemangarriak ditu. Espezie horietan duten efekturik larriena toxikotasun-atalase kritikoak (50 ppm inguru) gainditzen direnean arrak antzu gelditzea da, espeziearen biziraupena arrisku bizian ipiniz.

Pertsonen osasunean dituzten efektuak

PCBek Estatu Batuetako eta Kanadako Laku Handien eskuladeko hegazti eta ugaztunetan ugalketaren disfuntzioak eragin dituztela ikusi da.
IXI

Pertsonek inhalazio edo elikagaien bidez barnera ditzakete konposatu arriskutsu hauek. PCBak lipofilikoak dira eta, beraz, gantz-ehunetan metatzeko eta amaren esnera igarotzeko joera dute. Kanadako iparraldeko Labrador eskualdeko emakumeen esnean kontzentrazio oso handiak aurkitu dira (15 ppm bitarte). Hori oso larria da, Kanadako legeak behi-esnean 0,2 ppm-tik beherako kantitateak baimentzen dituela kontuan izanik.

PCBek pertsonei eragiten dizkien gaixotasun eta efektuek zerrenda luzea osatzen dute. Horietariko batzuk: gibel, birika eta larruazaleko minbizia, larruazaleko lesioak (klorakne), efektu estrogenikoak, erantzun inmunologikoaren murrizketa, birika-kapazitatearen murrizketa, lesio hepatikoak, oinazeak, goragalea... Ameriketako enpresa batean, esaterako, PCBekin aurrean lanean jardundako langileen artean melanoma gaiztoen eta pankreas-minbiziaren intzidentzia handitu egin zela ikusi zen.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila