Patxi Ormazabal: “Ingurugiroa ez da soilik erakundeen ardura”

Kaltzada, Pili

Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Ingurugiroa hizpidera ekartzeko aitzakia bilatzea ez da zaila izan oraingoan. Mundu osoan ospatzen da ekainaren 5ean Ingurugiroaren Eguna; ospatu edo, tamalez sarritan ez baita ospakizunetarako motiborik izaten. Euskal Autonomi Elkartean ingurugiroaren ardura du, ofizialki, Patxi Ormazabalek, Lurraldearen Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurugiro Sailburuak. Egun handiaren arrimura etorri zaigu hitz batzuk egitera. LABUR BEHARREZ

ZETIAZ- Elhuyar : Berriki Lurraldearen Antolaketarako Zuzentarauak ezagutzera eman ditu Eusko Jaurlaritzak. Zer ekarpen egin diote EAEren lurralde-antolamenduari? Zeintzuk dira bere helburu nagusiak? Nola lotzen dira LAZak eta ingurugiroaren babesa?

Patxi Ormazabal : Lehen-lehenik Lurraldearen Antolaketarako Europako Hitzarmenak dioena gogora ekarri nahiko nuke; izan ere, bertan gizartearen politika ekonomikoa, soziala, kulturala eta ekologikoaren adierazpide bezala definitzen da lurralde-antolaketa. Horrek esan nahi du, beste hitz batzuekin, lurraldea bere osotasunean hartzen dela, hots, kokapen espazialaren eta gizartearen beraren baitan. Hori horrela izanik, LAZen bidez, gaur egungo egoeraren diagnostikoa egiten da, ditugun arazoak detektatu egiten dira eta hauek emendatzeko neurriak proposatzen dira, une oro lurraldearen erabilpen desberdinetan ingurugiroa nola babestuko den argituz.

Zehatzago esanda, LAZek garbiro esaten dute lurraldearen diseinua beti egin behar dela baliabide naturalak baloratuz eta aintzakotzat hartuz eta horrek, noski, gure bizi kalitatearen alde egingo du. Horrez gain, ingurune naturalaren aldeko jokaerek aktiboagoak izan behar dutela esaten da, hau da, ingurunea jatorrizko egoerara itzul dadin aktiboki lan egin behar dela garbi azaltzen dute LAZek. Era honetara garapen eramangarriaren alde apostu egin ahal izango dugu, herritarrek garapen- eta planifikazio prozesu guztietan parte hartuko dutela ziurtatuz.

Z.-E. : Hirien barne- eta kanpo-egiturari dagokionez, nola ikusten duzu gure hiri-ehunaren etorkizuna?

P. O. : Egia esan, baikor naiz planifikazioari dagokionez bederen, LAZak aurrerapauso garrantzitsuak direlako lurraldearen antolamendua era global batez egin ahal izateko. Une honetan fase ertainean gaude, Lurralde Egitasmo Partzialak eta Sektorialak direlakoen bidez, gero horiek udalerrietako planteamenduekin uztartuko direlarik. Gure Elkarteko udalerri guztietan hirigintzak duen garrantziaz oharturik daudela iruditzen zait eta, beraz, nire iritziz, ongi barneratuko da egindako plangintza horiek guztiak aintzat hartzeko premia eta gero egindako planteamendu orokorrarekin bat egitea.

Z.-E. : Zein punturaino oinarritzen da gure hirien garapena ingurugiroarekiko errespetoan? Gure hiri- eta garraio-egiturek automobilaren menpekotasun nabarmena dute eta ez dirudi hori denik, ingurugiro-ikuspegitik bederen, egoerarik egokiena; ba al du Sailak egoera horren kontzientzia? eta horrela bada, nola ikusten du egoera horren bilakaera?

P. O. : Horixe jakitun garela! Izan ere LAZak idazteko orduan, hirietako egoera xehe-xehe aztertu behar izan dugu, gure bizi-kalitateari eragiten dioten arazoak detektatzeko. Diagnostiko horren arabera antolaketa nola egin definitu egiten da eta horretarako planifikazio-tresnak eta ingurugiro-inpaktuaren ebaluazioa egiten da eta horiek, jakina denez, prebentziorako tresnak dira.

Z.-E. : Gure herriko hiri eta herrien garapen urbanistiko eta ekonomikoak bolada edo moden dependentzia duela ematen du askotan. Duela zenbait urte kiroldegien moda etorri zen, herri guztiek kiroldegi bat behar zuten; segidan, industri eremuen sukarra piztu zen eta, gaur egun, moda kirol-portuak ei dira. Horietako proiektu batzuk, behintzat, natur ingurune aberatsei eragiten diete: Zumaiako kirol-portua eta Orioko Motondoko industri eremua. Arrazoi ekonomikoak aipatzen dira proiektuon oinarri moduan. Zein da zure Sailaren jarrera horrelako kasuen aurrean? Garapen ekonomikoak naturaren babesaren kaltetan gertatu behar al du?

P. O. : Ez horixe. Nolanahi ere, nik ez nuke modarekin lotuko kontua; gurea bezalako gizarte garatu batek dituen beharrak dira horretan eragiten dutenak, batzuetan garapenerako funtsezkoak diren azpiegiturak ingurugiroaren ikuspuntutik aztertua nahikoa sentikorrak diren eremuetan kokatzen direlarik. Horregatik esan dut lehen ere garapen eramangarriaren alde egin behar dugula, gizartearen beharrizanak eta ondare naturalaren arteko oreka bermatuko duen garapen-ereduaren alde. Zumaian, adibidez, faktore asko hartu da kontuan eta, zuzentzeko neurriak hartuta, lehentasunak ikusi behar izan dira. Zalantzarik gabe, hezeguneak bereziki garrantzitsuak eta baliotsuak dira eta horregatik, hain zuzen ere, horiek babesteko neurriak bilduko dira lantzen ari garen Plan Territorial Sektorial horretan eta, baita, itsasertzeko eskualdeak Kostaldearen Kudeaketarako transferentzia eskuratu eta gero. Guztiok horretan ahalegintzen bagara, garapen ekonomikoa eta naturaren babesa bateragarriak izango dira.

Z.-E. : EAEn ingurugiro-ardurak gutxienez hiru maila administratibo desberdinetan banatuta daude: udalak, diputazioak eta Jaurlaritza. Nola eragiten dio horrek ingurugiro politikari eta horren antolamendu eta jarraipenari? Ados al zaude banaketa horrekin? Ados ez bazaude, nola ikusiko zenuke ingurugiroarekiko arduren eta erantzukizunen banaketa egokia?

P. O. : Administrazioaren egitura, noski, ez dagokio Sailari, Eusko Legebiltzarrak onetsitako legeari baizik. Eraginik garrantzitsuena erakunde guztien lana koordinatu behar izatea da. Garbi ikusi behar da zein den ingurugiroaren esparrua Elkartearen barruan eta horretarako ari gara lege markoa lantzen; horren arabera, ahalmen legegilea Eusko Jaurlaritzari emango zaio, konpetentzia horiek gure esku dauden kasuetan, eta Diputazioek zein Udalek lege horiek betearazteko gaitasuna izango dute. Nolanahi ere, ahaleginak koordinatu beharraren eta erakunde zein eragile sozial guztiek parte hartzearen garrantzia azpimarratu nahi dut, ingurugiroa ez baita Gobernuaren edo Sailaren ardura, herritar guztiona baizik.

Z.-E. : Aurreko galderaren harian, arduren banaketak bi arazo, gutxienez, sortu dizkio Sailari: Urdaibai eta Txingudi. Nola dago, une horretan, bi hezegune horien egoera?

P. O. : Urdaibain Eusko Legebiltzarraren erabakiak betetzen ari gara; Erabilpenerako eta Kudeaketarako Egitasmo Nagusia egina dago, Patronatuak, Batzorde Iraunkorrak eta Zuzendariak bere egitekoak betetzen dituzte eta une honetan Ihardura Sozioekonomikoak Armonizatzeko eta Garatzeko Egitasmoa lantzen ari gara. Honek ingurugiroarekin errespetuz jokatuko duen garapen ekonomikorako ereduak finkatzen ari garela esan nahi du; bestela esanda, Urdaibairako garapen eramangarriko eredua proposatzen dugu. Txingudiko hezeguneari dagokionez, urratsak egin dira Topagunerako Mahaia era dadin, horrek konponbidea jar diezaion arazo batzuk sortu dituen egoerari. Afera honetan nola edo hala inplikaturik dauden eragile guztiek badakite zein den helburua eta Mahaian dezente aurreratu da eskualde horretako gizarte kohesioaren eta koordinazioaren alde. Plaiaundiko lurrak espropiatzen ari gara berrerabiltzeko asmoz eta, azken finean, bertara migratzen duten hegaztiak behar bezala hartuko dituzten ekosistemak babesteko. Honek, gainera, ingurugiroaren ikuspuntutik onura besterik ez dio ekarriko Hondarribia, Irun eta, oro har, eskualde osoari.

Z.-E. : Sailaren arduran bi urte t’erdi egin ondoren, zer nolako balantzea egingo zenuke eginiko lanaz? Zein izan dira puntu argiak eta zein ilunak? Hasiera batean jarri zenituzten helburuak betetzeko moduan ikusten al dituzu?

P. O. : Guk finkatu genituen helburuak Europako Batzordearen V. Egitasmoan aurreikusten direnak dira; ikusirik, hain zuzen, zein zabalak diren bertan jasotakoak, nik balorazio positiboa egiten dut orain artekoaz. Nahikoa istilutsuak diren gaiak argitu eta desblokeatu egin dira: Urdaibai, Txingudi, LAZak, lindanoa, eta abar, eta une honetan, gainera, beste urrats garrantzitsua izango den Ingurugiroaren Lege Markoa egiten ari gara. Hondakin toxikoei dagokienez, Zamudioko Birziklapenerako Zentro Aurreratua martxan jarri dugu, produkzio-prozesuetan minimizazioa eta teknologia garbiak sartzen ari dira; zeharo hondaturik zeuden eskualdeak berreskuratzen hasi dira eta lindanoaren zein horrek poluitutako lurren arazoa konpontzeko behar diren urrats guztiak ematen ari gara. Nik uste dut balorazioa, egindakoari dagokionez, positiboa dela eta baikorrak izan behar dugula, nahiz eta egiteke asko izan oraindik.

Hezeguneak garrantzitsuak eta baliotsuak dira eta horregatik, hain zuzen ere, horiek babesteko neurriak bilduko dira lantzen ari garen Plan Territorial Sektoria horretan eta, baita, itsasertzeko eskualdeak Kostaldearen Kudeaketarako transferentzia eskuratu eta gero.

Z.-E. : Zein da gure herriko ingurugiro-politikaren erronka nagusia?

P. O. : Nire iritziz, hondakin guztien eta uraren kudeaketa egokia. Batetik, uraren kalitatea berreskuratzea saneamendu-programak bultzatuz eta, bestetik, era guztietako hondakinak tratatzeko planifikazio egokia erdiestea.

Z.-E. : Hirietako zaborrak tratatzeko errausketa-planten bidetik jo da Bizkaian. Gipuzkoan, berriz, baztertu egin da. Zein da Sailaren politika hirietako zaborrak tratatzeko neurriei buruz?

P. O. : Funtsean guk hondakinak gutxitzea, berrerabiltzea eta birziklatzea bilatzen dugu, horretara zuzentzen da gure politika, baina azken-azken hondakinak zabortegietan jaso edo erre beharko dira; beti, hala ere, Europako Batzordeak esaten duenarekin bat eta irtenbideek ekarriko luketen poluzioa aurreikusiz. Gainerako guztiak agorturik, azken irtenbidea da errausketa.

Z.-E. : IHOBE Eusko Jaurlaritzaren ingurugiro-sozietatea da. Zein dira zehatz-mehatz IHOBEren zereginak eta baliabideak?

P. O. : IHOBEren lan-eremu berezkoenak hondakinak eta poluitutako lurzorua da eta horien gainean, lurzoruaren karakterizaziorako, hondakinak industrian gutxiagotzeko edota ingurugiro-azpiegitura berriak ezartzeko egiten du lan, iharduerak planifikatuz eta ekimen berriak proposatuz. IHOBEren egitekoak, bada, ingurugiro faktorea barneratuz, euskal industriaren lehiakortasuna handiagotzera zuzenduta daude. Horrez gain, industriak teknologia edota prozesuetan izan ditzakeen gabeziak emendatzen ahalegintzen da. Beraz, IHOBEk estrategia berriak eta berritzaileak proposatzen ditu ditugun ingurugiro-arazoak konpontzeko.

Z.-E. : Euskal Herriaren beste bi zati administratiboekin, Nafarroarekin eta Iparraldearekin, elkarlanik ba al da ingurugiro-alorrean?

P. O. : Akitania, Euskadi eta Nafarroaren arteko hitzarmena dago eta horren baitan, Ingurugiro Batzordea. Lankidetza horren fruitua da hezeguneei buruz osatu den katalogoa, beste zenbait ikerlanen artean. Horrez gain, ingurugo-laguntzak deitzen ditugu eta elkarrekin aztertzen dira eskariak.

Z.-E. : Galdera konprometitua akaso: gure mendietan otsoa eta hartzaren moduko animalia enblematikoak birsartzeko ahaleginak egitearen aldekoa al zara?

P. O. : Otsoa, adibidez, berez sartzen ari da gure artera; betidanik egon da hemen eta orain, esaterako, Burgos eta Leondik sartzen ari da Arabara. Gu dibertsitate biologikoaren aldekoak gara, espezie guztiei eustearen aldekoak eta hori modu kontrolatuaz egin behar dela uste dugu, kalterik sortu gabe. Artzaren kasuan, birsartzea bideragarria den edo ez ikusteko azterketak egin beharko lirateke, baina ezezkoan nago, gure lurraldearen tamaina txikia eta errepide-egiturak kontuan hartuz, zaila iruditzen baitzait.

Garoña : mehatxua
Gorbea : barnebakea
Lindano : irtenbiderako konpromezua
Otsoa : mitoa
Piñua : merkantilismoa
Izokina : dotoretasuna, azkartasuna
Hezegunea : biodibertsitatea
Birziklapena : etorkizuna
Errausteko labea : azken baliabidea
IHOBE : laguntza
Itoiz : burugogorkeria

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
MAIER Koop. Elk.
KIDE Koop. Elk.
ULMA Koop. Elk.
EIKA Koop. Elk.
LAGUN ARO Koop. Elk.
FAGOR ELECTRÓNICA Koop. Elk.