Ozonoa: adostasunaren bidean

HIESa oraingo gaixotasuna den bezala, ozonoaren eskasia gaur egungo industria nahiz teknologiaren kontrolik ezaren ondorio dela esan daiteke. Bi kasuetan nahikoa ongi finkatu da arazoaren erruduna zein den, baina soluziobideetan ez dago adostasun osoa oraindik.

Hego Poloan dauden ikerketa-baseetan handiena "McMurdo" deiturikoa da.

Hurrengo maiatzean bost urte beteko dira Joe Farman, B. Gardiner eta J. Shanklin jaunek beren ikerketen berri “Nature” aldizkari ospetsuan eman zutenetik. Guk “ Elhuyar. Zientzia eta Teknika ”ren 8. alean, hau da, 1987ko apirilean, lehen aldiz plazaratu genituen ozonoari buruzko berriak. Orduz geroztik eta hiru urte beteko diren unera arte berri-iturri aberatsa izan da ozonoaren auzia eta hau aukera egokia izan daiteke buruhauste honen eboluzioa azaltzeko. Azalpen honek, aipatutako artikulu hartan izango du hasiera.

Artikulu haren izenburuari begiratzen badiogu, hots,”Ozono-maila txikiagotzen ari da” izenburuari, gaur egun erabat indarrean dagoela esan dezakegu; orduz geroztik “zuloa” areagotu egin bait da.

“Gaur egungo ikerketek esaten dutenaren zain gauden bitartean, lau hipotesi nagusi daude fenomeno hau esplikatu nahian” esaten genuenetik, gauzak dexente aldatu dira. Ikerketa haiei esker hipotesi bat nagusitu zen besteen gainetik eta baieztatu ere egin zen. Hortaz, arazoaren mamia gure gizarteak atmosferara isuritako hondakinetan datzala gaur egun ez du dudan inork jartzen. Ozono-geruza gehien kaltetzen duena zein substantzi mota den ere ezaguna da, hots, klorofluoro hidrokarburoen (CFC) familia. Horrek ez du esan nahi beste substantzia kaltegarririk ez dagoenik; beren ozonoaren kaltetze-indizea txikiagoa dela baizik. Adibidez, erregai fosiletatik isuritako nitrogeno oxidoek ozonoa kaltetzen dute, baina ez CFCen tamainan.

Diagnostiko honetan zientzilari eta ikerlari gehienak ados daude, nahiz eta fenomenoaren egitura osoa oraindik ulertu ez.

Baina, noiz eta non sortzen da ozono-zuloa?

Globo hauek oso maiz erabiltzen dira ozono neurketak egiteko

Aski ezaguna da orain arte alarma Hego Poloan izan dela. Beraz, hau izango da gure azterketaren kokapen geografikoa.

Orrialde hauetan aztertuko ez ditugun zenbait fenomeno naturalen bidez, estratosferan haizeek ekuatoretik poloetaranz joateko joera dute. Beraz, arrazoi honegatik estratosferan dauden substantziek ere, poluitzaile izan ala ez, poloetaranzko bidea hartzen dute. Halaber, poloetan dagoen atmosfera gutxitan berritzen da eta horregatik poloetako atmosfera laborategi kimiko berezitzat hartzen da. Zientzilariek egoera honetaz jabetu izan direnez, aspaldidanik hasi ziren leku hauetan ikerketak egiten. Ozono-maila konkretuki, 1957. urteaz geroztik izan da neurtua.

Ozono-kantitatea neurtzeko gehien erabili eta erabiltzen den unitatea, dobson unitatea da. Honelaxe definitzen da:

“1 cm 2 -ko oina duen zilindro bertikal batean dauden ozono-molekulak atmosfera bateko presioan eta 20ºC-ko tenperaturan jartzen badira, dobson unitate batek 0,01 mm duen ozono-geruza adierazten du”.

Lurreko puntu desberdinetan ozono-maila neurtzen badugu, hau erabat aldakorra dela (geografiarekiko nahiz denborarekiko) konturatuko gara. Ozono-maila 200 dobsonetik 500 dobsoneraino alda daiteke leku batetik bestera, hau da, 2 mm-tik 5 mm-ra bitartean.

Berriro Hego Polora itzuliz, 1980. urte bitarteko neurketak bertako ozono-maila 280 eta 350 dobson bitartean aldatzen zela ikusi zen, urtero sasoi kontretu batean minimo bat lortzen zelarik. Sasoi hau irailean edo urrian izaten zen; negutik udaberrirako aldaketa gertatzen denean hain zuzen ere.

Urtzen ez diren izotz hauen gaina laborategi erraldoi bihurtu da.

1980. urtetik aurrera egindako neurketek sortu zuten larritasuna zientzilarien artean. Urtez urte %20 txikiago izaten zen ozono-maila. Orain arteko minimoa 1987. urtean gertatu zen; 110 dobsonekoa gutxi gorabehera. 1989. urtean antzeko balioa baino altuxeagoa izan zen minimoa. Minimo hauek irailaren azken asteetan eta urriaren lehen asteetan gertatzen direla errepikatu nahi dugu. Beraz, irakurle, une honetan ez dago zulorik Hego Poloan.

Arazoaren sortzailea 1988. urtean zehaztu zen. Aurretik susmoak baldin bazeuden ere, urte honetara arte ez zen atmosferan gertatzen zen erreakzio-katea argitu.

Hego Poloko estratosferan gertatzen den erreakzio-prozedura hauxe da terminologia kimiko zehatzetan sartu gabe:

“Atmosferan dagoen kloro nitratoa (ClONO 2 ) azido klorhidrikoarekin (HCl) elkartzen denean, azido nitrikoa (HNO 3 ) eta kloro-molekula (Cl 2 ) nahiz azido hipoklorosoa (HOCl) sortzen dira. Eguzkia agertzen denean kloro-molekula nahiz azido hipoklorosoa disoziatu egiten dira Cl- sortuz.”

Cl- atomoa da hain zuzen ere ondoko formula honen arabera ozonoari erasotzen diona:

Ondoren azido hipoklorosoa eguzki-izpien eraginez desegin egiten da eta askatutako Cl-atomoak berriro (1) erreakzioari ekiten dio.

Batezbeste kloro-atomo batek 100.000 ozono-molekula desegin ditzake.

Aipatutako erreakzio gutxi hauek gertatzeko oso baldintza klimatiko bereziak behar dira. Alde batetik estratosferan -80ºC baino tenperatura txikiagoa behar da eta bestetik, aldi berean, eguzki-izpiak behar dira. Bi baldintza hauek batera aurkitzea oso zaila da. Negutik udaberrirako iraganaldian bakarrik gertatzen da hori. Eguzkiak jotzen duenean, estratosfera berotu eta ezinezko bihurtzen du lehen deskribatutako erreakzioak burutzea.

Kloro-atomoa errudun nagusitzat izendatu badugu ere, azken hilabeteotan beste substantzia kaltegarriagoa badagoela jakin izan da, hots, bromoa. Hala eta guztiz ere, atmosferan dagoen kloro-kantitatea bromoarena baino askoz ere handiagoa denez, kloroa jarriko dugu ozono-erasotzaileen zerrendaren lehen postuan.

Elementu halogenatuen (hots, Cl eta Br-ren), erantzukizuna frogatu ondoren, erraza izan zen substantzia kaltegarriak zehaztea. Gure industrietatik atmosferara isuritako substantzien artean elementu halogenatuak dituztenak CFC familiako substantziak dira. Substantzia hauei kaleko hizkeran freoi (Cl dutenak) eta haloi (Br dutenak) deritze.

Ondoko eskema honetan Europan CFCak zertan erabiltzen diren ikus daiteke:

CFCen gaur egungo erabilera Europan.

CFCen produkzioa urtez urte hazi da. CFC 11 eta CFC 12 dira gehien erabiltzen diren substantziak, baina ez dira bakarrak ondoko eskeman ikus daitekeenez:

Substantzia bakoitzaren garrantzia gaur egungo produkzioan.

Une honetan mundu osorako estimatzen den CFCen produkzioa 1,15 milioi tonakoa da eta horretaz gain ikus ondoko koadroan substantzia bakoitzaren batezbesteko bitzitza:

Substantzia hauek atmosferara isurtzen direnean ez dira berehala estratosferara igotzen. Igoera oso motela da, hau da, 10 eta 20 urte-bitarteko epea behar dela estimatzen da. Honen arabera orain ozonoari erasotzen ari zaizkion substantziak 1960-1970 hamarkadan isuritakoak dira. CFCen produkzioa 1970. urtetik gaurdaino ikaragarri hazi dela kontutan hartuz, oso etorkizun larria iragar daiteke XXI. menderako. Une aproposa da hau natura ez dela batere lineala esateko, hots, emandako datuek etorkizun beltza iragartzen badute ere, naturak ongi ezagutzen ez ditugun defentsa-mekanismoak ditu eta beraz, etorkizunari buruzko baieztapenak egiten direnean duda-muda handiak eduki beharra dago.

Oraindaino arazoa bereziki Hego Poloan azaleratu da, baina azken urteotan Ipar Poloan lehen alarmak piztu dira. Gainera, munduko produkzio-zatirik handiena ipar hemisferioan egiten dela kontutan hartuz, badirudi kezkatzeko arrazoiak egon daitezkeela. Baina, Ipar Poloan zergatik ez da Hego Poloan bezain egoera larririk azaldu?

Aerosolak erabiltzerakoan ozonoaz gogoratu behar dugu.

Galdera honi erantzuteko bi lekuetako baldintza klimatikoak aztertu behar dira. Hego Poloa urez inguratuta dagoenez, ur honek ia isolatuta mantentzen du bertako atmosfera. Aldiz Ipar Poloa kontinentez inguratuta dagoenez, aire-aldaketa maizago suertatzen da. Hala ere lehen sintomak azaldu direnez gero, estatu industrializatuak larri xamar dabiltza; oso hurbil bait daude Ipar Polotik.

Ozonoa estratosferan dagoenean, oso efektu onak ditu biziarentzat; izpi ultramoreei iragaten ez bait diete uzten. Baina gure herrietako kaleetan poluzioaren eraginez sortzen denean, gure osasunarentzat oso kaltegarri izan daiteke. Ipar hemisferioan estatu industrializatuenak daudenez, poluzio bidetik sortutako ozono-kantitatea ez da mesprezagarria. Ozono hau troposferan metatuz doa (hau da, lurretik 10 km-ko altuera bitartean) eta orain dela hilabete batzuk jakin izan denez, ozono honek ere izpi ultramoreak oztopatzen omen ditu. A zer nolako suertea! Hau naturak eskain dezakeen ustegabe bat besterik ez da.

Artikulu honen izenburuan “adostasun bidean” esaldia erabili dugu; adostasuna lortzeko gai bat badagoelako hain zuzen. Arazo honen konponketan sortzen dira desadostasun nabarienak oraindik. Argi dago substantzia kaltegarrien produkzioa erabat moztuko balitz ozonoaren arazoa konponbidean legokeela, baina hauek hitz politak besterik ez dira. Zenbat jende langabezian?; gure gizartean ezinbesteko diren zenbait produktu nola ordezkatu?; garapen bidean dauden zenbait herrialderen plangintza ekonomikoak nola bideratu?

Hauek dira soluzioa mugatzen edo baldintzatzen duten galderetako batzuk.

1987. urtean Montreal-en egin zen nazioarteko batzar batean, lehen erabakia hartu zen arazoa konpondu nahian. Bertan honako hau onartu zen:

Nimbus-7 satelitetik ateratako irudi hauek, ozono-zuloaren eboluzioa azaltzen dute.

“2000. urterako CFC substantzien munduko produkzioa 1986. urtean izandakoaren erdira jaitsi beharko da.”

Baina urte horretantxe Hego Poloan lortutak ozono-maila txikiak, erabaki hori ez zela aski frogatu zuen. Geroago, Helsinkin eta Londres-en nazioarteko batzarretan erabaki gogorragoak hartu dira, beti ere erabaki hauen onarpena nazio bakoitzaren esku utziz.

Oro har, nazio aurreratuek edo garatuek garapen bidean dauden nazioek baino posibilitate gehiago dute produkzioa eteteko edo ordezkatzeko. Produktu ordezkatzaileak, egon badaude merkatuan. Hauetako batzuk CFC substantzi familiakoak dira eta ozonoa kaltetzen ez badute ere, beren propietateak ongi ezagutzen ez direnez mesfidantza handiz ikusten dira.

“... ozonoaren gutxitzeak Lurra jotzen duten izpi ultramoreen kantitatea handiagotu egingo luke eta ondorioz lehen aipatutako azaleko minbizia ezezik, landare eta animalien hiltzea, mutazioak, atmosferaren aldaketa, etab. luze bat gertatutako lirateke.” Honelaxe amaitzen genuen gure artikulua. Baieztapen honek balio osoa du gaur egun ere.

Laborategitan egindako frogek, eskala txikian bederen, izpi ultramoreen maila handitzeak izango lukeen eragin teorikoa praktikan egiaztatu egin dute. Gainera, CFC substantziek, karbono oxidoek bezala, negutegi-efektua areagotzen dute. Beraz, irakurle, datuak datu erabakiak hartzen hasi beharko dugu.


Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu cookie horien erabilera onartzen duzla. Ezeztatuz gero, ezingo duzu webgune honetan nabigatu. Onartu
Informazio gehiago
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
MAIER Koop. Elk.
KIDE Koop. Elk.
ULMA Koop. Elk.
EIKA Koop. Elk.
LAGUN ARO Koop. Elk.
FAGOR ELECTRÓNICA Koop. Elk.