Otsaila, otsoaren hilabetea ote?

FITXA TEKNIKOA

Gau ilun hartan artzainak ainuri ozen hunkigarriak entzun zituen amets gaiztoetan. Gero, ordea, artaldea asaldaturik somatu eta zakurrak buztan-makur eta isil-isilik ikusi zituenean, esna zegoela ohartu zen. Bat-batean, iskanbila haren erdian zebilen itzala argitu, begi gorri haiek ikusi eta bihotzak danbateko latz hura eman zionean, zalantza izpirik ere ez zuen izan: otsoa Aralarreraino, Euskal Herriaren bihotzeraino, itzulia zen.

Historia, ipuin, kondaira, toponimoetan eta, oro har, gure kulturan, otsoa lehen mailako protagonista dugu. “Otsaila” hitza bera ere, honen adibidetzat har genezake, zenbaitentzat otsoaren hilabetea adierazten baitu. Iaz ordea, otsaila baino maiatza izan zen ugaztun harrapari bikain hau euskaldunon ahotan ibili zen hilabetea. Izan ere, urte askoren ondoren, berriro ere gure hurbileko lurraldeetan agertu zen.

Iberiar Penintsulako otsoa ( Canis lupus signatus ) ugaztun indartsu eta dotorea da. Artzain-zakur aleman handi baten antza du, baina masaila muskulutsuagoa izatearen ondorioz, buruzabalagoa da. Lepoa, halaber, galanta du eta are gehiago neguan, iletza gozoz jantzita duenean. Begirada sarkorra du, urre koloreko begiak eta ikusmen zorrotza; mutur luzea eta usaimen bikaina; belarriak, berriz, motz samarrak, triangeluarrak, eta entzumena ere, hagitz ona. Zentzumen ezinobeak, beraz, ehiztari paregabe honentzat.

Iberiar Penintsulan 1.500-2.000 otso daude (Europako mendebaldeko populazioaren % 80) eta Euskal Herrian, Burgosko iparraldean eta Kantabriako ekialdean 15-25 inguru daudela estimatu da. (M.M. Elosegi)

Bestalde, hanka luze eta sendoak ditu, ibilaldi luzeak jasateko aproposak. Izan ere, otsoa iraupen-lasterkaria da eta lasterraldi luzeak egin ditzake ehizakien atzetik, leher eginda utzi eta ondoren hiltzeko. 120 cm inguruko soina du, buztanari dagozkion 40 cm-ak kontuan hartu gabe. Pisua 30 kg ingurukoa da emeen kasuan eta 35-ekoa arretan. Latitude hauetan otso handiagoak nekez topatzen badira ere, Europako iparraldean, 70 kilogramo inguruko aleak ez omen dira arraroak. Kolore aldetik, aldakorra den arren, arre-grisaska izaten da normalean.

Harrapari azkarra eta egoera desberdinetara ederki egokitzeko gai denez, habitat askotan aurkitzen da. Garai batean, Europa osoko lurretan agertzen zen, baina giza presioaren ondorioz, mendi aldera baztertu zen. Gaur egun, lautada eta nekazaritza-lurretan, baso eta mendietatik urrun samar, bizi diren otsoak badaude, baina gehienbat leku basatiagoetan iraun du. Jendearengandik urrun mantentzen saiatzen da eta gautarra da batik bat.

Kaleko edozeinek otsoak ardiak ez dituela uste badu ere, dieta oso zabala eta aldakorra du. Bizilekuaren arabera, baina beti haragietan oinarrituta, elikadura arras ezberdina izan dezake. Hala ere, hauxe izan daiteke, ehunekotan adierazita, haragijale honen dieta tipikoa: basa-azienda handiak % 35, etxeko aziendak % 25, erbi eta untxiak % 14, karraskariak % 9, sarraskiak % 7 eta narrasti, hegazti, fruitu eta bestelakoak % 5. Normalean, gaixo dauden abereak, zaharrak, gaztetxoak eta, oro har, ahulenak aukeratzen dituenez, animalia basatien populazioaren osasun-egoeraren erregulatzaile fina dugu.

Otsoa, ugaztun haragijale indartsu eta dotorea da.
M.M. Elosegi

Zoritxarrez, ordea, biderik errazena hartu eta askotan etxeko abereak erasotzen ditu, batez ere hauek zaintzen inor ageri ez denean; ez da arraroa gainera, jan ditzakeenak baino abere gehiago hiltzea sarraski handiak sortuz. Hauxe da, hain zuzen ere, animalia honek sortzen dituen arazo eta buruhausteen gakoa: jendearentzat arriskutsua ez bada ere abereentzat bai.

Bizimoduari dagokionez, otsoak ederki antolatutako talde hierarkikoetan elkartzen dira eta euren artean harreman sozial estuak dituzte, ehiztari-talde apartak osatuz. Otso bakar batek, esate baterako, nekez hil dezake orein handi bat, baina taldean elkarturik ederki menpera dezakete.

Emeen estalketa abendua-martxoa aldera egiten da. Handik 9-10 asteetara, zulo lasairen batean emea 3-6 kumez erditzen da. 10 egunen buruan kumeek begiak irekitzen dituzte eta, amaren errapetik hasieran eta gurasoek ekarritako haragia janez ondoren, azkar hazten dira. 2-3 hilabeterekin gurasoekin ehizean ikasten hasten dira eta beste 3-4 hilabeteren buruan gurasoengandik banatzen dira. 2 urte beteta heldutasun sexualera iristen dira eta 12 urte inguru bizitzera hel daitezke. Otso eta txakurraren arteko hibridazioaz askotan entzun izan badugu ere, arraroa dela esan behar da. Oso gutxitan nahasten dira eta elkarri dioten amorrua lagun, txakurra otsoaren elikagai kuttunetakoa da.

Azken urteotan Euskal Herrian, batez ere Karrantza, Artzentales, Salbada, Gibijo eta Valdegovia inguruetan agertu dira otsoak.
M.M. Elosegi

Europan otsoa Italian, Iberiar Penintsulan, Balkanetan eta Europako Ipar eta Ekialdean bizi da gaur egun. Iberiar Penintsulan 1.500-2.000 otso inguru daude eta Penintsulako iparraldean egoera onean badaude ere, hegoaldeko populazioak, Extremadura eta Andaluziakoak, alegia, iraungipen-arrisku larrian daude. Euskal Herriko egoerari dagokionez, 1996ko maiatzean azaldutako ale ospetsu haiek inguru hauetatik alde egin bazuten ere, badira 10-15 urte Araba eta Bizkaiako mendebaldean otsoa sartzen hasi eta bertan egokitu zela.

Zabalkuntza hau ulergarria da; batetik, nekazaritza-eskualdeak hustearekin batera oihana berriztatu egin delako eta, ondorioz, ungulatu basatien kopuruak (orein, orkatz, basurdeak...) gora egin duelako eta, bestetik, pozoi eta tranpak debekatu egin direlako. Euskal Herrian eta inguruetan (Burgos eta Kantabriako ekialdean), 15-25 otso inguru dabiltzala estimatu da eta adituen iritziz, Pirinio aldera mendebalde eta iparraldetik (Frantziatik) iritsi eta bertan egokituko dira otsoak datozen urteetan. Orain arte, ordea, gure lurraldera sartu diren aleen kontrako uxaldiak egin dira, 1987-1994 bitartean 20 otso hilez.

Baina... etorkizunean ere horrela izango al da? Ba ote du arazo honek konponbiderik edota Euskal Herrian ez dago animalia honentzat lekurik XXI. mendearen atarian? Aralarren eta, oro har, Gipuzkoa eta Bizkaia bezalako lurralde populatuetan egia esan, ia ezinezkoa da otsoa eta artzantza bateragarriak egitea, baina... posible ote da gure herriko lurralde basatienetan animalia hauek bizitzea? Espero dezagun baietz. Dena den, hurrengo alean gai eztabaidatsu honetan sakontzen saiatuko gara.

Otsoa

Espeziea: Canis lupus
Familia: kanidoak
Ordena: haragijaleak
Klasea: ugaztunak

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila