Ospitaleetako infekzioei aurre eginez

Kortabitarte Egiguren, Irati

Elhuyar Zientzia

Inork gutxik pentsatuko du ospitalera sendatzera joan, eta han, infekzioren batek jota, gaixotu daitekeenik. Baina zenbaitetan gertatzen dira horrelakoak, eta garrantzitsua da jabetzea infekzio horiek gutxitu behar direla. Izan ere, infekzio horiek gaixoaren osasun-egoera okertzen dute. Gainera, ospitaleetako kalitatearen adierazle gisa ere hartzen dira. Bestalde, merkeagoa da ospitaleetako infekzioak prebenitzeko zaintza-sistemak ezartzea, ondoren sendatzen gastatzea baino.

Ospitaleetako infekzioei aurre eginez
2007/03/01 | Kortabitarte Egiguren, Irati | Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

(Argazkia: Gurutzetako ospitalea)
Ospitaleetako infekzioak ez dira egungo kontua, beti existitu dira, eta hainbat heriotza eragin dituzte. Baina, 60ko hamarkadaren inguruan, arazoaz benetan jabetu eta Estatu Batuetako ospitale handietan ospitaleetako infekzioen edo infekzio nosokomialen jarraipena eta kontrola egiteko talde espezializatuak sortu ziren. Haien helburua, bakarra: ospitaleetako infekzioak gutxitzea, ahal den neurrian.

Euskal Autonomia Erkidegoan ere, poliki-poliki, infekzioen arloan eta medikuntza prebentiboan lan egiteko taldeak antolatu zituzten. Gernu-aparatuko infekzioak gutxitzeko neurriak hartu zituzten, eta asepsia-neurri zorrotzak hartzen hasi ziren arreta intentsiboko unitateetan hartzen diren arnas aparatuko infekzioak murrizteko; horiez gain, airearen eta uraren zirkuituak aztertu zituzten, eta teknika kirurgiko egokiak probatu zituzten, besteak beste. Horren guztiaren ondorioz, infekzio nosokomialen kopurua gutxitu egin zen.

Neurriak hartzea, ezinbestekoa

Ospitaleetako infekzioak gutxitzeko, infekzio-batzorde bat dago ospitale bakoitzean. Batzorde horren lana gaiari segimendua egitea da, eta politika edo arautegi orokorra bideratzea. Bestalde, ospitaleetako mikrobiologiako zerbitzuek eta medikuntza prebentibokoek prozedura guztien jarraipena egiten dute, baita infekzioen kontra hartzen diren neurriena ere, eta, nola ez, isolatzen diren mikroorganismo guztien segimendua ere bai.

(Argazkia: Artxibokoa)

Era horretako batzordeek eginbehar bakoitzaren prozedurak finkatu eta arauak ezartzen dituzte, arlo guztietan infekzioen kontrako neurriak hartuz: eskuak non eta nola garbitu behar diren, ebakuntza-gelek zer egoeratan egon behar duten, zaintza berezietako unitateetan lana nola egin behar den, eta abar.

Horrez gain, antibiotikoen erabilera-politika finkatzen dute, ezin baita edozein antibiotiko erabili, mikroorganismoek erresistentziak sortzen dituztelako. Azkenik, instalazioen mantentze-lanen politika ere finkatzen dute, esaterako, aire girotuari edo uraren zirkulazioari dagokiona.

Aditu-talde horrek ospitaleetan isolatzen diren mikroorganismoen jarraipena egiten du. Horiek aztertu eta arrazoiak aurkitzen dituzte. Adibidez, zaintza handiko unitate batean 20 gaixo badaude, unitate horretan gertatzen diren infekzioen azterketa egiten dute. Eta, esaterako, zortzi gaixo mikroorganismo berarekin infektatuta daudela ikusten badute, neurriak hartzen dituzte: ohi baino garbitasun handiagoa egiten dute, mikroorganismo hori hiltzeko hautatutako antibiotikoak egokiak diren edo ez ikusten dute eta abar. Horrez gain, unitate horretako erizainek nahiz medikuek prebentzio-neurri unibertsalei buruzko formazioa nahiz aholkuak jasotzen dituzte.

Halaber, instalazioen egoera aztertzen dute: airearen iragazpena, uren kanalizazioa... Besteak beste, tutueriak garbi egon behar du. Horretarako, ura hiperkloratu edo uraren tenperatura igo egiten dute. Izan ere, uraren tenperatura gutxi gorabehera 60 gradura igotzen bada, uretan dauden mikroorganismoak hil egiten dira. Neurri horiek guztiak eta beste hainbat hartzeko irizpideak, prozedurak eta arauak finkatzen dituzte infekzioen inguruko aditu-taldeek.

Zergatik?

Neurriak hartzen dira, bai. Dena den, horrelako gai baten aurrean egin beharreko gogoeta hau da: zergatik gertatzen dira infekzioak ospitaleetan? Mikel Alvarez Gurutzetako Ospitaleko gerentearen esanean, arrazoi bat baino gehiagorengatik. "Batetik, kontuan izan behar da ospitaleetan dagoen jendea, oro har, ez dagoela osasuntsu, hau da, ez dagoela egoera immunitario osasuntsuan. Eta, gehienetan, besteok baino arrisku handiagoa dute infekzioren bat hartzeko".

Mikel Alvarez, Gurutzetako Ospitaleko gerentea.
I. Kortabitarte

"Bestetik, ospitaleetan gaixoaren gorputzari eraso egiten zaio, nolabait esateko. Esaterako, gaixoaren azala ebakitzen badute ebakuntza egiteko, arrisku handiagoa izango du mikroorganismoren batek bere habia egin eta infekzioa hartzeko. Zalantzarik gabe, ospitaleetako tresneriak, hodiak eta abarrek ere zeresan handia dute. Azkenik, kontuan izan behar den beste kontu bat farmako edo antibiotikoena da."

Ospitaleetan erabiltzen diren farmako askok pertsonaren immunitate-sistema ahultzen dute. Alegia, ahuldu egiten dute pertsona, eta, ondorioz, pertsona horrek erraztasun handiagoa du infekzioren bat hartzeko. Gainera, antibiotikoek hautaketa eragiten dute. Izan ere, mikroorganismoak hil egiten dituzte antibiotikoek, eta immunitate naturalari laguntzen diote, mikroorganismo horien kontra egin dezan; baina mikroorganismorik ahulenak soilik hiltzen dituzte, nolabait esateko, eta gainerakoak --indartsuenak, alegia-- organismoan bertan geratzen dira. Esan liteke flora gaiztoena bizirik gelditzen dela, eta horrek kalte egiten du. Izan ere, flora horrek erresistentziak garatzen ditu, eta maiz, moldatu egiten da erabiltzen diren botiketara edo antibiotikoetara. Adibide batekin hobeto ulertzen da: orain urte batzuk, penizilinak denerako balio zuen; gaur egun, berriz, ezer gutxirako balio du, mikroorganismoak egokitu egin direlako.

Ondorioz, Mikel Alvarezen esanean, "antibiotikoak era arrazionalean erabili behar dira, bestela alferrikakoa da, mikroorganismoek defentsa-sistema garatzeko gaitasuna dutelako".

Infekzio-sorburuak

Infekzio nosokomomialak eragiten dituzten mikroorganismoak gaixoaren, ospitalearen eta ingurune geografikoaren araberakoak dira. Ospitaleetako infekzio-sorburuak bakterioak, onddoak, birusak eta parasitoak dira. Ordena horretan, infekzio gehien eragiten dituztenetatik gutxien eragiten dituzteneraino.

Staphylococcus aureus (ezkerrean) eta Legionella pneumophila bakterioak.
(Argazkia: Janice N. Carr/CDC; CDC/PHIL)

Arriskutsuenak eta, beharbada, ezagunenak bakterio gram-positiboak eta gram-negatiboak dira. Bakterio gram-positiboak ( Staphylococcus aureus , esaterako) giza gorputzean izaten ditugu. Zaintza handiko unitateetan sortzen diren infekzioen erdiak mikroorganismo gram-positiboen eraginez sortzen dira. Arnasketa mekanikoaren eraginez sortutako pneumoniak eta kateterren eraginez sortutako infekzioak dira ohikoenak. Gram-negatiboak, berriz, (Acinetobacter baumannii, Legionella pneumophila) giza gorputzean nahiz ingurunean aurki daitezke. Acinetobacter baumannii espeziea, bereziki, arnas eta gernu-aparatuko infekzioekin eta ondorengo septizemiekin lotuta dago. Zainketa berezien geletan pneumonia eta beste hainbat prozesu infekzioso eragiten ditu. Askotan, arnasteko tresnak eta beste monitorizazio-sistema batzuk dira infekzio horien iturri. Antibiotikoen aurrean erresistentzia eskuratzeko mekanismo oso eraginkorrak ditu.

Onddoei dagokienez, gehienbat antibiotiko ugari hartzen dituzten pertsonetan gailentzen dira. Candida generokoak, esaterako, gizakion ahoan eta digestio-hodian egoten dira, besteak beste. Aspergillus generoko onddo ezagunak, berriz, airean egoten dira. Ez dira gizakian bizi, baina bai haien artean. Aspergillus onddoaren esporak leku guztietan daude, etxean, eskolan, ospitalean... aireak hautsarekin batera eramaten baititu. Ospitaleetan arazo larri bihur daitezke, infekzioekiko sentikortasuna handiagoa delako.

Aspergillus onddoak atzera-bueltarik gabeko kalteak eragiten ditu maiz.
A. Umaran

Ebakuntza-geletako aireztapena, esaterako, oso kontrolatuta dago, eta hamaika ikerketa egin da ebakuntza-geletako aireztapen-sistemen funtzionamenduaren eta hartutako aspergilosiaren eta beste hainbat gaixotasun infekziosoren arteko erlazioa ikertzeko. Dena den, onddoak asko dira eta mota askotakoak, eta, une egokia harrapatzen dutenean, gai dira infekzioa sortzeko.

Birusek, oro har, ospitalean transplanteren bat jaso duten pertsonetan eragiten dituzte infekzioak. Izan ere, transplantea ez errefusatzeko gaixo horien immunitate-sistema ahultzen da, eta, ondorioz, hainbat birusek eragindako infekzioak agertzen dira. Arrazoi mekanikoengatik edo immunitarioengatik azaltzen edo gailentzen dira. Parasitoek eragindako infekzioak, berriz, urriagoak dira.

Ospitaleetan, ez dira airetik transmititzen infekzio gehienak, askotan hori uste den arren. Gehienbat, kontaktu hutsarekin transmititzen dira mikroorganismoak gaixo batetik bestera. Bestalde, ospitaleko gaixotasun asko endogenoak dira. Alegia, norberak hainbat mikroorganismo ditu bere barrenean, eta, immunitatea gutxitzen den kasuetan, mikroorganismo hori gailendu egiten da. Beraz, ez dago transmititu beharrik. Janariarekin edo urarekin ere kutsa daiteke, zenbaitetan. Legionella bakterioa, adibidez, uretan bizi da, eta ur-lurrunarekin batera oharkabean arnastuz gero, hainbat kasutan infekzioak sortzen dira.

Arrisku handiko guneak

Lau infekzio-mota nagusi bereiz daitezke: gernu-aparatukoak, arnas aparatukoak, kirurgikoak eta asepsiak edo odolekoak.

Arnas aparatukoak dira, kirurgikoen atzetik, infekzio ohikoenak.
Artxibokoa

Sasoi batean oso zabalduak ziren gernu-aparatukoak, Mikel Alvarezen esanean. Gaur egun, berriz, infekzio kirurgikoak gertatzen dira kasurik gehienetan, ebakuntzen zaurietan sortzen diren infekzioak, nolabait esateko. 2006an, ospitaleko infekzioen kopurua % 7,63koa izan zen Gurutzetako Ospitalean; eta horietatik % 2 ebakuntza kirurgikokoak izan ziren gutxi gorabehera.

Arnas aparatuko infekzioei dagokienez, berriz, 2006ko datuen arabera, kasuen % 1,8 izan ziren mota horretako infekzioak. Horietako gehienak zaintza handiko unitateetan gertatzen dira. Izan ere, gela horietan dauden gaixoak egoera kritikoan egoten dira, eta, normalean, arnasteko aparatu batera konektatuta egon behar izaten dute.

Infekzio-kopurua ez da berdina izaten gorputz-atal guztietan, eta arriskua ere ez da berdina ospitaleko unitate guztietan. Oso infekzio gutxi gertatzen dira amak umea izatera etortzen diren unitateetan, esaterako. Izan ere horrelakoetan pertsonak osasuntsu daude. Gezurra badirudi ere, zaintza handiko unitateetan arriskua handiagoa da. Unitate horietan, oro har, lau pertsonatik bat infektatuta dago.

Haurren unitateak dira arrisku txikieneko guneak infekzioren bat hartzeko. Arriskutsuenak, aldiz, zaintza handiko unitateak dira.
ArtxibokoaK

Garbiketa handieneko eta zainketa bereziko unitateak dira, izenak dioen bezalaxe. Unitate horietan neurri zorrotzagoak hartzen dituzte. Normalean airea iragazi egiten da, airean egon daitezkeen mikroorganismoek iragazkia ez dutela zeharkatu bermatzeko. Badaezpada ere, gaixoak gela ezberdinetan egoten dira, bata bestearengatik aldenduago. Hala ere, gaixoen egoera kaskarra dela eta, unitate horretan gertatzen dira infekzio gehienak. Mikel Alvarezen hitzetan "prozesu normala da hori, sendatuko dira".

Argi dago ospitalera inor ez dela gogotsu joaten, baina zenbaitetan joan beharra izaten da. Dena den, irakurritakoaren ostean, ez pentsa larritzeko moduko egoera denik. Izan ere, infekzioak aukera ematen bazaie bakarrik gertatzen dira, eta ospitaleetan aukerarik ez emateko lanean dihardute, infekzioetarako bideak murriztuz, alegia. Gainera, datu estatistikoek erakusten dute urtetik urtera gutxiagotzen ari direla ospitaleko infekzioak.

Acinetobacter baumannii, ospitaleetako oportunista
Ospitaleetako infekzioak sortzen dituen mikroorganismoetako bat Acinetobacter baumannii bakterioa da. Horixe ikertzen dihardute, hain zuzen ere, EHUko Medikuntza eta Odontologia fakultatean.
Acinetobacter baumannii bakterio oportunista da, eta ospitaleko infekzio larriak sortzen ditu, besteak beste, pneumonia. Osasuna ahulduta duten gaixoei egiten die eraso, horregatik da oportunista. A. baumannii -z kutsatutako gaixo-kopurua ez da handia, baina infekzio horien hilkortasuna handia izaten da, batetik gaixoa jota egoten delako, eta, bestetik, A. baumannii antibiotiko askoren aurrean erresistentea delako. Gainera, tratamendu bat ezarrita, harekiko erresistentzia garatzeko erraztasuna du bakterioak.
Arazo horren aurrean, oso garrantzitsua da bakterioak lortzen dituen erresistentzia berrien jarraipena egitea, gaixoak zein antibiotikorekin tratatu behar diren jakiteko. Azterketa hori egiteko, alde batetik, erresistentzia berriaren genea aurkitu eta nabarmendu behar da, eta bestetik, integroiak dauden edo ez jakin behar da.
(Argazkia: LWW'S Organism Central)
Integroiak erresistentzia-geneen kateak dira, eta horietan gordetzen dira A. baumannii -k lortzen dituen erresistentzia berrietako asko. Bakterioak baditu beste bide batzuk, baina integroiena da erresistentziak bereganatu eta transmititzeko biderik eraginkorrena. Integroiek mugikortasun handia dute, A. baumannii batek lortzen dituen erresistentzia guztiak erraz transmititzen dira besteetara; ondorioz, espeziea etengabe berritu eta erresistenteago bilakatzen da.
EHUko ikertzaileek ospitaleetako hainbat A. baumannii mota isolatu eta aztertu dituzte, eta ikusi dute anduien % 90ek integroiak dituztela. Egungo antibiotikoekiko erresistentzia duten anduiak agertu dira. Kasu horiek detektatu eta jarraipena egiteko modua aurkitu nahian dabiltza egun ikertzaileak. Andui horien erresistentzien ezaugarriak garaiz detektatzeko moduak aurkitu nahi dituzte, eta metodo horiek estandarizatu eta praktiko egin nahi dituzte, kliniketan erabiltzeko moduan.
Kontrola hobetzea da egungo aukera, ospitaleko infekziorik ez gertatzeko neurriak zorroztuz. Izan ere, momentuz ez da aurkitu antibiotikorik era askotako erresistentzia duten andui horiek tratatzeko. Dena den, antibiotikoak erabiltzen dituzte, aukera dagoenean behintzat. Hori lortzeko, ezinbestekoa da infekzioa garaiz detektatzea eta bakterioaren zein anduik eragin duen jakitea. Horretaz gain, infekzioa eragin duen anduiak dituen erresistentzien berri jakin behar da. Bide horretatik, kontrol-sistemak ezarri eta A. baumannii -k eragindako hilkortasuna kontrolpean izatea lortu nahi dute.
EPINE ikerketa
Ospitale guztietan dago aditu-talde bat, ospitaleetako infekzioen eguneroko jarraipena egiteaz arduratzen dena. Hori gutxi ez eta, urtean behin azterketa edo jarraipen berezi bat egiten da, EPINE ikerketa. Espainiako ospitaleetako infekzio nosokomialen prebalentziaren garapenari buruzko ikerketa da.
EPINE ikerketa maiatza aldean egiten da urtero. Ikerketa horretarako, egun bat hautatzen dute adituek, eta egun horretan ospitalean ospitaleratuta dauden gaixoen historia klinikoa aztertu eta hainbat datu ateratzen dituzte. Azken finean, ikerketa horrek ospitaleko infekzio-tasa zein den, infekzio horien erantzule zein mikroorganismo diren, infekzioak non lokalizatzen diren eta beste hainbat gauza jakiteko balio du. Ospitale bakoitzeko urtetik urterako datuak alderatzeko eta ezarritako hobekuntza-neurriek emaitzarik izan duten edo ez ikusteko aukera ematen du. Egun bakarreko ikerketa horretan, ospitaleko egoeraren nolabaiteko argazkia egiten da. Halaber, gainerako ospitaleekin datuak alderatzeko aukera ematen du. Horien guztien arabera, tokian tokiko neurriak hartzen dira ondoren.
Espainiako ospitaleetako infekzioen prebalentziari buruzko datuak. EPINE 1990-2005.
EPINE txostenaren arabera, Gurutzetako Ospitalean, ospitaleko infekzioen kopurua % 8,21 izan zen 2005ean. Guztira, 816 gaixo aztertu zituzten. Urtetik urtera neurri zorrotzagoak hartzen direlako eta arreta handiagoa ematen zaielako adierazle izan liteke beharbada datu hau: 2006an % 7,63koa zen balio hori, 839 gaixo aztertu ondoren.
Euskal Autonomia Erkidegoko ospitaleetan, batez beste, % 5-7koa da ospitaleetako infekzioen kopurua.
Kortabitarte Egiguren, Irati
3
229
2007
3
035
Mikrobiologia; Osasuna; Medikuntza
Artikulua
20

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
MAIER Koop. Elk.
KIDE Koop. Elk.
ULMA Koop. Elk.
EIKA Koop. Elk.
LAGUN ARO Koop. Elk.
FAGOR ELECTRÓNICA Koop. Elk.