Olinpiadak eta dopinga

Iragan uztailean eta abuztuan Atlantan Olinpiadak ospatu ziren. Dominak, irabazleen izenak eta marka berriak hitzetik hortzera entzun ditugu, baina atleta askok aurrez “kimika” lagun izan zuten.

Atletarentzako laguntza kimikoak eduki behar duen lehen ezaugarria, detektaezina izatea da. Eskueran hainbat produktu berri dagoenez gero, dopingaren aurkako kontrolak saihestea ez da zaila. Hazkunde-hormona, esaterako, kontroletan ezin da detektatu, nahiz eta Olinpiadetako Nazioarteko Batzordeak 1995.go iraileko txosten batean maila handiko kirolariengan eragina izan zuela aitortu. Halterofilian dabiltzanek eta sprinterrek oso estimatua dute eta muskulu sendoak edo biziak behar direnean hartzen da.

Atletaren gorputzean aldaketa nabarmenak somatzen direnean, askotan oinarrian hazkunde-hormona egoten da, baina muskulu handiak izatea ez da hormona hori hartu izanaren erabateko froga; hartutako atleta batzuek izan ere, argal-itxurari eusten baitiote. Droga horretan aditu onenak Estatu Batuetan daude, eta asko dira haranzko bidea hartzen duten kirolariak.

Beste produktu detektaezin bat eritropoietina (Epo) da. Hau iraupen-kiroletan dabiltzanek estimatzen dute; txirrindulariek edo iraupen-lasterketetan dabiltzanek.

Elementu detektaezin hauek kiroletara sartu direnez gero, bi eratako atletak daudela esan daiteke. Batzuek, oraindik ere azken aurrerapenak eskueran ez dituztenek, ohizko produktuekin dopatu eta kontrolean harrapatzeko arriskua dute. Besteek berriz, arrastorik uzten ez duten gaiak hartzen dituzte. Azken kirolari hauen prestaketak duen kostua, dena den, urteko eta pertsonako hamar milioi pezetakoa (400 mila liberakoa) da gutxi gora-behera.

Kirolariarengan produktu hauek detektatu ahal izateko, odola analizatu beharko litzateke, baina arrazoi “etikoak” medio, atletek eta federazioek kontrol-sistema horri uko egiten diote. Gernua analizatzera mugatzen dira oraingoz. Odola analizatuko balitz, Olinpiadetako emaitzak oso bestelakoak izango lirateke, noski.

Gorputzari “lagundu” beharra

Kirola eta dirua uztartzen direnean, atletak mertzenario bihurtzen dira. Segundo-ehunenaren gora-beheran milaka milioi daudenean, kimikaren laguntzaz kirolariak neurriz gain behartzen dira. Kirol-medikuntzan Bordelen diharduen Hervé Stoicheff doktoreak dioenez, “natural” prestatzen den atletarengan emaitzetan partea honako hauek dute: entrenamenduak % 20, joera genetikoak % 20, bizimoduko higieneak % 10 eta buruko higieneak % 50. Entrenatzailearen eginkizuna, beraz, faktore desberdin hauen artean ahalik eta oreka egokiena lortzea izango da.

Eritropoietina detektaezina da eta iraupen kiroletan dabiltzanek, futbolariek esaterako, estimatzen dute.

Oreka hori lortu denean ordea, kirolariarentzat gero eta zailagoa da daukan muga gainditzea. Kirol-medikuntzan ari diren guztiek aitortzen dutenez, atletaren hobekuntza-kurbak gora egiteari utzi eta lerro horizontal bihurtzen da. Gero, lerroa beherantz hasten da.

Geldiune horretatik irteteko, “natural” prestatzen diren atletek entrenamenduak areagotzera jotzen dute, baina emaitzak oso txarrak izaten dira. Gorputza gehiegi nekarazten delako, lehengo markak berdintzera ez dira heltzen. Gorputzak izan ere, ariketetan irabazitakoa bereganatu eta bere onera etortzeko tarterik ez du. Une hori izaten da kirolariarentzat arriskutsuena, emaitzak hobetzeko bide bakarra dopinga dela uste duelako.

Eboluzioa logikoa izaten da. Lehenbizi atleta entrenamenduak jasan ahal izateko produktuen bila hasten da. Hasieran esteroide anabolizatzaileak eta dieta hiperproteikoa hartuko ditu. Horrela karga handiagoak altxatu eta muskuluetako indarra areagotuko du. Aldaketa biologikoa eragin delako, kirolariak bere markak hobetzen segituko du.

Gainera produktu anabolizatzaile hauek hartu ondoren, kirol-proba egin behar den egunean anfetaminen bidez beste bultzadatxo bat ematen zaio gorputzari. Bere buruarengan konfidantza eta lehiarako gogoa areagotzen dizkio. Horregatik fisikoki ahalmen berdina duten bi kirolari lehian ari direnean amorru handiena duenak irabaziko du.

Dopinak baditu, dena den, beste oztopo batzuk ere. Kirolariak entrenamenduak maizago eta gogorrago egin ditzakeela ikusten du, baina horren ondorioz muskulu-urradurak, tendinitisak eta trastorno psikologikoak izaten ditu. Horrez gain epe luzera ere hartutako produktuen arabera kalteak izaten dira.

Droga-motaAurkikuntzaErabiltzen hasiO.N.B.k debekatu

Anfetaminak
Anabolizatzaileak
Betablokeatzaileak Koramina
Kortikoideak Diuretikoak
Eritropoietina
Efedrina Heptaminola
Hazkunde-hormona Testosterona

1930
1940
1958
1925
1936
1956
1950
1934
1953
1944
19351936
1954
1978
1929
1960
1968
1987
1964
1956
1980
19521968
1974
1985
1968
1987
1986
1990
1968
1968
1989
1982

Kirol bakoitzak bere dopinga

1. Indarra behar denean (halterofilian eta sprintetan batez ere)

  • Hazkunde-hormona (edo hormona peptidikoak)
    Produktuaren izen komertzialak: Genotonorm, Maxomat, Umatrope.
    Gazteak hazi egiten dira eta muskulu-masa ere bai (10-20 kilo hilabete batzuetan).
    Eragiten dituen kalteak hauek dira: ehun bigunak hanpatu, hezurrak nabarmendu eta hipertrofiatu, hainbat organo (listu-guruinak, gibela, giltzurrunak, bihotza, barea...) hipertrofiatu, polipoak kolonean, hipertentsioa, diabetea eta trastorno kardiobaskularrak.
    Droga detektaezina da, eta kontzentrazioa behar denean izan ezik, gainerako kirol guztietan erabiltzen da.
  • Nandrolona (esteroide anabolizatzailea)
    Produktuaren izen komertzialak: Trophobolene, Durabolin, Dynabolon.
    Muskulu-masa hazi, entrenatzeko ahalmena handiagotu eta oinazea jasateko erresistentzia hobetu egiten da.
    Eragiten dituen kalteak hauek dira: gibeleko minbizia, hepatitisa, hiperkolesterolemia, hipertentsio-krisia, diabetea, antzutasuna, gazteengan hazkundea geraraztea, emakumeek gizon-itxura hartzea eta muskuluak urratzea.
    Droga hau detekta daiteke eta batez ere kirol hauetan erabiltzen da: iraupen-lasterketetan (10.000 metrotik gorakoetan), arraunean, boxeoan, txirrindularitzan eta jaurtiketetan.
  • Testosterona (esteroide anabolizatzailea)
    Produktuaren izen komertzialak: Halotestin, Androtardyl, Proviron.
    Muskulu-masa hazi, entrenatzeko gaitasuna areagotu, erasokortasuna piztu eta muskulu zein zurdetako lesioak bizkor sendatzen ditu.
    Eragiten dituen kalteak hauek dira: prostatako minbizia, adenoma prostatikoa, gizonen bularretako minbizia, giltzurruneko, gibeleko edo bihotzeko gutxiegitasuna eta pertsona erasokor bihurtzea.
    Droga hau detekta daiteke. Batez ere testosteronaren kasuan aipatu ditugun kiroletan eta gainera sprinta dutenetan erabiltzen da.

2. Iraupena behar denean (batez ere txirrindularitzan eta iraupen-lasterketetan)

  • Kirola eta dirua uztartzen direnean, atletak mertzenario bihurtzen dira. Segundo-ehunenaren gora-beheran milaka milioi daudenean, kimikaren
    laguntzaz kirolariak neurriz gain behartzen dira.
    Eritropoietina (hormona peptidikoa)
    Produktuaren izen komertzialak: Eprex, Recormon.
    Oxigenatzeko ahalmena handiagotu, iraupena areagotu eta altitudeko lehiaketetara moldatzeko denbora laburtu egiten da.
    Eragiten dituen kalteak hauek dira: hipertentsioa, tronbosiak, konbultsioak, gripearen sintomak, hezurretako mina eta larruazaleko erreakzioak.
    Droga detektaezina da, eta aipatutako kiroletan ezezik, igeriketan, iraupen-eskian eta futbolean erabiltzen da batez ere.
  • Odol-transfusioak
    Oxigenatzeko ahalmena hobetu, oxigenoaren kontsumo maximoa handiagotu, potentzia aerobio maximoa handiagotu eta iraupena areagotu egiten da.
    Eragiten dituen kalteak hauek dira: bi odoletako globulu zuri eta plaketen arteko bateraezintasuna, paludismo-krisia simulatzea, hotzikarak, tenperatura asko igotzea, birikako edema, hipokaltzemia larria, gerriko minak, ondoeza, hepatitis birikoa, errubeola, diabetea eta bihotz-ahultasuna.
    Transfusioak detektaezinak dira eta eritropoietinaren kasuan aipatu ditugun kiroletan erabiltzen da.

3. Bizkortasuna behar denean (batez ere sprintetan eta txirrindularitzan)

  • Klenbuterola (betaestimulatzailea)
    Produktuaren izen komertzialak: Ventipulmin (albaitaritzakoa), Planipart (albaitaritzakoa).
    Arnasketa-ahalmena handiagotu, arnasbideak zabaldu, muskuluak hazi eta azken azelerazioa mantenduarazi egiten da.
    Eragiten dituen kalteak hauek dira: muskuluetako dardarak, takikardia eta buruko minak.
    Droga hau detekta daiteke, eta aipatutako kiroletan ezezik, jaurtiketetan (pisu, disko, mailu eta txabalinan) eta halterofilian erabiltzen da.
  • Kortisona (kortikoesteroideak)
    Produktuaren izen komertziala: Cortisone Roussel.
    Borondatea areagotu, euforia sortu eta mina, nekea zein estresa kendu egiten ditu.
    Eragiten dituen kalteak hauek dira: ultzerak, infekzio birikoak, organismoko defentsak moteltzea, istripu neuropsikikoak, hezurren deskaltzifikazioa, diabetea, edemak, tendinitisa, arteri hipertentsioa, ehun guztiak ahultzea eta giltzurrungaineko gutxiegitasuna.
    Droga detektaezina da, eta orain arte talde honetan aipatutako kiroletan ezezik, gimnasian ere erabiltzen da.
  • Efedrina (estimulatzailea)
    Produktuaren izen komertzialak: Clarix, Stopasthme, Tedralan.
    Estimulatu, norbere buruarengan konfidantza handiagoa izan, irabazteko gogo handia sortu eta neke-sentsazioa moteldu egiten du.
    Eragiten dituen kalteak hauek dira: zefaleak, loezina, taupadak, arteri hipotentsioa, bihotzaren funtzioa moteltzea eta hesteetan janaria azkarrago igarotzea.
    Droga hau detektaezina da eta atal honetan aipatutako kirolez gain izotz gaineko hockeya, boxeoa, arrauna eta esgrima dira kontsumitzaileak.

4. Kontzentrazioa behar denean (tiro-kiroletan)

  • Klenbuterola, kortisona eta efedrina dira bizkortasuneko kiroletan gehien erabiltzen diren drogak. Lehena ez, baina beste biak detekta daitezke.
    Propanolola (betablokeatzailea)
    Produktuaren izen komertzialak: Avlocardyl, Hemipralon.
    Emozio-egoera egonkortu, kontzentrazioa hobetu eta takikardia, estres edo dardarak jaitsiarazita erlaxatu egiten du. Beldurra kendu, bihotzaren erritmoa moteldu eta pultsazio artean tiro egitea erraztu egiten du.
    Eragiten dituen kalteak hauek dira: hipogluzemia, astenia, bertigoak, bihotzeko gutxiegitasuna eta bihotzeko erritmoan zein umorean trastornoak.
    Droga hau ezin da detektatu eta gehienbat honako kirol hauetan kontsumitzen da: tiro-kiroletan, biatloian, pentatloian, automobil-lasterketetan, golfean, eski-jauzietan eta tenisean.
  • Benzodiazepina (lasaigarria)
    Produktuaren izen komertzialak: Temesta, Tranxene, Valium.
    Beldurra, urduritasuna eta tentsio psikikoa jaitsiarazi egiten ditu. Antsietatea kenduarazten du.
    Arnasketan gutxiegitasuna eragin dezake.
    Orain arte atal honetan aipatutako kirolez gain, esgrima, bobsleigha eta zaldi-kirolak dira kontsumitzaileak.
  • Kokaina (estimulatzailea)
    Garuneko iharduera areagotu, pertzepzioa hobetu, oroimena bizkortu eta erreflexuak zein argitasuna indartzen ditu.
    Honako kalteak eragiten ditu: izerdi hotza, erasokortasuna, loeza, antsietatea, buruko mina, gosea kendu eta argaltzea, sudurretako lesioak, bularreko mina, ikarak, etab.
    Droga hau detekta daiteke. Lehen atal honetan aipatutako kirolei, beste hauek erantsi behar zaizkio: atletismoa (sprintetan), saskibaloia, boxeoa, txirrindularitza, izotz gaineko hockeya, igeriketa eta tenisa.
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila