Numerologia (V)

"10"Hamar zenbakia

Mugarik ez duen Jainko amaigabe bakarra adierazten du hamar zenbakiak; bat Jainkoaren zenbakiaren ondoan zero zenbakia, infinituaren ikurra, daramalako. Hamar zenbakiari bost zero gehitzen badizkiogu, milioi bat lortzen da; milioia zazpi zenbaki majikoaz zatitzen badugu, 142.857 zenbakia lortzen da, hau da, Betierekotasunaren zenbakia. Zenbaki hori laburtzen dugunean, (1 + 4 + + 2 + 8 + 5 + 7 = 27 eta 2 + 7 = 9) bederatzi zenbakia lortzen dugu. Betierekotasunaren zenbakiak, gainera, batetik bederatzira arteko zenbaki guztiak biltzen ditu.

Hamar zenbakia bukaeraren eta “gainbukaeraren” ikurra da, heriotza eta gainbehera adierazten dituena. Lehen zenbaki konposatua da eta, beraz, hamarretik gorako zenbakiek lehen zikloa errepikatzen dute, kontzientzi maila altuagoan. Ziklo baten amaiera da eta, aldi berean, beste baten hasiera. Zorioneko zenbakia izanik, egoera zailetan arrakastaren bidea erakusten du.

Zenbaki sakratutzat hartu izan da eta sinismen mistiko asko ezagutzen da bere inguruan; horien jatorria Jainkoaren burua, IO delako, arra zein emea zela uste izatean datza: I arraren zakila da eta O emearen umetokia eta, beraz, bien baturatik kreazioa proiektatzen zela uste da.

Sinboloak: Kabalaren hamar serifota; Virgo.

"11" Hamaika zenbakia

Zientzilariek salbuespen-egoeratan baino ez dute zenbaki hau erabiltzen, bi zenbakia aplikatzea ez dela egokia ikusten dutenean. Oro har, hamaika zenbakidunak orekatuak dira: izpiritualak eta materialak, positiboak eta negatiboak zein onak eta gaiztoak.

Esanahi unibertsalak: Argikundearen, ilustrazio transzendentalaren eta martirioaren zenbakia da; Jainkoaren (bat) eta munduaren (hamar) batura. Juduek Lilith* izenaz ezagutzen dute, Adanen lehen emaztearen izenaz, alegia.

Esanahi pertsonalak: Hamaika zenbakidunak besteei laguntzeko jaioak dira: irakasle, ebanjelari, misiolari, politikari eta abar izan daitezke, bere trebetasunak eta ezagupenak erabiliz. Lan handia egin behar izaten dute eta hamaika apostoluekin lotzen dira. Besteei laguntzeko ahaleginetan ari direla, gertuko lagunekin hotzak eta axolagabeak direla dirudi. Nortasun gogorrekoak, sumakorrak eta intuizio handikoak dira. Orekarako joera handirik ez dute eta beren alde negatiboaren agerpena asaldaria izan daiteke. Hamaika zenbakidunek nortasun bikoitz nahasgarria dute.

Hamaika zenbakidun negatiboek proiektu ausartegietara bideratzen dute bere energia; arriskutsuak, gaiztoak, libertinoak eta zabarrak izan daitezke.

Burua hotza izaten dute eta bere ingurutik at bizi direla pentsa daiteke. Ez dira berekoiak, ezta jeloskorrak eta eztabaidazaleak ere.

Hitz gakoak:
Positiboak: ausarta, ikustaria, humanitarioa, intuitiboa, energikoa, etsigarria, talentuduna, profetikoa.
Negatiboak: zentzugabekoa, axolagabea, gaiztoa, libertinoa, zabarra, satanikoa.

(* Mitoaren lehen bertsioak dioenez, Lilith Adanen lehen emaztea izan omen zen eta, bera bezala, lurretik zuzenean sortua; Lilith-ek ihes egin ondoren sortu omen zuen Jaungoikoak Eva, guztiok dakigun eran, bera ordezkatzeko.)

"13" Hamahiru zenbakia

Askok uste dutenaren kontra, hamahiru zenbakia ez da beti zorigaitzarekin lotu izan; nolanahi ere, Tarotaren hamahirugarren karta heriotza izateak ez du zenbakiaren izaera hori leuntzen laguntzen.

Antzinako jakintsuek hamahiru zenbakidunek boterearen eta menpekotasunaren giltza zutela uste zuten. Ezkutuan erabili izan dira maiz. Kristauen Elizak zabaldutako ustearen arabera mahai baten inguruan hamahiru lagun biltzea zorigaiztokoa da; halaber, uste bera aurkitzen dugu Indian eta Italian, esaterako. Japonen, aldiz, ostiral hamahirua zorioneko eguntzat daukate.

Indiako panteoietan hamahiru buda daude; Txinako eta Indiako pagodetan ere, hamahiru disko mistiko daude. Mexikon zenbaki sakratua da, suge itxurako hamahiru jainko dituztelarik.

Hitz gakoak:
Positiboak: ezkutua, fatalista, malgua, sakratua, erakarlea.
Negatiboak: izukorra, aldakorra, ez-ulertua.

"22" Hogeita bi zenbakia

Laua aplikatzea egokia ez denean baino ez dute zientzilariek erabiltzen. Pertsona bereziei aplikatzen zaie normalean. Hogeita bi zenbakidunak orekatuak dira, izpirituala eta materiala, positiboa eta negatiboa zein ona eta gaiztoa.

Esanahi unibertsalak: Bi arrazoi nagusi dago hogeita bi zenbakia gorena dela esateko: batetik, Jainkoak hogeita bi letra dituen hizkuntza, hebraiera, aukeratu izana eta, bestetik, zenbaki sakratuak zoriz aukeratu ez izana. Hogeita bi zenbakiak esanahi ezkutua du. Zirkunferentziaren neurria da diametroa zazpi –zenbaki magikoa– denean. Profeta eta aztiaren zenbakia da.

Esanahi pertsonalak: Argia adierazten du. Hogeita bi zenbakidunak energikoak eta handinahiak izaten dira. Buruz azkarrak dira eta garaiz kanpo jaio direla uste dute, hau da, aurreratuegiak bizi duten garairako. Berriaz eta iraultzaileaz afanatzen dira. Azkarrak eta zoliak izaten dira; ez dute lo luze egin beharrik izaten eta lanari atxekiak dira. Ezkuturako eta mistizismorako joera dute batzuek.

Hogeita bi zenbakidun negatiboek bere ezaugarri horiek ekintza kriminaletan erabil ditzakete. Fanatikoak eta gaiztoak izan daitezke eta magia beltzaren zale dira.

Jeloskorrak izan arren, ez dute onartzen. Zintzoak, erromantikoak, atseginak, barregarriak eta jostakorrak dira. Maila intelektual bereko bikotea aukeratzen dute.

Hitz gakoak:
Positiboak: sortzailea, zuhurra, zorionekoa, autoritarioa, ulerkorra, izpirituala.
Negatiboak: kriminala, fanatikoa, gaiztoa,…

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila