Neptunoren ilargi guztietan handiena, Triton

Kortabitarte Egiguren, Irati

Elhuyar Zientzia

Neptuno planetaren satelite handiena da Triton, 2.700 km-ko diametroa du gutxi gorabehera. William Lassell astronomo ingelesak aurkitu zuen 1846ko urriaren 10ean; Neptuno aurkitu zutenetik aste gutxira, hain zuzen ere.

Dituen ezaugarri bereziak direla eta, lehenengo argazkiak Lurrera iritsi zirenetik, ikertzaileen arreta erakarri zuen Tritonek. Areago, esan behar da Neptunoren satelite hori izan zela Voyager 2 -ren bidaiaren azken fasearen protagonista. Dena dela, Voyager 2 Tritonera heldu aurretik, ezaguna zen satelitea eguzki-sistemako beste guztietatik ezberdintzen duen ezaugarri bat: Neptunok bere ardatzaren inguruan erlojuaren orratzen kontra biratzen du; Triton, aldiz, erlojuaren orratzak bezala higitzen da planetaren inguruan. Eta hori ez da eguzki-sistemako beste inon gertatzen.

Astronomoentzat badu beste misterio bat. Oso atmosfera mehea du, baina, hala ere, meteorito-talken arrasto gutxi ikusten diote azalean; mota horretako beste planeta eta sateliteei baino askoz ere gutxiago. Ilargia baino pixka bat txikiagoa da, eta, neurriari eta dentsitateari dagokienez, Pluton eta Triton oso antzekoak direla esan daiteke. Dirudienez, Triton harkaitz- eta izotz-nahaste batez osatua dago, eta ez izotzez bakarrik, astronomo batzuek uste zuten bezala.

Atmosferak, berriz, Titanenaren antza du. Saturnoren satelite horrekin eta Lurrarekin batera, osagai nagusitzat nitrogenoa duten bakarrak dira. Nitrogenoaz gain, ordea, metano pixka bat ere badu. Hain zuzen ere, nitrogeno izoztuz osaturik daude Tritonen ikusi dituzten hodei-geruzak.

Eguzki-sistemako beste edozein objektu baino hotzagoa da; gainazaleko tenperatura –235 ºC da. Izan ere, Tritonen gainazalak oso eguzki-erradiazio gutxi xurgatzen du.

Ezaugarri horiek guztiak aipatu ondoren, ez pentsa hor amaitzen denik dena. Bada zer kontatu gehiago.

Voyager 2

Voyager 2 izan da Tritonera hurbildu den espazio-ontzi bakarra. 1989ko abuztuan izan zen hori. Eta, benetan, Voyager 2 -ren kamerek datu bitxiak jaso zituzten. Bitxiak baino gehiago harrigarriak, beharbada.

“Litekeena ote da laster emakumeek ez izatea gure beharrik ume bat izateko? ”

Inork gutxik espero zuen Tritonen gainazal gaztea eta egitura geologiko anitzekoa aurkitzea. Eta hala izan zen, ez zuten aurkitu azal izoztu eta geldoaren arrastorik. Alderantziz, arroila zabalak, kraterrak, tontorrak, izoztutako putzuak eta izugarrizko pitzadurak ikusi zituzten. Baina aurkikuntzarik harrigarriena, inongo zalantzarik gabe, sumendiak izan ziren.

Triton, Io eta Artizarra dira, Lurraz gain, gaur egun eguzki-sisteman bolkanikoki aktiboak diren sistema bakarrak. Marte ere izan zen garai batean. Hori bai, erupzioari dagokionean, guztiak oso desberdinak dira. Lurreko eta Artizarreko sumendiek, esaterako, material harritsua igortzen dute; Ion, aldiz, sulfuroak edota konposatu sulfurosoak; eta Tritonen, azkenik, nitrogenoa eta metanoa bezalako konposatu lurrunkorrak.

Ikusten denez, badago zer aztertu urruneko satelite berezi horretan. Ezaugarri fisikoek ez ezik, gorabehera geologikoek ere badute zer esan. Eta, hori gutxi balitz, Tritonen sorrera-prozesuak ere zalantza ugari sortzen du adituen artean, eguzki-sistemako beste sateliteak bezala eratu zen edo ez argitu gabe baitago oraindik.

Neptuno

Gasezko erraldoietan –Jupiter, Saturno, Urano eta Neptuno bera– Eguzkitik urrunen dagoen planeta da. Gasezko erraldoiak batez ere gasez osatuta dauden planeta izugarriak dira. Neptuno, atmosfera eta guzti, ia Lurra baino 60 aldiz handiagoa da. Hortik atera kontuak.

Neptuno zortzi ilargiz osatutako sistema batez inguraturik dago. Ilargi horiek guztiak, oro har, txikiak dira, baina bada handia eta berezia den bat, Triton, hain zuzen ere.

Neptunoren konposizioa Uranoren konposizioaren antzekoa da; nahiko uniformea. Dena den, Lurraren neurriko nukleo solido txiki bat du. Atmosfera, nagusiki, hidrogenoa (% 85) eta helioa
(% 13) da, eta metano pixka bat ere badu (% 2).

Gasezko edozein planetatan bezala, Neptunon ere haize-bolada bortitzak eta ekaitz handiak gertatzen dira. Hango haize-boladak eguzki-sistemako indartsuenak dira, 2.000 km/h-ko abiadura hartzen dute.

Jupiterrek eta Saturnok bezala, Neptunok ere barneko bero-iturri bat du, alegia, Eguzkitik jasotzen duen energiaren bikoitza baino gehiago irradiatzen du. Eta egunak Lurrean baino zertxobait motzagoak dira han, 16 ordu eta 6,7 minutukoak.

Neptunoren diametroa Lurrarena baino lau aldiz handiagoa da, gutxi gorabehera. Bestalde, hura da planeta erraldoietan
dentsoena. Eta, argazkietan, Neptuno kolore urdinez agertzen da. Zergatik? Metanoa da horren erantzule nagusia. Izan ere, atmosferan dagoen metanoak argi gorria xurgatzen du —espektroan, argi gorria uhin-luzera txikietan agertzen da—. Eta xurgatzen ez duen beste guztia islatzen du; espektroko uhin-luzera altuagoak edota urdinaren eremua, hain zuzen ere. Horrexegatik ikusten da Neptuno urdina.

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
MAIER Koop. Elk.
KIDE Koop. Elk.
ULMA Koop. Elk.
EIKA Koop. Elk.
LAGUN ARO Koop. Elk.
FAGOR ELECTRÓNICA Koop. Elk.