Nahaste-borraste III

Gabonetako oporrek parada egokia eskaintzen digute merezi dugun atseden txiki hori har dezagun. 25 galdekizun eskaintzen dizugu aje handiko egun hauetan zure burua entreteni dezazun.

Gabonetako oporrek parada egokia eskaintzen digute merezi dugun atseden txiki hori har dezagun. Hala ere, lan egiteko hartu dugun ohiturak ez digu burua lasai uzten eta sarritan etxerako lanen bat egiten dihardugu. Hori gerta ez dakizun, 25 galdekizun eskaintzen dizugu aje handiko egun hauetan zure burua entreteni dezazun.

1. Hona hemen planoan kokaturiko hiru etxe eta ur, argi eta gasaren gordelekuak
(a). Auzoek beren etxeak gordelekuekin konektatu nahi dituzte, baina hodiak gurutzatu gabe. Lagunduko al zenieke?

Behekoan (b), etxeak eta gordelekuak erroskila moduko lurrean daude. Arazo bera daukate auzoek. Lortuko al dute konponbidea?

2. Zortzi poxpoluz osatu behar duzu lau triangelu eta bi karratu dauzkan irudia.

3. Karratu bati lau ebakidura zuzen egin behar zaizkio. Lortutako piezekin bost karratu berdin osatu beharko dituzu.

4. Ebaki ezazu aldameneko irudia bi zati berdinetan.

5. Hustutako globoan karratu bat marrazten baduzu, globoa puztu eta gero zer itxura izango du?

6. Nola aterako zenuke papera basoak ukitu gabe?

7. Gizon bat bere etxera gauez iritsi da. Bapatean gauza batez konturatu da, eta pistola hartuz bere buruaz beste egin du. Baina, bere etxeko zoluan zerrautsik ikusi balu ez zukeen bere burua hilko. Zein da portaera bitxi honen zioa?

8. Jo dezagun norbaitek zenbaki lehen guztiak biderkatu dituela (ezagutzen direnak jakina). Biderkadura L bada:

  • zein da L-ren azken zifra?
  • azken aurreko zifra, bakoitia ala bikoitia da?

9. Hiru anai-arrebek astero hiru egunetan esaten dituzte gezurrak, besteetan egia diotelarik. Nagusiak astelehen, astearte eta asteazkenetan esaten ditu gezurrak. Erdikoak asteazken, ostegun eta ostiraletan. Gazteenak ostiral, larunbat eta igandeetan. Behin batean Loiolan, hiru anai-arrebak bildurik zeudela honakoa, esan zuten:

Nereak: gaur ostirala da
Josunek: atzo osteguna zen
Gorkak: Josune da nagusia

Asteko zein egunetan gertatu zen elkarrizketa hau? Zer izen dute nagusiak, erdikoak eta gazteenak?

10. Berdin ikurraren bi aldeetan dagoen poxpolu-kopuru utziz, nola egin berdintza bete dadin?

11. Txartel baten alde batetan, “txartel honetan bi baieztapen dago” esaldia irakur daiteke. Beste aldean, berriz, “atzean esaten dena ez da egia” esaldia. Zein da gezurra?

12. Bi basotan ura eta ardoa, bietan kantitate berdina, banaturik dauzkagu. Uretatik bost tanta hartzen dira eta ardoaren gainera bota. Baso hau astindu eta gero, bost tanta hartzen dira eta uraren basoan utzi egiten dira. Ardoan ur gehiago al dago uretan ardoa baino? Ala alderantziz?

13. Zazpi sultanek, guztira, 2.879 emakume dauzkate. Ez dago kopuru berdinekorik. Edozein haremetako emakumeen kopurua beste edozein haremetako kopuruaz zatituz gero, beti zenbaki osoa lortuko dugu.

Esan, hala Allah!, zenbat emakume dagoen harem bakoitzean.

14. Gereziondo batera igo nintzen, gerezirik zeukanera.

Gerezirik ez nuen jan, baina gerezirik gabe utzi nuen.

Zenbat gerezi zegoen arbolan?

15. Ondoko piezekin xake-taula bezalako laukia osatu behar da. Piezak planoan bira daitezke, baina espazioan ez.

16. Xakeko problema bat 5x6 laukietako taula batean erregea, dama, bi dorre, bi alfil (kolore desberdinetan) eta bi zaldi elkarri eraso gabe kokatzean datza.

Zailtasun bat sar daiteke. Peoi bat kokatu behar da, baldintza berdinetan, baina ez lehenengo eta azkeneko errenkadetan.

17. Hona hemen zatiketa bat, zeinean bost 5 eta 0 bat bakarrik ikusten bait dira. Puntuak zenbakiz ordezkatu behar dituzu zatiketa zein den jakiteko.

18. Koka itzazu 1etik 12ra bitarteko zenbakiak zirkulu zurietan, uztaietako sei zenbakien baturak berdinak izan daitezen.

19. Orain antzekoa, baina oraingoan 1etik 19rako zenbakiekin, hiru zirkuluko lerroetan (erradioetan ere bai) batura 22 izan dadin. Hau lortu eta gero, berriz koka itzazu zenbakiak batura 23 izan dadin.

20. Hiru karta daude ahoz behera. Badakigu 1 baten eskuinera 2 bat edo bi daudela; 2 baten ezkerrera 2 bat edo bi daudela; kopa baten ezkerrera ezpata bat edo bi daudela eta, azkenik, ezpata baten eskuinera ezpata bat edo bi daudela. Zeintzuk dira hiru kartak?

21. Aldameneko karratuari lau ebakidura egoki eginez gero lau erpineko izarra lor dezakezu.

22. Irudian L itxurako baldosaz osaturiko laukizuzena ikus dezakezu. Laukizuzen honek arteka bat dauka; bi laukizuzenetan banatzen duena. L itxurako baldosaz artekarik gabe egin daitekeen laukizuzen txikiena irudikoaren erdia da. Baina, zein da hurrengoa?

23. Beste zatiketa bat. Honetan zenbaki bakoitiak laukiz eta bikoitiak zirkuluz daude ordezkaturik. Zatiketa zehatza da.

24. Irudiko zirkunferentzien zentruak P eta Q puntuetan daude, PQ zuzenkiaren luzera 3 cm-koa delarik. Zein da ebaki-puntu batetik pasatzen den eta PQ-rekiko paralelo den MN zuzenkiaren luzera?

25. Hona hemen bi piramide. Bietan ertzen luzerak berdinak dira. Zeintzuk dira piramideen bolumenak? (kalkulurik egin gabe).

Parranda artean galdekizun hauei erantzuten saiatzeko hutsune bat baduzu, mila esker. Seguraski lortu egin duzu eta ez dizkiguzu erantzunak eskatu beharko. Hala ere, saiatu ez bazara (oraindik garaiz zaude) edo, saiatu arren, erantzun guztiak aurkitu ez badituzu apika lortu nahi zenituzke, edo aurkitu dituzunak egiaztatzeko edo aurkitu ez dituzunak ezagutzeko. Hala izanez gero, idatziguzu eta erantzun egokia jasoko duzula agintzen dizugu.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila