Musika-aretoak: diseinu eta akustikaren bidegurutzean

Kontzertu-areto berria inauguratzeko dago. Nolakoa izango da aretoak eskainiko digun giroa? eroso eta goxoa? eta musikaren kalitatea? Hauetxek dira beti egiten diren galderak.

Kontzertu-areto berria inauguratzeko dago. Nolakoa izango da aretoak eskainiko digun giroa? eroso eta goxoa? eta musikaren kalitatea? Hauetxek dira beti egiten diren galderak. Erantzunetan ordea ez da adostasun handirik egoten askotan. Batzuentzat oso “hotza” da; aretoak ez bait du musika behar bezala jazten.

Beste batzuentzat, oso “nahasia” izan daiteke, orkesta sinfonikoak interpretatutako musikarentzat erreberberazioa desegokia delako, etab. Eritzi estetikoak ez dira inoiz guztiz bat etorri. Hala ere, zientziak aurrerapen handiak egin ditu alor honetan ere azken urteetan eta dagoeneko planoan besterik ez dagoen areto batean antzerki, opera edo kontzertu sinfoniko batek zer-nolako soinu-kalitatea izango duen aurresan daiteke.

Zer da musika-areto bati eskatu behar zaiona? Musikari egoki erantzutea, noski. Egokitasun hori zertan datzan zehaztu beharko dugu beraz. Argitasuna eskatuko zaio, hau da, erraz “ulertu” behar da, hitzaldi batean hitzak jaso ohi diren bezalatsu.

Baina horrek ez du hoztasuna esan nahi. Jantzia heldu behar du guregana musikak, hau da, erreberberazioek musika “goxatu” egin behar dute. Hemendik egokitasun horrek gutxieneko eta gehienezko mailak dituela ondorioztatzen da erreberberazioari dagokionez. Hurrengo ezaugarria intentsitate-maila da. Pianissimoak garbi entzun behar dira, baina hurrengo konpasean orkestak gogor ekiten dionean belarriei sufri erazi gabe. Musikak inguratu egin behar du entzulea. Zulo batetik datorrenaren sentsazioa ematen duen musikak ez digu asko gozaraziko.

Akustika-adituak, ezaugarri guzti horiek fisikoki neur daitezkeen parametro fisikoetara itzuli behar ditu. Kontutan hartu behar da gaur egun musikazaleak bere etxean bertan musika erreproduzitzeko oso aparatu onak izan ditzakeela, eta beraz, zuzeneko musika entzuten duenean kalitate eskasagoko soinuekin ez dela erraz konformatuko.

Erreberberazioan dago gakoetako bat

Esana dugu erreberberazioak minimo eta maximo baten artean egon behar duela soinuaren kalitatea ona izan dadin. Gehiegizko erreberberazioa izaten da, adibidez, elizan emandako piano-kontzertuak entzunezin bihurtzen dituena.

Milaneko Teatro alla Scala (1776-78). Opera-aretoa da. Zapata-kaxa itxurako aretoan oinarritu zen Giuseppe Piermanini bere diseinatzailea.

Baina zer da erreberberazioa? Erreberberazio-denbora da interesatzen zaigun parametroa eta honelaxe neurtzen da: soinu-iturriaren igorpena amaitu ondoren, 60 dezibeleko soinu-intentsitatea galtzeko behar den denbora. Beste hitz batzuetan esanda, hasierako eta bukaerako energien arteko zatidura 10 6 izan arteko denbora. 60 dezibel galtzea ez da beti posible.

Horretarako hasierako soinuak 95en bat dezibel behar ditu 35 dezibeleko hondo-soinua duen areto batean (oso areto ixila) eta intentsitate hori orkestaren fortissimoaren mailakoa da. Entzulearentzat hala ere, garrantzitsuena lehenengo hamar dezibelen galera-denbora da. Praktikan, 20-30 dezibeleko galera da efektu horren sentsazioa ematen duena. Dezibel-galera adierazten duen kurbaren maldaren hasierako partea da beraz benetako garrantzia duena.

Erreberberazioa azaltzeko modurik sinpleena akustika geometrikoa da. Puntu batera iristen diren soinu-uhinek, ibilbide desberdina egin dute iturritik atera eta aretoan zehar. Soinu zuzenaz gain, soinu isladatuak ere jasotzen ditugu, hau da, aretoko pareta eta bestelako elementuetan isladatzen diren uhinak ere jasotzen ditugu. Soinu zuzenaren eta isladatuen arteko denbora-tartea ibilbideen arteko diferentziei sor zaie. Sabine-ren formulak dioenez, erreberberazioa handiagotu egiten da aretoaren tamainaren arabera eta txikiagotu pareten absortzioaren arabera.

Entzuleari iturritik datozkion uhin desberdinak heltzen zaizkio. Uhinetako bat zuzena da, hau da, iturri eta entzulearen arteko lerro zuzena den ibilbideari jarraitzen zaiona. Besteak, alboetako pareta, sabai eta bestelako elementuetan isaladatu diren uhinak dira.

Soinuaren frekuentziak ere badu zeresana. Frekuentzia baxuentzat altuentzat baino erreberberazio-denbora luzeagoak onartzen ditugu.

Giza belarriak soinua jasotzen duenean inertzia txiki batez jokatzen du. Horregatik onartzen da lehen 80 milisegundotan jasotako uhin isladatuek uhin zuzenarekin bat egiten dutela. Hortik aurrerakoak erreberberazioak dira. Baina 80 milisegundo horien ondoren isladapen solte eta anplitude handikorik heltzen bada, hori oihartzuna da. Oihartzuna, noski, guztiz kaltegarria da eta areto batean erabat ekidin beharrekoa.

Aretoaren puntu bakoitzak bere ekograma du. Bertan, soinu zuzen eta erreberberazio guztiak biltzen dira. Garai batean ekograma horiek egitea ia ezinezkoa zen; oso zaila bait zen puntu horiei zegozkien soinuak irakurtzea. Gaur egun seinaleak tratatzeko ezagutzen diren teknika berriak erabiliz, askoz ere errazagoa da aretoaren kalitateari buruzko datuak biltzea.

Esku artean proiektua bakarrik izanik egin daitezke entseiuak gaur egun. Horretarako maketa bereziak erabiltzen dira. Dimentsioak txikiagotuz eta frekuentziak handiagotuz aretoaren benetako erantzuna nolakoa izango den aurresan daiteke. Baina maketa hauek oso garestiak dira eta gainera bada beste eragozpen bat: oso zaila da pareten absortzioa egoki simulatzea.

Londreseko "Royal Albert Hall" aretoa. Bere planta eliptikoaren ondorioz oso akustika eskasa du. Akats hau zuzendu nahian, diskoak erantsi zaizkio sabaian argazkian ikus daitekeen bezala.

Informatikak ere lagundu du arlo honetan. Orain arte, lehen isladapenak besterik ez ziren kontutan hartzen, isladapen guztiak kontutan hartuz kalkuluak egitea ezinezkoa zelako. Orain, programa berezien bidez, posible da askoz ere kalkulu konplexuagoak egitea. Eta dagoeneko eraiki dira, horrelako programen laguntzaz diseinaturiko aretoak; Parisen Bastillako opera adibidez.

Irtenbiderik egokienaren bila

Bitarteko tekniko boteretsu hauek eskuartean ez zituzten garaian ere eraiki ziren oso areto eder eta egokiak. Lehen areto itxiak jauregietako gela pribatuak izan ziren. Areto haiek tamainaz txikiak ziren eta orduko gustua zela eta, apaindura ugari zituzten sabai eta paretetan. Apaindurazko elementu hauek soinua asko isladatzen dute, noski.

Musikari-kopurua eta aretoaren tamaina kontutan hartuz, areto haietan entzuten zen musikaren kalitatea ona zela esan daiteke. Hasierako areto haien jarraitzaile dira XIX. mendeko kontzertu-areto angeluzuzenak. Paretetan balkoi luze eta estuak izatea da areto hauen ezaugarrietako bat. Honelakoak ditugu adibidez, Vienako “Musikverein” eta Bostoneko “Symphony Hall” aretoak. Areto hauek zapata-kaxaren itxura dutela esan ohi da.

XIX. mendean zehar orkesta sinfonikoa hazi egin zen eta berarekin batera aretoek ere gero eta tamaina handiagoa behar zuten, bai musikariak, bai gero eta ugariagoa zen publikoa biltzeko. Londreseko “Royal Albert Hall” aretoa garai hartakoa dugu. Bost mila pertsona bildu ahal izatea zuen helburu eta horrek planta eliptikoa entseiatzera bultzatu zituen. Emaitzak, akustikoki behintzat, tamalgarriak izan dira eta gerora zenbait egokitzapen egin behar izan da akatsak zuzendu nahian.

Erreberberazio-denbora egokiak soinu-mota eta areto desberdinentzat.

Areto laukizuzenek ere badute, baina, arazo bat. Eserleku guztietatik orkesta ez da ondo ikusten eta eserleku batzuk oso deserosoak dira; alboetakoak adibidez. Kontutan hartu behar da egun musikazaleek etxean bertan oso kalitate oneko musika entzuten dutela, eta beraz kontzertura doazenean soinu-kalitatea eskatzeaz gain, musikariak ikusi eta gozatu nahi izaten dutela. Greziarren eta Erromatarren garaiko antzerkien diseinura jo nahi izan da hori konpontzeko, baina ez da emaitza onik lortu. Areto handiegiak dira eta musikak nahi adinako intentsitatea ez du lortzen.

Nola lortu, beraz, areto laukizuzenak eskaintzen dituen alboetako isladapen aberatsak eta maskor-formako aretoen bisibilitatea elkartuko dituen aretoa? Weinberg izeneko teknika erabiltzen hasiak dira horretarako. Weinberg hitzak mahasti esan nahi du: publikoa 100 bat eserlekuko ataletan, maila desberdinetan, eta paretatxoz banandurik dago. Horrela entzuleak areto txiki eta atseginean dagoenaren sentsazioa du. Berlineko Filarmonikaren aretoa eta Nizan 1985ean inauguratutako Akropoliak ere ideia hau erabili dute kalitatea eta erosotasuna segurtatzeko.

Baina horrek ez du injinerutza akustikoa bere helmugara iritsi denik esan nahi. Orain sinfonia bat areto jakin batean nola entzungo den aurresan dezakegu, aretoaren planoak ezagutuz gero. Baina horrelako eraikuntzak baldintza askoren menpe egoten dira, ekonomikoak ere tartean izaten direlarik, eta beraz, kasu bakoitzean irtenbiderik egokiena zein den bilatu behar dute teknikariek. Arkitekto, dekoratzaile, eszenografo, akustika-aditu eta obra-lanen arduradunaren artean aztertu eta erabaki beharreko hainbat ezaugarrik eta elementu nagusi eta ñiminoek definituko dute aretoa.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila