Montrealdo ituna eta gero...

CFC izenaz ezagutzen ditugun substantziak batez ere aerosoletan (propelente edo langargailu gisa), hozkailuetan hozkarri moduan edota aparra sortzeko erabiltzen diren konposatu kimiko antropogenikoak dira. Atmosferaren behealdean geldoak dira eta ez dute toxikotasun handirik. Estratosferara iristean, ordea, Eguzkiaren izpi ultramoreen eraginez disoziatu egiten dira, kloro-molekulak askatuz. Kloro-molekula horiek kalte handia eragiten diote ozono-geruzari. Kloro atomo bakoitzak milaka ozono molekula suntsitzen ditu eta, gainera, ia mende oso batez irauten du eragin horrek.

Beraz, CFC hauek dira (beste zenbait produktu halogenaturekin batera) ozono-geruza estratosferikoa pairatzen ari den mehetze larri eta arriskutsuaren erantzule zuzenak. Zergatik, ordea, larri eta arriskutsua? Ozono-geruzak planetako bizidunontzat oso kaltegarriak diren izpi ultramoreen eragin zuzena eragozten duelako. Horregatik, ozono-geruza gutxiagotzen den neurrian gero eta larriagoa da planetako biziaren —gaur egun ezagutzen dugun moduan, behintzat— egoera.

Ozono-geruza desagertzeak sor lezakeen kaltea hain da neurrigabea ezen adituek ere ezin izan dute behar bezala kalkulatu. Baina kaltea ez da noizbait gerta daitekeen zerbait, gaur egun, oraintxe bertan, gertatzen ari dena baizik. Antarktikan eginiko azken ikerketen arabera, kalteak nabariak dira dagoeneko animalien geneetan, landareen emankortasunean eta itsasoko katea trofikoan oinarri-oinarrizko begia den fitoplanktonaren garapenean.

Gizakioi eragindako kalteei dagokienez, bestalde, kontuan izan behar dugu —Nazio Batuen Erakundeak ontzat eman dituen datuen arabera— ozono-geruza % 10 mehetzen bada munduan 300.000 azaleko minbizi-kasu berri sortuko direla urtero-urtero. Ikusi besterik ez dago orain arte azaleko minbizien eraginak izan duen gorakada azkenaldian eta, itxura guztien arabera, areagotu egingo da aurrerantzean. Ez ahaztu, gainera, izpi ultramoreek sor dezaketen kalteetako bat baino ez dela azaleko minbizia.

Montrealgo Ituna sinatu zenez geroztik, CFCak erabiltzea teorian galerazita daudenez, HCFCak, ordezko substantziak, ari dira erabiltzen. CFCen industriak utzitako merkatua —batez ere aerosoletan eta hozkarrietan— HCFCak ari dira bereganatzen. Alabaina, HCFCak CFCen lehengusu propioak baino ez dira; horiek ere, neurri txikiagoan bada ere, kalte handia eragiten dute ozono-geruzan.

Orduan, zergatik ez debekatu behin-betiko hain arriskutsuak eta kaltegiarriak diren produktu horiek? Enpresek negozio biribila egiten dutelako produktu hauekin, jakina. Europan ez da produktu hauek erabiltzea debekatuko 2014. urtera arte; ekoizpena, berriz, 2030. urtera arte baimenduta egongo da, ez baita ahaztu behar Hirugarren Mundua deritzoneko merkatua ere hortxe dagoela, bertan produktu hauen eskaria gero eta handiagoa delarik.

Norbaitek pentsa lezake HCFCak erabiltzen direla CFCak ordezkatzeko produktu inokuorik ez dagoelako. Eta oker egongo litzateke; kontua da Elf bezalako enpresen interesak (eta Elf aipatzen dut Bizkaian bertan, Zaramillon, baduelako lantegia) handiegiak direla.

Hau bezalako kasuek (nire iritziz benetan kriminalak direnek) agerian uzten dute “poluitzen duenak ordain dezala” dioen bezalako leloak. Nahikoa ote da isuna ordaintzea, dirutza izanik ere, ozono-geruza hondatzen segitzen bada? Ez, bistakoa da. “Poluitzen duenak ez du poluitu behar eta poluitutakoa garbitu”, horixe da filosofia zuzena.

Gobernuek eta enpresek isunen kostua beren aurrekontuetan kontuan hartuta ez da ezer konpontzen. Ekoizpen garbiari heldu egin behar zaio, hau da, poluitu gabe ekoiztea helburu duen sistemari, heldu behar zaio ziklo naturalek ezin birzikla ditzaketen produktuei uko eginez.

Garapen jasangarriak ezin du planeta hondatzen segitzeko aitzakia izan (polikiago nahi bada, baina, azken batean, hondatzen segitzeko). Eta horixe da substantziak ordezkatu izanaren atzean dagoen filosofia: “segi dezagun planeta hondatzen, baina polikiago, halaxe eskatzen baitu garapen jasangarriak”. Eta kontzeptu horren atzean ezkutatzen den pentsamolde kontserbadorea aldatzen ez den bitartean, planeta bera eta berarekin gure bizi-baldintzak hondatzen segituko dute. Hori bai, hondamendia jasangarria izango da, etengabea.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila