MIR: hamabost urte espazioan

Urresti, Igor

Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Espazioa etxean sartu zaigula argi dago. Zenbat izen bihurtu zaizkigun eguneroko! Sputnik, Gagarin, Apolo, eta nola ez... Mir . 15 urtez izan dugu Mir gure inguruan biraka. Espazioan pertsonek gidatutako misiorik luzeenak bertan egin dira eta etorkizunean gizakiak espazioan modu iraunkorrean bizi eta lan egiteko ezinbesteko informazio-iturri bilakatu da.
Mir estazioaren egitura modularra da. Eguzki-panel handiak dituena Mir modulu nagusia da. Bere ezkerrean (ardatz nagusian) Kvant 1 modulua dago, eta goiko muturrean ikusten dena Soiuz-TM espazio-ontzia da. Parean ikusten dena Kristall modulua da. Guztira 140 tonako pisua, 30m-ko luzera eta 33m-ko zabalera ditu estazioak. (NASA)

Sobietarren espazio-estazio iraunkorrerako bidea 1964an hasi zen, Juri Gagarin lehen kosmonauta espazioratu eta hiru urte eta erdira, Txelomei jeneralak OKB-52 enpresan lankideak batu eta gidatutako lehen espazio orbitala eraikitzeko erabakia hartu zuenean. Diseinatu zuten estazioa erraldoia zen garai hartarako: 20 tonako pisua eta 4,1 m-ko diametroa. Diametroa ere ez zen zoriz aukeratu, trenak Baikonur-eko jaurtiketa-estaziora garraia zezakeen tamainarik handiena baitzen.

Helburua Lurraren inguruko orbitan lanerako gune iraunkorra eraikitzea zen, bertan saiakuntza zientifiko eta militarrak burutzeko. Soiuz (batasuna) izena eman zioten programari eta 1967an abiatu zen Soiuz 1 ontzia orbitan jarri zutenean. Lehen misioek arazo larriak izan zituzten arren, -espazioan hildako lehen pertsona, Vladimir Komarov, 1967an- gutxika-gutxika espazioan lan egiteko behar zuten teknologia garatzen joan ziren sobietarrak. Garai hartan estatubatuarrek martxan zuten Gemini programarekin ere lehia gogorrean aritu ziren. Azkenean, 1970ean, Soiuz 9 misioan kosmonautak 18 egunez egon ziren espazioan eta Gemini 7ak bost urtez izan zuen 14 eguneko iraupen-errekorra gainditzea lortu zuten.

Estatubatuarren eta errusiarren arteko elkarlana oparoa izan da azken urteotan. Mir modulutik ateratarako argazki honetan, estazioari lotuta, Atlantis transbordadorearen muturra ikusten da.
NASA

Ondoren, 1971n, sobietarren lehen espazio-estazioen belaunaldia etorri zen. Saliut moduluak jendearekin edo jenderik gabe egon zitezkeen, eta Soiuz ontziarekin elkartzeko ataskaz hornituta zeuden. Ideiaren oinarria argia zen: espazioan Saliut moduluak mantendu eta Soiuz ontziak erabili lurrerako bidaia egiteko. Saliut programan ere arazo ugari izan zuten hasieran, batez ere Saliut 2 eta 3 misioetan, baina azkenean, Saliut 7ak ordura arteko iraupen-errekor guztiak hautsi zituen, zortzi hilabetez egon baitziren kosmonautak bertan.

1973an estatubatuarrak ere saiatu ziren espazio-estazio iraunkorrak garatzen, baina Skylab estazioaren ondoren beste programa batzuk -transbordadorea batez ere- indartzea erabaki zuten eta albo batera utzi zuten proiektua.

1986ko otsailaren 19an azkenik, sobietarrek Mir espazio-estazioa orbitan jarri zuten. Hiruzpalau urterako diseinatutako estazioak 15 urte eman ditu etengabe lanean!

Mir estazioaren egitura

Izatez, Mir estazioaren egitura modularra da eta elkarri konektatutako hainbat moduluz osatutako konplexua da. Mir en gorputz nagusiari gutxika modulu espezializatuak gehitu zaizkio zientziaren alor desberdinetako saiakuntzak burutzeko gune egokiak eskainiz.

Espazioan daudenean egoera fisiko onari eusteko eguneroko ariketak egitea ezinbestekoa da, mikrograbitatean muskuluak indarra galtzen joaten baitira.
NASA

Mir modulua orbitan jarri zen lehena izan zen eta estazioaren modulu nagusia da. 13 metro luze da eta 4,1 m-ko diametroa du. Beste moduluetatik bertara sartzeko sei ataska ditu. Bi ataska ardatz nagusian -aurrealdean eta atzealdean- eta beste lau alboetan, 90º-ko tartearekin.

Mir moduluan ("bakea" errusiarrez) operazio-gunea eta bizitzeko gunea aurkitzen dira. Operazio-gunea Mir konplexuaren kontrol-gunea da. Bertatik kontrolatzen dute sistemaren funtzionamendua eta bertatik pilotatzen dute estazioa. Horrez gain, saiakuntza zientifikoak egiteko lekua ere badago. Bizitzeko gunean, mahai bat, zaborra gordetzeko sistema eta sukaldeaz gain, kosmonauta bakoitzak bere lotarako kabina du.

Kvant-1 modulua 1987an elkartu zitzaion modulu nagusiari eta astrofisikarako erabiltzen den modulua da. Galaxien, quasarren eta neutroi-izarren inguruko informazioa eskuratzen du, espektro elektromagnetikoa eta X izpien igorpenak neurtuz.

Kvant-2 modulua (1989) ikerkuntza bioteknologikoan eta lurraren behaketan espezializatua dago. Kanporako esklusa ere badu, eta materialek eta sistema elektronikoek espazioan duten portaera aztertzeko erabiltzen da.

Kristall modulu teknologikoa (1990) espazio-ingurunean materialak prozesatzeko gunea da. Mikrograbitateaz baliatuz, erdieroaleak eta beste zenbait material ekoizteko tresneria du. Beste gauza batzuen artean, grabitate-ezean nekazaritza aztertzeko negutegia ere bertan dago.

Spektr modulua 1995ean bidali zen espaziora, eta atmosfera eta lurreko baliabide naturalen azterketarako tresneria du.

Priroda modulua izan zen 1996an konplexuari gehitu zitzaion azken modulua. Atmosferan, ozono eta aerosolen kontzentrazioa neurtzeko erradiometro, radar eta espektometroak ditu.

Kosmonauta bakoitzak bere logela du. Argazkian agertzen dena Norm Thagard estatubatuar astronauta da. Zutik dagoela dirudien arren, mikrograbitate egoeran ez dago goialde edo behealderik. 15 estatutako 100 kosmonauta baino gehiago izan dira Mir en.
NASA

Mir konplexuaren modulu guztiek zoru, horma eta sabai desberdinduak dituzte -alfonbradun zorua, koloredun hormak eta fluoreszentez hornitutako sabai zuria-. Mikrograbitatean goialdeak eta behealdeak zentzurik ez duten arren, antolamendu honek normaltasun kutsua ematen die kosmonautei.

Kosmonautak Mir estaziora bidaltzeko eta egonaldiaren ondoren lurrera itzultzeko Soiuz-TM modulua erabiltzen da, eta estazioa erregai eta zientzia-tresneriaz hornitzeko, aldiz, Progress-M espazio-ontzia. Progress-M ontzia guztiz automatikoa da, eta Lurrera berriz itzultzean, estazioko zaborra ekartzeko ere erabiltzen da.

Mir en ekarpena

20.000 saiakuntzatik gora egin da Mir en. Emaitza fidagarri eta egokiak lortzeko, hainbat saiakuntza burutzean nahitaezkoa da pertsonen presentzia, saiakuntzaren bilakaera aztertu eta horren arabera erabakiak hartu eta zerbait aldatu behar denean aldatzeko. Bertan jaio dira lehen aldiz txoriak mikrograbitatean eta bertan jarraitu ahal izan dugu anfibioen enbrioien bilakaera. Ez da aurkikuntza miragarririk egin, baina, dudarik gabe, estazio honek denbora luzez espazioan behaketak eta azterketak egiteko aukera paregabea eskaini du.

Bestalde, gizakiak espazioan bizi eta lan egiteko baldintza eta mugak ikusteko oso baliagarria izan da Mir . 1988an, sobietarrek urtebetez bi kosmonauta jarraian izan zituzten estazioan. Egonaldiaren iraupen hobezina sei hilabetekoa dela ikusi da. Kosmonautek lehen hilabetea grabitate-ezaren egoerara ohitzeko behar dute, batez ere erosotasunez mugitu eta lanak lasai burutzeko.

Bertan ikusi denez, giza gorputza nahiko ondo egokitzen da mikrograbitatera. Lehen pare bat astetan kosmonautek goragaleak izaten dituzte, baina ondoren organismoa odolaren banatze berri horretara ohitu eta eroso sentitzen da. Muskuluen indarra eta hezurren erresistentzia beharrezkoak ez direnez, ahultzen joaten dira eta hori da arazoetariko bat. Izan ere, kosmonauta berriro lurrera itzultzen denerako egoera fisikoa zaindu behar du, eta egunean ordu-pare batez ariketa fisikoak egin arren, sei hilabete egon ondoren ondorioak larriak izaten hasten dira. Hau oztopo handia izango litzateke urteak iraungo luketen balizko planetarteko bidaietarako. Gainera, sei hilabetetik gora, kosmonautari herrimina sartzen zaio eta produktibitatea asko gutxitzen da.

Bazkaltzeko ordua heldu da.
NASA

Baina agian Mir en onurarik handiena espazioan nazioarteko elkarlanari ateak zabaldu izana da. 1993tik aurrera, errusiarrak estatubatuarren transbordadoreetan dabiltza eta estatubatuarek Mir en egonaldi luzeak egin dituzte. Mir en bertan, 15 estatu desberdinetako astronautak izan dira. Honek guztiak martxan dagoen nazioarteko espazio-estazioari eman dio bidea. Ezin eskertuzko elkarlana, bi potentzien arteko harremanei eusten lagundu duena.

Mir en jasotako informazioak estazio berriaren egitura diseinatzeko balio izan du eta Mir en erabilitako hainbat eta hainbat irtenbide erabiltzeko asmoa dago: espazioan estazioa egonkortu eta orekatzeko sistema, erregai- eta elektrizitate-sistema, Progress hornikuntza-ontzi automatikoa, etab. Nazioarteko estazioaren modulu nagusia bera ere, Zveda modulu errusiarra izango da.

Ez da makala gero Mir ek utzitako erronka. Nazioarteko estazio berriak indarrez hartuko al du Mir zaharrak utzitako lekukoa?

MirCorp: Mir-en iraupena ziurtatzeko diru-iturri pribatuen bila

Merkatu-ekonomia ere heldu da espaziora. Telekomunikazio-sateliteek, farmazia-ikerkuntzarako saiakuntzek edo material berrien ekoizpena burutzeko aukerek espazioa ere merkatu-ekonomiara ekarri dute.

Mir ek ere diru-iturri pribatuetan izan du bere azken aukera. Mir en kudeaketa daraman Errusiako Energia espazio-konpainiak eta Herbeheretako Gold Apple konpainia pribatuak MirCorp sozietatea sortu zuten.

MirCorp en atzean telekomunikazioetan dirutza egin duten zenbait enpresari daude, batez ere Walt Anderson estatubatuarra eta Txirinjev Katuria Internet munduko enpresari indiarra.

Anderson-en esanetan, " Mir zaharkituta dago eta arazoak ditu, baina eraikuntza zaharrak ere ez ditugu botatzen berotze-sisteman arazoak dituztenean. Etxea berriztatu egiten da"

Dennis A. Tito izan zen MirCorp-ek sortutako espazio-turismorako prestatu zen lehena. Argazkian, II-76 errusiar hegazkinean grabitate-ezean entrenatzen. 20 milio dolar (2.500 milioi pezeta, 150 milioi libera) ordaintzeko prest zegoen. (MIRCORP)

Haren helburua Mir estazioa beste bi urtez mantentzea zen. Horretarako lehenengo eta behin, beharrezkoa zuten konponketa batzuk burutzeko misioa bidaltzea. Horrela, 2000ko apirilaren 6an bi kosmonauta bidali zituzten mikroihesak konpondu eta beharrezkoak ziren gainerako konponketak ere burutzera. Hilabete berean, erregaiz betetako Progress-M ontzia bidali zuten diru-iturri pribatuez ordainduta. Kosmonautak bi hilabetez izan ziren espazioan eta hainbat saiakuntza egiteko erabili zituzten. Diru pribatu hutsez ordaindutako lehen espazio-misioa izan da.

Baina MirCorp ek ekarritako berrikuntzarik deigarriena, espazioa turismoarentzat zabaltzeko aukera izan da. Dennis Tito estatubatuar diruduna izan da espaziora joateko prest agertu den lehena. 20 milioi $ ordaintzeko prest agertu zen eta "izarretako hirian" ere prestakuntza-ariketak burutu zituen. Titanic filmaren zuzendaria den J. Cameron-ek ere agertu zuen Mir en bidaiatzeko asmoa.

Prestaketak burutu zituen beste bat Vladimir Stelkov aktorea izan zen. Mir en filmatzekoa zen "Azken bidaia" izeneko filmerako aktore aukeratu zuten Stelkov. Telebistan arrakasta handia izan duen Survivors (bizirik dirauena) lehiaketaren sortzaile den Mark Bennet-ek ere interesa agertu zuen, eta Estatu Batuetako NBC kateak 40 milioi $ jarri zituen mahai gainean. " Mir helburu" izeneko programa honetan, dozena bat lehiakide espaziora joateko prestatuko ziren eta errusiar ofizialek astean lehiakide bat deskalifikatuko lukete. Saria, nola ez, Mir estaziora bidaia.

Baina Mir ek pertsonekin espazioan jarraitzeko 125 milioi $ inguru bildu behar zuen MirCorp ek. Abenduan ordaindu beharreko diruak ez ziren garaiz heldu eta azkenik, Mir en arazo teknikoek bultzaturik bertan behera utzi behar izan dute proiektua.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila