Mijail Lomonosov: Zientzilari eta pentsalari errusiarra

Mijail Lomonosov, XVIII. mendeak eman duen gizon ospetsuenetakoa izan da. Bere literatur lanak garrantzitsuak izateaz gain, berak egindako lan zientifikoei esker munduko zientziak aurrerapen handia izan zuen.

Mijail Basilievitx Lomonosov, Denisovka-n jaio zen, 1711ko azaroaren 19an. Arrantzale baten seme zen eta txikitan ere asko gustatzen zitzaion irakurtzea. Hamazazpi urte zituela Moskura joan zen bere aitaren asmoen aurka. Aristokrata baten seme itxura eginez, hango akademia batean sartzea lortu zuen.

Lehenengo urteak oso gogorrak izan ziren; Estatuak ikasleentzat ematen zuen laguntza oso txikia bait zen. Baina ikasteko gaitasun handia erakutsiz, azkar aurreratu zen eta bost urteren buruan latina, grekoa, aritmetika, geografia eta historia ikasi zituen.

Bere aurrerapen harrigarria zela eta, Petersburgera bidali zuten eta handik urtebetera Alemaniara zientziak (batez ere fisika, kimika, mineralogia eta meatzaritza) lan zitzan. Alemaniako unibertsitate zaharrenetako batean, Hamburgen hain zuzen, alemana eta frantsesa ikasi zituen eta bere lehen literatur lanak ere idatzi zituen.

1741ean Petersburgera itzuli zen eta hango Zientzi Akademian ikerketa garrantzitsuak egin zituen jakintzaren arlo ezberdinetan.

Antolatzaile bezala ere aparta izan zen Lomonosov. Lehenengo laborategi kimikoaren eta Moskuko Unibertsitatea sortzea, bere behaketa astronomiko eta meteorologikoak egitea eta espedizio geografikoak antolatzea dira besteak beste Lomonosov-en merituak.

Lomonosov-engan harrigarriena bere jakinduriaren zabaltasuna da. Jakintza desberdinen integrazioan eta zientzia eta praktikaren batasunean funtsatu zuen bere entziklopedismoa. Integraziorako joera horren ondorioz, kimika-fisika eta kimika-matematika sortu zituen.

Lomonosov-en lanak ikertu dituzten askok diotenez, bere obra bitan bana daiteke; zientifikoa eta artistikoa. Bere lan zientifikoek eta literarioek batabestearekin zerikusi handia dute.

Bere lanetan, XVII-XVIII. mendeko zientzia eta kulturaren joera aurrerakoiak eragina izan zuen.

Printzipio materialistak gogoko zituela bere lan guztietan nabaritzen da. Horietako bat adibidez, unibertsoaren esplikazio materialista izan zen, bere garaiko natur zientzia guztietan oinarrituz. Teoria honek ekarpen handia egin zion filosofia materialistari.

Adieraztekoa da bere lan zientifiko eta artistikoen norabide ateista ere. Unibertsoaren kontzepzio erlijioso-idealistaren aurka zegoen eta Mikolaj Kopernik-ek XVI. mendean kaleratu zituen aldaketa iraultzaileak gogoko zituen.

Teorilari azkarra eta esperimentatzaile bikaina izatea, oso ondo konbinatzen zituen. Bere lan teorikoak eta entseiuen bidez lortutako ondorioak ez zituen behin ere bereizten.

Gogokoen zituen zientziak, fisika eta kimika ziren.

Fisika-arloan bere ikerlan garrantzitsuenak, beroari, argiari eta elektrizitateari buruzkoak izan ziren. Bere lanetan gorputz batetik bestera bero-transmisioa materiaren elementu txikienen higiduraren ondorio zela argitzen saiatu zen.

Astronomi arloan, 1761. urtean Artizarren atmosferaz ohartutako lehena izan zen.

Tresna berriak asmatzen ere aritu zen. Horietakoa, eta oraindik erabiltzen dena, biskosimetroa dugu. Termometroak hobetzen ere lan egin zuen eta aparatu meteorologikoak eta nabigaziokoak sortu zituen.

Kimika-arloko bere lanak ere interesgarriak dira. Hasieran, disoluzio-prozesuak ikertu zituen: metalak azidoetan eta gatzak uretan. Baina lan garrantzitsuenak bere laborategia sortu ondoren egin zituen.

Garai honetan zientziaren bi arlo garrantzitsuenak, hau da, fisika eta kimika, bat egitea lortu zuen.

Mineralogia, geografia eta geologian ere lan asko egin zuen, kontinente, mendi eta itsasoen eratze-prozesuak argitu zituelarik. Baita mineralen eta erregai fosilen jatorria ere.

Lomonosov fisika-ikastarotara joaten hasi zenean, fisika bi korronteren arteko borrokaren lekuko zen: Cartesianismoaren eta Newtonismoaren artekoa hain zuzen. Bi korronte hauen artean aukera egin behar horrek, fisikaren ikusmolde berri bat sortzera bultzatu zuen, puntu batzuetan lehengoei zuzenketa batzuk eginez eta beste batzuetan kontzepzio berriak sortuz.

Descartes eta Newtonen teorietan hipotesi atomikoak ez zuen garrantzi handirik, baina Lomonosov bere funtsezko esanahiaz ohartu zen, eta atomistika teoria zientifiko bihurtu zuen lehenetarikoa izan zen.

Zientzia errusiarraren garapenari ekarpen handia egin zion errusierazko lehen gramatika sortu zuenean. Zientzilarien artean zuen itzal handiari esker, bere lan zientifiko eta literarioetan erabilitako hizkuntzak funtzio arauemailea bete zuen.

Mendebaldeko nazioetan erabat ezezaguna izan arren, Sobiet Batasunean etengabe goraipatzen da. Bere jaioterriari, Denisovka-ri, 1948. urteaz geroztik Lomonosov deritzo.

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
MAIER Koop. Elk.
KIDE Koop. Elk.
ULMA Koop. Elk.
EIKA Koop. Elk.
LAGUN ARO Koop. Elk.
FAGOR ELECTRÓNICA Koop. Elk.