Maurits Cornelis Escher

M. C. Escherren bizitza

Martxoaren 27an 20 urte beteko dira Maurits Cornelis Escher irudigile herbeheretarra hil zenetik. Escher 74 urte lehenago jaioa zen Herbehereetako Leeuwarden herrian.

Castrovalva
1929

1903. urtean Arnheim herrira aldatu zen bere familia eta bertan bigarren mailako eskolara joan zen. Marrazkia izan ezik, beste ikasgaiak ameskaitz ziren berarentzat (1. irudia). 1919. urtean Haarlem-go Arkitektura eta Arte Apaingarrietako Eskolan hasi zituen ikasketak. Baina handik gutxira utzi eta eskola berean ematen ziren arte grafikoak ikasten hasi zen, Samuel Jesserum de Mesquita maisu zuelarik. Bi urte geroago Arte-Eskolatik atera egin zen, marrazketaren oinarrizko ezagumenduak eta zurezko marrazketa menperatuz.

1922. urtean Italia eta Espainatik bidaiatu zuen. Negua Sienan pasa eta gero Italiako hegoaldera joan zen; Ravello herrira hain zuzen. Bertan Jetta Umiker, gero bere emazte izan zena, ezagutu zuen. Ezkondu eta gero Erromara, Monte Verde-ra, joan ziren bizitzera (2. irudia). Lehenengo aldiz, lasaitasun osoz lan egingo zuen. 1935. urtera arte bere etxean bezala bizi izan zen Italian. Udaberriro bidaia egiten zuen, Abruzzi mendi, Campania, Korsika, Malta, Sizilia eta abarretara, gehienetan beste pintatzaile batzuekin (Giuseppe Haas Triverio, Robert Schiess, etab.ekin). Bidaia hauetan Escherrek zirrimarrak egiten zituen (gero bere marrazkietan erabiliko zituenak). Castrovalvan 1929an mugarik gabeko paisaia irudikatu zuen (Castrovalva, 1929), Escherri goraldu zioten lehenengotakoa; izan ere, berak egindako onenetakoa bait da.

Ordura arte nahikoa ezezaguna zen Escher. Erakusketa txiki pare bat, zenbait liburu eta kitto. Ez zituen bere lanak saltzen eta bere aitaren bizkarretik bizi zen. 1951. urtera arte ezin izan zuen bere lanetik bizi.

1935.etik aurrera Italiako giroa ilundu egin zen, faszismoa zela eta. Horregatik alde egin zuten Suitzako Châteaux-d´Oex herrira, berak zioenez bi negu “elurraren gabezi zuri nardagarrian” bizitzera. Inguruak, paisajeak, arkitekturak, etab.ek, ez zioten ezer iradoki. Handik ateratzea obsesio bihurtu zitzaien. Itsaso-nostalgia zeukan. Horregatik, Fiume-ko “Compagnia Adria”ri, Mediterranioan zehar itsas bidaiak antolatzen zituen enpresari, eskutitz bat igorri zion plaza librerik zeukaten galdetuz. Escherren proposamena hauxe izan zen: Jettaren eta bere pasajeak, bidaian egindako zirrimarretan oinarritutako marrazkiekin, 48 irudirekin (12 plantxaren launa kopiarekin), ordainduko zituen.

1. irudia. M. C. Escher 15 urterekin
1913

Harrigarriagoa baiezko erantzuna ematea izan zen. 1936an Fiume-Valentzia eta Genoa-Valentzia bidaiak egin zituzten. Garai hartakoak dira Idi-begia eta Marseilla marrazkiak, besteak beste. Bidaia hauek aprobetxatuz Granadako Alhambra bisitatu zuen Jettarekin. Bertako apaingarriak sakon aztertu zituen eta bigarren bisitaldian asko eta asko kopiatu zuten. Horrela ezarri ziren gainazalaren partiketa periodikoen eremuan berak egindako lan aitzindarien oinarriak. Cartagenan preso hartu zuten hiriaren defentsa-instalazioak (harresi zaharrak) kopiatzeagatik. Bere irudi guztiak konfiskatu zizkioten.

1937an Herbehereetako Baarn herrira aldatu ziren (bigarren mailako eskolak ospe handia bait zuen). Garai hartako produkzioa ugaria da, bertako klimak ongi laguntzen zuelako. Handik aurrera bere bizitza lasaitu egin zen. Mediterranioan zehar bidaia gehiago egin bazuen ere, ez zuen antzinako iradokimenik lortu (3. irudia). 1962an gaixotu zenean soilik, utzi egin zion irudikatzeari. 1969. urtean Sugeak marrazkia egin zuen, artean sasoi onean zegoela frogatuz.

1970ean Herbehereetako Laren herriko Rosa Spier etxera joan zen. Etxe hartan artistek beren estudioak zeuzkaten eta ez zitzaien ezer falta. Bertan hil zen bi urte geroago.

M. C. Escherren lana

Escherren lanetan, 1937.a baino lehenago egindako paisajeetan izan ezik, iradokimen matematikoa aurki dezakegu. Bere 70 irudietan berak egindako ikerketak azaltzen dizkigula dirudi. Ikerketa hauetan matematikaren hiru arlo ukitzen ditu (4. irudia).

Espazioaren egitura

2. irudia. Escher Erroman
1930

Bere lan osoan azaldu zuen kezka hau. 1937. urteaz geroztik bere koadroetan espazio ezberdinak logika handiz biltzen ziren. Irudi matematiko hutsez izan zuen interesa geroago etorri zitzaion, kristalek sortuta. Arlo honek, beraz, paisajeak, elkarrengana sartzen diren mundu arraroak eta gorputz matematikoak ditu.

Gainazalaren egitura

Aro hau gainazalaren partiketa erregularraz arduratu zenean hasi zen, Granadako Alhambrara egin zuen bisitaldiak bereziki eraginda. Azterketa sakon baten ondoren gainazal launa erregularki partitzeko metodo bat asmatu zuen. Gai hau bakarrik daukan koadrorik ez dago. Hala ere, Escherrek partiketa hauek metamorfosien irudietan erabiltzen zituen, zeinetan irudi matematiko hutsak pertsona, landare, animalia, eta abar bihurtzen bait dira. Zikloen irudietan ere, zeintzuetan amaierako irudia hasierakoarekin bat datorren, baliatzen zen aipatu partiketaz. Azkenik, teknika hau infinituranzko hurbilketetan ere agertzen da, baina hauetan irudi uniformeak erabiltzen zituen. Honen zailtasunak azaltzen digu obra hauek geroago zergatik agertu ziren.

Hiru dimentsioko espazioaren gainazal launarekiko proiekzioa

Escherrek berehala egin zuen topo hiru dimentsioko irudiak bi dimentsiotan irudikatzeak dituen arazoekin. Errenazimentuaz gero ezagutzen ziren perspektiba-legeak zorrotz aztertu zituen eta lege berriak aurkitu ere bai; zenbait iruditan azaldu zituenak hain zuzen. Irudia hiru dimentsioko objektu baten gainazal launarekiko proiekzioa da, objektua espazioan existitu ala ez. Hiru koadro-mota aurki ditzakegu: irudipenaren arazoa agertzen dutenak, perspektibaz ari direnak eta ezinezko irudiak dituztenak.

Hiru arlo hauek ez ziren bereizturik agertzen bizitzan zehar. Aitzitik, askotan gai bat baino gehiago aztertu zuen aldi berean.

3. irudia. "... gauaren iluntasunean ikusi nuena..."

Paisajeek betetzen dute lehenengo garaia (1922-37); batez ere Italiako hegoaldekoak eta Mediterranioaren kostaldekoak. Litografiarik osoena Hiru mundu (1955) izenekoa da. Jadanik 1934eko Natura hila litografian bi munduren ispilu baten bidezko elkarrengana sartzea antzematen da.

1937-45 denboraldia metamorfosien garaia da, 1937ko Metamorfosia I koadroarekin hasten delarik. Garai honetako lan bat aipatzearren Eguna eta gaua (1938) izendatukodugu. Bertan garaiaren ezaugarri guztiak ikus daitezke. Aldi berean metamorfosia, ziklo bat eta bi dimentsioko irudietatik hiru dimentsiokoetarako aldaketa azaltzen dira. 1946koa da garai honen azkeneko lana, Ispilu magikoa. Bi eta hiru dimentsioen arteko aldaketa ederkien azaltzen duen lana Eskuak irudikatzen, 1948, dugu eta azkenekoa Herensugea, 1952.

Perspektibaren gaia 1928ko Babeleko dorrea eta 1935eko San Pedro, Erroma, lanetan jadanik landua zeukan. Bertan Escherri interesatzen zitzaiona ez zela gauza bat irudikatzea nabarmentzen da; baizik eta perspektiba bera. Hala ere, 1946ra arte ez zen legeak sakon aztertzen hasi. 1946ko Beste mundu bat I estanpan puntu bat zenit, nadir eta ihes-puntua da aldi berean. Garai hartako gailurra, ezpairik gabe, Goitik eta behetik (1947) lanean lortzen da. Estanpak elkar ebakitzen duten lerro paraleloak azaltzen ditu. Garaiaren amaieran ohizko perspektibara itzuli zen eta oinarrizko irudi geometrikoz arduratu zen (poliedroak, kiribilak, Möbius-en xingolak,...). Lehenengo lana 1947ko Kristala dugu, gailurrean Izarrak (1948) daukagu eta azkenekoa 1954ko Planetoide tetraedrikoa da. Geroko lanetan ere azaltzen dira, baina ez gai nagusi bezala. Möbiusen xingolak talde honetan sartzen dira, beranduagokoak badira ere.

1956ko Gero eta txikiagoa I lanarekin infinituranzko hurbilketaren garaia hasi zuen. Escher beraren ustez lanik bikainena Limite zirkularra III (1959) da. Escherren azkeneko lana, Sugeak (1969), ere hurbilketa da. Ezinezko irudiak ere sartzen dira garai honetan. Lehenengoa Ahurra eta ganbila (1955) da eta azkenekoa Urjauzia (1961). Garai hartako lanik harrigarriena, eta Escherren lan osoan garrantzitsuenetako bat, Marrazki-Aretoa (1956) da. Escherren eritziz lan honetan bere ahalmen intelektual eta artistikoaren mugara heldu zen.

Natura hila, litografia
1934

Escherren lanak 1934 eta 1937 urte bitartean bapateko aldaketa jasan zuen. Aldaketa honek Erroma eta Mediterraniotik Suitza, Herbehereak eta Belgikara bizitzera joatearekin dauka zerikusirik. Hala ere, aldaketa ez zatekeen gertatuko Escherrengan jarrera hori aurretik egon ez balitz. Jarrera hori ez da zientzia edo matematikan zeukan interes berezian bilatu behar. Escherrek beti esan zuen bera geometrian ezjakin zela. Elkarrizketa batean honakoa esan zuen: “Matematikan nahiko bat ere ez nuen lortu.

Kuriosoa da, dirudienez, konturatu gabe matematikaz aritu izana. Ez, eskolan mutil maitagarri eta inozoa izan nintzen. Nork pentsatuko zuen matematikariek beren liburuak nere irudiekin apainduko zituztela eta, hain pertsona adituekin nere ikaskide edo anai-arreba balira bezala tratua izango nuela?. Eta beraiek ezin dute sinetsi esaten dutenaz ez dudala tutik ere ulertzen”. Matematikari ez eta, gehienbat, Escher artisau abila izan zen; helburu konkretua lortzeko metro eta konpasarekin lan egiten zuena.

Hasierako lanetan jadanik somatzen da interes hau. 1920an, Haarlem-eko Done Bavon katedralean lumaz metro bat baino neurri handiagoko orrian egin zuen argimutil bat, zeinaren azpian, bola batean, katedrala eta artisau bera isladatzen bait ziren. 1922ko beste marrazki batek buruz beteriko gainazala agertzen du, zortzi buruetatik lau ahozpez daudelarik. Guztiek gainazala estaltzen dute. 1937an, Alhambrara egindako bigarren bisitaldiaren ondoren, koadro-segida bat azaldu zen berehala.

Hiru mundu, litografia
1955

1938an, G. H.´s-Gravesande-k artikulu bat eskaini zion “Elseviers Maandschrift” aldizkarian. Hala ere, 1951. urtera arte arte-kritika ofizialak ahaztuta eduki zuen. 1951ko otsailean “The Studio” aldizkarian Marc Severin-en artikulu bat agertu zen. Severinek zioenez Escherrek bazekien gauzek gordetzen duten poesia matematikoa argitara ateratzen. 1965eko urriko “Jardin des Arts” aldizkariaren alean, Albert Flocon-ek honakoa esan zuen: “Goia eta behea, barnea eta kanpoa, ezkerra eta eskuina, gertua eta urruna bezalako kontzeptuek esanahi absolutu oro galtzen dutela dirudi, trukagarri bihurtuz. Bestetik, bapatean, puntu, gainazal eta espazioen artean, zio eta ondorioen artean, lotura berriak erdikusten ditugu, gure begien aurrean mundu arraroak konjuratzen dituzten eta gureak bezain posible diren espazioko egitura berriak sortzen direlarik”.

1968an, Escherren 70. urtemuga zela eta Haga-ko museoak erakusketa handi bat antolatu zuen. Herbeheretako Kanpo-Arazoetarako ministrariak pelikula bat agindu zuen eta 1970ean bukatu zen. Jurriaan Andriessen-ek Escherren irudiek iradokitako pieza konposatu zuen 1970ean. Rotterdam-go Orkesta Filarmonikoak jo zuen, Escherren irudiak ikusten ziren bitartean. Gaur egun Escher artista grafiko ezagunenetakoa dugu.

(Oharra: Argazki honetako testua ongi ikusteko jo ezazu PDF-ra).
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila