Klimaren bilakaera

Mendiburu, Joana

Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Zientzialariak 80ko hamarkadan jabetu ziren Lurraren berotzeak izan ditzakeen ondorioez. Gaur egun, gero eta lan-tresna aurreratuagoei esker, fenomenoa errazago ulertzen da, baina arazoari aurre egin eta irtenbideak proposatzerakoan, ezadostasunak gero eta argiagoak dira.

Berotegi-efektua handitzen ari den heinean Lurraren tenperatura ere igotzen ari dela inork gutxik jartzen du zalantzan. Hala ere, hasieratik argi eduki behar da berotegi-efektua gertaera naturala dela eta berari esker dagoela Lurrean batez besteko 15 ºC-ko tenperatura goxoa eta ez -18 ºC-koa.

Klimaren Aldaketei buruzko Adituen Gobernuarteko Taldea (IPCC) 1988tik ari da mundu osoko 2.000 inguru adituren lan eta datuak biltzen. Taldearen helburua berotegi-efektuaren eta tenperatura-igoeraren arteko lotura azaltzea da.

Hamar urteko lanaren ondoren, IPCCko zientzialariek honako ondorio hauek atera dituzte:

1860tik, Lurraren batez besteko tenperatura 0,4 ºC eta 0,6 ºC artean emendatu da, eta, gainera, XX. mendean, azken 1.000 urteetako ipar-hemisferioko berotze handiena gertatu da. Hortaz, etorkizunari begira, zientzialariak ezkor ageri dira: 1995ean, 2100 urterako tenperaturek beste 1-1,3 ºC bitartean gora egingo zutela esan zuten, baina, gaur egun, igoera hori 1,5-6 ºC bitartekoa izango dela uste da.

Fluktuazio-klimatikoen oreka arina

Izotzek eta sedimentuek osatzen duten artxiboari esker, klimaren historia nahiko ongi ezagutzen da, eta frogatuta dago bizitza agertu zenetik, Lurrak klima-aldaketa ziklikoak izan dituela. Horregatik, dudan jartzen da ia, benetan, klima-aldaketaren aurkako jarrera eduki behar den ala ez. Azken finean, bizia klimaren aldaketetara egokitu izan da beti, horretarako desagertze masiboen prezioa ordaindu behar izan bada ere.

Sateliteen bidezko irudiei esker, gero eta aurreikuspen zehatzagoak egiten dira eta efektu klimatologikoak hobeto ulertzen dira.

Glaziazioak eta glaziazio arteko garaiak Lurraren orbitak Eguzkiaren inguruko ibilbidean izan dituen aldaketei dagozkie. Arazoa da aldaketa zikliko horiei jaramon eginez gero, gaur egungo garaiaren ondoren glaziazioa aurreikusten dela, eta ez datuek erakusten duten tenperatura-igoera.

Baina klima-aldaketaz hitz egitean, berotegi-efektuak tenperatura-igoeran izan dezakeen eraginaz gain, atmosferaren konposizio-aldaketak sortzen dituen gainerako fenomenoak ere kontuan izan behar dira.

Izan ere, aditu gehienak bat datoz, gaur egun sistema erabat desorekatuta dagoela esatean. Horren erakusle dira azken mendeko aldaketen anplitudea aurretiko milaka urteetakoa baino askoz handiagoa dela erakusten duten datuak. Azken 400.000 urteetan, karbono dioxidoaren kontzentrazioa beti 280 ppm (milioiko parteak) baino txikiagoa izan da. Baina XIX. mendetik hona etenik gabe egin du gorantz eta, gaur egun, 360 ppm-ra iritsi da. Metanoaren kontzentrazioa, berotegi-efektuaren beste eragile bat, milioiko 0,7 izatetik 0,8ra pasa da eta ozonoaren kontzentrazioa ipar hemisferioan lau aldiz handiagoa da.

Etorkizunerako eszenatokia

El Niño bezalako ekaitz bortitzak eta desertifikazioa dira berotegi-efektuaren bi aurpegi gordinenak.

IPCCko adituek uste dute 2100 urterako Lurraren tenperaturaren batez bestekoa igo egingo dela. Hala ere, oraindik ezinezkoa zaie termometroaren igoera hori termino klimatologikoetara itzultzea. Ezjakintasuna da oraindik nagusi eta, batez ere, lainoek eta landareek nola eragingo duten definitzeke dago.

Bi gradutxo nahikoa izango ote dira ondorengoen etorkizuna kolokan jartzeko? Ez da erraza erantzuten, baina azken 30 urteetan neurtu den 0,6 ºC-ko igoeraren ondorioak aztertuta panorama beltza ageri da. Bi aldaketa nagusi aipatzen dira nagusiki; alde batetik, izotz eta elurteen murrizketa, eta bestetik, hondamendi larriak eragin dituzten ekaitz bortitzak eta ezusteko lehorteak.

Azken 30 urteetan, artikoko bankisa % 40 txikitu da eta, azken 150 urteetan, glaziarrek, batez beste, beren azaleraren % 30-40 eta beren bolumenaren % 50 galdu dute. Martxa horretan, mende bat barru eta Alpeetako glaziarren % 95 desagertuko da. Gainera, Argentinako glaziar batzuk oraindik hazten ari badira ere, erdi-mailako altitudeetan urtzeko joera orokorra da, Kenya menditik Asia erdialdeko Tien Shan mendikateraino.

Izotza urtzeak, noski, itsas maila igotzea dakar, batez ere berotzeak dilatazio-termikoa eragiten duelako (uraren tenperatura emendatzean, ura dilatatu egiten da). XX. mendean, itsasoaren batez besteko maila 10-20 cm igo da, aurreko 3.000 urteetan baino 10 aldiz lasterrago. Datorren menderako, batez beste, itsasoek metro erdi egin dezakete gora.

Ekaitzei dagokienez, guztien gogoan daude oraindik, Ameriketan eta Asian, 1997-1998 urteetan, El Niñok eragindako hondamendia eta 1999ko abenduan Europako mendebaldea ukitu zuen ekaitza. 2000ko otsailean, Afrika australak azken 50 urteetako uholderik handienak ezagutu zituen eta ekialde ertainak, berriz, idorte handia eta gosetea.

Fenomeno horien aurrean, batzuek klima-aldaketaren lehen seinaleak ikusten dituzte. El Niñoren kasuan, bere bortizkeria azpimarratu dute meteorologoek. Pazifikora ur-masa handia jaurtitzean desoreka klimatikoa sortu ohi da 2-7 urtero, eta El Niñoren indarra azken 80 urteetan neurtu den handiena izan da. 1999ko ekaitzaren kasuan, berriz, ohiz kanpoko ibilbidea nabarmentzen dute adituek, Frantziako kostaldean amaitu beharrean, herrialdea iragaitean indartu egin baitzen.

Azken 30 urteetan artikoko bankisa % 40 txikitu da.

Prezipitazioek gora egin dute ipar hemisferioko erdi-mailako altitudeetan eta altitude garaietan (% 0,5-1 azken hamarkadan) eta modeloek kontraste klimatikoak nabarmendu egingo direla erakusten dute.

Zientzialariak, hala ere, zuhurrak dira eta ez dute kausa-efektu erlaziorik egin nahi muturreko gertakarien eta ustezko klima-aldaketaren artean. Lotura egon badaiteke ere, ez da ahantzi behar kalteen larritasuna herrialdearen okupazio berriarekin oso lotuta dagoela —urbanizazioa, lurraren aldaketak— eta naturaren aldaketen aurrean ahulduta gaudela eta menpekotasun handiagoa dugula.

Gizakia bere buruari harria botatzen?

Paradoxikoa badirudi ere, klima-aldaketaren erruduna eta, aldi berean, ondorio lazgarrien pairatzaileetako bat, gizakia bera da. Gaur egungo jakintzarekin, inork ezin du etorkizuneko munduaren karta nahiko zehaztasunekin marraztu, baina gizakiaren etorkizuna ilun aurreikusten duten pintzelkada lodi batzuk egin daitezke.

Itsaso-mailen igoerak zuzenean mehatxatzen ditu 1-4 metro bitartean dauden eskualdeak. Oro har, dentsitate handiko biztanleria bizi da leku horietan eta nekazaritza-jarduerarako lur emankorrak izan ohi dira. Adibidez, Nilo ibaiaren deltan Egiptoko nekazaritza-produktuen erdia ekoizten da, eta aurreikuspenak betez gero, urpean gelditzeko arrisku bizia du, inguru guztian pareta ikaragarriak eraikitzen ez badira behintzat.

Zalantzarik gabe, atmosferan karbono dioxido kopurua emendatzearen eragile nagusienetakoa da industria.

Uholdeak hemen, idortea han. Dirudienez, gero eta leku gutxiago izango dira bizitzeko aproposak. Eskualde intertropikaletan prezipitazioen beherakada nabarmendu egingo dela, eta, ondorioz, desertifikazioa lastertuz joango dela aurreikusten da. Jadanik 250 milioi pertsona daude desertifikazioak jota eta beste 750 milioi arriskuan ei daude. Saharak sabana astiro-astiro jan egingo du, Ekialde hurbileko lur emankorrak antzu bihurtuko dira, desertua Asia erditik Volgako lur beltzetara eta Indiako iparraldeko puntara hedatuko da. Hori guztia gertatuz gero, ondorioa jakina da: herrialde txiroenak eta biztanleria gehien dutenak izango dira zuzenki kaltetutakoak, eta, bizitzeko zailtasun handiegien aurrean, emigrazioa eta gatazkak areagotu egingo dira.

Eta horren guztiaren eragile nagusiak, inongo zalantza-izpirik gabe, industria-iraultza eta demografiaren igoera ikusgarriak izan dira. Agente naturalek eragindako berotegi-efektua —eguzki-aldaketak eta erupzio bolkanikoak—gizakiaren jarduerak eragindakoa baino askoz txikiagoa da; eta ez hori bakarrik, azken hamarkadetan negatiboak ere izan dira.

Atmosferan karbono dioxido-kopuruak izan duen igoera harrigarria jotzen da berotzearen arduradun nagusitzat. Eta, jakina denez, gas horren kontzentrazioa emendatzearen arrazoia industria- eta nekazaritza-jarduerek sortutako konbustioa da; ikatzaren eta petrolioaren konbustioa alde batetik, (urtean 5-6 miliar tona karbono jaurtitzen da horrela) eta egurrarena bestalde. Azken horren eragina neurtzea oraindik zaila da; izan ere, oihanak erretzean CO 2 -a askatzen da, baina berriz ere landaredia hazteko CO 2 -aren parte bat, behinik behin, kontsumitu egiten da.

Eskualdeak industrializatzeak eta nekazaritza intentsiboak landaredia, suntsitzearekin batera, erosioa erraztu eta uraren zikloa nabarmen aldatzen du. Horrela, eskualdeetako klima-aldaketak gertatzen dira eta munduko klima eskualdeetakoaren batura eta elkarreraginez osatuta dagoenez, txikikeriak diruditenek zurrunbiloaren osagarri izaten amaitzen dute.

Trafikoaren eragin kaltegarriak ezagututa, ez al da komeni garraio publikoa gehiago indartzea?

Baina, gizakiak noiz arte ezkutatuko ditu bere ardurak ezinbesteko eboluzioaren atzean? Egia da sistema klimatikoa goiz edo berant orekatuko dela, baina neurri egokiak hartu ezean, ez ote da berantegi izanen? Hitzarmen bateratu eta finkoen eskariak gero eta oihartzun handiagoa du, baina ezadostasunek ere gero eta leku handiagoa dute.

Hitzarmena ezinezkoa ote?

Gaur egun, egoera hobetzeko ezinbestekotzat jotzen da berotegi-efektua gutxitzeko mundu-mailako hitzarmena sinatzea. Ideia hori aurrera eramateko lehen pausoak 1992an eman ziren Rio de Janeiron, baina hasierako borondatea poliki-poliki bidean galdu dela dirudi.

Konferentzia horretatik lekora, mundua bitan banatuta bezala ageri zen. Alde batetik, Ameriketako Estatu Batuak eta Europako herri industrializatuak eta, bestetik, garapen bidean dauden herrialdeak. Hala ere, bi parte nagusi badaude ere, hiru irizpide nagusitu ziren. Lehena Ameriketako Estatu Batuena da. Ez dute beren garapen- eta energia-ereduak zalantzan jartzeko presa handirik. Bigarren jarrera europar herri industrializatuena litzateke. Horiek industria-iraultzaz geroztik poluzio-ekoizle handiak dira, baina arazoari aurre egiteko borondate handiagoa erakutsi dute. Hirugarren ikuspuntua garapen bidean dauden herrialdeena da. Horien iritziz, bestek sortutako poluzioarengatik beren garapena sakrifikatzea prezio garestiegia da.

Eurite handiek sortutako uholdeak kontrolatu eta lehorteetan ur-eskasiarik izan ez dadin urtegiak egin dira leku askotan. Hori al da benetako irtenbidea?

Dena dela, ezadostasunak handiak izanagatik ere, konpromiso politikoak hartuz hainbat dokumentu sinatu ziren. Gainera, atmosfera babesteko indar berezia egin behar duten herrialdeen lista idatzi zen. Aldaketa klimatikoari buruzko hurrengo konferentzia garrantzitsu eta erabakigarrienetakoa, 1997an Kioton egin zena izan zen. Konferentzia horretan Kiotoko protokoloa adostu zen.

Protokoloa sinatuta, 38 herrialdek, 2008-2012 urteen artean, 1990ean jaurtitzen zuten karbono dioxidoa % 5,2 gutxitzeko konpromisoa hartu zuten. Europako Batasunak % 8 gutxitu behar du, Japoniak % 6, Errusiak bere horretan mantendu behar du eta Australiak eta Zeelanda Berriak orain arte baino gehiago poluitzeko eskubidea dute! Estatu Batuek, berriz, orain arteko kantitateari bere horretan eusteko konpromisoa hartu zuten, nahiz eta konpromiso hori bera, 2001eko martxoaren 13an, ez zuen onartu George W. Bush-ek.

2000ko azaroan, Hagako konferentzian, Kioton hitzartutakoa martxan nola jarri finkatzen saiatu ziren. Porrota erabatekoa izan zen, errazagoa baita konbenioa sinatzea martxan jartzea baino.

Ofizialki, oihanek eta lurraren erabilerak karbonoaren zikloan duten eraginean blokeatu ziren eztabaidak. Jakin badakigu landarediak eta ozeanoek CO 2 -emisioak erregulatzen laguntzen dutela: giza jarduerek sortutako 28 miliar tona CO 2 -tik, bi ponpa natural indartsu horiek erdia bereganatzen dute.

Eta guztia negoziatzen denez, Estatu Batuek beren emisio-bolumenetik beren oihanetan gordeta dagoen CO 2 -aren parte bat gutxitzea proposatzen dute. Baina ikertzaileek diote tenperaturaren arabera basoen xurgatze-kapazitatea aldatu egiten dela. Tenperatura altuko lekuetan, landaredia lehenago hondatzen da eta, beraz, CO 2 gehiago sortzen da xurgatzen dena baino. Ondorioz, ezer erabaki baino lehen basoen eraginari buruz ikerketak egin behar dira.

Basoen ustiaketa galgatzeko, CO 2 -a xurgatzeko duten gaitasuna ekonomikoki baloratzea begi onez ikusten dute ekologista batzuek. Baina gaitasun hori CO 2 -a jaurtitzeko aitzakia gisa erabiltzea onargarria al da?

Aurtengo maiatzean egin da Bonn-en (Alemania) klimari buruzko seigarren konferentzia. G. Bush Estatu Batuetako presidenteak, egun batzuk lehenago, fermuki kritikatu zuen Kiotoko protokoloa, eta ez zuela onartzen adierazi zuen. Hortaz, konferentzia batere motibaziorik gabe hasi zen eta lau gai nagusiren inguruan ez zen aparteko aurrerapausorik eman. Kiotoko protokoloa gauzatzeko mekanismoak, oihan-eremua, hitzartutakoa bete ezean jarri beharreko zigorrak eta garapen bidean dauden herrialdeei eskaini beharreko laguntza ekonomiko eta teknikoa izan ziren negoziatu beharreko lau arloak.

Aditu baikorrenen arabera, Bonn-eko konferentzia, Kioton hitzartutako konpromisoen maila beheititu bazen ere, positiboa izan zen. Estatu Batuen kritiken aurrean, gainerako herrialdeek hartuko zuten jarrera kolokan zegoen. Azkenean, kostata izan bazen ere, Japoniak Kiotoko protokoloaren alde egin zuen. Garapen bidean dauden herrialdeek ere laguntza ekonomiko eta teknikoa emateko eskatu zuten eta Kiotoko protokoloan hitzartutakoa errespetatzeko exijitu. Ondorioz, Europako Batasunak, Kanadak, Suitzak, Islandiak, Norvegiak eta Zeelanda Berriak, 2005 arte, urtero 410 milioi dolarreko laguntza emateko konpromisoa hartu zuten.

Kiotoko protokoloa behingoz martxan jartzeko, urteko azken konferentzia Marrakexen egin zen. 180 herrialdeetako ordezkariek goi-bilera itxaropentsu hasi zuten, baina Japoniak, Kanadak eta Errusiak egindako eskakizunengatik, azken ordura arte, irtenbide egokirik gabe egon ziren. Azkenean, Europako Batasunaren proposamenari esker akordiora heldu ziren eta, dirudienez, Kiotoko protokoloa datorren urtean jarriko da martxan.

Hala ere, ez da ahantzi behar Estatu Batuak, gaur egun, berotegi-efektua eragiten duten gasak gehien jaurtitzen dituen herrialdea dela, besteak beste, gas karbonikoen % 22 jaurtitzen baitu. Horri bere horretan eusten ez badiote, 2010erako % 34raino iritsiko direla uste da.

Gertakizun horiekin giroa bero-bero dago. Aldekoen eta kontrakoen artean eta hartzen diren neurriak positiboak direla eta, alderantziz, huskeria direla diotenen artean eztabaida biziak daude. Ikusi egin beharko da, datorren urtean Hegoafrikan egingo den Rio 10 konferentzian zein neurri adostuko diren.

Luis Balairon: “Energia-kontsumoa eta demografiaren hazkundea dira arazo nagusiak”

Luis Balairon meteorologoak Espainiako Meteorologia Insititutu Nazionalean dihardu lanean eta klima-aldaketari buruzko hainbat ikerketa egin eta zuzendu izan ditu. Besteak beste, Nazio Batuen Erakundearentzat egin diren ikerketetan parte hartu du eta Euskal Herrian bertan klima-aldaketa nola gauzatzen ari den ikertzen diharduen taldea koordinatu du. Physic Centerrek antolatutako aldaketa klimatikoari buruzko lehen jardunaldian parte hartu zuen.

Batzuen iritziz, klimaren ziklo naturalen baitan kokatu behar da tenperatura-igoera eta, gainera, Lurra aldaketa horretara egokitzeko gai da. Zer deritzozu?

Luis Balairon.
J. Mendiburu Garaiar

Lurra aldaketetara ohitzeko gai da, baldin eta horretarako denbora nahikoa ematen bazaio. Herrialde garatuetan energia kontsumitzeko erek eta munduko demografia hazkundeak eragin dute azken urteetako tenperatura-igoera. Hala ere, ez naiz baikorregia, ezta ezkorregia ere. Erdibideko panorama bati so eginez gero, esan dezakegu tenperatura 2,5 ºC eta itsasoaren maila 40-50 cm igoko direla.

Zein izango dira ondorioak?

Uraren kasuan, nahiz leku batzuetan prezipitazio handiagoak izan, ur erabilgarri gutxiago izango dugu. Izan ere, tenperaturak gora eginda, orain baino lurruntzehandiagoa izango da eta, hortaz, desertifikazioa areagotu egingo da. Horrek animalia askoren habitatean eta espezieen eboluzioan aldaketak sortuko ditu. Fauna eta flora zenbateraino eta nola egokitzen diren ikusi behar da.

Zer egiten da arazoa konpontzeko?

Azken urteetan, gizartea kontzientziatzeko lan handia egin da, eta alde horretatik baikorra naiz. Gainera, akordio orokor bat dago. Kioto ez da gauza handia bere horretan, baina gauzak aldatzen hastea garrantzitsua da erabaki batzuen ondotik besteak etortzen baitira. Europan, adibidez, energia-enpresa gehienek arazoa serioski hartu dute, eta mintegi eta hitzaldietan parte hartzen dute. Duela urte batzuk ekologisten eta enpresari eta politikoen artean zegoen tartea txikitzen joan da. Muturreko ideiek indarra galdu dute, eta orain benetan gertatzen ari denari buruz hitz egiten da.

Zein izango da klima-aldaketaren eraginari buruzko ikerketan hurrengo pausoa?

Ikerketaren hurrengo pausoa klima-aldaketak ekosistemetan izango duen eragina zehatzago ikertzea da. Orain arteko ikerketak mundu-mailan edo gehienez ere eskualde handietan (mediterraneoa adibidez) egin izan dira. Hemendik aurrera eskala txikiagoetara mugatuta egin beharko da lan.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila