Kantuketan mugi hitzen musikan

Waliño, Josu

Elhuyar Fundazioa

Haurrei zuzendutako CD-ROM berria argitaratu du Elhuyarrek, oraingoan Euskal Kultur Erakundearekin batera. Kantuketan izeneko CD-ROM honetan, haurrek musika izango dute jolasgai, jolasaren bitartez mundu zoragarri hori ezagut dezaten.

Euskal Kultur Erakundeak prestatutako Kantuketan erakusketaren parte den CD hau hil honetan bertan izango da salgai. 6-12 urte bitarteko haurrentzat da, eta jolasen bitartez, musikaz gozatu eta musika ikasi ahal izango dute. Euskal musika ezagutzeko eta belarria lantzeko ariketa bereziak aurkituko dituzte bertan.

Bost joko ditu CD-ROM honek, horietako bakoitza munduko kontinente batean kokatuta. Kontinente bakoitzean bertako musikari bat egongo da bertako tresna batekin musika jo eta joko bat proposatuz.

Partiturekin jolastu

Europako biolinistari partiturak erori eta txiki-txiki egin zaizkio. Bi joko daude biolinistari laguntzeko. Lehenengoan, partituraren zati bakoitza dagokion tokian jarri behar da. Horrela, partitura osorik eta behar bezala entzun ahal izango du erabiltzaileak. Bigarren jokoan belarria landu behar da. Partituraren zati bakoitzeko, hiru zati daude, bakoitza tonu desberdinean gainera! Tonu zuzena duen zatia hautatu beharko du erabiltzaileak eta partituran kokatu, horretarako gezian klik eginez.

Nahaste-mahaia

Hemen haurrek disc-jockey lana egiteko aukera izango dute. Nahaste-mahaia erabiliz, kanta bat hautatu eta nahi bezala entzuteko aukera izango dute, pianoarekin edo ahotsik gabe, edo beste pistaren baten bolumena igo edo jaitsiz.

Zeu bertsolari!

Asian, sitarra jotzeaz gain, bertsotan ere ikasi nahi omen dute, baina hasi orduko oinak ahanzten zaizkie! Bertsoen oinak pergaminoen behealdean daude nahasian. Eraman bakoitza dagokion tokira eta bertso osoa entzungo duzu!

Kantuak sortu

Hau erabiltzailearen sormena lantzeko dagoen txokoa da. Hainbat melodia izango dira aukeran eta, horrela, bat hautatuta melodia horrekin abestuko duen kanta idatzi beharko du pergaminoan. Ondoren, mikrofonoa erabiliz, kanta hori abestu eta grabatu ahal izango du ordenagailuan, baita ondoren musikarekin entzun ere eta disko gogorrean gorde, nahi bezala aldatu edo beste edozein unetan entzuteko.

Musika ezagutu!

Hemen musika ezagutzen duen ala ez erakusteko aukera ona du haurrak. Hainbat joko daude pantaila honetan, guztiak ere bikote-jokoak: entzuten ari den musika herrialde batekin, sentimendu batekin edo gertakari batekin eta bai abeslariarekin lotzeko jokoak ditu bertan.

Istorioak

Abesti batzuek istorioak osatzen dituzte. Kasu honetan hainbat istorio egongo dira, baina zatituta. Zati bakoitza adierazten duen marrazkiarekin elkartu beharko du haurrak eta ondo egiten duenean, istorio guztia ikusi eta entzuteko aukera izango du. Hau ere musikaz noski!


Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu cookie horien erabilera onartzen duzla. Ezeztatuz gero, ezingo duzu webgune honetan nabigatu. Onartu
Informazio gehiago
Babesleak
Gipuzkoako Foru Aldundia
MAIER Koop. Elk.
KIDE Koop. Elk.
ULMA Koop. Elk.
EIKA Koop. Elk.
LAGUN ARO Koop. Elk.
FAGOR ELECTRÓNICA Koop. Elk.