Izotz artean aurkitutako arbasoa

Tirol Behereko glaziare batean, bertako izotz iraunkorretan 5.000 urte inguru pasatu omen dituen gizakia aurkitu dute. Adituen ustez gorpua gizon gazte batena da. 1,58 m-ko altuera, 40 bat kilo eta 30 urte inguru izango omen zituen. 1991ko irailean turista aleman batzuek aurkitu zuten. Orduz gero, ehundik gora adituk (mediku, antropologo, biologo, prehistorialari, etab.ek) gorpuaren autopsia egiten dihardu.

Historia Nuremberg-eko bi mendizale Addagio Garaiko Similaun glaziarean (muga austro-italiarrean) zebiltzanean hasi zen. Seinalatu gabeko bide batetik jaisten ari zirela, izotz-bloke handi batekin egin zuten topo. Bertan trapuzko panpina-itxurako zerbait ageri zela ikusi omen zuten, burua eta sorbaldak izotzetatik kanpo zituela. Glaziareetan urtero agertu izan diren mendizale horietakoren bat izango zela pentsatu omen zuten. “Otzi” edo “Hibernatus” deitu zioten.

Izotzetatik ateratzen ari zirela oinean egindako zaurian, muskuluak eta tendoiak ikus dakizkioke. Hortzak higatuak ditu; agian zerealeak horiekin xehetzen zituelako.

Gorpua gaur egun Austriako Innsbruck-eko Institutuan dago, hozkailu-zelula batean, 6 °C-ko tenperaturan eta % 98ko hezetasunetan. Sentsore batzuek, baldintza horiek uneoro betetzen ari direla zaintzen dute. Izan ere, horiek bete ezean, onddo, bakterio eta intsektuek gorpua desegin egingo bailukete.

Baina gorpuak horra iritsi aurretik hainbat gorabehera jasan behar izan du. Gorpua aurkitu ondoren, Schnalzeko (Italiako Boltzano probintziako) karabinieriei eta Austriako Soldau herriko gendarmeei jakinarazi zitzaien. Italiarrek aurkikuntzaren ardura austriarren esku utzi zuten.

Hor hasiko zen gertaera- eta akats-segida bat. Ostegunetik hurrengo astelehenera arte, gorpua izotzetik erdi irtenda, inolako babes eta zaintzailerik gabe geratu zen; edozein animaliak eraso ziezaiokeen. Ondoren, bertatik ateratzeko mailu pneumatikoa erabili zuten. Dudarik gabe, horren kontu handia behar zuen eragiketan erabiltzeko tresnarik desegokiena zen. Gorpuaren inguruan larruzko hainbat tresna, labana, metalezko aizkora, etab. aurkitu zituzten eta horiek ateratzeko pioletak erabili zituzten. Aditu asko haserre bizian jarri zuen horrek. Baina bilatzaile horien alde ordea, artean Neolitoko gizakia izan zitekeenik inork ez zuela uste esan behar da.

Azkenik, hurrengo asteazkenean, Innsbruckeko Unibertsitateak bere gain hartu zituen aurkikuntza ondorengo lanak. Helikopteroz bertara eraman eta gorpua aztertzeari ekin zioten.

Non aurkitu zuten?

Ez dago argi gorpua non aurkitu zuten. Italiar karabinieriei gorpua eramateko agindu zitzaienean, uko egin zioten Austriako lurretan zegoela argudiatuz. Izan ere, muga inguru horretan baitago. Otzi mugaz zein aldetan aurkitu zuten jakiteko, gobernu italiar eta austriarrak topografoei dei egin behar izan zieten.

Topografoek muga zehaztu zutenean, bi punturen arteko lerro zuzena egin zuten. Horren arabera Otzi hiritar austriarra zen. Baina azken momentuan, hirugarren puntua markatu zuten aurreko bien artean eta muga triangelu batek definitzen zuela ikusi zen. Horren arabera berriz, gorpua Italian zegoen.

Austria eta Italiaren arteko muga inguruan, Similaungo glaziarean aurkitu zuten Otzi; burua eta sorbalda izotzetatik kanpo zituela zegoen.

Manipulazioaren hipotesia ere zabaldu da. Gorpua leku batetik bestera eraman ote zutenari buruz dauden zalantzak berresteko honako argudioak ematen ari dira: austriarrek gorpua italiarra izatea nahi omen zuten. Otziren aurkitzaileak alemaniarrak ziren eta horiek gobernu austriarrari beren eskubideak betearaziz gero, Austriak nazioarteko zuzenbidea bete eta royaltiak, egonez gero, haiekin banatu beharko zituen. Italian aldiz, indarrean dagoen 1938ko dekretu batek, lurzoru italiarrean egindako aurkikuntza oro, altxor historiko nazional dela dio, eta beraz, edozein banaketatatik kanpo geratzen da.

Otzi azkenean, Italiarena da. Austriarrei utzi diete azter dezaten eta gero Bolzanoko museo batera itzuliko da.

Noizkoa da Otzi?

Similaungo ezezagunak oso aspaldiko jatorria du. Lau laborategik gorputzaren eta objektuen laginak datatu egin dituzte. Gorpuak 5.000 urte inguru ditu horien arabera. Beraz, Harri Aroaren amaieran, Neolitoaren hasieran, behar bada Metal Aroko trantsizio garaian, Eneolito edo Kalkolitoan bizi izan zela uste da.

Momiaren inguruan aurkitutako objektuetan hainbat gauza harrigarri ikus daiteke. Aizkora aztertu ondoren, Neolitoaren bukaera ingurukotzat jo dute. Kobrezko orria du zurezko heldulekuan txertatua.

Aurkikuntza honek harritu egin ditu ikertzaileak. Oso harrigarria da Harri Aroko gizon batek, Europan 1.000 edo 2.000 urte geroago erabiltzen hasi ziren aizkora bezalakoa erabiltzea. Ezezagunaren adinaren eta kobrea erabiltzearen datak ez datoz bat beraz.

Otzik sastagai txiki bat bazeraman berekin. Gezi-punta izan zitekeen. Pieza hau nahikoa egoera txarrean egon arren, sukarrizkoa da eta datatu ahal izango dute. Eltzegintzan erabilitako termoluminiszentzia bidezko metodoa, sukarria aztertzeko metodo egokia da. Edonola ere, zaila izango da sukarri hori Similaungo ezezagunaren adina egiaztatzeko datu gisa erabiltzea; litekeena baita harri hori lehen beste jaberen batena izatea.

Askoz harriagarriagoa, Otziren gainerako ekipoa da. Ez dago argi mendira zein asmorekin aterako zen, baina oso ondo prestaturiko ekipajea zeraman: oinetako forratuak, hotzetik babesteko geruza begetala tartean zeraman larruzko geruza bikoitzeko anorak modukoa (lauki-formako partxeak belar eta zurdaz josita), elikagaiak, arkua eta geziz hornitutako buiraka (karkaja) (urritz-makila batez indartutako larruzko zakua), etab.

Ez dakigu artzaina, ehiztaria, merkataria ala aztia zen; era guztietako hipotesiak baitaude. Garai hartan artzantza ohizkoa omen zen Alpeetan. Gainera, ehiztarien lakioak zeramatzan berekin. Baina gauza batzuk harrigarriak dira; hala nola haginezko 1,80 m-ko arkua. Muturrek ez dute, ez puntarik eta ez artekarik soka lotzeko. Hamalau geziek ere ez dute balio; bi bakarrik zeuden erabiltzeko moduan. Zertarako zeramatzan botatzeko balio ez zuten arkua eta geziak? Arma horrekin ez zuen ehiza askorik egingo; ezta, artzaia baldin bazen, animaliak artaldetik urrun mantendu ere. Agian izpirituekin sinbolikoki borrokatzera zihoan aztia zelako. Hortaz, zertarako zeramatzan labana, aizkora eta gainerako armak egoki prestatuta?.

Gorpuaren kontserbazio-tokia

Gorpuaren kontserbazio-tokiak (glaziareak) ere, galdera batzuk sortzen ditu. Edozein glaziare ibai batekin konpara daiteke. Batzuk lasterrak dira; Chamonix-ko Bossons izenekoa adibidez; 100-150 m egiten dute aurrera urtero. 1950. urteaz gero hegazkin-istripuetan hildakoen gorpu-zatiak itzultzen ditu aldika. Beste batzuk motelagoak dira: Innsbruck-eko eskualdean, iaz, Lehen eta Bigarren Mundu Gerretan desagertutako soldaduen zazpi gorpu agertu ziren. Theodul glaziareak, Suitzan, Zermatt-etik gertu, arroil batera eroritako soldadu suitzar bat utzi zuen agerian; 400 urte zituen. Gauza bat argi dago, glaziaretan adituek diotenez, ez dago mendi-tontorretik glaziare-mihiraino, beheraino, elurbilduak eramaten seiehun urte baino gehiago pasatzen duen glaziarerik.

Otzik 5 mila urte pasatu zituen Similaungo glaziarean. Garai hartan elur iraunkorreko lurrak 3.300 m-tik gora hasten ziren. Eta aurkikuntza-gunea 3.400 m-ra dago. Gorpu batek ezin du, beraz, seiehun urtetik behin berritzen den glaziarean bost mila urte iraun. Litekeena da kubeta isolatu bat egotea; aurkikuntza-gunea harkaitz-gunea da, glaziarea amaitzen den tokian.

Duela berrogeitamar mende, orduko glaziareak izotz- eta harkaitz-blokeak garraiatzen zituen bide nagusitik kanpo. Hauek haran txikian zehar joan eta Otzi zegoeneko kubetaren gainetik pasatzen ziren. Kubetak Similaungo gizona 5 mila urtez gordeko zuen bere baitan. Azken urteotako berokuntza handiak, 1991ko martxoan Saharatik etorritako harea-haizeek eragingo zuten agerian jartzea. Izan ere, elur gaineko harea horrek ez ditu eguzki-izpiak isladatzen; zurgatu egiten ditu eta eguneko 10 cm lodierako izotza urtzen du. Sei egun baino ez ziren beharko gorpua zegoen 60 cm-ko sakonerara iristeko.

Austriako Innsbruckeko Anatomi Innstitutuan ari dira gorpua aztertzen.

Gorpua osorik egoteak ere galdera batzuk sortarazten ditu. Glaziare batera tona askotako harriak erortzen dira. Eguzki-beroa zurgatzen dute eta izozki batean txokolate-zatien antzera, beren inguruko izotza urtu egiten dute, pixkanaka hondoratuz. Konbekzio-korronte izugarriak biltzen dituzte eta plakak, subdukzio-guneak, bata bestearen gainean irristarazten dituzte, harri-koxkorrak barreiatuz. Plakek mendia higatu eta aurkitutako dena txikitzen du. Horren ondorioz gorpu-zatiak ikusi izan dira, baina ez gorpu osorik; glaziarearen higiduren ondorioz, dislokatu egiten baitira.

Otzik presio horiek jasan ez izana azaltzeko, berriro izotz-kubetaren hipotesiari heldu behar zaio, eta bere inguruan egondako izotz-korronteetatik isolatu egingo zuela pentsatu behar da.

Momifikazioa

Momifikazioak ere galderak sortarazten ditu. Otzi, glaziare erdian, izotzetan, irrist egin eta ustegabean erori zela pentsa daiteke.

Adituen ustez oso klima-baldintza bereziak gertatu behar izan zuten gizon hori guregana iritsi den moduan iristeko. Hipotesien arabera, udazkenean hilko zen (Gorpuarekin batera aurkitutako fruituak kontuan izanik hori pentsa daiteke). Gero klima-aldaketa bortitza egongo zen eta haize beroak, foehn-ak, lehortuko zuen gorpua. Ondoren negua iritsi, gorpua izoztu eta gorpua azkar deshidratatuko zen. Hau da, “liofilizatu” (liofilizazioa berez, hutsean tenperatura baxuan egindako deshidratazioa da) egingo zen gorpua. Gorpua elur-geruza lodi batek estali eta hermetikoki kontserbatuko zen milaka urtetan.

Prozesu hori egia izanez gero, homogenotasunagatik da harrigarria. Lurrean ahozpez erorita, gorputz-atal guztiei ez zien haize bero horrek berdin eragingo. Besape, aurpegi eta, oro har, apoio-puntuei fenomenoak ez zien eragingo. Bestalde, oso haize beroa, tropikala, izan behar zuen gorputza oso azkar lehortzeko.

Foehn-ak eragindako momifikazio naturalaren hipotesia, hori baino ez da; hipotesia, alegia. Egia da, erritoetan hil eta Andeetan, oso goian, abandonatutako biktima batzuk momia itxura dutela. Baina hori ez da Similaungo momiaren kasua: honen azalak eskeletoaren gainean jarritako larruzko eskularruaren itxura du. Atal bigunak ditu: zurdak, muskuluak, belarriak eta begiak. Sekulakoa da egiptologoentzat. Izan ere, Egiptoko momia zaharrenek 3 mila urte dituzte, eta giza ekintzaren ondorio izan arren, ez daude horren ondo kontserbatuta. Errai eta garunik ez izateaz gain, guztiak kimikoki tratatu zituzten enbaltsamatzean. Similaungoa aldiz, naturalki momifikatu zen eta oraindik ezaugarri biologiko batzuk bere horretan ditu. Horregatik dabiltza adituak horren ondo nola kontserbatu den asmatu ezinik.

Buirakan (urritz-makila batez indartutako larruzko zakuan) geziak zeramatzan.

Guztiak ez datoz bat izotza, kubeta barruan, momifikazioaren eragile izango zelako hipotesiarekin. Normalean izotzak harrapatutako gorpuek ez dute itxura hori izaten. Azala belztu egiten da, ehunak hazi, harildu eta zatitu egiten dira. Fettwax-ak ehun guztiak desegin eta gorputza ez ezagutzeko moduan uzten du. Glaziareko gizonaren antzik handiena dutenak, Franklin espediziokoenak dira. Orduan hildako marinelak Kanada eta Ternua arteko irla batean lurperatu zituzten 1846an. Naturalki momifikatutakoek bezalako azala eta gorputza zuten. Dena dela, marinel haiek lur izoztuetan lurperatu zituzten, haizetik babesturik. Horien kontserbazio-inguruneak, Eskandinaviako Burdin Aroko zohikaztegietako gizakiek zutenen antz handiagoa du; erritozko heriotzaren ondoren zingira daniarretara botatzen zituztenena, alegia. Momia guztietan horiek dira, osotasun hori, epidermisarena bereziki, gordetzen dutenak eta Similaungo gizonak agertzen dituenak.

Behar bada Otzi, lehenengo momifikatu eta gero, lurperatu egin zen izotzetan. Baina horrela ezin da gorpua elurretan lurperatu aurretik sarraskijaleek zergatik eraso ez zioten azaldu. Saiek adibidez, animalia edo gizaki hila aurkitzen dutenean lehenengo begiei erasotzen diete. Otziri ez zitzaion hori gertatu: bereak ez daude erasota. Garezurraren atzealdean bakarrik du mokokada antzeko zauri izan daitekeena.

Otziren larruazala ere harrigarria da. Gorpuaren inguruan aurkitu zuten poltsa listuta zegoen. Momiaren azalak ere transformazio bera jasan behar zuen. Are gehiago ondu gabe egonda. Baina ez zaio hori gertatu: iragazkaitz bihurtutako larru ondua dirudi. Zein fenomeno kimikok eragin dio gizakiaren larruazalari, zakutoa ez bezala horren zurrun eta iragazkaitz bihurtzeko? Gorpuak momifikazio-prozesu naturala jasan badu, zergatik ez zaio poltsari gauza bera gertatu?

Gainera momiaren egoera erabat homogenoa bitxia da. Aurkitu zutenean, hotz eta beroaren eraginpean egon zen lauzpabost egunez. Horrelakoetan larruazalean zimurrak eta mukosen alterazioak egon behar zuten, baina ez da horrelakorik gertatu.

Otzi lurperatu aurretik momifikatu izan balute, momifikatzen erabilitako substantzien aztarnak egon beharko lukete. Momiak baltsamatzeko erabilitako betun, asfalto, landare aromatiko, etab.ek ehunetan aztarnak uzten dituzte. Baina horiek ez ziren aztertu. Otzi fenoletan sartu zuten hobeto kontserbatzeko.

Askoz bitxikeria gehiago ere badago. Adibidez, gizakiaren aurreko hortzen higadura handia ez dator bat adinarekin.

Aztia ote?

Garezurraren atzealdean mokokada antzeko zauria izan daitekeena du. Aldakan duen zauria berriz, gorpua itzotzetik ateratzean egin zioten.

Aurkitu zutenean zakila falta zuen. Ez dakite hil aurretik ala izotzetik erauztean kendu zioten. Litekeena da Otzi aztia izatea eta erritoren batean moztu izana.

Gorpuak tatuaje batzuk ditu: bizkarreko larruazalean lerro bertikalezko hiru multzo, ezkerreko belaunean gurutzea eta eskuineko orkatilan lerro-pareak. Seguraski egur-ikatzez eginda daude eta izpiritu gaiztoetatik babesteko esanahi magiko-mistikoren bat izango zuten. Bere gauzen artean, zulo txiki batetik zintzilika larruzko lits bat duen harrizko disko bat aurkitu zen. Kutunen bat zela pentsa daiteke.

Zalantza asko daude oraindik gai honen inguruan. Autopsia egiten ari diren zientzilariak, horiek argitu nahian dabiltza. Bakoitzak gorpu-zati bat ikertuko du: genetistek odol-laginak, material genetikoa aztertu eta ondorengoekin alderatzeko; beste batzuek jantzi-zatiak, garai hartako poluzioa analizatzeko; parasitologoek analasi bakteriologikoak egingo dituzte; beste batzuek garunaren zati bat aztertuko dute, etab. Gorpu-zati txikiak Europan zehar ezezik, gainerako kontinenteetara barreiatuko dira azter ditzaten. Ea guztien artean gizon horri buruzko zerbait argitzen duten.

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
MAIER Koop. Elk.
KIDE Koop. Elk.
ULMA Koop. Elk.
EIKA Koop. Elk.
LAGUN ARO Koop. Elk.
FAGOR ELECTRÓNICA Koop. Elk.