Izar iragarleak

Lehenago ere hitz egin izan dugu gizakiak betidanik denbora neurtzeko izan duen behar eta arduraz. Jakina, garai bateko neurketa-premiek ez dute zerikusi handirik gaur egun guk ditugunekin.

Dena den, zaindu edo neurtu beharreko epeak luzeagoak baziren ere, beharra nabarmena zen. Jadanik Goi Paleolitoan, lehenengo egutegi xumeak landu zituzten Ilargiaren hilabeteko zikloan oinarrituz. Egutegiaren beharra areagotu egin zen Neolitoan, nekazaritzaren garapenarekin. Berebiziko garrantzia zuen hazia noiz erein behar zen jakiteak, ondoren galdu gabe erne zedin. Baina, jakina, premia horiek Eguzkian oinarritutako egutegia egitera behartzen dute, urtaroak hark sortarazten dituelako. Hainbat kasutan, ordea, historiaurre eta protohistoriako herri batzuek beste era batera konpondu zuten arazoa. Irtenbidea izar argitsu batzuei behatuta oinarritu zuten.

Neolitoan berebiziko garrantzia zuen hazia noiz erein behar zen jakiteak, ondoren galdu gabe erne zedin. Baina, jakina, premia horiek Eguzkian oinarritutako egutegia egitera behartzen dute, urtaroak hark sortarazten dituelako. Hainbat kasutan, ordea, historiaurre eta protohistoriako herri batzuek beste era batera konpondu zuten arazoa. Gaur egun ordea, neurketa-premiak bestelakoak dira.

Aipatutako irtenbidearen adibide bat egiptoarren ezagumendu astronomikoaz “Elhuyar. Zientzia eta Teknika” aldizkariaren 72. alean hitz egin genuen. Orduan esaten genuenez, egiptoarrek Sirius (beraiek Sothis deitzen zioten) izarraren irteera heliakoa zaintzen zuten Niloren uholdeak noiz hasiko ziren jakiteko. Ikus ditzagun, baina, antzeko beste adibide bi. Kasu hauetan gainera, ez dugu historian atzera egin behar, gaur egun Brasilen eta Australian bizi diren herri bik eskainitakoak dira eta. Lehenengoan, Amazonian bizi diren tukanoek, urtero Pleiadeak Eguzkiaren atzetik ezkutatzen direneko egunak (gutxi batzuk dira) zaintzen dituzte hazia ereiten hasteko. Aipatu dugun fenomeno astronomikoa Pleiadeen ezkutatze heliakoa da, eta bere garrantzia du euritea hasi baino lehentxeago gertatzen delako. Bigarren kasua australiar tribu batena da. Hauek Arcturus-en ezkutatze heliakoari behatzen diote beraien elikaduraren oinarrietako bat (inurriak) harrapatzen hasteko.

Ez dago esan beharrik Pleiadeek Amazoniako euritean edota Arcturus-ek inurrietan ez dutela inolako eraginik, baina fenomeno astronomiko ziklikoak izanik, bat etortzeak aipatutako herrientzat garrantzi berezia dute urte-sasoiekin, eta hauek mugatzeko baliagarri bihurtzen ditu. Horregatik dira kultura horien egutegiaren parte eta horregatik har ditzakegu izar iragarletzat.

Segidan emango dugun adibidea ez dagokio izar bakar baten posizioari eta neurri batean behatoki xumea dela esan genezake. Callanish-ko megalitoari buruz ari gara; Lewis irlan, Hebridak artxipielagoan dagoenaz, hain zuzen. Orain dela lau mila urte inguru Europan zehar zabaldu zen megalito-kulturaren beste erakusgai bat da. Hala ere, orain darabilgun gaiaren harira datorren ezberdintasun interesgarri bat du kultura bereko beste monumentu batzuekiko. Megalito ikusgarri eta handienak astronomiaren ikuspuntutik norabide berezi batzuen araberako orientazioak dituzte.

Norabide horiek, gehienbat, Eguzkiaren eta Ilargiaren posizio bereziekin erlazionaturik daude, baina Callanish-ko kasuan zutarri-lerrokadura batzuk izar argitsuen irteera puntuetara bideratuta daude. Irudian ikus daitekeenez, megalitoaren gunera daraman zutarri-etorbidea K.a. 1800. urte inguruan Capella izarra ateratzen zeneko punturantz bideratuta dago. Ekialderantz beste lerrokadura batek Pleiadeak K.a. 1750. urtean ateratzen zireneko punturantz seinalatzen du. Ikerlari batzuek lehenengo lerrokadura eztabaidagarria dela dioten arren, aipatu diren datak megalitoaren eraikuntza-datatzat har daitezke, beste irizpide arkeologiko batzuekin ere bat datozelako.

Callanish-ko megalitoaren xede astronomikoak agerikoak badirudite ere, oraindik ez da argitu megalito honen eta antzerako beste batzuen helburu eta erabilerak zeintzuk ziren.

Argazkia ongi ikusteko jo ezazu PDF-ra.

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
MAIER Koop. Elk.
KIDE Koop. Elk.
ULMA Koop. Elk.
EIKA Koop. Elk.
LAGUN ARO Koop. Elk.
FAGOR ELECTRÓNICA Koop. Elk.