Ixilpeko hegazkinak eta radarra

Gaur egun Moskuko Plaza Gorrian hegaxkin batek aurrez radarrak detektatu gabe lurrartu duela entzuten dugunean, erabat harritzen gara guztiok. Nola ez! Defentsa-sistemak porrot egin du kasu horretan, baina beste askotan ez da antzekorik gertatzen. Izan ere aspaldiko lehia da erasorako eta defentsarako bitartekoen artekoa.
“Transhorizon” radarrek, uhin-luzera metrikoez funtzionatzen dute, hots, detektatu behar dituzten hegazkin eta misilen tamainakoez. Horregatik hegazkina harrapatutakoan erresonantzi fenomenoak sortzen dira oihartzuna indartuz. Bestetik, uhinak ionosferan isladatu eta hegazkinak goitik harrapatzen dituzte; isladapenaren kontra babesteko alderdi zailenetik hain zuzen.

Lehia hau arlo militarrean pil-pilean dago gaur egun, eta arma erasotzaileek aurrerakuntzaren bat eskuratzen dutenean, jo eta ke ibiltzen dira detekzio-sistemak asmakuntza berrien bidez aurrea hartzearren.

Gerrarako hegazkinak edo misil estrategikoak, beste inork detektatu gabe pasatzea dute helburuetako bat. Horretarako teknika desberdinak erabiltzen dituzte, emankorrenak honako hauek direlarik: ALAP (edo erasorako lagungarriak), stealth teknologia eta kaptore optronikoak (isladapen eta errefrakzioaz baliatzen direnak).

ALAP izenaz, etsaiaren detekzio-sistemei iruzur egiteko edo sistema horiek nahasteko elementuak adierazten dira. Erakargailuak barreiatuz edo radarrean lainoa sortuz, defentsako behatzaileen atentzioa desbideratzea lortu nahi izaten da, ezkutuan edo ixilpean pasatzea baino gehiago.

Beste gauza bat da ordea stealth teknologia delakoa. Teknologia honen bidez, hegazkinek radarretan ahalik eta seinalerik txikiena uzten dute. Hegazkin edo misila stealth izan dadin (ixilpekoa edo klandestinoa alegia, eta ez ikustezina askotan gaizki esan denez), batetik forma berezia eduki behar du eta bestetik bere estalkiak radarrak igorritako uhinak isladatu gabe zurgatu egin behar ditu. Formari dagokionez, aurpegi launak baztertu egin behar dira, uhinak ongiegi isladatzen dituztelako. Ertz biziak eta puntak ere kaltegarriak dira; azaleko korronteek sortutako energia antena gisa igorri egiten bait dute. Diedro, triedro eta zuloek ere ez diote mesederik egiten hegazkinari. Izan ere bertako isladapen eta errefrakzio anitzek katadioptri fenomenoak sor ditzakete.

Hegazkin edo misilaren estalkitzat, material edo pintura bereziak erabiltzen dira; radar uhinen energia bero bihurtzen dituztenak. Horrela uhinak oihartzun gisa ez bait dira isladatzen.

Labur esanda, ixilpeko hegazkinak bere forma eta estalkiei esker beste edozein hegazkin normalek baino mila aldiz arrasto txikiagoa uzten du detekzio-radarretan.

Dena dela, kanpoko uhinak ez isladatzea bakarrik ez da aski. Ixilpeko hegazkinak izan ere, berak behar du beste radar bat, dabilen lekuko inguruetan edo lurrean etsaiak sumatu ahal izateko. Eta bere radarrak ere uhinak igortzen ditu, noski, besteek detektatu ahal izateko moduan. Ixilpeko hegazkinak beraz, radarra ez eta beste zerbait eraman beharko du horren ordez soinean. Argitasun-maila txikiko telebista adibidez, argi-anplifikaziorako kamerak kanpoko paisaia miatzen duelarik. Kaptore infragorriek tenperatur aldaketak erregistratuz, imajinak eskaintzen dituzte. Lidar edo laserrezko radarrak ere badaude. Hauek argi-izpia igortzen dute, baina hain mehea denez, ia-ia detektaezina da.

Asmatzekoa denez, gerra-hegazkinek urpekari berrien antzeko detekzio sistemak izango dituzte aurrerantzean. Hauek, beren sonar aktiboez gain sonar pasiboak ere badituzte; horrela entzun egiten bait dute identifikatuak izan gabe. Gerra-hegazkinek ere laster antzeko sistemak erabiliko dituzte, bertatik uhinak igorri gabe. Galdatu baino gehiago, erantzuna entzun egingo dute.

Iparramerikarren Stealth bonbarderoa.

Bestetik, hegazkin-pilotuak bere pantailan ikusiko dituen irudiak ez dira hegazkin beraren detektoreek hartutakoak izango. Zelatari hegalari, lurrean eta airean barreiatutako radar eta urrutiko kaptore optronikoek (laserrak, infragorriak, etab.) numerikoki zifratutako datuak bidaliko dizkiote eta horri esker ixilpeko hegazkinak ezkutuan pasatzea izango du batetik, eta informazioz ongi hornitua egongo da bestetik. Arriskua sumatu bezain laster, aireko zelatariek “pista sintetiko hornituak” bidaliko dizkiote gerra-hegazkinari; etsaien hegazkinen posizioa, norabidea, abiadura, altuera, etab. erakusten dituen irudi sintetikoak.

Gerra-hegazkinek ixilago eta ezkutuago pasatzeko aukera badute ere, detekzio-sistemek aldi berean aurrerapen handiak jasan dituzte. Batetik, orain arte erabilitako sistemak baliagarriak dira. Detektore optronikoak ere, zer esanik ez. Izan ere beren zehaztasunei esker informazio bidaltzen aberatsak dira, nahiz eta distantzia luzetarako balio izan ez.

Ixilpeko hegazkinek bestetik, oraindik ere beren radarra eraman beharko dute. Agian berak igorritako uhinak detektaezinak izango dira, baina antena derrigorrez izango du.

Emisorea martxan dagoenean, antena zertxobait berotu egiten da Joule efektua medio, eta kaptore infragorriek graduaren hamarrena ere biltzen dutenez gero, berehala adierazten dute radarra (beraz hegazkina) non dagoen.

Guzti honen ondorioz, radar-estazio hegalariek (AWACS edo Hawkeye motakoek) laster beste estazio optronikoak alboan izango dituztela espero daiteke. Gaur egun gainera, sentsoretan radarretako eta optronikako elementuak elkarturik erabil daitezke, eta ixilpeko hegazkinak sistema bati iruzur egiten badio besteak salatuko du.

Ixilpeko hegazkinak, dena dela, azpitik gainetik baino hobeto babesturik daude. Azpian lurrartzeko trena, motore-karkasak, gorputza eta hegoen loturak etab. dituzte eta radarraren uhinak ez dira ongi isladatzen. Hegazkinaren gainetik datozen uhinak bai ordea, eta NASAkoek espaziotik detektatu nahi dituzte beren etsaiak. Detekzio-sistemak dibertsifikatu ere egin nahi dituzte, horrela arrautza guztiak saski berean (lurrekoan) egongo ez liratekeelarik. Horri deitu diote hain zuzen “galaxiatako gerra” azken aldi honetan eta Elhuyar aldizkari honetantxe tratatua izan da gai hau (ikus “Basamortuetako pakea” M.J. Barandiaran I Irazabalbeitia. Elhuyar 11-1. 51.orr. 1985).

Hiru eratako radar espazialak erabiliko dituztela dirudi. 1984. urteko urtarrilean USAko Aire-Armadak satelitetan hogei radar ipintzea proposatu zuen. Radar hauek 2.800 kilometroko altueran egongo ziratekeen (orbita ez-geoegonkorrean). Hogei hauetako estazio bakoitzak, 6.000 kilometrorainoko detekzio-ahalmena izango luke, eta sistemak guztira Lurreko 50 milioi kilometro karratu zelatatuko lituzke.

Bigarren sisteman, koordinatutako radar txiki batzuk satelite gisa egongo lirateke. DSA (Distributed Space Array) izenez ezagutzen da proiektu hau eta etsaien ituak detektatzeko doitasun handiagoa izango luke. Radar asko egoteak bestetik, sateliteen kontrako armetatik multzoa babestuago egongo litzatekeela esan nahi du.

Hirugarren proiektua, sistema “bistatiko” izenekoa da. Radarra satelitean instalatua egongo litzateke eta erradiazio-hargailuak hegazkin handitan egongo lirateke. Sistema honetan radarrak txikiagoak eta arinagoak dira eta isladatutako uhinak ez dago berriz satelitean jaso beharrik, hegazkin handitan jasotzen direlako. Hegazkin hauek ixilpeko hegazkinaren gainetik ibiliko lirateke eta uhinen hartzaile huts izango lirateke. Gainera, detekzio-sistema optronikoak ere izan ditzakete.

Bistan da potentzia militarrek elkarri erasotzeko eta elkarren erasoetatik babesteko lehia bizian jo eta ke ari direla. Horretarako badute gogorik, ahalmenik, irudimenik, dirurik eta bitartekorik.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila