Istripuei aurre egiteko aholkuak

Agirre, Jabier

Medikua eta OEEko kidea

Gure inguruan gerta daitezkeen istripuetako batzuk, beren larritasunagatik ospitalean izango dute bere amaiera. Baina ezbeharra hain larria ez denean, berehala eman daitezkeen laguntzak oso garrantzitsuak izaten dira, pertsonaren bizia salbatzeraino zenbait kasutan. Zer egin, bada? Lehenik eta behin, lasaitu, egoera kontrolatzen saiatu eta ustekabean harrapatzen gaituelako blokeatzera irits daitekeen gertaerari aurre egiteko oinarrizko pauso batzuk ezagutu eta jarraitu.

Ebaki txikiak

Ebakia txikia izateaz gainera sakona ez bada, ur eta xaboiarekin garbitu behar da, odoljarioa eteteko gasa garbi batekin zanpatuz. Azkeneko pausoa beste gasa esterilizatu bat gainean jartzea izango da, zauria infektatu ez dadin. Ebakia eragin duen objektua zikina bazegoen, edota lurrarekin kontaktuan (eta inguruan zaldiak edo ibili baldin badira) medikuarengana jotzea komeni da, tetanoaren kontrako txertoa jar diezaion.

Animalien hozkada eta ziztadak

Zauria ongi garbitu behar da, ur eta xaboi ugarirekin, eta ondoren, medikuarengana edo ospitalera goazen bitartean , zauria estal daiteke (gasa batekin), edota aire librean utzi. Medikuak zauria aztertuko du eta berak erabakiko ditu ondoren hartu beharreko neurriak (tetanokontrako txertoa, etab.)

Suge batek hozka egin baldin badio, zauria garbitu ondoren zauritua atsedeneko posturan jarri eta berehala ospitalera eraman behar da, eserita, ez etzanda.

Hozkada edo ziztada lepoan edo aurpegian baldin bada, edota gorritasuna gorputzean zehar zabaltzen ari dela ikusiz gero, ahalik eta lasterren ospitalera joatea komeni da.

Erredurak

Edozein motatakoak direla ere, etxeko erremedio zaharrak (adibidez, tipula, hortzetako pasta, etab.) baztertu egin behar dira. Erredura-arrazoirik grabeenak elektrokuzioagatik gertatzen direnak izan ohi dira. Beraz, lehendabizi sare orokorra deskonektatu behar da, eta hori posible ez balitz, pertsona zauritua elektrizitate-iturritik aldendu egingo dugu, baina zuzenean ukitu gabe, beti ere objektu isolatzaileren bat erabiliz (trapuren bat edo toaila bat, edota baita makilaren bat, edo egurrezko objekturen bat, aulki bat esaterako). Eta behin hori egin eta gero, istripua izan duena berehalaxe ospitalera eramango dugu.

Intsolazioagatiko erreduretan, eta gaixoa urgentzi zerbitzura eraman aurretik (beharrezkoa, irudituko balitzaigu), kalaminaz eta glizerinaz egindako lozio bat jarriko zaio, horrekin beroa eta ezinegona gutxitzen direlako. Nola prestatu lozio hori? Kalamina lozioa (bost koilarakada), ura (sei koilarakada) eta glizerina (bi kutxaradatxo) nahasten dira botila batean. Ongi eragin eta erabiltzeko prest dago. Horrelakorik ez badugu etxean ur hotzez egindako konpresak jarri buruan, eta edan dezala ur hotza, baina ez izoztua.

Erredura suak eragina baldin bada, eta arropak sutan badaude, pertsonak ez du korrika hasi behar: behin zerbait lodiarekin (abrigo batekin, manta batekin,...) estali eta bildu ondoren, lurrera bota eta hor, lurrean, iraulita eta itzulipurdikatuko da. Ospitalera eraman aurretik, arropa kendu gabe, ur freskoarekin busti, goitik behera, eta maindire garbi batean bildu.

Erreduraren jatorria likido korrosiboren bat denean, arropa kendu behar zaio eta eramandako gorputz-atala ur ugarirekin garbitu behar da, urgentzi zerbitzura eraman aurretik.

Bihurrituren bat (orkatilakoa, adibidez)

Lehenik eta behin giltzadura estutzen duen edozer kendu behar da, eta ahalik eta bizkorren gainera. Gehiegi itxaronez gero, oso mingarria gerta daiteke zapata bat edo baita galtzerdia ere kentzea.

Izotza edo zapi busti hotzak ezarri giltzaduraren gainean inflamazioa edo hantura frenatzeko, eta posible bada giltzadura goian mantendu (oinaren kasuan erraza da: hanka jaso eta zerbaiten gainean apoiatuta eduki), atseden har dezan. Mindutako giltzaduraren hurrengoak ere (adibidez belauna orkatilaren kasuan, edo ukondoa eskumuturrarenean) ongi apoiatua egon behar du. Behin minutu batzuk pasa ondoren mina desagertzen ez bada, medikuarengana joan beharko da, giltzadura ez mugitzen saiatuz.

Sudurreko odoljarioak

Pertsona aurrerantz makurtuko dugu , odola irentsi ez dezan eta sudurra hamar bat minutuz estutuko diogu, odoletan ari den aldetik, arnasa ahotik hartzen duen bitartean. Aldi berean garondoan (edo baita sudurrean bertan ere) konpresa edo gasa hotzak jarriko dira.

Intoxikazioak

Produktu toxikoren bat (edo egoera txarrean dagoen zerbait) kontsumitu izanaren susmorik txikiena edukiz gero Toxikologi Institutura deitu behar da (Tel. 91- 562 04 20 ) eta bertako adituek irentsitako produktuaz galdetuko dizute. Garrantzi handikoa da, beraz, intoxikazioa zein produktuk sortu ote duen argi edukitzea. Espezialistek agintzen ez duten bitartean, istripua eduki duenak ez du ezer hartu behar (automedikaziorik ez), ezta gorakoak eragiten hasi ere. Ospitalera joan aurretik dauzkan une horiek intoxikazioaren jatorria eta irentsitako substantziaren kopurua argitzen eman behar dituzte, bai istripua eduki duenak eta baita ingurukoak ere.

Odoljarioa anputazioarekin

Beste istripu batzuetan baino gehiago, kasu hauetan garrantzitsuena hasiera-hasieratik lasaitasuna mantentzea da. Zauria gasa edo zapi garbiekin estaltzen den bitartean, odoljarioaren gainean estutu egin behar da, ea odolik gehiago ez den galtzen. Anputatutako zatia jaso ondoren plastikozko poltsa baten barruan gordeko da, eta poltsa hori, ongi itxita, izotz-pusken gainean utziko da, gorputz-atal hori gaixoarekin batera urgentzi zerbitzura garraiatzen den arte.

Itobeharra

Zerbait irentsi duela (edo kontrako eztarritik joan zaiola) eta arnasa hartu ezinik dagoenak oraindik ere eztul egiteko modurik daukanean, saiatu beharra dauka oso fuerte eztul egiten, ea bere kasa traban daukan objektua kanporatzen duen. Sekula egin behar ez dena da traban dagoena kanpora ateratzen saiatu edota bizkarrean jo. Horrela ateratzen ez bada, edota arnasteko zailtasunak jarraitu nahiz areagotzen badira, egin daitekeen gauza bakarra ospitalera eramatea da, eta berehala gainera.

Ume txiki baten kasuan, buruz behera jarriko dugu gure belaunen gainean , besaurrea azpian duela, gabardina bat edo jaka bat balitz bezala toestatuta, eta eskuaren ertzarekin kolpe azkar batzuk emango dizkiogu bere bizkarrean, sorbalda-hezurren artean juxtu-juxtu.Bularreko haurra balitz, hartu horkatiletatik eta zintzilik dagoela, buruz behera, eman kolpe suabe-suabe batzuk.

Istripua jasan duena, edo arnasik hartu ezinik dagoena umea izan ordez gazte bat edo pertsona heldua baldin bada, bere atzean jarri eta gure besoekin inguratuko dugu, aidean altxatzeko egingo genukeen modu berean, bi eskuak bere zilborraren gainean kokatuz: behin horrela gaudela automatikoki bultzatzen hasiko gara, behin gorantz eta behin beherantz, traban dagoen objektua kanporatu arte (Heimlich-en maniobra esaten zaio honi).

Infartua

Infartu bat jasaten duen pertsonak sekula ez du ahaztuko bere mina, gaitzaren sintoma nagusia: bularraren erdialdean agertzen den min gogorra eta zorrotza pixkanaka eztarrirantz igotzen da, ezkerreko besoraino ailegatuz. Sintoma hori bat-batean agertzen da, eta normalean izerdi hotza, goragaleak eta zorabioa ere sentitzen ditu gaixoak (erreakzio begetatiboa esaten zaio). Ospitalera joan beharra dago, noski, presaka gainera, eta begi-bistakoa denez, infartua (edo bularreko angina) jasan duenak ez luke gidatu behar.

Laburbilduz, eta esatea erraza den arren, garrantzitsuena lasai egoten saiatzea da. Erreakzioa beldurrezkoa eta zalapartazkoa baldin bada, gaixoa larritzea eta angustiatzea besterik ez duzu lortuko. Dena den, zer egin ez badakizu, onena laguntza eskatzea izango da.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila