Iruzurraren zientzia

Zientzialariak pertsona zintzoak dira, eta lan eginez eta ikertuz gizartea garatzeko baliagarriak izan daitezkeen aurkikuntzak eskuratzea dute xede, gizakiak egin izan dituen eta egiten dituen galderei erantzutea. Horren aurrean, edozeri uko egiteko gai dira, oinarri-oinarrizko behar fisiko zein psikologikoak barne. Horrelako usteak hedatuta daude gizartean, baina, ai ama!! Usteak erdia ustel; zientzialaria pertsona arrunta da, bertuteduna eta akastuna, iruzurraren atzaparretan eror daitekeena.
Iruzurraren zientzia
2006/01/01 | Kortabarria Olabarria, Beñardo | Elhuyar Zientziaren Komunikazioa
(Argazkia: siemens)

Duela gutxi, Estatu Batuetako 7.000 zientzialarik izenik gabe erantzuteko inkesta bana jaso zuten. Ontzat har ezin daitekeen jarrera edo ekintzarik inoiz gauzatu ote zuten galdetu zieten. 7.000 inkestetatik 3.000 jaso zituzten inkestagileek. Emaitza hau izan zen: % 1,5ek aitortu zuen noizbait faltsutu zituela datuak edo plagioa egin zuela. Ez da hainbeste, eta hortik ondoriozta daiteke, ondo pentsatuta, zientzialariak zintzo samarrak direla. Baina datu gehiago badago; zientzialarien % 33k onartu zuen gaiztakeria txikiagoak egin zituela: % 15,5ek, babesleen presioa jasan ezinda, ikerketaren metodologia edo emaitzak moldatu zituen; % 12,5ek beste batzuen datu okerrak ontzat eman zituen; eta % 7,6k bekatutxo gehiago aitortu zituen, esate baterako, beste batzuen ideiak baimenik gabe erabiltzea, edo informazio konfidentziala norberaren onerako erabiltzea.

Hainbat adibide

Zientzian iruzurra noiz hasten den zehaztea zaila da. Pentsa, zientzia bera noiz hasten den zehaztea ez da erraza. Data bat jartzeagatik, XVII. mendea jo daiteke zientzia modernoaren abiapuntutzat, orduan sartu baitziren arrazoiketa induktiboaren metodoak. Ordura arte, zientzia gehiago zen espekulazioa zientzia baino. Dena den, orduan ere ez zen iraulketa handirik izan. XIX. mendearen erdialdera arte, zientziak muga teknologiko handiak izan zituen, eta ez zuen aukera handirik entseguetarako. Iraultza XIX. mendearen azken urteetan gertatu zen, entseguen ebaluaketak eta datuetan oinarritutako txostenak metodo bihurtu zirenean. Iruzurra metodo zientifikoari muzin egitea bada, egokia dirudi data horrek, baina pentsatzekoa da lehenago ere bazegoela.

Iruzurgileek kontrolik zorrotzenak ere gainditzen dituzte.
E. carton
Ordutik gaurdainoko adibideak ugariak dira, eta batzuk benetan ospetsuak izan ziren bere garaian eta hurrengo urteetan, teoria-lerro bihurtzeraino. Iaz, adibidez, hori gertatu zen Reiner Prosch antropologo alemaniarrarekin. Hanburgo inguruan duela 36.000 urteko gizaki baten garezurra aurkitu zuelako egin zen ezaguna Reiner Protsch. 80ko hamarkadan berri hark mundu osoko antropologoak hunkitu zituen, begien aurrean gizaki modernoaren eta neanderthalaren arteko lotura zutelakoan.

Protschek adierazi zuen milaka urtez Europako biztanle izan zen Neanderthalgo gizakia eta Afrikatik iritsi berriak ziren Homo sapiens -ak uneren batean elkarrekin bizi izan zirela. Eta, are gehiago, bien artean ondorengoak izan zituztela. Orain jakin da Protschek aurkitutako 36.000 urteko garezur hark benetan 7.000 urte besterik ez zuela. Iruzurra ikertu duen batzordeak adierazi du Protschek ez zituela inoiz egin karbono 14 bidezko datazio-probak, eta, gainera, behin baino gehiagotan aurkeztu zituela fosil faltsuak, asmo bakar batekin: mundu mailako fama lortzea. Neurri batean beteko du bere ametsa, Antropologiaren historian sartuko da, baina iruzur egiteagatik.

Iruzur egiteak ez dirudi zaila, baina zehaztasun tekniko ugari hartu behar izaten dira kontuan.
mec

Alemaniarraren aurkikuntzak katebegi galduaren teoria betetzen zuen; hau da, gizakiaren bilakaeraren teorian beste urrats bat proposatzen zuen. Zientzia-komunitatearen zati handi batek aintzat hartzen ez bazuen ere, teoriak ekarpen berritzaile bat jarri zuen mahai gainean. Eta, orain, iruzurra dela frogatu denean, hankaz gora jarri du katebegiaren teoriari

buruzko nondik norakoa, eta haren ondoren egindako lan guztiak. Beharrezkoa izango da lan haiek berrikustea, ikustea zenbateraino baldintzatu zituen teoria hark.

Dena den, antropologiaren iruzur deigarriena Piltdown-go gizakiarena da, Darwinen eboluzioaren teoriaren kontura egindako iruzurra. 1912an, Londresko Geologia Elkartean aurkikuntza ikaragarria aurkeztu zuten Charles Dawson eta Smith Woodward paleontologoek: tximinoaren eta gizakiaren arteko katebegi galdua, ordura arte ezagutzen ez zen espezie baten buru-hezurra. Iruzurrak 45 urte iraun zuen. 1953an jakin zen hezurdura gizakien eta animalien hezurrak erabilita egindakoa zela. Bikaina izan behar zuen lanak, aipatutako denboran mundu osoko aditu ospetsuek ikertu baitzuten Piltdown herrixkako aurkikuntza.

Noski, iragana ikertzen duten zientziak ez dira iruzurretan erori diren bakarrak. Zientzia guztiek dute ezkutuko istorioren bat. Fisikan, adibidez, oso ospetsua izan zen fusio hotzaren iragarpena. 1990. urtean, Estatu Batuetako bi ikertzailek, Stanley Pons eta Martin Fleischmann-ek, energia nuklearra ekoizteko sistema merkea eta garbia aurkitu zutela adierazi zuten: fusio hotza. Asmakizunaren aitatasunaren abantailak galtzeko beldurraren aurrean, ez zuten artikulurik argitaratu.

Iragana ikertzen duten zientziak ez dira iruzurretan erori diren bakarrak. Zientzia guztiek dute ezkutuko istorioren bat.
artxibokoa
Gerora jakin zen Nature aldizkariak artikulua argitaratzeari ezezkoa eman ziola iragarpena egin aurretik, "saioei buruzko behar beste datu ez zegoelako". Inoiz ez da lortu laborategietan saio haietako emaitzak errepikatzerik.

Baina ez pentsa aldizkari ospetsuen kontrol-sistemek beti funtzionatzen dutenik. Behin baino gehiagotan sartu diete ziria, Nature, The Lancet, PNAS, Science eta haiek bezalako beste aldizkari ospetsu batzuei ere, eta, noski, baita hain ospetsu ez diren beste hainbat argitalpeni ere. Jan Hendrik fisikaria da beharbada aipagarriena, aipatutako argitalpenean 80 artikulu baino gehiago argitaratu zituelako, haietako asko datu faltsuekin. Andred Wakefield ikertzaile britainiarraren izena ere ezagun egin zen, The Lancet aldizkarian txerto hirukoitz birikoak --elgorriaren, hazizurriaren eta errubeolaren kontrakoak-- autismoa eragin zezakeela frogatzen zuen artikulua argitaratu zuenean. Iruzurrak, kasu hartan, ondorio zuzenak izan zituen.

Artikulua The Lancet -en argitaratu ondoren, ustezko ikerketaren egileek jendaurreko prentsaurrekoa egin zuten, eta gaiak oihartzun handia izan zuen komunikabideetan. Ondorioz, ume askok ez zuen txertorik hartu, eta, ordutik, elgorri-agerraldiak behin baino gehiagotan gertatu dira Britainia Handian. Iruzurra larria izan zen, iruzurgileek dirua jaso baitzuten iruzur egiteagatik. Dirudienez, txertoa ekoizten zuten laborategiak salatu eta haiei dirua ateratzea zen iruzurgileei ordaindu zietenen asmoa. Antza, aldizkari handienen kontrola ere, ez da uste bezain zorrotza.

Izarren energia eskuratzeko fusio hotzaren iruzurra sonatua izan zen.
nasa

Iruzurra edonon

Iruzurraren beste ezaugarrietako bat herritartasunik eza litzateke. Hartu munduko bola, has dadila biraka eta jarri atzamarra edozein puntutan. Hango zientziaren historian arakatu, eta aurkituko duzu iruzurra, baita Euskal Herrian ere. Sonatuena, akaso, historiaurreko margoena.

1991. urtean, Serafin Ruiz izeneko ikasle batek Gorbeiako Zubialde leizean pintura apur bat aurkitu zuen. Gutxi irudituta, margo ikusgarriak egin zituen (20 figura eta 50 zeinu arraro) eta aurkikuntza iragarri. Lana bikaina zen, begi-bistara benetakoak ematen zuten, baina azterketetan espartzu-arrastoak aurkituta jakin zuten margoen egilea Serafin bera zela. Aurkikuntzen aurrean adituek diskrezioa eskatu zuten arren, orduko politikariek lau haizeetara zabaldu zuten berria.

Kontakizunaren hariagatik, iruzurra iraganeko egoera edo gertakaritzat har daiteke, baina ez da horrela. Gizakia klonatzea lortzen duten zientzialariak, bizitzaren jatorria argituko duen aurkikuntza, minbiziaren aurkako txertoak edo mirarizko tratamenduak, beste planeta batzuetan aurkitutako bizi-arrastoak, elementu kimiko berrien aurkikuntzak eta abar ia egunero irakur, entzun edo ikus daitezkeen kontuak dira. Nolabait, gizakiok entzun nahi dugunari erantzuten dioten gertakariak dira, itxaropenez espero ditugunak. Zorionez, bide horretan gehiago dira zintzo lan egiten duten zientzialariak iruzurgileak baino!!

36
Zer da iruzurra zientzian?
Iruzurra metodo zientifikotik haratago doa. Emaitza zientifiko teoriko eta enpirikoei dagokienez, zientzia-komunitateari ziria sartzeko intentzio gisa definitu izan da. Baina jarrera ez-zintzoekin zerikusia duten jokaerak aintzat hartzen dira. Iruzur-mota hauek bereizten dira:
Fabrikazioa : egin ez diren azterketen emaitzen berri ematea.
Faltsutzea : datuak nahita aldatzea.
Plagioa : beste batek egindako lana norberak egindakotzat aurkeztea.
Lapurreta : beste baten ideia, proiektua edo emaitza bereganatzea.
Datuak manipulatzea : kontuan hartuko balira emaitzetan aldaketak eragingo lituzketen datuak ez aipatzea.
Akatsak datuak biltzean : literaturan ez bilatzea, aurrekariak kontuan ez hartzea, datu gutxirekin lan egitea, datuak ez kontrastatzea...
Ikerketa aurkeztean , aurretik eginda zegoen lana ez aipatzea.
Argitaratzerakoan , benetan egile ez diren batzuk sartzea egileen artean, ospetsuak direlako edo trukean haien lanean egile moduan agertzeko, toki batean baino gehiagotan argitaratzea...
Puztea : curriculumean datu faltsuak sartzea.
Aizpea Leizaola: "Zientzia agerian utzi duten iruzurrak osasungarrienak dira"
Aurkikuntzak onartu aurretik, aldizkarietan artikuluak argitaratzen dira, adituen eskuetatik pasatzen dira... nola liteke iruzurra gertatzea?
Gero eta gehiago argitaratzen den heinean, gero eta zailagoa da guztia galbahetik pasatzea. Azken 30-50 urteotan, zientzia-argitalpenak ikaragarri ugaldu dira, eta horrek, nolabait, zaildu egiten du berme hori esparru guztietara iristea. Hain zuzen, aldizkari batzuek horregatik dute prestigioa, galbahe bat baino gehiago pasatu behar izaten direlako. Bestalde, horrelakoetan, adituen prestigioa bera sartzen da jokoan. Aditua autoritate bihurtzen da, hark dioena ia ukaezina da, eta ez da ezbaian jartzen. Horrek ere laguntzen du iruzurrak aurrera egin dezan.
Zergatik egin iruzur?
Diruagatik baino gehiago, ospeagatik dela esango nuke. Japonian bada arkeologo ospetsu bat, Fujimori izenekoa; Jainkoaren Eskuak izengoitia jaso zuen, aurkikuntza bereziak egiten zituelako. Iruzurrean harrapatu zutenean, aitortu zuen ospearengatik egiten zuela, bere izena ezaguna izan zedin zientzia-komunitatean, eta historiara pasa zedin.
Bestelako iruzurrak ere badira, zientzia bera nolabait agerian utzi nahi izaten dutenak. Osasungarrienak direla esango nuke, zientzia bera galderak egitera bultzatzen dutelako eta egia zientifikoa, egia absolutua, finkatzea zein erraza izan daitekeen pentsarazten digutelako.
(Argazkia: F. leizaola)
Iruzur asko aipa daitezke, baina, batzuk aipatzeagatik, Nacirema tribuarena deigarria da.
Horace Miner antropologo estatubatuarrak artikulu bat idatzi zuen 1956an, hango antropologia-aldizkari ospetsuenean. Nacirema tribua aipatzen zuen, Ipar Amerikan kokatutako tribua. Deskribatzen zuen zelako errito eta praktika bortitzak zituzten euren gorputzarekiko, zenbateraino disgustura zeuden euren gorputzarekin, zenbateraino zigortzen zuten euren gorputza. Aipatzen zuen familia guztietan bazegoela aldare txiki bat, ezaugarri magikoak zituzten edabeez hornituta. Deskribatzen zuen emakumezkoek zer-nolako arazoak zituzten euren bularraldearekin. Artikulu hartan, Nacirema tribukoek euren gorputzarekiko zuten ikuspegiari buruzko erradiografia xehea egiten zen.
Artikuluak iskanbila eragin zuen: zein ote ziren Nacirema haiek? Nondik atera ziren? Zer-nolako aztarnekin lan egin zuen antropologoak? Lana arretaz irakurrita, agerikoa da egileak satira bat egin nahi izan zuela. Nacirema hitza bera kontrara irakurtzen bada, American agertzen da. Hortaz, gizarte amerikarraren erretratua egin zuen, eta barregarri utzi.
Beste kasu deigarri bat Piltdowngo gizakia da.
Hori da orain arte ezagutzen direnen artean denboran gehien iraun duena. Hirurogei urtez iraun zuen. Pentsa, 1908an lehengo aztarnak agertu, 1912an ezagutarazi, eta 1952an egin zen publiko iruzurra zela. Eta horretan dabiltzanek oraindik ere ez dakite zeinek egin zuen iruzurra.
Lan handia izan zen?
Nacirema tribukoek asko begiratzen diote beren itxurari.
(Argazkia: artxibokoa)
Iruzur bat gertatzen denean, bi aldeak daude: alde batetik, zergatik funtzionatzen duen iruzurrak; eta, beste alde batetik, iruzurra egin duenak zer erabiltzen duen hala gerta dadin.
Garrantzitsua da, halaber, alde teknikotik nola egiten den iruzurra. Piltdowngo kasuan, iruzurra egin zuenak guztiz kontuan izan zuen garai hartako ezagutza teknikoa: datatzeko zer teknika zeuden, zer irizpide erabiltzen ziren materialak identifikatzeko... kontu handiarekin ibili zen; masail-hezurrak kraskatu zituen, bat etorri beharko zuketen parteak eta desagertuak egon zitezen... Eta arkeologo batek egin zuen publiko aurkikuntza, baina aurkitu, harrobiko langile batzuek aurkitu zuten. Beraz, hor dago anonimotasun hori; ez dakigu ziur arkeologo hark lurperatu zituen, edo langileek edo beste norbaitek... Hori dena orain arte ez da jakin, eta seguruena ez da jakingo denbora puska bat igaro arte.
Badira garai jakin bateko teorien hutsuneak bete ditzaketen iruzurrak. Horiek izaten dute funtzionatzeko aukera gehien. Aldi berean, ordea, susmo gehien eragin dezaketenak ere badira: "Hain sinplea al da? Aurkikuntza soil batek bete al dezake hainbeste urtean hipotesi mailan geratutakoa?" pentsa dezakegu.
Eta zer egin daiteke iruzurrik ez gertatzeko?
Ezinezkoa da saihestea. Beti egon dira eta aurrerantzean ere egongo dira. Hori lotuta dago, batetik, zientziak gaur egun duen pisuarekin, gizarteak zientziari ematen dion garrantziarekin. Eta horrek erakusten digu, neurri batean, zergatik iruditzen zaion interesgarria jendeari iruzur egitea, zergatik merezi duen iruzur egitea egia absolutua eraikitzen duen zientzia horri. Eta, beste alde batetik, neurri batean, iruzur bat agerian geratzen denean, horrek ordura arte egindakoa berrikustera behartzen du. Hori, bere horretan, ez da txarra.
Tarteka-marteka, zientzian egindako iruzurren baten berri izaten da. Aizpea Leizaola EHUko irakaslea antropologoa da. Badaki zerbait iruzurrak antropologian nahiz zientziaren gainerako adarretan duen eraginaz.
Kortabarria Olabarria, Beñardo
3
216
2006
1
040
Eboluzioa; Fisika; Energia; Etika; Historia; Giza zientziak; Medikuntza; Bestelakoak
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila