Irudi eta soinuzko erregistroen kontserbazioa

Aizpuru, Maria Luisa

Elhuyar Fundazioa

Denboraren eraginez, filmeak, bideoak, zinta magnetikoak eta oro har irudi eta soinuzko erregistroak zaharkitu egiten dira. Urteen iraganak sortzen dituen ezinbesteko kalteei aurre egiteko badago gaur egun bide bat: kopia digitala.
Neurri egokiak hartzen ez badira, irudi eta soinuzko erregistroak urte gutxitan hondatuak geldi daitezke.

Irudi eta soinuzko erregistroak kolekzionatu eta gordetzeko grina dutenek ondotxo dakite denboraren eraginak sortzen dituen kalteak. Legezko gordailu, filmoteka eta fonotekatako arduradunek beren gordailuetako edukia luzaroan ongi kontserbatzeko ahalegin berezia egin behar izaten dute.

Erregistroak luzaro kontserbatzeko zenbait neurri hartzen dira. Biltegi eta gordailuetako atmosfera kontrolatu egiten da, hezetasuna eta tenperatura zainduz. Irudi eta soinuzko erregistro gehienak material suhargarriz eginak daudela kontuan izanik, sutearen aurkako neurriak hartzea behar-beharrezkoa gertatzen da. Dokumentu hauek babesteko mekanismo eta sistema sofistikatuenak erabiltzen dira.

Gordetzeko erabiltzen diren sistema berezi hauei esker, zaharkikuntza atzeratu egiten da, baina denboraren eragina ez da erabat ekiditen.

Filmoteka eta fonotekatara maiz dokumentuak (antzinakoak bereziki) baldintza kaxkarretan heltzen dira. Partikularrek urte askotan gordeta izan dituzten dokumentuak zertxobait hondatuta egon daitezke, gordetzeko neurri berezirik hartu ez dutelako edo erabilerarekin kaltetu egin direlako.

Gainera, gordailu hauetan jasotzen diren erregistroak adin eta sasoi guztietakoak izan ohi dira. Teknologiaren beste garai batean egindako filme eta disko zaharrek, bere kontserbazioaz gain, beste arazo bat ere sortzen dute, hots, dokumentu horiek irakur eta ikuska ditzaketen teknologia zaharreko tresneria ere ongi kontserbatzearena, eta hau kasu askotan oso problematikoa gertatzen da. Hala ere, guztiz beharrezkoak dira. Izan ere ez da ahaztu behar gordailuen helburu nagusia bertan jasota dauden dokumentuak luzaro ongi ikusi eta entzuteko moduan mantentzea dela.

Etokizunean gordailuetako irudi eta soinuzko dokumentu guztiak digitalizatu egingo dira.

Lehenengo filmeak zelulosa nitratozkoak ziren. Material hau oso suhargarria izateaz gain, bere kasa su har dezake. Zuri-beltzezko filmeak egonkorrak dira. Aldiz, kolorezko filmeetan kolorea degradatu egiten da. Filmeak kontserbatzeko biderik egokiena hutsean (kutxa estankoetan) behe-tenperaturan gordetzea da, baina hau oso soluzio garestia gertatzen da.

Soinuzko erregistroei dagokienez, diska mota desberdinen ezaugarriek baldintzatzen dute beren iraupena. Binilozko disko klasikoak adibidez nahikoa erresistenteak diren bitartean, azetatozko azalera duten disko metaliko zaharrak guztiz hauskorrak gertatzen dira.

Banda magnetikoen kontserbaziorako materialaren kalitatea eta euskarriaren lodiera oso garrantzitsuak dira. Banda zenbat eta arinagoa eta euskarria zenbat eta meheagoa izan, are eta errazago hondatzen dira. Disko konpaktua da oraingoz arazo gutxiena sortzen duen disko-mota. Hala ere, izenburuak inprimatzeko erabiltzen den tintak arazoak sor ditzake.

Disko konpaktua goikaldean polikarbonato prentsatuzko plaka batez osatua dago. Zati trinkotu hau metalizatu egiten da (aluminiozko estalkia), ondoren laka-geruza ipintzen zaio eta honen gainean izenburuak inprimatzen dira. Irakurketa, polikarbonato gardenezko geruza lodi samar honetan zehar egiten da. Disko arruntetan irakurketa diskoaren ildoak marruskatzen dituen diamantezko orratzaren bidez egin ohi da.

Konpaktuaren kasuan diamantezko orratza ukiezinezko laser izpiaz ordezkatu da. Horrela grabatu digitala hondatu gabe irakur dezake. Irakurketari dagokionez beraz, ongi babestua dago diska mota hau. Baina tintak aluminiozko zati metalizatuari atzekaldetik eraso diezaioke. Disko konpaktua komertzializatu zenean, teknikariek tintaren erasoa goikaldetik gerta zitekeelakoan polikarbonatozko alderdia ongi babesten saiatu ziren, baina ez zuten aurrikusi tintak atzekaldeari erasan ziezaiokeenik.

XX. mende hasierako gramofonoa.

Irudi eta soinuzko erregistroak ongi kontserbatzeko lehen aipatutako neurriak hartzeaz gain, etengabe zaindu behar dira. Egokiena erregistro kaltetuak gertatu aurretik kopia ateratzea izango litzateke. Gaur egun hala ere, ez da gordailuetako erregistroen kopia sistematikorik egiten.

Zenbait erregistroren kopia ateratzeak gainera, arazoak sor ditzake. Oso zaharkituta dauden erregistroetan adibidez, kopia ateratzeko lehenbizi irakurri egin behar da eta irakurtzea oso zaila eta are ezinezkoa gerta daiteke. Horregatik zenbait kasutan diskoak metalizatu egin behar izaten dira irakurri ahal izateko.

Ikerlariek erregistroen euskarria gutxien kaltetu dezaketen metodoen bila dihardute. Disko normalak ukitu gabe irakur ahal izatea litzateke soluzioa, hots, konpaktuaren kasuan bezala laser izpiaz irakurtzea.

Dena den, originalak akatsak baditu kopiak ere akatsak jasoko ditu. Garai batean kopistek egiten zuten lanaren antzekoa egingo lukeen sistema lortzea litzateke egokiena.

Platonek idatzi zituen eskuskribuak inoiz ez ikusi arren, hark idatzitakoa zehatz-mehatz irakur dezakegu gaur egun. Kopisten lan neketsuari esker lortu da hori. Hauen zeregina horixe zen hain zuzen ere: eskuskribu bat hondatzen hasten zenean originala zehaztasun osoz berridaztea. Digitalizazioaren bidez helburu berdina lor daiteke. Prozesu honi esker originala bezain kopia ona lortzea posible da, baldin eta erregistroa edo dokumentua oso kaltetua ez badago behintzat.

Erregistroak digitalizatuz prozesu berberari jarrai dakioke. Disko baten irakurketan akats bat gertatzen bada, konpaktuaren zati bat hondatua dagoelako adibidez, akats hori zuzendu eta originaleko informazioa bere osotasunean aurki daiteke. Informazio hori izan ere diskoaren beste leku batean egongo bait da.

Disko konpaktua. Bere ezaugarriengatik diska mota hau luzaro kontserbatzeko egokiena da.

Pentsa daiteke beraz, etorkizunean filmoteka, bideoteka, eta fonoteka nazionaletako dokumentuak sistematikoki digitalizatuak izango direla. Oraindik hala ere, ez zaio horrelako prozesuari jarraitzen; alde batetik irudi-soinuen digitalizazioa behar bezala aurreratua ez dagoelako eta bestetik oraingoz oso garestia delako.

Digitalizazioarekin lor daitekeen beste gauza bat, informazio beraren tratamendua da; adibidez arraiatutako diskoaren “klok” soinu aspergarriak ezabatzea edo kanpoko zaratak kentzea. Posibilitate honek ordea puristen kontrako jarrera sortu du. Hauen eritziz erregistroen berezko akatsak errespetatu egin behar dira eta nahiz eta zenbait hobekuntza (goian aipatutakoak esate baterako) onartzeko prest egongo balira ere, oinarrizko dokumentuen ezaugarriak ez dira aldatu behar, hots, filme zaharrei kolorea eransterik edo disko zaharren kanpoko zarata kentzerik ez dago (jakina bait da azken kasu honetan tonu altuen eza zarata horiek disimulatu egiten dutela).

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila