Iraganeko legea Pirinioetan: bizirik irautea

Galarraga Aiestaran, Ana

Elhuyar Zientzia

Natur baliabideei ahalik eta etekin handiena ateratzeko ahaleginetan, gizon-emakumeek paisaia moldatu dute. Pirinioetan, adibidez, Erdi Arotik Aro Modernora bitartean egindako baliabide naturalen ustiapenak arrastoak utzi ditu, eta aztarna haiek aztertzen dituzte mendilerroaren bi aldeetako unibertsitateetako hainbat ikertzailek, RESOPYR proiektuaren barruan.

Iraganeko legea Pirinioetan: bizirik irautea
2006/01/01 | Galarraga Aiestaran, Ana | Elhuyar Zientziaren Komunikazioa
(Argazkia: A. Legaz)

Aspaldi batean, Erdi Arotik Aro Modernora, Pirinioetako biztanleek hango baliabide naturalak nola ustiatu zituzten jakin nahi dute RESOPYR taldeko ikertzaileek. Horretarako, beste edozein toki eta garai ikertzeko bezalaxe, bi motatako iturriak erabili dituzte: batetik, garai haietako dokumentuak arakatu dituzte, eta, bestetik, arrastoak bilatu eta aztertu dituzte. Hala, pixkanaka piezak lortzen joan dira, eta gero eta osatuago dago puzzlea.

Ikertzaileek ez dute lan erraza: dokumentu asko galduta daude, edo gauza asko ez dira dokumentuetan jaso, eta arrastoak ez dira nahi bezain ugariak. Gainera, interpretatzeko zailak dira, eta, kasu batzuetan, aztarnak aztertzeko metodologia bera ere sortu egin behar izan dute; adibidez, larreak historian zehar ikertzeko metodoa landu dute Katalunian.

Nolanahi ere, nahiko garbi dago zein ziren baliabide naturalak ustiatzeko modu nagusiak garai haietan: abeltzaintza, zuraren ustiapena, ikazkintza eta karegintza, meatzaritza... Lekuen eta sasoien arabera, jarduera batek edo besteak hartzen zuen indarra; adibidez, gerra-garaietan basogintza zen nagusi, armadak enbor handiak eta zuzenak behar baitzituen ontziak egiteko. Halakoetan, almadia ugari jaisten ziren ibaietatik, bai Kantauri aldera bai Mediterraneora.

Beste garai batzuetan, ordea, zurak baino irabazi handiagoa ematen zuen artzaintzak, eta orduan basoak erre egiten ziren, ardientzako larreak sortzeko. Mineral ugari zegoen tokian, berriz, meatzaritzan aritzeko aukera zegoen, eta aprobetxatu egiten zuten, noski. Hori guztia ehizarekin, arrantzarekin eta biltzen zituzten fruituekin osatzen zuten.

Abereak aberastasun

Sasoiak sasoi eta lekuak leku, oro har, abeltzaintza izan da inguru hura ustiatzeko modu errazena; hark eman izan du etekin handiena, eta, beraz, huraxe izan da jarduera nagusia mendeetan zehar. Kontuan izan behar da XVI. mendera arte Europan ez zegoela ez patatarik ez artorik. Landare horiek ondo egokitzen dira mendialdeko lurretara; zerealak, aldiz, ez dira ondo hazten. Horregatik, salbuespen gutxi batzuekin, nekazaritzak ez du indarrik izan Pirinioetan.

Artzaintza izan da Pirinioetako biztanleen jarduera nagusia mendeetan zehar.
D. Solabarrieta

Dokumentuek ere garbi erakusten dute abeltzaintzaren garrantzia. Adibidez, jasota dago zenbat abelburu zituzten Leireko monasterioan XI. mendearen bukaeran. Dena den, Orreagakoa zen aberatsenetako bat; XII. mendeko dokumentu batean azaltzen da mila txerri eta ganadu ugari zutela, eta larrean ibiltzeko eskubideak Aralarreraino iristen zirela, bai eta Gipuzkoako kostara ere.

Bestetik, dokumentuetan azaltzen da herritarrek ez zituztela zergak irinetan, oliotan edo ardotan ordaintzen, baizik eta arditan edo behitan. Beste dokumentu batzuetan, larre jakinetan bazkatzeko eskubideak aipatzen dira, edo, transhumantziako bideetan, nonbaitetik igarotzeagatik ordaindu beharrekoa zehazten da. Hortik ondoriozta daiteke zenbateraino oinarritu zen abeltzaintzan Pirinioetako jendearen bizimodua mendeetan zehar.

Hain zuzen ere, abereetatik ateratzen zuten bizitzeko behar zuten ia guztia: larrua, artilea, haragia, esnea, gazta... Produktu haiek ziren ardoa, ogia eta olioa erosteko erabiltzen zuten txanpona.

Tokian tokiko landarediaren arabera, azienda-mota bat edo bestea gailentzen zen. Leku batzuetan, ezkurra ematen zuen baso itxia zen nagusi; aproposa, beraz, txerriak, behiak eta behorrak hazteko. Beste batzuetan, basoko zuhaitzek ez zuten ganaduak aprobetxatzeko moduko fruiturik ematen; orduan, zuhaitzak bota egiten ziren, batez ere garraioa errazten zuen ibai batetik gertu baldin bazegoen basoa. Zura eraikuntzarako edo ontzigintzarako erabiltzen zen, eta, soildutako lekuan, larrea sortzen zen. Leku haiek egokiak ziren ardiak hazteko.

Zurien artean, ardi beltza

Erabaki politiko-ekonomikoek ere eragin zuten hazten zuten azienda-motan. Adibidez, XIV-XV. mendeetan, Gaztelan sekulako indarra hartu zuen artzaintzak, nazioarteko eta barneko merkatuak bultzatuta. Ardiak ekonomiaren ardatz bihurtu ziren, eta artzaintza kontrolatzen zuen elkarte boteretsu bat sortu zen, Mesta. Hark arautzen zituen transhumantziako bideak eta datak. Ardiak pasatzen ziren lekuetan nekazariekin arazorik ez izatea zen helburua.

(Argazkia: L. Portularrume)

Aragoin, esaterako, ondo zehaztuta zuten dena. Lehen elurrekin, ganaduak behera jaitsi behar zuen, haranetara edo, dokumentuetan jartzen duen bezala, "Espainiara", eta azaroaren lehenengoa zen horretarako eguna. Udaberrian, berriz, maiatzaren 16an igotzen zen ganadua goiko larreetara.

Transhumantzia lehendik ere egiten bazen ere, sasoi hartan erabat baldintzatu zuen herri askoren bizimodua. Espainiako hegoaldeko artaldeek iparrera jo behar zuten udan, belar bila. Pirinioetan baso asko erre zituzten, ardientzako larreak sortzeko, eta hori egiteko aginduak jasota daude artxiboetan.

Hala ere, liskar asko egoten ziren belardiak lortzeko, eta horren adierazle dira larre jakinak erabiltzeko egiten ziren hitzarmenak. Batzuetan, nazioartekoak ziren akordio haiek, mugaren bi aldeetako jendearen artekoak izaten baitziren.

Jarduera hark mendeetan zehar iraun zuen, zenbait tokitan besteetan baino garrantzi handiagoarekin, eta, sasoien arabera, batzuetan indar handiagoz eta beste batzuetan ahulago. Baina, bai dokumentuak bai aztarnak aztertuta, ez dago zalantzarik abeltzaintzak pisu handia izan zuela Pirinioetako jendearen bizimoduan.

Lurpeko altxorra

Txabola baten aztarnategia, Okaben. Dokumentuez gain, horrelako aztarnak erabili dituzte ikertzaileek iragana arakatzeko.
A. Legaz

Irauteko ekonomia hura abeltzaintzan oinarritzen bazen ere, nekazaritzan eta industrian ere aritzen ziren. Etxe bakoitzak zuen bere baratza, harriz inguratuta, ganaduari sartzea galarazteko. Zerealak egiten zituzten --artatxikia, zekalea eta gari apur bat-- eta lekak. Mendiko lurrak ez dira emankorrak; ondorioz, basoak erre eta luberritu behar izaten zituzten, baina, hala ere, nekazaritzak ez zuen irabazi handirik ematen.

Baina lur gainean ez ezik, lur azpian ere aritzen ziren, aukera zegoen tokietan. Hala, hainbat meategi daude Pirinioetan. Nafarroa atlantikoan, burdina ugari dagoenez, meatzaritza jarduera garrantzitsua eta jarraitua izan zen. Meatzeen inguruan, industria metalurgikoa garatzen zen, eta horren adibide da Orbaitzetako arma-fabrika.

Beste mineral batzuk ez dira hain ugariak. Benasquen, adibidez, antzinatik ateratzen zen zilarra; Nafarroan ere zilar eta kobre pittin bat erauzten zen, baina oso gutxi zen burdinarekin alderatuta. Salbuespenak direnez, ez da erraza haien gaineko dokumentuak eta arrastoak topatzea. Esaterako, Urrobiko zilar-meatzea ikertzeko, oso baliagarria izan zaie Paolo Girardik 1340an egindako txosten bat. Girardi meatze-maisu florentziar bat zen, eta, Nafarroako erresumak eskatuta, hango meatzeei buruzko txostena egin zuen. Hori bai, Girardik berak aitortu zuenez, "eskuak zikindu gabe" egin zuen lan. Azkenean, haren zerbitzuak garestiak zirela eta, Nafarroako erregeak kontratua etetea erabaki zuen. Txosten horretaz aparte, ez dago dokumentazio askorik.

Kasu batzuetan, beraz, zaila da ondorioak ateratzea. Nolanahi ere, ez zen gozoa Pirinioetan bizitzea Erdi Arotik Aro Modernora bitarteko mende haietan. Gaur egun ere ez bada erraza, garai haietan baliabide naturalak besterik ez zuten bizirik irauteko, eta, ikerketen arabera, ez dago zalantzarik ahalik eta probetxu gehien ateratzen ziotela baliabide bakoitzari: harriari, basoari, urari, zelaiari... naturari.

32
RESOPYR, elkarlanaren adibide
RESOPYR izenak Ressources Sociétés Pyrénées adierazten du, eta Pirinioen bi aldeetako unibertsitatetako ikertzaileek osatzen duten talde bati dagokio. Historialariek, arkeologoek eta geografoek parte hartzen dute taldean, eta orain baita filologoek ere. Pirinioetako baliabide naturalak nola ustiatu diren aztertzea dute helburu, hasi Erdi Arotik eta Aro Modernora arte.
Taldea duela sei bat urte eratu zen, Pirinioetako Lan Komunitateak elkarlanerako sareak sortzeko laguntzak ematen zituela aprobetxatuz. Hainbat bilera egin dituzte eta liburu bat ere argitaratu dute: Les Ressources Naturelles des Pyrénées du Moyen Âge à l' Époque Moderne .
(Argazkia: -)
Ikertzaileen hasierako lanak biltzen ditu liburuak, eta aipatzekoa da ikertzaileak erabilitako hizkuntzan argitaratu dela lan bakoitza. Hortaz, hiru hizkuntza ageri dira: katalana, gaztelania eta frantsesa. Nafarroako Unibertsitate Publikoko Eloisa Ramirez da taldearen koordinatzailea, eta, haren esanean, bileretan ere bakoitzak bere hizkuntza erabiltzen du. Alabaina, ez dago euskaraz dakienik, eta Biarnokoek frantsesez egiten dute, gainerakoek ez baitute biarnesa ulertzen.
Orain, taldea sendotu egin da. Batetik, orain arte parte hartzen ez zuen unibertsitateren bat edo beste sartu da proiektuan, eta, bestetik, filologoak ere hasi dira lanean, batez ere, baliabide naturalekin eta garai haietako jarduerekin lotutako hitzak bilatzeko eta aztertzeko. Hortaz, aurreko lanek jarraipena izango dute RESOPYR 2n.
Hiru Behien Zergaren hitzarmena
(Argazkia: L. Portularrume)
1375az geroztik, urtero-urtero, uztailaren 13an, Hiru Behien Zergaren hitzarmena sinatu zela ospatzen da San Martin mugarrian, Belaguatik gora. Egun horretan, Erronkariko alkateei hiru behi ematen dizkiete Frantziako Baretous bailarako bizilagunek. Horren bidez, iparraldekoek hego-isuriko eremuak erabiltzeagatik hitzartutako zerga ordaintzen zuten, eta ohiturak gaur egunera arte iraun du.
Chemin de la mâture
Aspen, gaur egun Pirinioak zeharkatzen dituen GR10 mendi-ibilaldiaren barruan, bide berezi bat dago. Berezia da haitzean zizelkatuta dagoelako, arroila baten gainean, eta hura egiteko 30.000 m 3 harri atera behar izan zutelako.
(Argazkia: A. Etxeberria)
Lan izugarri hura XVII. mendean egin zuten, Frantziako itsas armadak behar zituen ontzientzako enborrak basotik jaisteko. Lehenago, Eskandinaviatik ekartzen zituzten enborrak, eta itsasoz heltzen ziren Frantziako ontzioletara. Baina zura erostea garestia zenez, Pirinioetako basoak ustiatzea erabaki zuten. Hurbilen zeuden basoak azkar ustiatu zituzten, eta urrunagoko basoetara jo behar izan zuten.
Aspe bailarako goiko basoetako zuhaitzak kalitate hobezinekoak zirenez, Luis XIV.ak bide hura egiteko agindu zuen. Orduz geroztik, idiek bultzatutako gurdietan, milaka eta milaka enbor jaitsi zituzten goiko basoetatik bailararen hondora, Frantziako koroaren ontzioletarako bidean.
Galarraga Aiestaran, Ana
3
216
2006
1
039
Abeltzaintza; Nekazaritza; Ingurumena; Geologia

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu cookie horien erabilera onartzen duzla. Ezeztatuz gero, ezingo duzu webgune honetan nabigatu. Onartu
Informazio gehiago
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
MAIER Koop. Elk.
KIDE Koop. Elk.
ULMA Koop. Elk.
EIKA Koop. Elk.
LAGUN ARO Koop. Elk.
FAGOR ELECTRÓNICA Koop. Elk.