Ikerketa klinikoetan aldaketa esanguratsuak egin ditu NIHk

Urte-hasieran, biomedikuntzako ikerketak finantzatzeko politika aldatu du AEBko Osasun Institutuak (NIH). Ikerketa klinikoetan gardentasuna, zehaztasuna eta errepikakortasuna lortzea du helburu. Berez AEBko ikerketei bakarrik eragingo badie ere, pentsatzekoa da joera zabalduz joango dela.
ikerketa-klinikoetan-aldaketa-esanguratsuak-egin-d

Eztabaida aspalditik zegoen, eta NIHk ikerketetan gardentasuna bermatzeko neurriak hartzea erabaki du jada. NIHk finantziatuko dituen ikerketek orain arte baino baldintza zorrotzagoak bete beharko dituzte aurrerantzean: berritasunetako bat da ikerketaren emaitza guztiak argitaratu beharko direla, emaitzen argitalpen selektiboa ekidin eta ez daitezen emaitza negatiboak ezkutatu. Bestetik, erabiliko diren protokolo klinikoak aurrez erregistratu beharko dira. Neurri honen helburua da entseguok ondo diseinatuta egotea eta ikerketak planteatzen duen galderari erantzuteko nahikoa balio estatistikoa baduela ziurtatzea. Gainera, gerora emaitzak aldizkari zientifiko batean argitaratu nahi direnean, ezingo dira entsegu klinikoak birdiseinatu, ikertzaileei erakustea komeni zaienaren arabera.

NIHk ClinicalTrials.gov webgunea sortu du entsegu klinikoak erregistratu eta haien emaitzak jasotzeko. NIHren ustez, bi neurriok zientzia irekiaren helburu filosofikoak betetzen dituzte, eta zientziaren errepikakortasunaren egungo krisiari aurre egiten lagunduko dute. Izan ere, NIHren esanetan, presio akademiko eta sozialek zientzia kaxkarra egitera bultzatzen dute, aldizkariek ondorio ikusgarri eta positiboak argitaratu nahi baitituzte. Besteak beste, kalkulatzen da ikerketa klinikoen herena eta erdiaren artean ez dituztela emaitzak modu egokian argitaratzen, eta horren arrazoi nagusietako bat da ez dituztela argitara ematen emaitza negatiboak.

Neurriok entsegu kliniko gisa definitutako ikerketetan bakarrik hartuko dira, baina NIHk haren definizioa aldatu du. Hemendik aurrera, entsegu kliniko terminoak bere barnean hartuko du gizakiekin egiten den edozein ikerketa, baita orain arte oinarrizko ikerketa gisa hartu direnak eta giza jokaera ikertzen dutenak ere. Osasunerako Mundu Erakundeak urte asko daramatza osasunaren definizio zabal baten alde egiten, alderdi fisiko, mental eta sozialak bere barnean hartzen dituena. NIHk ere bere egin du definizioa. Behaketa hutsezko ikerketa ez-eskuhartzaileak bakarrik geratuko dira definizio horretatik kanpo.

Azkenik, gizakien parte-hartze esperimentala eskatzen duten ikerketetan, ziurtatuko da generoa, arraza, etnia eta adina bezalako aldagaiak kontuan hartuko direla. Are gehiago, ikertzaileek praktika kliniko onetan formatu beharko dute, hiru urtetik behin; besteak beste, parte-hartzaileen eskubideak, segurtasuna eta konfidentzialtasuna berma daitezen. Izan ere, NIHren ustez, ikerketan parte hartzen duten pertsonek arrisku ezagun eta ezezagunak hartzen dituzte, zientziak osasunaren eta gaixotasunen ulermenean aurrera egin dezan.

Komunitate zientifikoaren zati batean hautsak harrotu diren arren, neurriak aurrera doaz. Ikusteko dago nola eragingo duen horrek guztiak Europan, eta hemen ere hartzen ote diren entsegu klinikoetan gardentasunaren alde egin nahi duten antzeko neurriak.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila