Errusimendiak eta bihotzekoa

Agirre, Jabier

Medikua eta OEEko kidea

Ez da egokia bihotzetik sufritzen duten pertsonentzat. Horrelako iragarkiak edo antzekoak aurki daitezke jolas-parke askotan. Oro har emozio fuerteen bila bertara hurbiltzen diren pertsonentzat bereziki eraikitako zenbait jolas edo atrakzioren sarrerako ateetan.
em>

Ez da egokia bihotzetik sufritzen duten pertsonentzat.

Horrelako iragarkiak edo antzekoak aurki daitezke jolas-parke askotan; The black hole (iluntasun osoan egindako errusimendia), the corkscrew (sakakortxoaren gisako errusimendia) eta oro har emozio fuerteen bila bertara hurbiltzen diren pertsonentzat bereziki eraikitako zenbait jolas edo atrakzioren sarrerako ateetan.

Antzeko iragarkiak ere ikusi izan ditugu zineman, azkenaldi honetan egindako zenbait terrore-filmetan. Baina, agian nahikoa maiz ikusteko aukera dugulako (edo asma ezazu beste zein arrazoirengatik) arrisku edo prebentzio-zentzua ez da hain nabarmena eta pertsona askok iragarki hori publizitate hutsa dela uste du; sarreren prezioa igo asmoz asmatutako aitzakia besterik ez dela alegia.

Eta iragarki horiek ba al dute justifikaziorik? Galdera horixe bera egin zioten beren buruei Glasgow-ko Medikuntz Fakultateko Kardiologi Zerbitzuko Pringle eta Macfarlane doktoreek, eta ondoren Stuart Cobbe irakaslearekin batera horietako errusimendi zirraragarri batek pertsona normalen bihotzean dituen ondorioak aztertzeari ekin zioten. Azterketa horien emaitzak British Medical Journal izenekoan argitaratu berri dira eta interesgarri iruditu zaizkidanez, orrialde hauetan komentatuko ditut.

Esperimentua Glasgowko errusimendietako batean zentralizatu eta kokatu zen. Errusimendi hori boomerang izenaz ezagutzen da eta bertako ibiliak 94 segundo irauten du guztira. Sakakortxoaren gisako sail bikoitza du, eta leku horretan indar zentrifugoaz baliatuz posible da garraio-trena erabat iraultzea (buruz behera jartzera, alegia) eta horrela mantentzea. Errusimendi honek, noski, iragarki ditxoso hori dauka guztien begibistan.

Aurrez inolako bihotz-gaixotasunik jasan gabeko hamahiru boluntarik Boomerang -ean bidaia bat egitea onartu zuten. Bihotzaren gaineko balorazio-parametro bezala elektrokardiogramaren etengabeko erregistroa erabiliz, hamahiru boluntarietatik 12tan kalitatezko EKG lortu zuten. Emaitzak txunditzeko modukoak dira.

Ibilbidea egin aurretik minutuko taupaden kopurua 69,8koa zen batezbeste. Eta buelta egiten ari ziren bitartean batezbesko zifra 154,2raino igo zen, bihotz-taupaden frekuentzia maximoa eta minimoa hurrenez hurren 180 eta 130 izanik.

Ikertzaileentzat esperimentu guztian gauzarik azpimarragarriena bihotzak frekuentzia maximoa zein azkar lortu zuen konstatatzea izan zen: boluntari guztiek 8 segundo baino gutxiagotan lortua zuten maiztasun maximoa!

Lortutako emaitzak kontutan hartuz, esan daiteke Boomerang horretan buelta bat ematea parakaidismoarekin, eskiarekin eta squash-arekin pareka daitekeela, bihotzean duen eraginari begira behintzat. Eta Glasgowko Unibertsitateak kirurgia kardiakoa irakasten zuten irakasleetan nabarmenena squash egiten zuen bitartean galdu zuela kontsideratuz, ez da harritzekoa esperimentu honetatik ateratako ondorioak argi gorria pizteko modukoak izatea.

Glasgowko taldearen ondorio orokorra honako hau da: esperientzia moduko hori oso ongi jasaten dutela bihotza osasuntsu duten pertsonek. Baina horrelako takikardia gogor batek sorterazten duen oxigeno-kontsumoaren gorakada ikaragarria ikusiz, logikoa da kardiopatia iskemikoak jotako pertsonarentzat emozio bortitz hori fuerteegia suerta daitekeela pentsatzea.

Zalantzarik ez dago, beraz. Glasgowko emaitzen arabera, abisu hori ( ez da egokia bihotzetik sufritzen duten pertsonentzat ) ez da txantxetakoa; serio hartzekoa baizik.

Terrore-filmeei dagokienez, askoz ere zailagoa da modu homogenoz bihotzean eduki ditzaketen eraginak kuantifikatzea. Hasteko, pertsona bakoitzak oso fobi talde berezia eta pertsonala dauka. Beraz, eszena beraren aurrean erantzunak oso desberdinak izango dira. Adibide gisa, esan daiteke intsektuekin egindako eszenen aurrean erabat izututa sentitzen direnak badirela, beste batzuengan terrorea arrazoi supranaturalarekin, okultismoarekin edo bestelakoekin pizten den bitartean.

Nahiz eta kardiopata posiblea stress-mailarik handiena sor lekiokeen terrore-pelikula ikustera doala pentsatu, prozesua askoz ere motelagoa da eta bertatik ihes egiteko aukera du ikusleak; begiak itxiz edota eskuekin begiak estaliz edota pelikula amaitu aurretik zinetik alde eginez. Errusimendian, ordea, ez dago irteerarik eta bihotz-frekuentzia maximoa 8 segundotan lortu ondoren, oraindik beste 86 geratzen dira gozatzeko edo sufritzeko.

Zalantzarik gabekoa honakoa da: ibilgailua erabat geratzen denean izugarrizko atsegina sentitzen dela, eta ondorengo minutuetan odolean zirkulatzen ari den adrenalinak sortutako ongizate-sentsazioa dela berriro ere Boomerang, Sakakortxoa, Zulo beltza edo The Big Deep bezalako tramankuluak probatzera garamatzana. Horrexek izan behar du beti ere horien itxarote-ilarak luzeenak izatearen arrazoia.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila