Ibaiak, bizitza urlasterretan

Arturo Elosegi Irurtia

Ekologiako katedraduna

Zientzia eta Teknologia Fakultatea. EHU

Ibaiak ekosistema ezegonkorrak dira: ur-korronteak bertako biztanleak etengabe beherantz bultzatzen ditu, emariaren gora-beherek garraiatu egiten ditu, ur-kalitatearen aldaketak bizimodua aldarazi egiten diete... Horrelako baldintzetan iraun ahal izateko oso moldamen berezia behar da. Landareak Ornogabeak Ornodunak Ibaien zonaketa

Ibai-komunitateko osagai nagusiak

Erreka txikietan albotik eroritako horbela eta enborrak dira energi iturri nagusia.
A. Elosegi

Ibaiko ekoizle primarioei dagokienez, alga, goroldio eta fanerogamo ugari aurki daitezke. Ibaietako alga dominatzaileak harrietako epiliton eko (alga, onddo, bakterio, mikroornogabe eta detritusez eraturiko geruzako) mikroalgak dira, hauetan klorofizeo, zianofizeo, feofizeo, bazilariofizeo (diatomeo) eta errodofizeoak egon daitezkeelarik. Alga hauetan bi motatakoak bereiz daitezke: batzuek (adibidez, Cladophora klorofitoa edo Lemanea errodofitoa) kolonia firukarak eratzen dituzte korronte ertaineko aldeetan, eta besteak ( Navicula eta Gomphonema bezalako diatomeoak, esate baterako) zelula aske gisara edota kolonia zapaletan (ad. Rivularia errodofitoa) aurki ditzakegu. Azken talde hau korronte gogorretan gerta daiteke nagusi, baina maiz kolonia firukaren gainean ere finkatzen dira.

Goroldioek banaketa hertsiagoa izan ohi dute ibaietan; beste landareek ez bezala, hauek karbono-iturri gisara CO 2 a erabiltzen baitute. Horregatik, CO 2 z kargaturiko iturburuetan eta ur-jauzien inguruetan Fontinalis izeneko goroldioak dira nagusi. Hauek gaitasun handia dute harrietara atxikitzeko, eta korronte gogorrenak ere gaindi ditzakete. Hori dela eta, alde azkarretan dira ugarien, batez ere harri-bloke handienetan finkatzen direlarik. Goroldio-komunitateen garrantzi handiena ingurune karstikoetako sorguneetan ikus daiteke; bertan karea prezipitatzen laguntzen dute, trabertino izenez ezagutzen den kararri-mota eratuz, Urederran ikus daitekeenez.

Argiztapen baxuko baldintza hauetan alga gutxi hazten da, Fontinalis izeneko goroldioak landare nagusi direlarik.
A. Elosegi

Ibaietako fanerogamoak makrofito izenez ezagutzen ditugu. Hauetako, Ranunculus, Potamogeton, Miriophyllum, Rorippa eta beste hainbat genero aurki ditzakegu Euskal Herriko ibaietan. Guzti hauen sustraiek hondo hareatsu edo buztintsua behar dute, eta ondorioz, alde geldoetan dira nagusi. Sustraien funtzio nagusia substratura lotzea izan ohi da; elikagai gehienak hostoetik lortzen baitituzte. Jatorri lehortarreko landareak izaki, arazoak dituzte ugaltzeko garaian, gehienak espezie entomofilo (hots, intsektuen bidezko polinizazioa burutzen dutenak) baitira.

Hori dela eta, ugalketa begetatiboa da arruntena; ugalketa sexuala burutzeko, berriz, landarearen zatirik gehienak urpean egonagatik, loreek airean egon behar dute, eta horrek mugatu egiten du bizi daitezkeeneko sakonera maximoa. Uholdeei aurre egiteko, bestalde, sustrai-sistema hedatu eta sakonak dituzte, eta bizi-zikloa batez ere perennea. Makrofitoen banaketa ibaian etengabe aldatzen ari da sedimentazio eta higaduraren ondorioz, horretarako moldamen nagusia ugalketa begetatiboa delarik.

Azkenik, oso ibai geldoetan soilik aurki genezake benetako fitoplanktona eta landaretza flotatzailea; bestelakoetan ibaian behera garraiatzen baitira. Flotatzaileen artean eskualde epeletan ohizkoa den ur-dilista ( Lemna minor ) eta nenufarea ( Nuphar lutea ) ditugu.

Ornogabeetan garrantzitsuenak horbelaz elikatzen diren zatitzaileak ditugu. Argazkian Echinogammarus anfipodoa.
A. Elosegi

Animaliei dagokienez, errotifero, mikroartropodo eta horrelakoez osatutako mikrofauna ugaria izan ohi da sedimentuetan, baina talderik ezagunenak makroornogabeak dira. Krustazeoek, platihelminteek, moluskuek, eta batez ere intsektu-talde askoren larba zein helduek osatzen dute talde hau. Krustazeoen artean Gammarus anfipodoa ugaria da horbela metatzen deneko lekuetan, Asellus isopodoa korronte geldoetan, eta Australopotamobius ibai-karramarroa alde altu eta ertain gehienetan, batez ere sarraskiz elikatzen delarik. Intsektuei dagokienez, heldu hegalariak dituzten talde batzuen larbak aurki daitezke ibaian. Hauetakoak plekopteroak, efemeropteroak, dipteroak, odonatuak eta trikopteroak ditugu. Beste talde batzuetan, berriz, larba zein helduak urtarrak dira. Hau da hainbat koleoptero eta hemipterorekin gertatzen dena.

Animalia hauek guztiek antzeko arazoak dituzte ibaietan bizitzeko: emariaren gora beherek bizi direneko habitataren neurria eraldatzen dute, korronteak beherantz garraiatzen ditu, eta predatzaile ugariren eragina jasan behar dute. Dena den, presio ebolutibo hauei aurre egiteko oso mekanismo desberdinak garatu dituzte, eta horrek azaltzen du komunitate hauen eraniztasuna.

Ecdyonurus efemeropteroaren gorputz zapala aproposa da korronte gogorrei aurre egiteko, eta harri arteko zirrikituetara sartzeko.
A. Elosegi

Espezie bakoitzak gehien komeni zaion aldean mantentzekotan, beraz, korronteari aurre egiteko bideak bilatu behar ditu. Hauen artean arruntena soin-forma hidrodinamikoa da. Horregatik, efemeroptero eta plekoptero gehienek harrien gaineko ur-zirkulazio patroira bereziki moldaturiko gorputz lirainak dituzte. Efemeroptero heptagenidoak, gainera, zapalak dira; harrien kontran korrontearen indarra asko murrizten baita.

Trikopteroen estrategia oso bestelakoa da: intsektu hauek, harrapakariekiko babesa eskaintzeaz gain, lastra moduan funtzionatzen duten harrizko zorro batzuk egin eta bertan babesten dira. Edonola ere, intsektu guzti hauetan beherantzako garraioa saihestu ezinekoa da, eta hori dela eta, heldu hegalariek beti ibaian gora egiten dute arrautzak erruterakoan. Beste ornogabe askok (platihelminteek kasu) korrontearekiko babesa harripetan bilatzen dute, eta horretarako zirrikituetatik aisa sartzen diren gorputz zapal eta malguak izan ohi dituzte. Korrontea saihestea ez da, ordea, posible ura iragaziz bizi diren diptero simulidoentzat.

Hauek beti korronte gogorreneko guneak bilatzen dituzte, eta bertan harrietara lotzen dira, ipurtaldean duten gako-koroari esker. Ur-kolpe batek euren lekutik kanporatzen baditu ere, zeta-hariz lotuta egoten dira bertara, eta mendizaleak bere babes-sokaz bezala, hauek hari horretaz baliatzen dira itzultzeko.

Erreka azkarretan oxigenoa eskuratzea ez da zaila suertatzen, eta bertako bizidun askok (adib. plekopteroek) oso brankia txikiak dituzte. Ibai geldoagoetan, berriz, hau ere arazo bilaka daiteke, eta horrek brankia handiagoak eskatzen ditu. Hori da, adibidez, Ephemerella ren kasua. Brankiak, ordea, metatzen diren sedimentuekin kolapsatzeko arriskua dago, eta hondo hareatsuko inguruneetan beste animalia batzuk nagusitzen dira: ipurtaldean birika moduan funtzionatzen duen aire-burbuila daramaten koleoptero ditiszidoak, edota oxigeno gutxiko sedimentuetan aurki daitezkeen diptero kironomidoak. Azken hauek, oxigeno eskasiari aurre egiteko oso hemoglobina-kontzentrazio altuak dituzte, eta horrek ematen die bere kolore gorri tipikoa.

Korronteari aurre egiteko, eta harrapakarien aurka babesteko, trikoptero-larba askok harrizko zorroak eraikitzen dituzte.
A. Elosegi

Ibaietako animaliak, neurri handi batean, lehorraldetik datozkien materialen menpe daude, eta lehorreko intsektuek bezalako erlazio espezifiko hertsiak ezin izan dituzte garatu landare-espezie konkretuekin. Hori dela eta, elikadura zabalagoa dute, normalean beren elikatzeko moduaren arabera, talde funtzional desberdinetan sailkatzen ditugularik.

Talde funtzional hauetariko bat iragazle ena da. Animalia hauek era pasiboan biltzen dituzte urak garraiatzen dituen partikula finak (1 mm baino txikiagoak), eta hori dela eta, partikula-kontzentrazio handi eta korronte dexenteko guneetan dira ugarien.

Iragazleetakoak baraila adarkatuez ura iragazten duten simulidoak ditugu, edota harripetan zetazko sare konikoak eraikitzen dituzten Hydropsiches trikopteroak. Ura ponpatzen duen Margaritifera bibalbioa bezalako iragazle aktiboak ere badaude, partikula organiko eta plankton ugariko ibai handietan batez ere. Sedimentutan metaturiko partikula finez biltzaileak elikatzen dira. Hauetan bi talde bereiz daitezke: batzuk (oligoketoak, adibidez) sedimentiboroak dira, eta besteek era aktiboan aukeratzen dituzte partikulak (adibidez, Baetis efemeropteroak). Horbel asko metatzen deneko lekuetan partikula handiez elikatzen diren zatitzaileak dira nagusi. Hauetan lehen aipaturiko Gammarus krustazeoa edo Sericostoma trikopteroa ditugu. Harri gaineko perifitonaz elikatzen, berriz, efemeroptero heptagenidoak edota molusku gastropodoak bezalako marruskatzaileak aurki ditzakegu. Eta, noski, ehizakiak daudeneko edonon, odonatu-larbak eta Perla plekopteroa bezalako harrapakariak .

Ibaien goiko alde honi maiz amuarrainen aldea esaten zaio; hemen berau baita arrain-espezie nagusia. Salmonido guztiek bezala, ur garbi, fresko eta oso oxigenatuak behar ditu.
A. Elosegi

Landare, mikrobio eta ornogabeen komunitate aberats hauetaz elikatuz, nola ez, ornodun-komunitate desberdinak ditugu. Lehenik eta behin, arrainak aipatu beharko ditugu. Hauen komunitateak ibai-gradientearen arabera banatuta agertzen dira. Horregatik, errekako lehen alde azkar eta hotzetan amuarrainen eskualdea dugu. Bertan amuarraina ( Salmo trutta ) izan ohi da espezie nagusia, baina horrez gain, Salvelinus bezalako salmonidoak, ezkailuak ( Phoxinus phoxinus ), eta arrain bentiko ugari aurki dezakegu. Azken hauek zapalagoak dira, eta bentosa edota hegatsen bidez substratura atxikitzen dira.

Urak geldotzen hasten direnean, barboen eskualdean sartzen gara. Hemen ziprinidoak dira nagusi, hala nola barboak ( Barbus sp . ), loinak ( Chondrostoma sp.) edota gobioak ( Gobio sp.). Oso ibai geldotan, bremaren ( Abramis brama ) eskualdea bereizten da, bertako espezieen artean tenka ( Tinca tinca ), zamoa ( Cyprinus carpio ) eta horrelako arrainak aurkitzen ditugularik. Arrain hauetariko asko lurraldekorrak dira, baina ugaltzeko nahikoa migrazio luzeak egin ditzakete ibaian barrena.

Baldintza hauetan ekoizle primarioek garrantzia dute, eta algak asko ugal daitezke.
A. Elosegi

Amuarrainen eskualdeko espezie gehienek alde azkar, hotz eta garbietako txintxarretan egiten dituzte euren habiak, eta bertan arrautzak errun. Bremaren eskualdekoek, aldiz, landaretza ugariko lekuetan erruten dituzte. Dena den, badaude oraindik migrazio luzeagoak egiten dituzten beste espezie batzuk, bizitzaren zati batzuk ibaietan eta beste batzuk itsasoan burutzen dituztelarik. Hauetan izokina ( Salmo salar ) eta antzeko arrain anadromoak (hots, ibaian ugaldu eta itsasoan bizi direnak), eta aingiraren ( Anguilla anguilla ) antzeko katadromoak (itsasoan ugaldu) ditugu. Hauen migrazioak harrigarriak dira, bai bidaiaren luzeragatik eta bai gainditu behar izaten dituzten oztopoengatik.

Hegaztiek ere ibaiaren zonaketa isladatzen dute. Alde altuenetan ur-zozoa ( Cinclus cinclus ) urperatzen da ornogabeen bila, eta ertzetatik buztanikarak ( Motacilla sp.) eta kuliskak ( Actitis macularia ) bazkatzen dira. Arrainez elikatuz, martin arrantzaleak ( Alcedo athis ), eta zerra ( Mergus sp.) edo arlekin ( Histrionicus histrionicus ) izeneko ahateak ditugu. Ibai geldoetan, berriz, lertxun ( Ardea sp.) eta amiltxoriak ( Nycticorax nycticorax ) dira ertzeko iktiofago nagusiak, murgil handiak ( Podiceps cristatus ) urpekoen artean, eta ahate-espezie ugari elikatzen da landare zein ornogabeez.

Ibaialde honetan materia organiko partikulatu fina ugarigoa izan ohi da, eta ondorioz, beronetaz elikatzen diren iragazleak ere bai. Argazkian ikus daitekeen Simulium dipteroaren larba korronte gogorreneko guneetara zetaz lotzen da, eta baraila adarkatuen bidez ura iragazten du.
A. Elosegi

Hegazti hauetan gehienek badituzte beren parekoak ugaztunen artean. Adibidez, ibai lasterretan urpeko ornogabeez elikatzen ur-satorra ( Galemys pyrenaicus ) dugu, alde gehienetako iktiofago nagusia igaraba ( Lutra lutra ) da, alde ertainetan bisoi ( Mustela lutreola ) eta ipurtatsarekin ( Mustela putorius ) batera. Herbiboroen artean ur-arratoia ( Arvicola sp.), kastorea ( Castor faber ), eta gaur egun hainbeste buruhauste sortzen ari den koipua ( Myocastor coypu ) ditugu. Munduko ibai handienetan izurdeak eta manatiak ere badaude.

Ibai-komunitateen funtzionamendua

Ibai-komunitateak, ikusi dugunez, kolonizatzeko gaitasun handia duten espezie kosmopolitez daude eratuta. Emariaren gora-beherek etengabeko estresa eragiten diete komunitate hauei, eta erabat aldatzen egon behar izaten dute, baina komunitate hauek malgutasun handia eta errekuperazio-ahalmen aparta dute.

Ornogabeen komunitateak arras aldatzen dira. Algez elikatzen diren molusku (argazkian Limnaea ) marruskatzaileek garrantzi handia dute. (Argazkia: A. Elosegi).

Urlasterrak garraiaturiko aleen galera gainditzeko, ornogabeek ezinbestekoa dute ugalketa-tasa altua eta moldagarritasun dietetiko zabala izatea, horrek, halabeharrez, lehiarako-gaitasun urria, edota lehorraldeko intsektuengan hain ugariak diren ezten eta pozoiak edo antzeko babes-mekanismoen gabezia ondorioztatzen duelarik. Ekologian bizi-ziklo azkarra, jaiotze-tasa altua, barreiatu eta kolonizatzeko gaitasun handia, tolerantzia ekologiko zabala eta lehiarako gaitasun txikia duten izakiak r estratego izenez ezagutzen dira, eta hauen adibide izan daiteke hainbat espezie ibaitar. Uholde eta lehorteak izan dira ibaietako espezieen eboluzio-faktore garrantzitsuenak, eta ez da, beraz, harritzekoa bertako komunitateak birkolonizaziora oso moldatuta badaude.

Kolonizazio-gaitasun handi horri lotuta, eta duela gutxirarte kontrakoa pentsatzen bazen ere, ibaiak oso metabolismo altuko guneak ditugu. Ura etengabe berritzen ari denez, elikagai-kontzentrazioa txikia izan arren, algek ekoizpen-tasa oso altua manten dezakete zuhaitzik gabeko ibaietan, eta oihanpekoetan, berriz, komunitate mikrobianoek oso azkar deskonposatzen dute iristen den materia organikoa, energi iturri nagusia animalientzako onddo eta bakterioak izanik.

Alde honetan barboa eta antzeko ziprinidoak nagusitzen dira.
A. Elosegi

Iharduera biologiko honek eragina eduki dezake ibaiko baldintza abiotikoetan ere, eta esate baterako, oxigeno-kontzentrazioak eta pHak gora-behera itzelak paira ditzakete egunean zehar, elikagaietan aberats diren ibai ertainetan batez ere. Ibaiko komunitateak, beraz, bere inguruneko baldintzak neurri batean erregulatu egiten ditu, eta oso gaitasun handia du materia organikoa eta elikagai inorganikoak prozesatzeko, hots, autodepuratzeko. Lehorraldeko komunitateen esportazioa itsasora bideratzeaz gain, oso iharduera handiko guneak dira, eta honen ondorioz, araztegi natural ezinhobeak.

Materia organikoaren kontzentrazioa handia da, eta Margaritifera bibalbioa eta antzeko iragazle aktiboak nahikoa ugari izan daitezke.
A. Elosegi

Ibaien gradiente fisiko-kimikoek oso habitat desberdinak eskaintzen dituzte beren ibilbidean zehar, eta honen ondorioz, komunitateen zonaketa nabarmena agertzen da. Bereizketa hauek modu jarraian gertatzen badira ere, ondoko hauek lirateke Euskal Herriko ibai batean aurki daitezkeen zona nagusietako bizidunak, eta eratzen dituzten komunitateen funtzionamendua.

Iturburuak

Ibai handien sakonera dela eta, bentosak garrantzi txikiagoa du. Uraren abiadura asko geldotu denez, planktona ugaltzen hasten da, urari kolorea emanez.
A. Elosegi

Euskal Herriko ibai gehienetan iturburua estaia menditarrean dago. Horren ondorioz, basoak inguratzen du erreka, eta zuhaitzen gerizpeak perifiton edota makrofito ugari agertzea eragozten du. Aurkitzekotan, Rivularia errodofitoa eta Fontinalis goroldioa aurkituko ditugu. Errekako energi iturri nagusia lehorraldetik datorren horbela da, eta ondorioz komunitate heterotrofikoa dugu; bertan ekoitzitakoa baino gehiago kontsumitzen baita. Ornogabeen artean plekopteroak eta efemeroptero zatitzaileak dira nagusi, eta substratua karetsua den lekuetan Gammarus krustazeoak. Ur-zozoa, ur satorra eta amuarraina dira ornodun adierazgarrienak.

Erreka ertainak

Errekak behera egiten duen heinean, zabalduz doa, eta ertzeko landaretzaren itzala ez da hain garrantzitsua. Horrez gain, topografia homogenoagoa da.
A. Elosegi

Iturburutik kilometro batzuetara (4. eta 6. ordena bitarteko aldetan) erreka handiagotu egin da, eta zabalera honen ondorioz argitasun gehiago iristen da hondora, algak (batez ere elikagai ugariko erreka kalkareotan, edota arroan nekazal eremuak dituztenetan) nagusitzen has daitezkeelarik. Ornogabeen komunitateak, halaber, asko aldatzen dira: zatitzaileek garrantzia galtzen dute, eta algez elikatzen diren marruskatzaileak edo iturburutik garraiatuta eraman diren partikula finez elikatzen diren iragazleak ugaldu egiten dira. Amuarrainez gain, barboak ere aurki ditzakegu. Komunitate hauek autotrofikoak izan daitezke, hots, bertan kontsumitzen dena baino gehiago ekoitz dezakete, materia organikoaren soberakina beheko aldeetara bideratuz.

Ibai txikiak

6. eta 8. ordena bitarteko ibaietan sakonera nahikoa handiagotu da, eta korrontea txikiagotu. Honen eraginez makrofito (Euskal Herrian Miriophyllum izenekoa oso ugaria da) asko egon daiteke hondoan, eta faunari dagokionez, biltzaile eta iragazleak dira nagusi. Arrain-dentsitateak (batez ere ziprinidoak) hemen dira maximoak, eta berauetaz elikatzen diren ugaztun eta hegaztientzat, beraz, leku aproposa dugu.

Ibai handiak

Landaretza flotantea ibaiaren alderik geldoenetan nagusitzen da. Ur geldo hauetan zamoa eta antzeko arrainak dira nagusi
Argazkiak: A. Elosegi

Hauetan sakonera hain handia denez, hondora ez da argirik iristen, eta ondorioz, ekoizle bentikorik ez dago. Landaretza flotantea eta planktona, aldiz, garrantzitsu izan daitezke. Dena den, ibai hauek heterotrofikoak dira; goitik datorren materia partikulatu fina baitute energi iturri nagusi. Iragazle (hauen artean hainbat izaki planktoniko) eta sedimentiboro dira ornogabe-mota garrantzitsuenak, eta ornodunen artean, ur geldoetako arrainak. Garrantzi handia dute ibai ertzeko ureztapen-lautadek, eta bertan ezartzen diren soto edo galeria-oihanak.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila