Hegaztien migrazioak, ekologia, fisiologia eta etologia liburua

CAF-Elhuyar III. saria. Dibulgazio liburuak 1. saria. Jon Larrañaga Biologoa.

CAF-Elhuyar III. saria. Dibulgazio liburuak 1. saria.

Jon Larrañaga

Biologoa

Zer garrantzi du zuretzat zientziako dibulgazio-liburuetan lehen saria lortzeak?

Hasteko, bi urtetako lanak zerbaitetarako balio izan duela pentsarazteko balio dit. Izan ere, duela bi urte hasi nintzen bibliografia biltzen eta gaiari buruzko lehen apunteak hartzen. Orduz geroztik bi urte pasa ditut gai honekin bueltaka eta gutxienez zerbaitetarako balio izan du. Badirudi jendeari gustatu egin zaiola nire lana eta, beraz, pozik nago.

Liburu mardula dela ikusi dugu. Hitz bitan, ahal bada, zein da “Hegaztien migrazioak, ekologia, fisiologia eta etologia” zure liburuaren mamia?

Hegaztien migrazioak orokorrean aztertzen saiatu naiz. Orain arte bazeuden Euskal Herrian euskaraz egindako liburuxka batzuk gai honi buruz, baina Euskal Herriko migrazioak bakarrik aztertzen zituzten; zein sasoitan zein hegazti pasatzen zen Euskal Herritik eta abar. Ni migrazioak oro har aztertzen saiatu naiz, edozein hegazti-espezieri dagozkion ezaugarriak azaldu ditut liburuan. Hala ere, euskaldunentzat ahalik eta hurbilen izaten saiatu naiz eta gertutasun hori lortzeko, Euskal Herriko edo inguruko adibideak aukeratu ditut liburua osatzeko.

Gaia hain zabala izanik, zeintzuk atal aurkituko ditu irakurleak?

Hasteko, sarreran migratzea zer den eta hegaztiek zergatik migratzen duten azaldu dut. Migrazioak ikertzeko metodoei buruz ere badakar sarrerak informazio asko. Hortik aurrera migrazioen gaian poliki-poliki gehiago sakontzen joan naiz. Migrazio-motak azaldu ditut, hegaztiek nondik migratzen duten eta zergatik migratzen duten ere aztertu dudalarik. Izan ere, batzuek oso bide zehatzak segitzen dituzte eta beste batzuek, berriz, ez dute bide jakin bat segitzen. Hegaztiek migratzen duten bitartean modu desberdinetara egiten dute hegan eta era horiek ere aipatu ditut. Batzuek planeatuz egiten dute hegan, beste batzuek hegoak astinduz, taldeka hainbatek, beste zenbaitek bakarka...

Egia esan atal horixe da mardulena, nahiz eta nire asmoa hori ez izan. Alabaina, hegaztiek migrazio-garaian nola hegan egiten duten aztertzea bereziki asko gustatu zait eta fisika eta fisiologiaren arteko nahasketa egiten saiatu naiz. Migrazioa hasi aurretik hegaztiek prestakuntza berezia egiten dute eta prestakizun horiek ere azaldu ditut. Hegaldia hasi aurretik gehiago jaten dute eta gizendu egiten dira energia metatzeko. Lumak ere aldatu egiten dituzte hegoak puntu-puntuan edukitzeko. Prestakuntzaz gain, orientazioak eta nabigazioak ere garrantzi handia dute hegaztiengan. Bi elementu horiei buruz asko ez badakigu ere, dagoen informazio urria liburuan aurki daiteke.

Zer oztopo aurkitu dituzu lana egiterakoan?

Bibliografia bilatzea zaila izan da. Inongo unibertsitatekoa ez naizenez, nire kasa bilatu behar izan dut informazio guztia. Punta-puntako bibliografia guztia, noski, ingelesez dago. Liburu asko postaz eskatu behar izan ditut. Oporretan Ingalaterrara joan nintzen behin baino gehiagotan eta liburuak bilatzeko aprobetxatzen nituen bidaiak.

Liburu osoa idatzi duzu hegaztien migrazioei buruz. Migrazioek hegaztiengan garrantzi handia al dute?

Ez dut uste migrazioek hegaztiengan beste animaliengan baino garrantzi handiagoa dutenik. Hala ere, hegazti gehiago dira migratzen dutenak migratzen ez dutenak baino eta gainerako animalien kasuan, berriz, kontrakoa gertatzen da. Hegaztiek mugikortasun handia dute, hegan egiteko gaitasuna dute eta, ziurrenik, horrexegatik errazago migratzen dute. Ondorioz, migrazioak erabateko garrantzia du migratzen duten hegaztiengan eta, aldiz, migratzen ez dutenengan batere eraginik ez du.

Hegaztiek egiten dituzten migrazioak ere era askotakoak dira. Batzuek ordu edo egun gutxiko bidaiak egiten dituzte eta beste batzuek, aldiz, ugal-sasoiko bi edo hiru hilabeteak ezik, gainerako denbora guztia migratzen pasatzen dute. Nik, egia esan, leku batetik bestera egindako mugimendu guztiei migrazio deitu diet, baina zenbait biologok ez du migraziotzat hartzen leku-aldaketa oro. "

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila