Gure espeziearen eboluzioa ulertzeko aurkikuntzak, bata bestearen atzetik

gure-espeziearen-eboluzioa-ulertzeko-aurkikuntzak-
Misliya-1 masailezurraren 3Dko irudia. ARG.: Science.

Hiru ikerketa arkeologiko garrantzitsu argitaratu dira, oso denbora-tarte txikian. Lehena, Misliya kobazulokoa da (Israel). Han aurkitutako 177.000-194.000 urteko giza hortzak eta tresnak aztertuta, ondorioztatu dute gizaki modernoaren Afrikatik kanpoko aztarna zaharrenak direla. Bigarren ikerketa Attirampakkham aztarnategian egin dute (India). Han, Erdi Paleolitoko ezaugarriak dituzten tresna batzuk aurkitu dituzte, Levallois teknikarekin egindako harrizko tresnak, eta 385.000 urte dituztela kalkulatu dute. Azkenik, “Pekingo gizona”-ren lehen ikerketaren emaitzak argitaratu dituzte. Homo erectus baten hortzen azterketa da, oso baliagarria Ekialde Urrunean gizakien eboluzioa nolakoa izan zen ulertzeko.

Afrikatik kanpoko zaharrenak

Orain arte uste zen gizaki modernoak duela 90.000-120.000 urte atera zirela lehenengo aldiz Afrikatik. Misliya kobazulokoan aurkitutako aztarnak, ordea, zaharragoak dira. Horrenbestez, uste zutena baino lehenago atera zirela ondorioztatu dute. Data berriak bat egiten du genetikariek seinalatu izan dutenarekin, haien kalkuluen arabera duela 220.000 urte inguru atera baitziren.

Joseba Rios Garaizar Giza Eboluzioari buruzko Ikerketa Zentroko ikertzaileak (CENIEH) garrantzitsutzat jo du aurkikuntza: “ia 80.000 urte aurreratzen du gizaki modernoaren irteera. Horrek esan nahi du 80.000 urte gehiago izango zituztela neandertalekin kontaktua izateko“.

“Genetikak erakutsi du neandertalen eta gizaki modernoen arteko nahasketa nagusia gizaki modernoa Europara iritsi baino dezente lehenago gertatu zela, eta Ekialde Hurbilean kokatzen da eszenario posiblea”, argitu du Riosek. Hominidoen migrazioetarako korridorerik handiena izan zen Ekialde Hurbila Pleistozenoan zehar. Gizaki modernoak etorri ziren Afrikatik, neandertalak Europatik, eta joan-etorri horretan 150.000 urtetan zehar egon ziren hor bi espezieak, ikerketa berriaren arabera.

Misliya kobazuloko gizakiek Levallois industria litikoa erabiltzen zutela adierazi dute ikertzaileek, hortaz, teknologia hori erabiltzen zuten gizaki modernoen aztarnarik zaharrenak dira. “Oso teknika kontrolatua da Levallois. Puntak meheak eta oso aho zorrotzekoak egiten zituzten, oso teknika planifikatua eta lanerako arau finkoez.

Aurrerapauso teknologiko itzela izan zen, produkzio sistematikoa lortzen baitzen. Salto teknologiko horren agerpenean jartzen dugu Behe eta Erdi Paleolitoaren arteko muga”, argitu du Riosek. “Ekialde Hurbileko industrietan ordena jartzeko balioko du ikerketa honek, neandertalek edo gizaki modernoek, bakoitzak zein egin zuen argitzeko, garai haietan teknologia aldetik oso antzekoak baitziren bi espezieak”.

Gizaki moderno arkaikoen aztarna gutxi dago, hortaz, oso konplexua da haien sorrera, kultura eta migrazioak aztertzea. Riosen arabera, “ikerketa honek beste mugarri bat jarri du, hori ulertzen joateko”.

Erdi Paleolitoko tresnak aurkitu dituzte Attirampakkham aztarnategian. ARG.: Ondarearen Hezkuntzarako Sharma Zentroa, India.

Asian gertatutakoa gako

Mysliya aztarnategiko ikerketa Science aldizkarian argitaratu eta berehala, beste ikerketa bat argitaratu zen Nature n. Zehazki, Attirampakkham aztarnategiko tresna batzuei buruzkoa zen (Indiako hego-ekialdea). Ikerketaren arabera, tresna horiek Erdi Paleolitoko ezaugarriak dituzte, eta haietako batzuk Levallois teknikarekin egindakoak dira.

Ikerketak galdera batzuk sortu ditu, tresnek 385.000 urte dituztela kalkulatu baitute, eta, orain arteko aztarna guztien arabera, artean gizaki modernoa ez zen Asiara iritsi. Horrenbestez, bi aukera daude: tresna horiek gizaki modernoak egindakoak dira, eta, beraz, uste zutena baino askoz ere lehenago hedatu zen Asian; edo hango gizakiek teknika hori garatu zuten, Afrikako gizaki modernoek eta Europako neandertalek garatu zuten garai berean.

Riosentzat, bigarren hipotesi hori da zuhurrena, eta horren alde azaldu dira baita Attirampakkhamen ikertzen aritu direnak ere. “Ez dago aztarnarik pentsatzeko teknologia hori zutenen migrazio bat egon zela hain goiz Afrikatik kanpora. Zaharrenak Misliyakoak dira oraingoz, eta etorkizunean baliteke are zaharragoak topatzea, baina, oraingoz ez dago halakorik”, azaldu du Riosek.

Gainera, zentzuzkoa iruditzen zaio han bizi ziren gizakiek beren kabuz garatu izana Levallois teknika, beste leku batzuetan ere hala gertatu baitzen: “Teknika hori kultura Acheulearraren jarraipentzat jo daiteke. Acheulearra Behe Paleolitokoa da, eta bi aurpegikoak lortzeko erabiltzen zuten. Levallois teknika, berriz, printzak ateratzeko erabiltzen zuten, eta pentsaera eta antolakuntza konplexua eskatzen ditu. Horregatik hartzen da Erdi Paleolitoaren ezaugarritzat. Baina eboluzioa ez da marra zuzen eta jarraian gertatzen, ez da hain sinplea. Eta batzuek Levallois teknika gizaki modernoarekin erlazionatzen badute ere, nire ustez hori ez dago guztiz garbi eta ez da zuzena”.

Hala, Attirampakkhameneko tresnak garapen lokalaren emaitza izan zitezkeela uste du Riosek.

Nolanahi ere, garbi dago Asian zer gertatu zen jakitea gako izango dela giza eboluzioa ulertzeko. Bide horretan, “Pekingo gizakia”-ren hortzen azterketak ere datu esanguratsuak eman ditu Homo erectus-a ezagutzeko. Rios: “Gure iraganaren historiako pieza asko Asian daude, eta oraindik ez ditugu topatu”.

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu cookie horien erabilera onartzen duzla. Ezeztatuz gero, ezingo duzu webgune honetan nabigatu. Onartu
Informazio gehiago
Babesleak
Gipuzkoako Foru Aldundia
IRIZAR Koop. Elk.
MAIER Koop. Elk.
KIDE Koop. Elk.
ULMA Koop. Elk.
EIKA Koop. Elk.
LAGUN ARO Koop. Elk.
TAJO Group